55. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena duela gizarte laguntzaren arloan.

Eskubide Sozialen Gutun Baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legearen bidez, aldarrikatu zen Nafarroako herritarrek bazutela eskubidea oinarrizko errenta jasotzeko, eta Nafarroako Gobernuari ahalmena eman zitzaion erregelamendu bidez hura garatu zezan. Ahalmen hori baliaturik, apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuaren bidez oinarrizko errenta arautu zen.

Prestazio hori arreta gizartean bazterturik daudenei bakarrik emateko xedearekin sortu zen, eta pertsona horien oinarri-oinarrizkoak diren premiei erantzuteko baliabide gisa, haiek eta haien familia unitateak gizarteratzen laguntzeko; aitzitik, desitxuratze bat izan da helburuari eta hasieran aurreikusitako onuradunei dagokienez, egungo krisi ekonomikoaren ondorioz.

Aipatutako krisi ekonomikoaren hedaduraren eta konplexutasunaren ondorioz, oinarrizko errentaren hartzaile berri askok ez zuten errenta hori bazterturik egoteagatik jasotzen, baizik eta lana galtzeagatik eta langabeziaren ondoriozko kotizaziopeko prestazioak eta laguntzeko prestazioak bukatzeagatik.

Gaur egun, ikusirik zein den gizarteratze-errenta (lehen "oinarrizko errenta") hartzen dutenen lan eta gizarte egoera, egiaztatzen da errenta hori ez zaiela lehentasunez eman gizartean bazterturik daudenei; aitzitik, gutxi gorabehera une zehatz batekoa den behar ekonomiko bati erantzuteko erabili da. Horrenbestez, arauak aldatu behar dira, profil desberdinetara egokitzeko, eta, batez ere, hartzaileen egiazko beharretara egokitzeko.

Alde horretatik, gizartean bazterturik ez daudenei behar diren tresnak eman behar zaizkie, gizarteratzeko tresnez bestelakoak, egiaz behar eta nahi dutena erdiesteko: berriz ere lanean hastea, edo, behintzat, beren enplegagarritasuna hobetzea.

Hortaz, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen zioen azalpenean ezartzen den bezala, gaur egungo errealitate sozialak eskatzen du oinarrizko errentaren prestazio programa birplanteatzea; beharrezkotzat jotzen da arauak aldatzea, halako moduz non ezarriko baitira hartzaile desberdinentzako bi ibilbide, independente eta elkarri lotu gabeak.

Ibilbide bat, gizartean bazterturik dauden familia unitateentzat, oinarrizko beharrei erantzuteko eta gizarteratzen laguntzeko helburua izanen duen prestazio ekonomiko bat jaso dezaten, eta beste ibilbidea, langabezian eta lan prestazio eta sorospenik gabe gelditu diren pertsonentzat. Sistema zuzen eta justuagoa bilatzea da asmoa, errealitate sozial berrirako egokia, banakako arretaren, elkartasun iraunkorraren eta ekitatearen printzipioak betetzeko.

Xede hori izanik, eta ezarritako mugen barnean inor babesgabe ez uzteko, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeak xedapen iragankorrean ezartzen du ezen Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko direla, aldi baterako, zer baldintza eta beharkizun dauden langabeziako prestazioak eta sorospenak agortu dituzten langabeek laguntza hartu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak gai hori arautu arte, bereziki, independenteki eta berariaz arautu ere, foru agindu bidez.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez aldi baterako laguntza bat ezartzen da prestaziorik eta sorospenik ez duten langabeentzat, haien funtsezko beharrak betetzeko, berriz ere lanean hasi daitezen edo, behintzat, haien gaitasunak hobetzeko eta, beraz, enplegagarritasuna ere hobetzeko.

Arau hau behin-behinekoa denez, aldi baterakoa, independentea eta berariazkoa, laguntzaren baldintzak eta arauak aldi horretara egokitu dira.

Egokitzapen horien artean, nabarmentzekoa da ez dela exijitzen Gizarteratze eta Laneratze Akordioa formalizatzea -nahiz eta helburu bera duen-, hau da, interesdunaren eta Administrazio Publikoaren arteko hitzarmen bat non jasotzen baitira zer konpromiso hartu dituzten laguntzaren hartzaileek eta zer euskarri eman behar dituzten Administrazio Publikoek laneratze-ibilbidea bete dadin. Horren ordez, onuradunaren betebehar batzuk eskatzen dira, esaterako lana gogotik bilatzea, dagokion Administrazioaren elkarrizketetara agertzea, laneratze-ibilbideetan parte hartzea, etab.

