34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARROITZ

Eraikinen kanpoaldea hobetzeko, etxebizitzak zaharberritzeko eta etxebizitza eskuratzeko laguntzak arautzen dituen Erregelamendua. Behin betiko onespena

Arroizko Udalak, 2012ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran, erregelamenduzko quoruma zuela, behin betiko onetsi zuen Eraikinen kanpoaldea hobetzeko, etxebizitzak zaharberritzeko eta etxebizitza eskuratzeko laguntzak arautzen dituen erregelamendua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara.

Arroitzen, 2012ko urtarrilaren 30ean.-Alkatea, Antonio Angel Moleón Segura.

Eraikinen kanpoaldea hobetzeko, etxebizitzak zaharberritzeko eta etxebizitza eskuratzeko laguntzak arautzen dituen Erregelamendua

1.-Xedea.

Erregelamendu honen xedea da ondoko hauei diru-laguntzak emateko arauak jartzea:

1.1. Eraikinetako kanpoko hobekuntzak egiten badira, haien jabeei.

1.2. Eraikinetako barne hobekuntzak egiten badira, etxebizitza izan dadin, haien jabeei.

1.3. Bizileku ohikoa eta iraunkorra izateko etxebizitza erosten edo sustatzen dutenei.

2.-Baldintza orokorrak.

2.1. Diru-laguntzak emanen dira kanpoko hobekuntzak egiteko, baldin eta honako zaharberritzeak egiten badira: fatxada eta teilatuetan eta/edo hormetan, eta horren ondorioz herrigunea edertzen badute.

2.2. Etxebizitzetako barne zaharberritzeetarako diru-laguntzak emanen dira.

2.3. Diru-laguntzak emanen dira etxebizitza berriak edo norberaren sustapenekoak egiten badira eta horiek erostunen bizileku ohikoa eta iraunkorra bada.

2.4. Aurreko ataletan azaldutako obra edo sustapenak badira, ez da diru-laguntzarik emanen erregelamendu honen bidez.

2.5. Barne zaharberritzeagatik, erosteagatik edota sustatzeagatik diru-laguntza hartzen dutenek Arroitzen erroldatuak egon behar dute eta baldintza hori bete bost urtez, bederen. Bestela, jasotako diru-laguntzak itzuli egin beharko dituzte.

3.-Laguntza motak.

Arroizko Udalak ematen dituen laguntzak Udal honek haien onuradunei emaniko diru-laguntzatzat edo ekarpentzat hartuko dira, Erregelamendu honetan biltzen diren baldintzetan.

4.-Udalaren baliabide ekonomikoak.

Udalaren aurrekontuetan agertuko dira Erregelamendu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei aplikatuko zaizkien Udalaren baliabideak.

5.-Laguntzak hartzeko baldintzak.

5.1. Eraikinen kanpoko hobekuntzak: antzinatasuna 20 urtetik gorakoa badute eta xedea baldin bada: fatxadak eta kanpoko hormak harri landuz uztea edo harlangaitzez edo bistako adreilu zaharrez edo zarpiatuez eta findua eta margotua; teilatuak, berriz, teila arabiarrez edo antzeko teilez eta erreten eta zorroten metalikoekin. Obra gauzatzeko aurrekontuak 5.000,00 eurotik gorakoa beharko du izan.

5.2. Zaharberritzeko diru-laguntzak: antzinatasuna 40 urtetik gorakoa izanik xedea honako hauetako bat badute: etxebizitzetarako erabiltzen diren eremuen barne zaharberritzea, bizileku egokiagoa izan dadin. Obra gauzatzeko aurrekontuak 40.000,00 eurotik gorakoa beharko du izan.

5.3. Etxebizitza berria erosi edo sustatzeko: Diru-laguntzaren onuradunek etxebizitza berriak erostea edo sustatzea, etxebizitza hori ohikoa eta iraunkorra izateko egiten bada, betiere etxebizitzaren azalera eraikigarria gehienez ere 100 m²koa denean.

6.-Eman beharreko laguntza ekonomikoak.

6.1. Eraikinen kanpoko obretarako, diru-laguntza izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %10, eta gehienez ere 600,00 euro. Obrak baldin badira fatxadak eta kanpoko hormak harri landuz edo harlangaitzez uzteko, diru-laguntza izanen da aurrekontuaren %15, eta gehienez ere 800,00 euro.

6.2. Zaharberritzeko obrak badira, hona hemen diru-laguntzak:

a) Ordaindutako EIOZren %50, diru-laguntza zein urtetan eskatu den aurreko urteko PFEZren araberako diru-sarrerak Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa baino 2,5a txikiagoak badira (21.812,44) .

b) EIOZren %40, diru-sarrerak Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa baino 2,5 -3 tartean badaude (26.174,93). Jabeak, sustatzaileak edo erosleak bi edo gehiago badira, zenbateko horiek bider 1,75 eginen da.

6.3. Etxebizitza berria erosteko edo sustatzeko bada, zenbatekoak aurreko atalekoak izanen dira.

6.4. Azken bi atal horietako EIOZren zenbatekoa kalkulatzeko, bakar-bakarrik hartuko dira kontuan etxebizitzarako diren eremuak.

7.-Laguntzak hartzea eta eskabideak.

Arroizko Udalak ematen dituen diru-laguntzak jasoko dira obrak bukatu ondoren, eta zaharberritzeak edo etxebizitza berria denean, bizigarritasun zedula lortu ondoren.

Eskabideak Udaletxean eskatu beharko dira, hiru hilabeteko epean, obrak bukatu denetik edo bizigarritasun zedula lortzen denetik aitzina. Harekin batera, ordainketen fakturak edo egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta aldez aurretik proiektu teknikoa aurkeztu bada.

Udalarekiko betebeharrak eguneratu gabe izanez gero, zein den ere kontzeptua, ez da diru-laguntzarik emanen.

8.-Planeamenduarekin bat etortzea.

Diru-laguntza hauek jaso nahi dituzten obra proiektuek bat etorri beharko dute Arroizko egungo hirigintza planeamenduko determinazioekin eta aplikatzen ahal den gainerako arautegiarekin.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe gelditu da "Eraikinen kanpoaldea hobetzeko eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko laguntzak arautzen dituen Erregelamendua", hori Arroizko Udalak onetsi baitzuen, 1996ko uztailaren 26an egin osoko bilkuran. Halaber, indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

Xedapen gehigarriak

Lehena.-Erregelamendu honetan xedatzen edo aurreikusten ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.-Arroizko Udalak Erregelamendu hau eta honen babesean emandako esleipenak interpretatuko ditu, bai eta hura betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira.

Azken xedapena

Erregelamendu honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L1201630