49. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2012 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Ertzillako Ur Partzuergoaren EUTEaren proiekturako. Sustatzailea Lekunberriko Udala da.

2011ko abuztuaren 16an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Lekunberriko Udala da. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko P epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Jarduketa Aralar izeneko ES22000020 BILen dago, oso-osorik. Gainera, babes bereziko eremuen lurzoru urbanizaezintzat jotako lurra okupatzen du; izan ere, interes geologiko bereziko lekua da (SNUPrtA: LEIG), Ertzilla ibaiaren ibar lehorra, "Nafarroa Atlantikoa" LAP2an ezarritakoari jarraituz.

Eremuko ingurumen balioak kontuan izanda, errekerimendua egin zen beste irtenbide batzuk balora zitezen eskatzeko, paisaiak eragina izan ez dezan eta sistema karstikoa arriskuan egon ez dadin, obrek ukitutako eremua haren barrenean baita.

Lekunberriko Udalak, errekerimenduari erantzuteko, 2011ko abenduan igorri zuen dokumentazio osagarria, eta hasieran hartutako soluzioa justifikatu, arrazoi hauetan oinarrituta: proposatutako EUTEaren kokalekua Ertzillako Partzuergoak Larraungo horniduraren proiektu integralean hasieran aurreikusitakoa da, eta bakarra da partzuergoa osatzen duten herriak hornitzea bermatzen duena ahalik eta kostu txikienarekin (ez da ponpaketarik egin behar kota aldeengatik) eta lurraldearen gaineko eragin txikiarekin. Abiaburutzat hartzen da Larraun hornitzeko sare guztia diseinatua eta eginda dagoela, egungo biltontzitik abiatuta, tramitatzen ari den proiektua gauzatzeko aukeratu den kokalekuaren ondotik.

Naturak jasan litzakeen ondorio nagusiak sistema karstikoaren eta paisaiaren gainekoak direnez, dokumentazio osagarrian kontuan hartu da, eraginei aurre hartzeko eta neurri zuzentzaile gisa, EUTEa hartuko duen eraikin bat eginen dela, inguruan eraiki ohi direnenen antzeko ezaugarriekin; gainera, behar bezalako zuinketa, ahalik eta azalera gutxien okupatuta.

Eremu guztiak balio handia du ekologia, paisaia eta turismo aldetik, Ertzillaren sorburutik (Aitzarratetaren iturburua) kilometro bat eta haraxeago baitago; erreka, gero, sarbegi batean behera doa. Urak, lur azpiko bidean, Lezegalde leizea zeharkatu eta Basakaitz sorburura (5. km) iristen da; sortu, hortxe sortzen da Larraun ibaia. Proiektuak ukitzen duen eremua Aralarko sistema karstikoari dagokio eta, bertan, oihanetik kanpo, bada inguru bat oso lenarizatua, dolina ugariz hornitua; gainera, bi leizeak daude, berdinduko den lurraren ipar-ekialdeko muturrean (Lezegalde) eta hego-mendebaldean. Horrek, jarduketa eremuko ingurumen balioen kontserbazioarekin bateragarria izanen bada, beharrezko aurreneurri eta neurri zuzentzaile guztiak hartzera behartzen du.

Urbanizazioak ukitutako azalera 728 m²-koa da, hondeaketaren ezpondak barne. Azalera hori batez ere larrea eta iralekua da. EUTE berria eraikitzeko, lan hauek egin behar dira: belar-sastrakak kendu eta lurra garbitu, lur mugimenduak egin, bertan plantaren plataforma kokatzeko, garbiketa-urerako eta lohia purgatzeko biltontzien zimentazioak hondeatu, araztegirako biltontziak eraiki, bide ertzeko zangak ireki (15 m luze), hodiak kutxatilekin, punpatze putzuarekin eta ur biltontziarekin lotzeko, eta kanpoko urbanizazioa.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2011ko abenduaren 1ean, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Ertzillako ur partzuergoaren EUTEaren proiekturako. Lekunberriko Udalak sustatzen du proiektua.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Obra hasi aurretik, abisu emanen zaio Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, zuinketa egiten denean, bertako teknikariak eta Ultzama-Arakilgo eskualdeko zaindariak bertan egon daitezen. Dena dela, guztiz beharrezkoa baino ez den azalera ukituko da; hortaz, obrak hasi aurretik, balizatu eginen da, eraikinaren zimentaziorako hondeatu beharreko azalera seinalatuko duen zinta egokia erabilita; orobat, hondeaketaren gehieneko kotak.

-Bestetik, makineriak eta material pilaketak okupatuko duten azalera balizatuko da; horiek inguruko leizeetatik urrun edukiko dira.

-Proiektuaren 2011ko abenduko adendan adierazten den moduan, instalazioak eraikin itxi batean egonen dira (hegoaldeko horma izan ezik); eskualdean ohikoa den tipologia izanen du eraikin horrek (baserria).

-Banaka-banaka kenduko dira lurzoruaren geruzak, eta lur sakonagoekin ez kutsatzeko moduan pilatuko dira. Lur hori obrek ukitutako azalera guztien gainean zabalduko da, baita lur-erauzketako ezpondetan ere, bidean izan ezik.

-Hondeaketako lurrak (784 m³) zabor kudeatzaile baimendua duen gai inerteen hondakindegi batera eramanen dira.

-Zuhaitzen bat moztu beharra badago, aurretik mozketarako administrazio baimena eskuratu beharko da.

-Obrek ukitutako azalera guztiak, bidearenak izan ezik, ereinez landareztatuko dira, lurzatia berdintzeko sortutako ezpondak barne.

-Obrak bukatzean, azalera guztiak garbituko dira, baita EUTEaren inguruko azpiegituren ondokoak ere.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, itxiturek 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Habitaten Atalari eta Lekunberriko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 8an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1202284