34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Aldaketa Udal Planean. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2011ko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Udal Planeko hirigintza antolamenduko determinazio xehakatuetan aldaketa egiteko espedientea, PA-1 sektoreko hirigintzako antolamendua aldatzeko, Construcciones Ricer, S.L.k sustaturik.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Azagran, 2012ko urtarrilaren 26an.-Alkatea, Ismael Pastor Murgui.

AZAGRAKO UDAL PLANEKO PA-1 SEKTOREAREN
ALDAKETA XEHAKATUA

581, 582, 583 eta 584. lurzatiak, 3. poligonoa, "Esparadas"

1.-Indarra duen hirigintzako araudia.

Aldaketa honek hartzen duen biltegien poligonoa, Azagrako hiri lurzoruko PA-1 sektoreari dagokio eta hirigintzako honako determinazio hauen mendean dago:

Determinazio orokorrak.

-Lurzoru mota: urbanizagarri sektorizatua.

-Eremu antolatuaren azalera gordina: 16.231,14 m².

-Erabilera eta tipologia: industriakoa (biltegiak eta garajeak).

-Erabilera pribaturako azalera, guztira: 8.640,39 m².

-Tokiko sistemetarako azalera, guztira: 7.590,75 m².

Kudeaketari buruzko determinazioak.

-Hirigintzako kudeaketa: konpentsazioko edo borondatezko birzatiketako sistema.

-Garatzeko tresnak: konpentsazio edo birzatiketa proiektua eta urbanizazio proiektua, 35/2002 Foru Legearen IV. tituluarekin bat.

Agiri hau behin betiko onetsi ondoren, lurzatietako bakoitzean eraiki ahal izateko, honako baldintza hauek beteko dira:

-Urbanizazio proiektua prestatu eta behin betiko onestea.

-Konpentsazioaren edo sektoreko birzatiketaren gaineko proiektua onesteko administrazio erabaki irmoak.

-PA-1 eremu antolatuak bere osotasunean hiri lurzoruaren sailkapena merezi dezala, urbanizazio proiektuko obrak egin direlako, ibilgailuen sarbideari, ur hornidurari, saneamenduari eta energia elektrikoaren hornidurari buruzkoak, edo horiek bermatu direlako legezko baldintzen arabera.

Erabilera xehakatuetako determinazioak.

-Erabilera bereizgarria: nekazaritzako biltegiak eta beste biltegi batzuk, betiere ez bada beharrezkoa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean araututako baimen, ingurumen azterlan edo jarduera lizentzietako bat.

-Erabilera toleratuak: garajeak.

-Erabilera debekatuak: gainerakoa.

-"E" eremurako aurreikusitako erabilera: balio anitzeko ekipamendua.

Arlo desberdinetan aplikatzekoa den egungo araudia bete beharko da proposatzen den eraikuntzan.

Bolumetria orokorreko determinazioak.

-Antolamendu mota: PA-1 eremu antolatua 1, 2 eta 3 lurzatietan banatu da: 5 zenbakiko planoan irudikatu dira eta 2397 m²-tik 3163 m²-ra bitarteko azalerak dituzte; horien erabateko aprobetxamendua egonen da. Lurzati hauek, era berean, azpilurzatietan edo habia lurzatietan banatu dira, B, D, E eta F kaleetara ematen duen 13,5 metroko gutxieneko fatxada-frontea dutela; izkinan dauden lurzatiak salbuespenak izanen dira, gutxieneko fronte hori 4,5 metrokoa izaten ahalko da eta (ikus 5. planoa). Azpilurzati edo habia lurzati horiek 4. planoan daude irudikatuta.

-Gutxieneko azpilurzatia: 250 m².

-Gehieneko solairu kopurua: beheko solairua.

-Gehieneko garaiera: 5 metro erlaitzeraino eta 7 metro gailurreraino.

-Gehieneko aprobetxamendua: lurzati bakoitzeko gehieneko okupazioa 4. eta 5. planoetan irudikatua izanen da. Eraikinaren barruan solairuarteak eraikitzen ahalko dira, estalitako azalera osoaren %25 arte hartuta gehienez ere.

-Lurzati lerrokadurak: 5. planoan adierazi dira.

-Eraikuntzaren lerrokadurak: 4. eta 5. planoetan marraztu dira eraikuntzaren lerrokadurak. Lurzati bakoitzean B, D, E eta F kaleetara ematen duten kanpoko lerrokadurak (ikus 4. planoa) nahitaezkoak dira. Proposatutako azpilurzatiekin bat egiten duten mehelin lerrokadurak ere nahitaezkoak dira.

