34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Ordenantza. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2011ko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Kulturaren, kirolaren, irakaskuntzaren, gazteriaren, osasunaren, aisiaren eta gizarte zerbitzuen arloetako jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Iragarkia 2011ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 24an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2012ko urtarrilaren 4an.-Alkatea, Berta Pejenaute Prat.

ERANSKINA

KULTURAREN, KIROLAREN, IRASKASKUNTZAREN, GAZTERIAREN, OSASUNAREN, AISIAREN ETA GIZARTE ZERBITZUEN ARLOETAKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

20.a

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Cadreitako udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. artikulua. Diru-laguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, hobariak, sariak eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoko gainerako gastuak.

3. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1) Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.

2) Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.

3) Jarduerari ematen zaion diru-laguntza haren oihartzun sozialaren arabera aplikatuko da.

4) Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.

4. artikulua. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Diru-laguntzak honako hauek eskatzen ahalko dituzte:

a) Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.

b) Pertsona fisikoak, talde edo elkarte baten ordezkari partikular gisa berariazko ekimenetarako, irabazi asmorik gabe, helbidea udalerrian izanik.

III. KAPITULUA

Diru-laguntza bil dezaketen jarduerak

6. artikulua. Diru-laguntza bil dezakete eskaera egiten den urtean udalerriaren barrenean egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

-Kirolak.

-Kultura.

-Gazteria.

-Gizarte zerbitzuak.

7. artikulua. Ez dezakete diru-laguntzarik bil:

a) Udalerriaren lurralde esparrutik kanpo egiten diren jarduerak.

b) Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde batzuek diruz lagundutako jarduerak.

c) Lokalak moldatzea edo eraikinetako bertze edozein esku-hartze.

d) Funtzionamendutik heldu diren gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak etab.).

e) Ondasun higigarri nahiz higiezinak erostea.

f) Lehiaketa ofizialetan parte hartze ohikoaren ondoriozko gastuak.

8. artikulua. Kirolaren arloan, diru-laguntza bil dezakete kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko edo kirola sustatzeko gastuek eta, batez ere, aparteko ekitaldiek edo garrantzi nahiz tradizio handikoek.

9. artikulua. Musikaren arloan, diru-laguntza bil dezakete musika klasikoko kontzertuek, abeslarienek, abesbatzenek eta jazz eta rock jaialdiek, folk musikakoek eta banden edo txarangen emanaldiek.

10. artikulua. Kulturaren arloan, diru-laguntza bil dezakete kultur jarduera guztiek, arteekin, zientziekin eta letrekin ikusteko dutenek, bereziki herriko artisten sormena eta herritarren partaidetza bultzatzeko egiten diren sustapen soziokultural arlokoak badira.

11. artikulua. Gazteriaren arloan, diru-laguntza bil dezakete:

a) Gizarte eta kultur jarduerak:

-Gazteendako asteak.

-Ikastetxeetako jarduerak.

-Gazteriaren etxeetarako programak.

-Lehiaketak, erakusketak eta sustapeneko bertze jarduerak.

b) Informazio eta aholku programak, gazteak gizarteratu eta berreskuratzen laguntzen dutenak esparru hauetan:

-Delinkuentzia.

-Drogazaletasuna

-Sexualitatea, etab.

c) Haur eta gazteendako udako jarduerak.

d) Begiraleak eta sustatzaileak prestatzeko ikastaroak.

e) Gazte munduarekin ikusteko duten azterlanak egitea eta/edo argitaratzea.

f) Gazte aldizkariak.

12. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloan, diruz laguntzekoak dira familiari, haur eta nerabeei, zaharrei eta gorputzez, adimenez edo zentzumenez urritasun fisikoak dituztenei laguntza emateko eta haien ongizatea bultzatzeko jarduerak, aurreneurriak izan, errehabilitaziokoak izan edo laguntzakoak izan. Orobat, diru-laguntza bil dezakete drogazaletasunaren inguruko aurreneurriek eta ukituen bergizarteratzeak, eta larrialdi sozialeko egoeratarako laguntzek etab.

IV. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

13. artikulua. 1) Osoko Bilkurak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.

