49. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 22an hartua, Berriozarren eta Artikan (Berriobeiti) saltoki handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onesten duena. Sustatzailea "Euro Depot España, S.A.U." da.

Nafarroako Gobernuak, 2011ko azaroaren 2an egin bilkuran, erabaki zuen Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea Berriozarren eta Artikan (Berriobeiti) saltoki handi bat ezartzeko proposamena, Euro Depot España, S.A.U.k sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako; orobat, erabaki du espedientea jendaurrean paratzea eta, aldi berean, espedienteak ukitzen dituen udalei entzunaldia ematea, hogeita hamar eguneko epean, foru lege horretan aurreikusten diren ondorioetarako eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako ere.

Planaren xedea da saltoki handi bat ezartzea Berriozarren eta Artikan (Berriobeiti). Establezimendua Bricodepot merkataritza izenarekin arituko da, eta brikolajerako eta eraikuntzarako produktuak, tresnak eta materialak salduko ditu txikizka. Nafarroako Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean xedatuarekin bat tramitatzen den saltoki horrek 7.201,92 m²-ko azalera eraikia izanen du guztira, eta 5.755,13 m²-ko azalera erabilgarria, saltzeko eta erakusteko.

Nafarroako Gobernuak 2011ko azaroaren 2an hartutako erabaki hori 2011ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an, eta espedientea jendaurrean egon den denboran ez da alegaziorik jaso.

II.
GOBERNUAK 2011KO AZAROAREN 2AN HARTUTAKO ERABAKIAN EZARRITAKO ZEHAZTAPENAK

Aipatutako erabakiaren xedapen zatiaren 2. puntuan honako hau ezarri da: "Sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2011ko ekainaren 13an egindako txostenean eta Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko ekainaren 22an egindako txostenean xedatutakoa bete beharko du." Haien edukiak ondoan emanen dira, erabakian jaso bezala.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena

Herri Lanetako zuzendari nagusiak, Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareari dagokionez, 2011ko ekainaren 13an txosten bat egin du, non determinazio hauek ezarri baitira:

"-Bide azpiegiturak:

a) Proiektatutako urbanizazioaren euri-urak ez dira hustuko Nafarroako Foru Komunitateko bide-sareko errepideetako drainatze-saretik edo areketatik.

-Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenak:

a) Bestetik, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 26.2 artikuluaren arabera, honako hau hartu beharko da kontuan: "Egin gogo den jarduketa Nafarroako errepide-sareari lotzeko azpiegiturak sustatzaileak berak ordaindu eta, hala badagokio, egikaritu beharko dituela, baita, sustatutako jarduketa dela kausa sarea maizago erabiltzeagatik, sare horretan beharrezkoak liratekeen handitze-lanak ere." Hortaz, honako gastu hauek bederen sustatzailearen kontura izanen dira:

i. Bidegurutzearen eta urbanizazio-lanen proiektuak erredaktatzeko gastuak.

ii. Obrak egikaritzeko gastuak.

b) Sustatzaileak, foru lege horrekin bat eta obrak egikaritu aurretik, proposatutako sarbideak eraikitzeko behar den aginduzko baimena lortu beharko du departamentu honetan.

Horretarako, eskaerarekin batera, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko beharrezkoa litzatekeen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du, eta obrak onetsiz gero, obrak zehaztu, egikaritu eta haien segimendua egiteko egokia iruditzen zaion beste edozein informazio ere."

Iruñerriko Mankomunitatearen txostena

Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko ekainaren 22an egindako txostenean adierazi du Uraren Zikloaren Departamentua, Hondakinen Departamentua eta Garraioetako Departamentua alde agertu direla. Txostenean adierazten da, hondakinak biltzeko gune gehiago behar izanez gero, eraikin berriaren inguruko aparkalekuan kokatuko direla, eta proiektu hau aurreikusita zegoela Artiberri II-ra doan 17. linearen luzapenean, eta beraz, behar diren jarduketak hasiak direla.

Orobat, aipatu erabakiaren xedapen zatiaren 3. puntuan honako hau ezarri da: "Nolanahi ere, obren egikaritza baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egikaritzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik."

Zehaztapen horren izaera kontuan izanik, bidezkoa da erabaki honetan hura berriro ematea.

III.
INGURUMEN ONDORIOEN ADIERAZPENA

Urtarrilaren 18ko 68/2012 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen Ondorioen Adierazpena egin zuen plan sektorial honen alde, baldintzarik gabe.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2012ko otsailaren 20ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Onestea Berriozarren eta Artikan (Berriobeiti) saltoki handi bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Euro Depot España, S.A.U.k sustatua.

2. Sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2011ko ekainaren 13an egindako txostenean eta Iruñerriko Mankomunitateak 2011ko ekainaren 22an egindako txostenean xedatutakoa bete beharko du.

3. Nolanahi ere, obren egikaritza baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egikaritzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta igortzea Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira; Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura; eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura.

5. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari, Berriozarko eta Berriobeitiko udalei, Artikako Kontzejuari eta sustatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena den, administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1203011