-Nahitaez okupatu beharreko eremua: B, D, E eta F kaleetara ematen duen fatxada fronte osoa okupatuko da nahitaez, eta eraikinen artean 10 metroko barne patioa utziko da gehienez, erantsitako 4. planoan adierazten den eran.

-Azpilurzatien multzoa: gehienez ere bi azpilurzati, "habia lurzatiak" deitzen diren horietakoak, batzen ahal dira bi norabideetako batean, bai fatxadan jarraipena dutenak bai atzeko lerrokadurez lotuak. Nolanahi ere, bi lurzati elkartzeak ez du salbuetsiko bi lurzatietako bakoitzak lehendik zituen eskakizunak bete beharretik.

-Azpilurzatien zatiketa: habia lurzati horiek ezin dira zatitu, izkinako lurzatien edo etxesailaren amaierako lurzatien kasuan izan ezik; horietan, eskatuz gero, gutxienez ere 130 m²-ko azalera duten azpilurzatiak sortzen ahalko dira.

Lurzatietako itxiturak.

-Gehieneko eraikuntza-okupazio baimendua ez bada osatzen, nahitaez itxiko dira lurzatiaren kanpoko eta azpilurzatiaren barneko lerrokadura guztiak.

-Kaleetara ematen duten lurzati itxiturak nahitaez opakoak izanen dira metro bateko altueraraino, eta hormigoi armatuz edo ageriko hormigoi blokez eginak. Itxituraren gainerakoa, 2 metroko altueraraino, metalezko itxitura zurruna izanen da, %70eko azalera librea edo handiagoa duena.

-Azpilurzatiaren barne itxituraren gehieneko altuera 2 metrokoa izanen da; opakoa izaten ahalko da altuera osoan, eta lurzatiaren itxiturarako aipatu diren materialak erabiltzen ahalko dira.

2.-Proposamenaren arrazoiak.

Aldaketa xehakatu honek dakartzan alderdiak honako hauek dira:

-Eraikuntza erregularra lortzea, etorkizunean nabeak erosten dituztenen beharretara egokituriko azalerarekin, eta alboko eraikuntzekiko uniformitateari eustea, eraikuntzaren gehieneko okupazioa eta bolumetria errespetatuz, Azagrako egungo Udal Planean jasota baitaude.

-Proposatzen den aldaketak ez du industrialdeko sistema orokorretan oro har eragiten; izan ere, berdegune publikoak handitzerakoan bide sistema orokorrak hartzen duen azaleraren zati txikia hartu da.

-E1 lurzatian ekipamenduetarako dagoen azalerari 6,31 m²-ko zati ttipia gehitu zaio egun indarra duen araudiarekiko.

-Proposatzen den eraikuntzak ez ditu handitzen egungo Plan Orokorrean ezarritako gehieneko okupazioa eta eraikigarritasuna, eta 8.640,40 m²-ko gehieneko okupazioari eusten zaio, lerrokaduren arabera, 4. eta 5. plano erantsietan adierazten den gisan.

-Proposatzen den aldaketak ez dakar bolumen eraikigarria handitzea, eraikinaren gehieneko altuerari eutsi zaiolako (5 metro erlaitzeraino eta 7 metro gailurreraino).

-Proposatzen den antolamenduak betetzen du, bai, 85/1995 Foru Dekretuak industriarako erabilera orokorra duten sektoreetarako eskatzen dituen espazio libre publikoen eta ekipamenduetarako gutxieneko espazioen erreserba moduluen araua.

-Proposamen horrek ez ditu inola ere kaltetzen ondoko jabeak edo lur mugakideen jabeak.

PA-1 sektorerako proposatu den eraikuntzako antolamendu berriaren aldaketa behar beste justifikatu da hirigintzaren ikuspuntutik, eta Azagrako Udala justifikazio horrekin ados egon daiteke edo horren aurka agertu; udal horrek aldaketa xehakatu honetan oinarrituta eman beharko du azken epaia.

3.-Proposamena.

4. plano erantsian ("Proposatzen den antolamendua. Erabilera xehakatuak eta sistemak") eta 5. plano erantsian ("Proposatzen den antolamendua. Lerrokadura, kotak eta azalerak") adierazten den legez, proposatzen den aldaketa xehakatuak PA-1 sektoreko lurzati eraikigarrien lerrokadurak eta, ondorioz, bide sistema orokorra aldatzea dakar, Azagrako egungo Udal Plan Orokorrak PA-1 sektorerako zehazten dituen gehieneko azalera eraikigarriari, eraikigarritasunari eta bolumetriari eutsiz.

Iragarkiaren kodea: L1201895