Foru agindu hau hiru kapitulutan egituratzen da: I. kapituluan ("Xedapen orokorrak"), laguntzen xedea eta izaera, definizioak eta onuradunak jaso dira.

II. kapituluan azaltzen dira eskuratzeko beharkizunak, kontzeptuak eta laguntzaren aplikazio eremuaren barneko egoerak, eta laguntza eskuratzeko salbuespenetarako irizpideak arautzen dira, onuradunen eskubideak eta betebeharrak garatuz.

Halaber, laguntzaren kopuruak eta hura hartzeko aldiak ezartzen ditu, eta laguntzaren aldaketa, ordainketa eta bukatzea arautzen ditu.

Azkenik, III. kapituluan jasotzen dira laguntza esleitzeko prozedura, prozeduraren ebazpena eta zehapen araubidea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeak eman dizkidaten eskudantziekin bat,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Foru agindu honen xedea da gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza arautzea aldi baterako.

Laguntza horren helburua da gizarte eta lan egoera zailean daudenen oinarrizko beharrei erantzutea, eta erraztasunak ematea berriz ere lan merkatura sartzeko, edo, behintzat, haien enplegagarritasuna hobetzeko bultzada ematea.

2. artikulua. Kontzeptua eta izaera.

1. Aldian behingo laguntza ekonomikoa da gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza, honako hauei zuzendua: langabeak izanik langabeziaren ondoriozko prestaziorik nahiz sorospenik ez dutenei. Haien laneratzea erraztea du helburu.

2. Gizarteratze-errenta indarreko legeetan aurreikusitako beste edozein motatako baliabide edo prestazio ekonomikoen osagarria eta subsidiarioa da, salbu foru agindu honetan ezarritako kasuetan, eta horiek erabat erabili beharko dira eskaera egin aurretik.

3. Laguntza hori ezin da bateratu gizarteratze-errentarekin, eta familia unitate berean ezin dira biak erabili.

3. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

1. Familia unitatea. Honako hauek osatzen dute: eskatzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo antzeko maitasun harremana duen bikotekideak eta odol bidezko bigarren gradura arteko ahaideak, edo ezkontza bidezkoak lehen gradura artekoak, etxe berean bizi direnak. Familia unitateak familia nukleo bat edo bat baino gehiago izan dezake.

2. Familia nukleoa: bi pertsonak edo gehiagok osatutakoa, honela: eskatzailea, ezkontidearekin edo antzeko maitasun harremana duen bikotekidearekin, edo gabe, eta, behar denean, haiekin bizi diren seme-alabak. Familia nukleoko kidetzat hartuko dira, halaber, haien ardurapean dauden adingabeak, familia-harrera administratiboko edo judizialeko egoeran daudenak.

3. Bizikidetza jarraitua: familia unitate bereko zenbait kide elkarrekin bizitzea, egonkorki, etxebizitza berean, betiere azken bi urtean sei hilabete baino luzeagoko etenik izan gabe.

4. artikulua. Laguntzen onuradunak.

Hauek izanen dira laguntzen titularrak: langabeziagatik gizarte eta lan egoera zailean dauden pertsonak, langabeziaren ondoriozko prestaziorik edo sorospenik gabe, foru agindu honetako beharkizunak betetzen dituztenak.

II. KAPITULUA

Gizarteratzeko eta laneratzeko
eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza

5. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Lana lortzeko egoera zaila dutenek laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte, baldin eta beharkizun hauek betetzen badituzte:

1. Nafarroan jarraian eta benetan bizitokia izatea eta erroldaturik egotea, eskaera aurkeztu baino lehenagoko hogeita lau hilabetean gutxienez.

2. 45 urtez gorakoak eta 65 urtez beherakoak izatea.

Laguntza hau jasotzeko, 30 urtetik gora eta 45 urtetik behera dituztenek, aurreko beharkizunak betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte: haien ardurapean 18 urtetik beherako seme-alabak izatea, edo hortik gorakoak baldin eta gutxienez %65etik gorako desgaitasuna badute, edo etxean hartutako adingabeak izatea.