2) Diru kopurua kirolaren, musikaren, kulturaren, gazteriaren eta gizarte zerbitzuen, arloen artean banatuko da, urte horretarako finkatutako plangintzaren eta helburuen arabera. Halarik ere, behar diren aldaketak eginen dira, arlo batzuetako eskaera kopurua oso tikia bada.

3) Udalak onetsi eta argitaratuko ditu deialdiaren oinarriak, urte bakoitzeko azaroan.

14. artikulua. Hurrengo urtean egin gogo diren jardueretarako diru-laguntzak emateko eskabideak aurkeztu behar dira.

Eskaera horiek azaroan aurkeztu behar dira.

15. artikulua. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak sinatua. Diru-laguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da.

b) Entitatearen idazkariak luzaturiko ziurtagiria, eskabidea aurkeztera deliberatzen den gobernu organoaren erabakia frogatzen duena.

c) Programa zehatza eta guztirako aurrekontua, egin nahi diren jardueraren edo ekimenaren arabera banatua, haietarako eskatzen baita diru-laguntza.

d) Estatutuen ale bat, elkartea edo patronatua bada.

V. KAPITULUA

Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak

16. artikulua. Udalbatzak osoko bilkuran deialdiaren oinarriak zehaztean arlo bakoitzerako finkatzen dituen irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek diru-laguntzak emateko tenorean:

a) Jardueraren interes orokorra.

b) Gisako jardueren urritasuna.

c) Diru-laguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen jarduerei laguntza ematea.

17. artikulua. Alor desberdinetako zinegotziek proposatu eta aurkeztutako eskaerak aztertuta, Ogasun Batzordeak ebazpen proposamena aurkeztuko du, kontu-hartzailetzak horretarako diru aski dagoela dioen txostena egin ondoan.

Udalbatzaren Osoko Bilkurak urte bakoitzeko martxoaren 15a baino lehen ebatziko du.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

18. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak diru-laguntza onartzen zaien urteko abenduaren 31 baino lehen eginak izan beharko dira.

19. artikulua. Emandako diru-laguntza guztiek baldintza bat dute: jardueraren gaineko agirietan eta inprimatutako propagandan esapide hau agertzea: "Cadreitako Udalaren laguntzarekin".

20. artikulua. Diru-laguntza emanda dagoenean, ez da onartuko bertze deusetarako erabiltzea.

21. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

22. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake.

23. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, diruz lagundu nahi den jarduera egina egon beharko da eta dokumentazio hau aurkeztu ere aurkeztu beharko da Udaletxean:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Eskabidea, entitateko buruak sinatua, alkateari idatzia, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Entitateko idazkariak luzatutako frogagiria, gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela ziurtatzen duena.

d) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.

e) Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bana.

24. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Diru-laguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa izatea.

c) Hartzailearen NANa edo IFK-IFZ edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

25. artikulua. 23. artikuluak aipatzen dituen frogagiriak aurkeztuko dira jarduera egin ondoko 30 egunean. Onespena eta ordainketa, hala behar bada, Ogasun Batzordeari dagokio, eta honek diru-laguntza murriztu ahalko du benetan egindako gastuetara iritsi arte.

VII. KAPITULUA

Kobrantzaren justifikazioa

26. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, diruz lagundu nahi den jarduera egina egon beharko da eta dokumentazio hau aurkeztu ere aurkeztu beharko da Udaletxean:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Eskabidea, entitateko buruak sinatua, alkateari idatzia, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Entitateko idazkariak luzatutako frogagiria, gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela ziurtatzen duena.

d) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.

e) Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bana.

27. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Diru-laguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa izatea.

c) Hartzailearen NANa edo IFK-IFZ edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

28. artikulua. 23. artikuluak aipatzen dituen frogagiriak aurkeztuko dira jarduera egin ondoko 30 egunean. Onespena eta ordainketa, hala behar bada, Ogasun Batzordeari dagokio, eta honek diru-laguntza murriztu ahalko du benetan egindako gastuetara iritsi arte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 25 artikulu eta azken xedapen bat ditu, eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi ondoan, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L1201362