34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARLEGI

Bide sarearen erabilera arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Arlegiko Kontzejuko Batzarrak, 2011ko irailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arlegiko Kontzejuko bide sarearen erabilera arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2011ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 214n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Kontzejuko Batzarrak ordenantza hori behin betikoz onetsi du eta osorik argitaratzea xedatu du, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Arlegin, 2012ko urtarrilaren 20an.-Kontzejuko burua, Susana Miranda.

ARLEGIKO KONTZEJUKO BIDE SAREEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Arlegiko Kontzejuko landako bide publikoen sarearen erabilera, babesa eta funtzionamendua arautzea du helburu ordenantza honek.

2. artikulua. Arauen esparrua.

Ondasun publiko horien zaintza eta funtzionamendu zuzena nola edo hala trabatzen duen edozein pertsonak edo taldeak bete behar du nahitaez ordenantza hau.

3. artikulua. Bidearen definizioa.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo bertze xedeetarako erabiltzen direnak.

II. KAPITULUA

Bide publikoen sarearen erabilerak

4. artikulua. Arau orokorra.

1. Bideak erabil daitezke nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

2. Onartuak, debekatuak eta baimengarriak izan daitezke erabilerak.

5. artikulua. Erabilera onartuak.

Honako hauek dira erabilera onartuak:

1. Nekazaritza, abeltzaintza eta oihan jarduerekin ikusteko duten ibilgailuen joan-etorriak.

2. Oinezko, bizikleta eta motorren joan-etorriak; betiere, ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako abiadura muga errespetatuz.

3. Ibilgailu motordunen joan-etorriak, 8 tona baino gutxiago pisatzen badute, nekazaritzako jarduerekin ikusteko ez badute ere.

6. artikulua. Erabilera debekatuak.

1. Jarduera hauek debeku dira arras:

a) Ibilgailu motordunen joan-etorriak, 8 tona baino gehiago pisatzen badute eta nekazaritzako jarduerekin ikusteko ez badute.

b) Ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako abiadura muga gainditzea.

c) Edozein animalia bideetako ezpondetan eta trazaduran bazkan aritzea.

d) Lehiaketak eta lasterketak, bai eta pasealarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta/edo basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak.

e) Ibilgailuak bideetatik kanpo aparkatzea, bidezko arrazoirik gabe, ibilgailuen eta/edo pertsonen jabetzetarainoko joan-etorri librea trabatzen bada.

f) Euri uren saneamenduak lurzatietatik bide publikoetara ateratzea.

2. Debeku dira bideak zuzen zaintzea eta mantentzea oztopatzen duten egintzak, hala nola ondotik ematen diren hauek:

a) Bideetan eta haien areketan hondakin toxikoak eta/edo arriskugarriak botatzea, edo hiri hondakinak, obra hondakinak, hondakin urak, paperak...

b) Bide publikoetan dauden landareen kontra basatiki aritzea.

c) Nekazaritza lanak egiterakoan, lurzatien mugak ez errespetatzea, bide publikoaren eta/edo bide publikoen ezpondetan sartuz.

7. artikulua. Zirkulazioari buruzko arauak.

1. Bide guztietan ibiltzeko gehieneko abiadura 50 kilometro ordukoa izanen da. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

2. Nekazaritzako ibilgailuek izanen dute beti lehentasuna bertzeen gainetik. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

8. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

Aurreko artikuluetan ezarritako debekuren baten aurka baldin badoa jardueraren bat, hura egin nahi duenak baimena eskatu beharko dio Kontzejuari.

III. KAPITULUA

Baimenak.

9. artikulua. Baldintzak.

Baimena eskatzeko, dagokion eskabidea bete beharko da, eskatzailearen datuak, jardueraren ezaugarriak, erabili beharreko bideak, gehieneko pisuak eta banaz-bertzekoak eta noiz arte erabili nahi den adieraziz.

10. artikulua. Fidantza.

Jarduera baimendua egiten hasi aurretik, eskatzaileak 300,51 euroko fidantza (50.000 pezeta) utzi beharko du, sor litezkeen kalte-galerak ordainduko direla bermatzeko.

Baimena ematen duen organoak handitzen ahal du berme hori, uste baldin badu jarduerak kalteak sortzeko aukera handiagoa izan daitekeela.

11. artikulua. Baimenak ematea.