3. Espainian legez bizitzea, eta lanerako baimena izatea.

4. Eskatzailearen familia unitatearen diru-sarrerak baturik gutxiago izatea -hilabetekoak kontuan harturik- foru agindu honen 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera dagokion gehieneko laguntza baino.

5. Eskatzailearen familia unitateko kideen higiezinen kapitalaren katastroko balioa baturik txikiagoa izatea -ohiko etxebizitzarena kendurik-, 7 aldiz lanbidearteko gutxieneko urteko soldata baino. Halaber, haien ondare higigarria gutxiago izatea lanbidearteko gutxieneko urteko soldataren %50 baino.

6. Egoera hauetako batean izatea:

a) Besteren kontura gutxienez 90 egunez lanean aritu izatea (teorian lanaldi osoan kotizatu diren egunak) azkeneko 12 hilabetean, edo 180 azkeneko hogeita lau hilabetean, eta langabeziako prestaziorik sortu ez izatea.

b) Besteren kontura lanean aritu izatea eta azkeneko berrogeita zortzi hilabetean langabezia-prestazio edo laguntza prestazio bat agortu izatea.

7. Aldez aurretik eskatu izatea eskumena duen edozein Administrazio Publikotan zuzenbideari jarraikiz legozkiekeen laguntzak, pentsioak, prestazioak eta sorospenak, edozein motatakoak, baita mantenuko eta/edo konpentsazioko pentsioak ezartzeko eta ordaintzeko legezko ekintzak betetzea ere.

8. Borondatezko bajarik edo lan eszedentziarik hartu ez izatea eta lan eskaintza bati uko egin ez izatea eskaera egin aurre-aurreko azkeneko hamabi hilabetean.

9. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan alta emanik egotea enplegu eskatzaile gisa, salbu ondoko artikuluan azaltzen diren kasuetan.

10. Egoera honetan ez egotea: eskaera egin aurre-aurreko hamabi hilabetean oinarrizko errentaren, gizarteratze-errentaren eta/edo gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzaren onuradun izateari uztea datuak ezkutatzeagatik, jaso zitzakeen prestazioei, laguntzei nahiz sorospenei uko egiteagatik, lan eszedentziagatik edo laguntza jasotzen ari zenean lan eskaintza bati uko egiteagatik.

11. Eskatzailearen familia unitateko inork jaso ez izatea, azkeneko hamabi hilabetean, oinarrizko errentarik edo gizarteratze-errentarik.

6. artikulua. Laguntza eskuratzeko salbuespenezko kasuak.

1. Salbuespenez, aurreko baldintzetako bat ez beteta ere, laguntza hau jaso dezakete honako kasuren batean daudenek:

a) Errentako baldintza (5.4 art.) salbuetsiz: baliabide ekonomikoak izanik, aita edo ama eta adingabeek osatutako familia unitate bateko kide diren eskatzaileak onuradunak izan daitezke. Honelako egoeretan: nukleoko kideak jatorrizko familiaren etxera joan dira bizitzera, babes bila, gehienetan haustura edo bereizketa baten ondoren, edo alargun gelditu ondoren, une zehatz bateko babes bila, ustez aldi baterako, harik eta bizi proiektua normalizatzen edo berriz ere bideratzen duten arte.

Laguntza zenbatekoa den kalkulatzeko, ez dira diru-sarreratzat hartuko harrerako familia unitatearen diru-sarrerak, baldin eta horiek ez badira handiagoak dagokion gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzak halako bi baino.

Diru-sarrerak handiagoak badira laguntza horren bikoitza baino, muga horretatik gora dagoen kantitatea hainbanatu eginen da bizikidetzako familia unitateko kideen artean. Emaitzako kantitatea harreran hartu izan den pertsonari egotziko zaio, horren arabera erabakitzeko gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko zer laguntza dagokion.

b) Enpleguaren arloko baldintzaren bat salbuetsiz (5.6. art.): onuradunak izan daitezke tratu txarrak jaso eta genero indarkeriaren biktimentzako baliabide batean harrera jaso duten pertsonak.

2. Aurreko artikuluko beharkizunak betetzetik salbuespena egin da baldin eta norbait Foru Komunitateko harrera-baliabide batean badago, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide bat egiten, prostituzioa utzi ondoren.

7. artikulua. Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza.

