49. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, etorkinen gizarteratzearen esparruan ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako 2012ko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen honako helburu honekin: etorkinak gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela gizatalde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Oinarri arautzaileak ezartzea du helburu deialdi honek, etorkinen gizarteratzearen esparruan jarduketak egiten dituzten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Etorkinen gizarteratzearen esparruan ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako 2012ko diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 214.820,00 euroko gastua baimentzea, indarra duen 2012ko gastuen aurrekontuko "Gizarte ekimeneko entitateekin jarduerak egitea etorkinak gizarteratzeko" izeneko A60000 A0200 4819 231903 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko otsailaren 22an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.-Xedea.

Etorkinak gizarteratzearen esparruan ari diren gizarte ekimeneko entitateei 2012ko ekitaldirako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du helburu deialdi honek. Entitate horiek dira immigrazioaren arloan ari diren fundazioak, elkarteak, kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeak.

Deialdi honetatik kanpo daude etorkinen elkarteak, hau da, beren ezaugarriak direla-eta berariazko deialdi bat behar dutenak.

2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan antzeko proiektu eta jarduketetarako kontu-sail izenduna duten entitateentzako diru-laguntzak ere deialdi honetatik kanpo daude.

Diru-laguntza hauen bidez, aipatu entitateek etorkinak gizarteratzearen esparruan 2012an proiektuak eta jarduketak garatzeko dituzten langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xedeko proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak gizarteratzea izanen dute helburu.

Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan, aisian eta astialdian diharduten entitateak diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Beren estatutuen arabera, bigarren oinarri arautzailean aipatzen den jarduketa eremuan parte hartzen ahal duten entitateak izan daitezke deialdi honetako diru-laguntzen onuradun.

Aurkezten diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratua izatea eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokienean inskribatuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Sozietatearen helbidea edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

4.-Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek Immigraziorako Bulegoak deialdi honen eremuan ezarritako helburuetara egokitu beharko dute, deialdi honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

5.-Eskabideak aurkeztea.

5.1. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori eskuragarri egonen da Nafarroako atariko web orrian (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean, baita Immigraziorako Bulegoaren egoitzan ere (Yanguas y Miranda, 27, 1.a). Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra aurkeztu beharko dute.

20 egun naturaleko epea izanen da eskabidea, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoan. Immigraziorako Bulegoari zuzenduko zaizkio eskabideak.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdeko idazpuruan bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) agerrarazteko. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez jakinarazi beharko dio Immigraziorako Bulegoari eskabidea igorri duela.

Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Entitate interesdunek 5.1 oinarrian adierazitako lekuetan eskuratzen ahalko dute eskabidea eta horretarako ezarritako ereduari jarraikiz bete eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

c) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak edo beste frogagiriren bat.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

f) Hala behar izanez gero, eta zenbatekoa aurretiaz jasotzeari buruz oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari dagokionez, horretarako eskaera, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla justifikatzeko txostenarekin batera.

g) Aurkeztu den proiekturako beste diru-laguntza batzuk eskatu badira, entitateak eskaeraren eta/edo kontzesio ebazpenaren frogagiria aurkeztu beharko du. Beste diru-laguntzarik eskatu ez bada, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, deialdi honen bidez diruz lagunduko den proiektu edo jarduketarako bestelako diru-laguntzarik ez dela eskatu edo jaso adierazteko.

h) Kasuan kasuko Zerga Ogasunaren indarreko ziurtagiria edo, bestela, entitate interesdunak zerga betebeharrak non dituen, hango administrazio publikoetako organo eskudunena, eskatzailea balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela adierazten duena.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak ez dira aurkeztu beharko, baldin eta datuak Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo jadanik badituzte. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da inguruabar hori azaltzeko, agiriak zein administrazio unitatetan dauden azalduta.

Prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eskabidea eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

5.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

7.-Balorazioa.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:

a) Entitatearen barne koherentzia (20 puntu gehienez).

-Etorkinen gizarteratzearen arloan entitateak egindako jarduera nagusiaren izaera eta izandako ibilbidea (6 puntu gehienez).

-Lokalak izatea eta proposaturiko xedeak lortzeko azpiegitura nahikoak izatea (6 puntu gehienez).

-Proiektua entitatearen benetako gaitasun tekniko eta ekonomikoarekin bat etortzea (4 puntu gehienez).

-Aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen balantzearen eta azken aurrekontuaren arteko koherentzia (4 puntu gehienez).

b) Proiektuaren izaera (50 puntu gehienez).

-Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna eta barne batasuna alderdi hauen artean: oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluatzeko adierazleak, eta abar). Halaber, aurkezpena, idazkera eta azalpenaren argitasuna baloratuko dira (40 puntu gehienez).

-Esku-hartzearen berezitasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea (2 puntu gehienez).

-Entitateak proiektua aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasuna eta koordinazioa: oinarrizko eta espezializatutako gizarte zerbitzuak, osasun sareko zentro eta zerbitzuak, enplegukoak eta abar (3 puntu gehienez).

-Zenbatek jasoko duten proiektuaren onura; parte-hartzaileen kopurua baloratuko da, kontuan hartuta zenbat herritar diren, guztira, haien hartzaileak (5 puntu gehienez).

c) Immigraziorako Bulegoak aurreko ekitaldian (2011. urtea) diruz lagundutako proiektuak edo jarduketak sustatzea, horien eraginkortasuna frogatu bada eta horien iraupena gizatalde hartzailearentzat komenigarria bada errentagarritasun sozialagatik. Baloratu eginen da elkarrekin bat etortzea aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak, eta aurreko urteko proiektuaren benetako gastua eta aurtengo aurrekontua (10 puntu gehienez).

d) Kofinantzaketa izatea, alegia, entitatearen, bazkideen, parte-hartzaileen eta/edo entitate publiko edo pribatuen diru-sarrerak izatea. Atal honetan egungo proiektuan, hala bada, kofinantzaketa izatea ere baloratuko da (10 puntu gehienez).

e) Entitatean diren etorkinak, bai langile kontratatuen bai boluntarioen artean, eta zenbateraino atxiki zaizkion proiektuari (10 puntu).

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 30, gutxienez, ''b" atalean.

Instrukzio organoak noiznahi eskatzen ahalko dio edozein argibide entitate eskatzaileari, eskaera hobeki baloratzeko.

8.-Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartutako aurrekontuaren %100arekin bat etorriko da.

Aurrekontuko dirua gainditzen baldin bada, irizpide hauei men eginen zaie diru-laguntza kalkulatzeko:

a) Diru-laguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatu eta onartutako zenbatekotik abiatuta, lortutako puntuazioen arabera:

TARTEAK

PORTZENTAJEA (%)

60tik 64,99ra bitarte

65

65etik 69,99ra bitarte

70

70etik 74,99ra bitarte

75

75etik 79,99ra bitarte

80

80tik 84,99ra bitarte

85

85etik 89,99ra bitarte

90

90etik 94,99ra bitarte

95

95etik 100era bitarte

100

b) Irizpide hori aplikatu ondoren aurrekontuko diru-kopurua gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere bost egun naturaleko epean, jakinarazten zaionetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Aldatutako proiektua onartu ahal izateko, hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartzeko aukera izan beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz gauzatu beharko du.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

9.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezakete 2012ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ra arteko gastuek, eta kontzeptu hauek sartzen dira:

-Langileak: jarduerak koordinatzen dituztenen soldaten edo kontratazioaren gastuak, edo entitate onuradunak jarduketak gauzatzeko jarritako gainerako langileenak.

-Funtzionamendua: jarduera gauzatzeko behar diren gastu orokorrak; adibidez: ondasun eta zerbitzuen ohiko gastuak, hornidurak erostea, material suntsigarria, eta abar.

Oro har, funtzionamenduko gastuek ez dute gaindituko eskatu eta onartutako zenbateko osoaren %30a.

Diruz lagundutako jarduerarekin lotura argia duten gastu orokorrak zentzuz dagokion zatian egotziko dira, orokorrean onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

-Jarduerak: diruz laguntzen den jarduerari zuzenean lotuta dauden gastuak, aurreko lerroaldean adierazten diren gastu orokorren barruan ez daudenak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetakoren batean gastu osoarena ez den ehuneko bat egozten bada, zer irizpideren arabera egotzi den zehaztu beharko da diru-laguntzaren eskabidean.

Instrukzio organoak, gastuak diru-laguntzaren xedeari egotzi ezin zaizkiola jotzen badu, haiek ez onartzea erabakitzen ahalko du.

Diru-laguntza jasotzen duten gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.-Prozeduraren ebazpena eta argitaratzea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, ikusirik instrukzio organoaren ebazpen proposamena, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak adieraziko dira. Diru-laguntza emanez gero, haren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako atariko web orriko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da (www.navarra.es). Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, estatukoek nahiz atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutza interesa eskatuko da.