1. Kontzejuko buruari dagokio baimenak emateko edo ukatzeko eskumena.

2. Erabili beharreko bideei ekar liezaiekeen arriskuaren arabera eman edo ukatuko da baimena.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Araubide orokorra.

1. Ordenantza honetan xedatua hausten bada, dela eginez dela ez eginez, zehapena jarriko da, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera, deusetan ukatu gabe erantzuleek izan dezaketen erantzukizun zibil, penal edo bertzelakoa.

2. Erantzukizuna solidarioa izanen da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

3. Kontzejuko buruari dagokio zehapen ahalmena erabiltzea, betiere zehapen prozedura erabiltzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 13998/1993 Errege Dekretuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

13. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik merezi ez badu larriaren kalifikazioa.

c) Ordenantza honetan zehazten den bertze edozein agindu ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez denean.

3. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Bide publikoetan eta/edo areketan hiri hondakinak, obra hondakinak edo bertzelakoak botatzea, hondakin toxikotzat hartzen ez badira eta ingurumenean kalte fisikorik egiten ez badute.

b) Bide eta/edo areketako landareen kontra basatiki aritzea.

c) 7. artikuluko abiadura muga gainditzea, pertsonak edo animaliak arriskuan jartzen ez badira.

d) Edozein animalia bideetako ezpondetan eta trazaduran bazkan aritzea.

e) 8 tona baino pisu handiagoko ibilgailuekin ibiltzea.

f) Ibilgailuak bideetatik kanpo aparkatzea, bidezko arrazoirik gabe, ibilgailuen eta/edo pertsonen joan-etorri librea trabatzen bada.

g) Euri uren saneamenduak lurzatietatik bidera ateratzea.

h) Nekazaritza lanetan, lurzatietako mugak ez errespetatzea, ezpondetan eta/edo bidean sartuz.

i) Bertzela egitea edo ez egitea, bide publikoetan ingurumenari kalte fisikoa egiten zaionean, hura oso nabarmena ez bada.

4. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Lehiaketak eta lasterketak egitea, bai eta pasealarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta/edo basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen muturreko lehiaketa guztiak ere.

b) Ordenantza honen 6. artikuluan debekatzen diren jarduerak egitea dagokion baimena izan gabe.

c) Bide publikoetan edo haien ezponda zein areketan hondakin toxikoak eta/edo arriskugarriak botatzea, ingurumenari kalte fisiko nabarmena egiten badiote.

d) Suteak sortu edo sor ditzaketen egiteak edo ez egiteak.

e) Ordenantza honen 7. artikuluan zehaztutako abiadura muga gainditzea, pertsonak eta/edo animaliak arriskuan jartzen direnean.

f) Bertzela egitea edo ez egitea, ingurumenari kalte fisiko nabarmena egiten zaionean.

14. artikulua. Zehapenak.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117.2 artikulua aplikatu beharrez, ondoko zehapenak ezarri dira:

1. Arau-hauste arinek 90,15 euroko isuna izanen dute zehapen (15.000 pezeta).

2. Arau-hauste larriek 120,20 euroko isuna izanen dute zehapen (20.000 pezeta).

3. Arau-hauste oso larriek 150,25 euroko isuna izanen dute zehapen (25.000 pezeta).

15. artikulua. Egindako kaltea konpontzeko beharra.

Ezarri beharreko zehapena kontuan izan gabe, kaltetutako ondasuna lehengoratzeak ekarriko dituen gastu guztiak arau-hauslearen kargura izanen dira.

Bideak zaintzea

16. artikulua. Bideak zaintzeko lanak.

Kontzejuari dagokio bideak zaintzeko eta mantentzeko lana, hau da, batez ere bideen zabalera, luzeera eta ertzak zaintzea eta zoladura ongi mantentzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Kontzeju honek ordenantza honetan zehaztutako eginkizunak betetzeko behar adina bitarteko tekniko eta materialik ez duenez, eta hura aplikatzerakoan eraginkorragoa izan dadin, Kontzejuko buruari ahalmena ematen zaio Galar Zendeako Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, bideen zaintza, kontrola eta baimenak hark kudea ditzan, baita ordenantza honetan arautzen den zehapen prozedura eta jar litezkeen errekurtsoak ere.

V. KAPITULUA

Azken xedapenak

Lehendabizikoa.-Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.

Bigarrena.-Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1201716