1. Oro har, familia unitate bakoitzeko gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzaren onuradun bakarra izaten ahal da. Baldin eta familia unitate berean pertsona bat baino gehiago izaten ahal bada laguntzaren onuradun, bakar batek bakarrik izanen du laguntza hartzeko aukera.

2. Salbuespen gisa ezartzen da familia unitate batean adingabeak dituzten bi familia nukleo edo gehiago izatea, baldin eta odol bidezko lehen mailako ahaidetasunik bada, edo baldin eta anai-arrebarik bada nukleoetako kideen artean eta horien jatorria ez bada bizikidetza jarraituko harreman bat.

Kasu horretan, esleitutako laguntzen zenbatekoak, baturik, ez dira izanen handiagoak honako hau baino: onuradunaren familia nukleoan haren ardurapean seme-alaba adingabeen kopuru bera izanik, edo desgaitasuna duten eta/edo etxean hartutako adingabeen kopuru bera, egokituko litzaiokeen laguntza bider bat eta erdi. Zenbateko hori hainbanatu eginen da elkarrekin bizi diren familia nukleoetako onuradunen artean, nukleo bakoitzari legokiokeen laguntzaren arabera.

3. Etxebizitza berean bi familia unitate edo gehiago bizi badira, laguntzen batura ez da izanen handiagoa honako hau baino: onuradunaren familia unitatean haren ardurapean adingabeen kopuru bera izanen balitz, edo desgaitasuna duten eta/edo etxean hartutako adingabeen kopuru bera, egokituko litzaiokeen laguntza bider bat eta erdi. Zenbateko hori hainbanatu eginen da elkarrekin bizi diren familia unitateetako onuradunen artean, unitate bakoitzari legokiokeen laguntzaren arabera.

8. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Hau izanen da gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzaren zenbatekoa: onuradunaren familia unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoak osatzeko behar den zenbatekoa, hilabeteko 641,40 euro egin arte.

Haren ardurapean 18 urtetik beherako seme-alabak dituen eskatzailearen kasuan, edo 18 urtetik gora izanik gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten seme-alabak, edo etxean hartutako adingabeak, osatu beharreko zenbatekoak hauek dira:

-Seme edo alaba bat eta/edo etxean hartutako adingabe bat norberaren ardurapean: 705,54 euro hilabeteko.

-Bi seme-alaba eta/edo etxean hartutako adingabe(ak) norberaren ardurapean: 769,68 euro hilabeteko.

-Hiru seme-alaba eta/edo etxean hartutako adingabe(ak) norberaren ardurapean: 833,82 euro hilabeteko.

2. Laguntza jasotzen den hamahirugarren eta hemezortzigarren hilabeteetan, esleitu den edo egokitzen ahal den laguntzaren %90ekoa izanen da laguntzaren zenbatekoa, 1. atalean aurreikusitakoarekin bat.

3. Laguntza jasotzen den hemeretzigarren hilabetetik aurrera, esleitu den edo egokitzen ahal den laguntzaren %80koa izanen da laguntzaren zenbatekoa, 1. atalean aurreikusitakoarekin bat.

4. Jaso beharreko zenbatekoa ez da inoiz txikiagoa izanen ardurapeko seme-alabarik eta/edo etxean hartutako adingaberik ez duen onuradun bati ezarritako zenbatekoaren %10 baino. Zenbateko horietatik behera gelditzen diren errenta esleipenak zenbateko horiekin berdinduko dira.

9. artikulua. Jasotze aldia.

1. Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza, hasiera batean, 6 hilabeterako esleituko da.

2. Laguntza 6 hilabeteko aldietan luzatzen ahal da, 24 hilabetez gehienez.

3. Baldin eta laguntza eteten bada berritzeko gehieneko epea bukatu gabe, onuradunak eskubidea izanen du, eten eta urtebeteko epean, laguntza sei hilabeteko epeka eskatzeko, edo, behar denean, zatiki txikiago batean, 24 hilabeteak osatu arte, baldintzak betetzen badira.

4. Nolanahi ere, 24 hilabeteko gehieneko epea bukaturik, onuradunari ez zaio berriz laguntza hori emanen harik eta laguntza jaso zen hilabetetik hamabi hilabete igaro diren arte.

10. artikulua. Familia unitatearen ahalmen ekonomikoa.