12.-Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Diru-laguntza aukera hauetako baten bidez ordainduko da:

A) Ordainketa aurreratua: entitateak eskatzen badu eta onartua bada, 5.2 oinarriko f) letran xedatutakoarekin bat, emandako zenbatekoa zatika ordainduko da, aurrerakin gisa. Kasu honetan, ordainketa horrela eginen da:

1. Emandako zenbatekoaren %25eko aurrerakina, laguntza emateko ebazpena sinatzearekin ordainduko dena.

2. Emandako zenbatekoaren %25eko ordainketa, ordainketa partzialaren gaineko ebazpenaren bidez ordainduko dena, aurreko ordainketa justifikatu eta egindako jarduerak deskribatu ondoren.

3. Emandako zenbatekoaren %25eko ordainketa, ordainketa partzialaren gaineko ebazpenaren bidez ordainduko dena, aurreko ordainketa justifikatu eta egindako jarduerak deskribatu ondoren.

4. Emandako zenbatekoaren %25eko azken ordainketa, ordainketa partzialaren gaineko ebazpenaren bidez ordainduko dena, aurreko ordainketa justifikatu eta egindako jarduerak deskribatu ondoren. Justifikazioa eta deskribapena 2013ko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira.

2013ko urtarrilaren 31 baino lehen, entitateak aurkeztu beharko du jasotako azken ordainketaren justifikazio ekonomikoa, aurreko ordainketak egiteko ezarritako baldintzetan.

Aurretik ordaintzen den zenbatekoa denez, aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Aurreratu behar den kopurua 60.000,00 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak bankuko abal bat edo antolamendu juridikoan aurreikusitako beste bermeren bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko kopurua adinakoa betiere.

B) Gastu justifikatuaren ordainketa: aldez aurretiko ordainketa egiteko baldintzak ez badaude, oinarri honetako A atalean ezarritakoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, zatituta edo dena batera jarduera bukatutakoan, proiektutik gauzatutako zatiaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu eta egindako jarduerak deskribatu ondoren. Azkeneko ordainketa edo, hala denean, ordainketa bakarra, tramitatzeko, epe horri dagokion jardueraren justifikazio ekonomikoa 2013ko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztu beharko da.

12.2. Justifikazio ekonomikoak diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz eginen dira, III. eranskineko ereduaren arabera. Gastuen atalean agertuko dira agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Immigraziorako Bulegoan aurkeztu izanaren adierazgarri. Nolanahi ere, diru-laguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren arabera egin behar da.

13.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta zabalkunde lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa paratu beharko da, eta diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan agertuko da.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster haren berri eman behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Ebaluazioko memoria teknikoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Immigraziorako Bulegoari zuzendua, 2013ko urtarrilaren 31 baino lehen. Memoria horrek diruz lagundutako proiektu bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak jaso behar ditu, horretarako prestatu den eredua erabiliz. Eredu hori Immigraziorako Bulegoan egonen da entitate interesdunen eskura. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diruz lagundutako proiektua ongi gauzatzen ari dela erakusteko.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.-Jarraipena.

Instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, noraino jo duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko, 12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik.

15.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

15.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunen hornidura egiten den kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

16.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko dizkiote Immigraziorako Bulegoari. Betiere, funtsezko aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak %5etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu diruz lagundutako kontzeptuetan, baldin eta horiek proiektuaren helburuak aldatzen ez badituzte edo baremoan lortutako puntuazioa baino txikiagoa badakarte.

17.-Dirua itzultzea.

Programa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita.

18.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

20.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Immigraziorako Bulegoaren helburuen arabera diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak:

1.-Etorkinen lehenengo harrera errazteko eta alderdi juridiko, administratibo eta sozialei buruz haiei informazioa, orientazioa eta aholkularitza emateko proiektuak.

2.-Prebentzioa eta/edo laguntza sustatzen duten proiektuak, egoerarik ahulenean dauden etorkinentzat.

3.-Kulturarteko elkarbitzitza sustatzeko, tolerantzia baloreak bultzatzeko, tratu berdintasuna errazteko eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egiteko proiektuak.

4.-Kulturarteko bitartekotzarako prestakuntza espezializatuko proiektuak.

III. ERANSKINA

Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua

Diruz lagundutako proiektua: .......................................................

GASTUAK

DOK.

ZK.

HARTZEKODUNA

KONTZEPTUA

ZENBATEKOA

(adierazi BEZa finantzatu daitekeen ala ez)

ORDAINKETA

DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTUAK, GUZTIRA

DIRU-SARRERAK

JATORRIA

ZENBATEKOA

1

2

3

...

DIRU-SARRERAK, GUZTIRA

Iragarkiaren kodea: F1203001