34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 8an hartua, Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 28ko Erabakia baliogabetu zuten prozedurako akatsak zuzentzen dituena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2011ko abenduaren 7ko 597. epaia betearaziz. Orobat, espedientea jendaurrean jartzen du eta, aldi berean, entzunaldia ematen zaie ukitutako udalei. 2009ko otsailaren 28ko Erabaki horretan behin betiko onetsi zen Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremua garatzen zuen Udalez gaindiko Plan Sektoriala, "Agrupación de Propietarios de Cordovilla" elkarteak sustaturik.

Nafarroako Gobernuak 2008ko uztailaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez hasi zen tramitatzen Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzen zuen Udalez gaindiko Plan Sektoriala, "Agrupación de Propietarios de Cordovilla" elkarteak sustaturik. Erabaki hori 2008ko abuztuaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Bertan xedatu zen "espedientea hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta, aldi berean, planaren eraginpeko udalei entzunaldia ematea", baita Ingurumen ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako ere.

Nafarroako Gobernuak 2008ko irailaren 29an hartutako Erabakiaren bidez (urriaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), 30 egunez luzatu zen planaren jendaurreko epea, ondorio guztietarako.

Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, "Agrupación de Propietarios de Cordovilla" elkarteak sustatua, eta hori "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestuak sustatzeko plana" gauzatuz. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko martxoaren 27an.

Nafarroako Gobernuaren Erabaki horren aurka, Galar Zendeako Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. 231/2009 zenbakiaz tramitatu zen eta 2011ko abenduaren 7ko epaiak ebatzi zuen. Horren epaitzan, honela xedatu zen: "baiesten dugu administrazioarekiko auzien errekurtso hau eta, horrenbestez, antolamendu juridikoaren aurkakoa izateagatik, baliogabetzen dugu Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 23ko Erabakia... epai honen bigarren oinarri juridikoko C) eta E) idatz-zatietan azaldutako arrazoiengatik, kostuak alderdiei ezarri gabe".

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraituz, prozesuko alderdien betebeharra da epaiak haiek agindutako moduan eta epaitzan aurreikusitakoari lotuz betetzea.

Formazko akatsek egintza baliogabetzea ekartzen dute, helburua lortzeko ezinbesteko baldintza formalik ez dagoenean, edo haien ondorioz interesdunak defentsarik gabe gelditzen direnean, kasu honetan bezala. Dena dela, egintza baliozkotzen ahal da okerrak zuzenduta; kasu honetan, 2011ko abenduaren 7ko epaiaren C) eta E) idatz-zatietan adierazitakoak.

Aipatu epaia betez, administrazio espedientea eta udalez gaindiko plan sektorialaren dokumentua berriro jarri dira jendaurrean eta berriro eman da entzunaldia; aldez aurretik, C) eta E) idatz-zatietan aipatutako dokumentuak erantsi dira; horrela, lehendabizi, Ebroko Ur Konfederazioaren 2012ko urtarrilaren 17ko txostena ageri da, non erakunde horrek 2009ko azaroaren 24an, udalez gaindiko plan sektoriala garatzen duen urbanizazio proiektua tramitatzean emandako txostenean adierazitakoa berresten duen eta egindako tramiteak baliozkotzen dituen; orobat, 2009ko azaroaren 24an emandako txostena. Bestetik, jabeen eta beste eskubide erreal batzuen titularren zerrenda eguneratu da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 70.ter artikuluan eskatutakoari jarraituz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2012ko urtarrilaren 27ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Abenduaren 7ko 597/2011 epaia, 231/2009 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa dela-eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandakoa, betearaztea, Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 28ko Erabakia baliogabetzea ekarri zuten prozedurako akatsak zuzen daitezen. Erabaki horrek behin betiko onetsi zuen Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala, "Agrupación de Propietarios de Cordovilla" elkarteak sustaturik.

2. Espedientea jendaurrean jarri eta entzunaldia eman aurretik, hari Ebroko Ur Konfederazioaren txostena eta jabeen eta beste eskubide erreal batzuen titularren zerrenda gehitzea, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 ter artikuluan aipatutakoari jarraituz, abenduaren 7ko 597/2011 epaiaren bigarren oinarri juridikoko C) eta E) ataletan ezarritako moduan eta ondorioekin.

3. Nafarroako Gobernuaren 2008ko uztailaren 15eko eta 2009ko otsailaren 23ko erabakiak hartzera eraman zuten eta haien oinarri diren jarduketa eta tramite guztiak, epaitzaren jatorria diren prozedurako akatsen eraginik ez dutenak, kontserbatzea; haien gaineko dokumentuak espedientearen parte dira. Aipatu erabakiak Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala tramitatu eta onesteko prozedurari buruzkoak dira.

Orobat, aurreko jendaurreko aldian eta ukitutako udalei emandako entzunaldian aurkeztutako alegazio guztiak kontserbatzea.

4. Espedientea jendaurrean jartzea hilabetez eta, aldi berean, entzunaldia ematea udalez gaindiko plan sektorialaren eraginpeko udalei, behar diren legezko ondorioak izan ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Kultura Zuzendaritza Nagusira, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Publikoaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, eta Iberdrola, S.A-ri, Red Eléctrica de España, S.A.ri, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Iruñeko eta Galar Zendeako Udalei eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 8an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria ordeztuz (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 2ko 1/2012 Foru Dekretua), Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1202280