Erabakitzeko ea baden eskubiderik gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza jasotzeko, eta jaso beharreko zenbatekoa ezartzeko, kontuan hartuko da onuradunaren familia unitatearen ahalmen ekonomikoa, haren diru-sarrera konputagarrien arabera.

11. artikulua. Familia unitatearen diru sarrera konputagarriak.

Laguntza honen ondorioetarako, familia unitatearen diru-sarreratzat honako hauek hartuko dira:

a) Besteren konturako lan etekinak.

Besteren konturako lan-etekinen sarrera gordinetatik kendu behar dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutakoak.

b) Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako gizarte aurreikuspeneko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak.

c) Enpresa edo lanbide jardueretako norberaren konturako lanengatik lortutako etekinak.

Enpresa edo lanbide jarduerengatik lortutako etekin gordinekin identifikatuko dira, aplikatzekoa den zerga araudiaren arabera.

d) Bizibide nagusia ez den jarduerak ekarritako etekinak: modulu estandarizatuak ezarriz kalkulatuko dira, honako hauek kontuan hartuz: egiten den jarduera, dedikazio-denbora eta intentsitatea.

e) Kapital higigarriaren eta higiezinaren azkeneko hiruhilekoko etekin garbiak.

f) Arau honetan salbuesten ez den beste edozein diru-sarrera.

12. artikulua. Diru-sarrera ez konputagarriak.

Ondoko kontzeptuak aurreko ataleko diru-sarreren konpututik salbuetsiko dira:

a) Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak.

Ondokoak hartzen dira "helburu zehatz baterako laguntza ekonomikotzat": larrialdi sozialeko aparteko laguntzak eta familia unitateko familia unitateko kideetako edozeinen behar berariazko bati erantzuteko eman den beste edozein.

Helburu zehatz baterako aldi baterako laguntza ekonomikoak ez dira konputagarriak izanen harik eta gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza adinakoak izan arte, gehienez ere.

b) Eskatzailearen edo haren ardurapeko seme-alaben familia-nukleotik kanpoko pertsonen antzeko pentsioak edo prestazioak, lanbidearteko gutxieneko soldataren %35eko zenbatekora iritsi arte. Pertsona bakarrak pentsio bat baino gehiago baditu, pentsiorik handienari bakarraik aplikatuko zaio salbuespena.

c) Ardurapeko seme-alabak izateagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioak.

d) Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, adingabeak etxean hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko.

e) Laguntza esleitu ondoren, norberaren kontura edo besteren kontura egindako jarduerek ekarritako diru-sarrerak, jarduera horiek nonahi eginda ere, eskatzailearenak edo familia unitateko beste kide batzuenak, lanbidearteko gutxieneko soldataren %35eko zenbatekoa arte, gehienez ere 6 hilabetez 24 hilabeteko aldian, baldin eta salbuespen horren aurretik familia unitateak eskubiderik bazuen gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza jasotzeko.

f) Laguntza esleitu ondoren, norberaren kontura edo besteren kontura egindako jarduerek ekarritako diru-sarrerak, jarduera horiek nonahi eginda ere, familia unitateko edozein heldurenak, lanbidearteko gutxieneko soldata bider 1,5 arte, aurreikusten denean gehienez ere hiru hilabete iraunen duela, eta harrerako familia unitateen errentak, aurreikusitako kasuetan eta foru agindu honen 6.1a) artikuluan ezarritako baldintzetan.

13. artikulua. Ondarearen balorazioa.

1. Laguntzarako eskubiderik baden erabakitzeko, familia unitatearen ondare higigarria eta higiezina irizpide hauen arabera hartuko da kontuan, eta horien arabera baloratuko:

a) Higigarrien kapitalak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, akzioak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak. Gizarteratze-errenta eskatzen den unean ondasun horiek duten merkatuko balioaren arabera baloratuko dira.

b) Landalurreko nahiz hirilurreko ondasunek osatzen dute higiezinen kapitala. Katastroko balioaren arabera baloratuko dira ondasun horiek.

2. Ondoko kontzeptuak aurreko ataleko ondareen konpututik salbuetsiko dira:

a) Ohiko etxebizitza, etxeko altzariak eta hornidura eta ohiko garraiorako ibilgailua.

b) Laguntza jasotzen duen unitatearen ondasun higigarriak, lanbidearteko gutxieneko soldataren urteko %50 baino gehiago ez bada.

14. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzaren onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Laguntza guztia erabiltzea laguntzaren esleipena eragin duen horrexetan.

b) Laguntza jasotzen den aldi guztian Nafarroan bizitzea benetan eta etengabe, salbu justifikatutako kasuetan, aldez aurretik jakinarazita eta baimenduta, lan bat egiteko.

c) Egiazko datuak ematea laguntza jasotzeko baldintzei buruz.

d) Helbidea, familia unitatearen osaera edo diru-sarrerak aldatzen badira, edo laguntzaren titulartasuna edo zenbatekoa aldatzea edo bukatzea ekartzen duen beste edozein aldaketa gertatzen bada, aldaketa izan eta hamabost eguneko epean eman beharko da horren berri.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskatzaile gisa alta emanik egotea, laguntza jasotzen den bitartean, salbu 6. artikuluko salbuespen kasuetan.

f) Bere egoera ebaluatu behar duten pertsonen lana erraztea, eta haiekin elkarlanean aritzea, bere gaitasun eta gabeziekin bat datorren laneratze-ibilbide bat lantzeko eta diseinatzeko.

g) Enplegu arloan eskumena duen departamentuko, oinarrizko gizarte zerbitzuetako eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko profesionalek ezarritako hitzorduetara bertaratzea, bere egoeraren berri emateko.

i) Enplegua gogotik bilatzea eta, behar denean, dagokion laneratze-ibilbidean parte hartzea.

15. artikulua. Aitorpena eta laguntzaren ordainketa.

1. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuan espediente osoa erregistroan sartu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean aitortuko da gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza.

2. Atzerriko jatorria duten pertsonen kasuan, oraindik erabakitzeko baldin badago ea aldi baterako baimena berrituko ote zaien egoitzarako eta besteren kontura lanean aritzeko, horren menpe geldituko da laguntzaren esleipena. Horrek ez du galarazten laguntza horren aitorpena aurreko atalean aurreikusitako moduan egitea. Baimen hori berritu dela frogatzen denean ordainduko da laguntza.

Atzerritartasun arloan eskumena duen organoak ebazpena emanez frogatuko da berritze hori, edo ziurtagiri baten bidez. Eskaera horren eskumena duen autoritateak emanen du ziurtagiri hori, eta frogatuko du isiltasun administratiboz baietsi dela eskaera. Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza esleitzen duen ebazpena jakinarazi eta handik gehienez 4 hilabeteko epean frogatu beharko da hori.

16. artikulua. Laguntza aldatzea eta berritzea.

Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzaren zenbatekoa ofizioz aldatuko da, edo alderdi batek eskaturik, halako batez familia unitateko kideen kopurua aldatzeagatik edo inguruabar sozioekonomikoak aldatzeagatik.

17. artikulua. Laguntzarako eskubidea bukatzea.

1. Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza jasotzetik geldituko da esleipenaldia bukatzean, eta, horretaz gain, kasu hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Laguntzaren titularra den pertsona hiltzen denean.

b) Laguntza esleitu ondoren laguntza jasotzeko arau honetako beharkizunak edo baldintzak betetzeari uzten zaionean.

c) Laguntza jasotzeko eskatzen diren inguruabarrei edo baldintzei buruz behar diren datuak ezkutatzen edo okerreko informazioa ematen denean.

d) Laguntza jasotzeko aldian enplegu eskaintza bati uko egin zaionean.

e) Oro har ezarritako gainerako betebeharrak betetzen ez direnean.

2. Esleipena egiten duen organoaren epazpenaren bidez emanen zaio bukaera gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntzari, arlo horretako unitate kudeatzaileak proposaturik, salbu esleipenaldia bukatzeagatik gertatzen denean.

3. Laguntza iraungitzeko gertaera bat baldin bada, hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik aurrera izanen du ondorioa amaierak.

18. artikulua. Kautelazko etetea.

1. Behin-behineko neurri gisa, kudeaketa egiten duen unitateak erabaki dezake laguntzaren ordainketa kautelaz etetea bi hilabeteko aldian, laguntzari bukaera emateko gertaera nabarmenak antzematen dituenean. Kautelazko neurri hori interesdunari jakinaraziko zaio, jakin dezan eta, behar denean, bere interesak defenda ditzan.

