34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2012 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2012-2013 ikasturterako.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du; 2012-2013 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea du xede ebazpen honek, baliagarriak izan daitezen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan arlo horri buruz ezarritakoa garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean egutegia eta ordutegia prestatzeko ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek 2012-2013 ikasturtean.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 3an.-Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Haur Hezkuntzako lehen zikloko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak

Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz zehaztuko dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ez dute oztopatuko azaldutako irizpideen aplikazioa.

1. Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.

1.1. Ikastetxe publikoak.

1.1.1. Ikastetxeko egutegirako proposamen berariazkoa eta librea egiten ahal dute entitate titularrek, baldintza hauek betez:

-Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a eta 8a, martxoaren 19a, 28a eta 29a, apirilaren 1a, maiatzaren 1a, abuztuaren 15a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

1.1.2. Proposamenaren 3.1. atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:

-Oro har, ikasturtea irailaren 1ean hasi eta uztailaren 24an bukatuko da.

-Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Lehen biak eta azken biak zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a eta 8a, urtarrilaren 6a, martxoaren 19a, 28a eta 29a, apirilaren 1a, maiatzaren 1a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

-Lanegun ez diren egunak: azaroaren 2a, abenduaren 7a eta otsailaren 18a eta 19a.

-Eguberrietako oporrak abenduaren 24tik urtarrilaren 4a arte izanen dira, biak barne.

-Aste Santuko oporrak martxoaren 28tik apirilaren 5era arte izanen dira, biak barne.

1.2. Ikastetxe pribatuak.

1.2.1. Ikastetxeko egutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:

-Ikasturtea gutxienez hamar hilabetekoa izanen da eta hamaikakoa gehienez.

-Ikastetxea haurrentzako irekita izanen da gutxienez 175 egunez eta gehienez 213 egunez.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, 6a, 8a eta 25a, urtarrilaren 6a, martxoaren 19a, 28a eta 29a, apirilaren 1a, maiatzaren 1a, abuztuaren 15a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

1.3. Ikastetxe publiko eta pribatuentzako egutegiko aldaketak.

Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

2. Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatuen ordutegia prestatzeko.

2.1. Ikastetxeko ordutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:

-Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.

-Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa.

-Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

-Eguneko lanaldia antolatzeko ardatza izanen da haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoa.

2.2. Ikasturte hasieran haurren egokitzapen aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan: egokitzapena errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza eta ordutegien eta ikastetxearen antolaketaren malgutasuna. Egokitzapen epe horren plangintza Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik. Betiere, haurrak pixkanaka hasiko dira eta, horretarako, gehienez ere hamabost eguneko hezkuntza arreta izanen da, familiaren egoera eta beharrak ere kontuan hartuta.

2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:

-Haurrak zein modalitatetan (osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak. Horren edozein aldaketa familiei jakinaraziko zaie matrikula egiteko unean.

3. Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorriko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2012ko ekainaren 1a baino lehen, unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta.

3.2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. Onetsitzat joko dira 2012ko ekainaren 30erako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.

3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2012ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, haiek aztertu ondoren, egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ezetsiko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

3.4. Egutegia eta ordutegia onetsirik, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da haiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena egutegien ezarpena gainbegiratu eta kontrolatzea.

3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai, eta ez dira inoiz aldatuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimenik gabe, entitate titularrak hala eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F1201976