2. Epe hori iraganik, gizarte zerbitzuetan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpena hartuko du, neurri hori berresteko eta laguntza behin betiko bukaarazteko, edo egiaztapen gehiago egin nahirik luzapena emateko edo ezarritako neurriari bukaera emateko.

19. artikulua. Egiaztatze jarduketak.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak egokitzat jotzen dituen jarduketak gauzatuko ditu, egiaztatzeko ea laguntza esleitzea ekarri zuten inguruabarrek eta beharkizunek irauten duten eta, behar denean, egokitzat jotzen diren neurriak eta ekintzak proposatzeko eta hartzeko.

20. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Dauden erantzukizunak galarazi gabe, foru agindu honetan aurreikusitako kasuetan, onuradunek behar ez bezala hartutako kantitateak itzuli beharko dituzte. Kasu horietan, administrazioko organo eskudunak ofizioz emanen dio hasiera itzulketa prozedurari.

III. KAPITULUA

Gizarteratzeko eta laneratzeko
eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza ebazteko prozedura

21. artikulua. Laguntza eskuratzeko eskaera.

1. Beti pertsona interesdunak eskaturik hasiko da prozedura, eskabidea aurkeztuta, eredu normalizatuan eta behar bezala betea eta foru agindu honetan exijitutako dokumentazioa erantsirik. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan, gizarte zerbitzuetan eskumena duen departamentuan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitako edozein erregistrotan aurkeztu beharko da.

2. Eskaera aurkeztearekin, eskumena duten unitate administratiboei baimena ematen zaie bidezko diren egiaztapen lanak egin ditzaten, egiaztatzeko ea interesdunek emandako informazioa egiazkoa ote den eta eskatutako baldintzak eta emakidaren ondoriozkoak betetzen ote diren.

3. Halaber, baimena ematen zaie fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonalak beste xede batzuetarako erabiltzeko, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua. Eskabidea osatzen duen dokumentazioa.

Honako dokumentazio hau erantsi behar zaio eskabideari, kasuaren arabera:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, Europar Batasuneko herritarra izatearen ziurtagiria, erregistrokoa, atzerritarren identifikazio agiria edo beste edozein agiri, frogatzen duena eskatzailearen identitatea eta Espainian legez dagoela, eta, behar denean, familia unitatea osatzen duten pertsona guztien identitatea eta Espainian legez daudela.

Baldin eta eskatzaileak berritzeko baldin badu aldi baterako egoitzarako eta besteren kontura lanean aritzeko baimena, berritzeko eskabidearen kopia.

b) Erroldaren ziurtagiria, frogatzen duena laguntza eskatu aurre-aurreko 24 hilabetean Nafarroan bizi izan dela.

c) Bizikidetza ziurtagiria. Agertu beharko da zenbat lagun bizi diren etxebizitza berean, eta, behar denean, eskatzailearekin lotzen dituen harremanari buruzko zinpeko aitorpena.

d) Familia liburua, edo horren baliokidea den dokumentua, jatorria atzerrian dutenen kasuan.

e) Behar denean, banatzeko, dibortzioko edo deuseztasuneko epai judiziala, banatzea arautzeko hitzarmena eta, behar denean, ezarritako pentsioa ez ordaintzeagatik hasitako legezko ekintzak.

f) Errentei eta ondareari buruko frogagiriak (nominak, prestazioak, pentsioak, laguntzak, sorospenak, kalte-ordainak, katastroko ziurtagiriak...), garaian garaikoak eta azken hiru hilabetekoak, eskabideari dagokion hilabetea barne, familia unitateko kide guztienak.

g) Langabeziako prestazioa jasotzen dela frogatzen duten agiriak, foru agindu honetan ezarritako epeetan.

h) Familia unitatea osatzen duten kideetako edozeini dagozkion prestazioak, pentsioak edo sorospenak eskatu izanaren frogagiriak.

i) Zinpeko aitorpena, adierazten duena borondatezko bajarik edo lan eszedentziarik ez dela hartu eta lan eskaintzari ez zaiola uko egin eskaera egin aurre-aurreko azkeneko hamabi hilabetean.

23. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan aurkeztutako eskabidea egiaztatzea eta igortzea.

Eskabidea oinarrizko gizarte Zerbitzuetan aurkezten bada, unitate horrek egiaztatuko du gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza eskabidea ongi bete duela eskatzaileak, eta baldintzei buruzko dokumentazio guztia erantsi duela.

Oinarrizko gizarte zerbitzuak behar den dokumentazioa bildu beharko du, eta laguntza eskatzeko espediente guztia igorri, erregistratzeko eta Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak tramitazioari hasiera emateko. Espediente horretan jasoko dira eskabidea eta baldintzei buruzko frogagiriak. Oinarrizko gizarte zerbitzuak ez du inoiz espediente ez-osorik igorriko.

24. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

1. Eskabidea jasorik, eskumena duen organo administratiboak egiaztatuko du eskatzaileak foru agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituela.

2. Aurkeztutako agirietan akatsik edo kontraesanik atzemanez gero, edo igorritako espedientea osorik ez dagoela uste bada, eskumena duen organo administratiboak pertsona eskatzaileari eskatuko dio hamabost eguneko epean akatsa zuzen dezala edo agintzen diren agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egin ezean eskumena duen organoak eskaera ezetsi eginen duela, horretarako emandako ebazpen baten bidez.

25. artikulua. Ebazpen proposamena.

Laguntza eskatzeko baldintzak betetzeari buruzko txosten teknikoa igorririk, instrukziorako eskumena duen unitateak espediente osoa eta ebazpen proposamena igorriko dizkio ebazteko eskumena duen organoari.

26. artikulua. Prozedura ebaztea.

1. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak izanen du gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza eskaeren gainean ebazteko eskumena. Nolanahi ere, foru agindu honetan aurreikusitako salbuespenezko kasuetan, departamentu horretako kontseilariak izanen du laguntza elseitzeko eskumena.

2. Berariazko ebazpenak ezarriko du gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza ematen den edo ez eta, behar denean, laguntzaren zenbatekoa eta jasotzeko aldia.

3. Berariazko ebazpena bi hilabetean jakinarazi beharko da, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko erregistroan espediente osoa sartzen den egunetik hasita. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, hilabetekoa izanen da gehieneko epea. Interesdunari dokumentazioa zuzentzeko edo osatzeko eskatzen zaionean, epe horiek eteten ahal dira.

4. Prozedura ebazteko gehieneko epea igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsitzat har daiteke, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazpena emateko duen betebeharra.

5. Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, interesdunak administrazioarekiko errekurtsoa jar dezake, Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

27. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat arautuko da foru agindu hau, eta aplikatzekoa den gainerako arau administratiboekin bat.

28. artikulua. Aurrekontuko diru-izendapena.

Hartarako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaitutako kontu-sailean dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatuko dira laguntzak.

29. artikulua. Zehapen araubidea.

Foru agindu honetan aurreikusitako beharkizunak, betebeharrak eta baldintzak ez betetzeak zehapena ekar dezake, gizarte zerbitzuen arloan aplikatzekoa den legerian aurreikusitako zehapen araubidearekin bat.

Xedapen gehigarri bakarra.-Genero berdintasuna.

Gaztelaniazko bertsioan, zenbait pertsonari buruz ari denean foru lege honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Xedapen iragankor bakarra.-Gizarte-errenta arautzen duen 1/2012 Foru Legea indarrean sartzean oraindik ebatzi gabe dauden gizarte-errentaren eskaerak.

Gizarte-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea indarrean sartzean oraindik ebatzi gabe dauden gizarte-errentaren eskaeren kasuan, egun horren ondoren ezetsi egiten badira gizarte bazterketa egoeran egotearen beharkizunagatik, eta gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza eskatzeko beharkizunak betetzen badituzte, laguntza honen eskaera berritzat hartuko dira.

Kasu horretan, laguntza aitortzeko eta gainerako ondorio juridikoetarako, gizarte-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea indarrean sartu den eguna hartuko da eskaera eguntzat.

Baldin eta espedienteak ez badu barnean eskaeraren ebazpenerako exijitzen den dokumentazioa, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, 24.2 artikuluan adierazitakoarekin bat.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak, eta, bereziki, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak urriaren 14an emandako 313/2009 Foru Agindua, oinarrizko errentaren onuradun jakin batzuei aplikatzen ahal zaien tramitazio prozedura erraztua arautzen duena.

Azken xedapen bakarra.-Ondorioetarako eguna.

Foru agindu honek 2012ko otsailaren 4tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2012ko otsailaren 9an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1202419