34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, udalei toki sustapenerako ekintzak egiteko laguntzetarako deialdia onesten duena.

Xedea: historia, tradizioak edo ohiturak, giza jarduerak eta udalek berezko duten lana sustatzeko ekintzak bultzatzea.

Erreferentzia: Espediente kodea: 0011-1100-2012-000000.

Unitate kudeatzailea: Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua.

Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzua.

Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atala.

Telefonoa: 848 424854, Faxa: 848 426652.

Helbidea: Karlos III.aren etorbidea, 2, beheko solairua. 31002-Iruña.

Posta elektronikoa:milundai@navarra.es.

Espedientea.

Espediente mota: deialdia egitea.

Aplikatu beharreko arauak: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezarri zuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako udalerrietako historia, tradizioak eta ohiturak sustatzera zuzendutako ekintzak edo jarduerak 2012ko ekitaldian egin ditzaten.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren txostenarekin bat, non adierazten baita, hurrenez hurren, diru-laguntzen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako udalei laguntzak emateko deialdia onestea, 2012an tokiko sustapenerako ekintzak egin ditzaten; honekin batera heldu den eranskinean jasotzen dira oinarri arautzaileak.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

88.490,00

G/A30000/4609/921100: Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak

2012

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ogasunak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2012ko otsailaren 6an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea hauxe da: Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak, nafarren ondarearen aberastasuna, aniztasuna eta ezaugarri komunak nabarmentzeko, 2012an Nafarroako udalek sustatzen dituzten ekintzetarako edo jardueretarako emanen dituen diru-laguntzen araubidea ezartzea. Ekintza eta jarduera horiek, betiere Nafarroako udalerrietako historiaren, tradizioen edo ohituren, giza jardueren eta lanaren sustapenean oinarrituta egon behar dute.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira herriko festak, zaindariarenak edo antzekoak direla-eta sustatzen diren jarduerak, baita herri azokak, tradiziozko egunak edo asteak eta antzekoak direla-eta sustatzen direnak, salbu horien barnean antolatzen diren jarduketa espezifikoak, programan jarduketa berezitu gisa jasotzen direnak, betiere Nafarroako produktuak, gertaerak edo tradizioak balioesten badituzte, eta berariaz horietarako bakarrik eskatzen bada laguntza.

Halaber, ez dute laguntzarik jasoko Udaleko herrian errotu gabeko pertsonen urteurrenek edo oroitzapen ospakizunek, ezta bestelako jarduerek ere, baldin eta gizarte interesik ez badute.

2. Finantzabidea.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorreko kontu-sail honen kargura finantzatuko dira: A30000 A3100 4609 "Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak" (88.490,00 euro).

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitateko udal guztiak izan daitezke laguntza hauen onuradunak.

Ezin izanen dituzte deialdian ezarritako laguntzak jaso udal ez diren partzuergoek eta bestelako toki entitateek, hala nola kontzejuek, mankomunitateek, elkarte tradizionalek edo udalen batasunek.

4. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. Sustapen ekintzen baldintzak.

Diru-laguntzen xedeko sustapen ekintzek jarraian adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte, jarduketa, jarduera, programa edo proiektuetan:

a) Deialdiko xedearekin eta helburuarekin bat etortzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan egitea.

c) 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne, egitea.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdiaren lehenbiziko oinarrian adierazitako sustapen ekintzekin lotutako gastu arrunten eragiketak finantzatzeko bakarrik erabiliko dira laguntzak, hornitzailearen lurralde jatorria edozein dela ere, betiere ekintzok Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne.

Egun horien artean egiten diren zuzeneko gastuek besterik ez dute jasoko diru-laguntza. Gastu horiek jardueraren ondorioz sortutakoak izanen dira, eta inola ere ez, udal erakundearen zeharkako kostuen ondorio (langileak, zerbitzua edo bestelako gastu arruntak).

Ez da inola ere diruz lagunduko gastu inbentariagarririk, publizitaterik, ikus-entzunezko materialik, web guneen diseinurik edo liburuen argitalpenik, ezta kultura, jostaketa nahiz kirol jarduketen programarik ere.

7. Eskaerak aurkeztea.

7.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Laguntza-eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña) aurkeztuko dira, 8:30etik 14:30era, baita ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan (95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 7koa) aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan ere, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orrian dago eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eskabideari eguna eta zigilua jar dakizkion, ziurtatu baino lehen. Gainera, entitate interesdunak eskaeraren bidalketaren berri eman beharko dio Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuari (Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia), telefax bidez (848 42 53 20).

Edonola ere, eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira, oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzura (Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia) igorriko dira, eta bertan hauxe adierazi beharko da: "Udalek sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2012ko deialdia".

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Alkateak sinatu duen eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Datu hauen azalpen memoria edo proposamena:

-Eginen den jarduera. Zertan oinarritzen den.

-Zein biztanleria talderentzat edo herrigunerentzat den.

-Lortu nahi diren helburuak.

-Erabiliko den metodologia eta jardueren egutegia.

-Diruz lagun daitezkeen aurrekontuko gastuen eta jarduerak sortuko dituen aurrekontuko diru-sarreren banantze zehaztua, BEZa barnean sartu den ala ez zehaztuta.

b) Udal idazkariaren aitorpena, jasandako BEZak laguntzarik jaso dezakeen adierazita, eta zergatik aitortzen duen.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dira eskabideak eta, haiek osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

8. Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Eskaerak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak akatsak zuzentzeko eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta hala jakinaraziko da.

9. Tramitazio eta balorazio organoak.

Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atala izendatuko da instrukzio organo.

Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuko zuzendariak eta Foru Erakundeekiko Harremanetarako eta Hitzarmenen Erregistrorako Ataleko buruak osaturiko batzordeak baloratuko ditu eskaerak, eta laguntzak ematea proposatuko.

10. Balorazio irizpideak.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

a) Proiektuaren izaera: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira gauzatu beharreko ekintzaren kalitatea eta bideragarritasuna (20 puntura bitarte), eta programatutako jardueraren oinarriak, helburuak eta metodologia bat etorri eta koherenteak izatea (10 puntura bitarte), bai eta proposatutako helburuak betetzen direla bermatzeko baliabideen eskuragarritasuna ere (10 puntura bitarte).

b) Programatutako ekintzaren interesa: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira ekintza zein herriguneri zuzentzen zaion, hots, kalkulu kuantitatibo eta kualitatiboa (20 puntura bitarte), udalerrian eragina izatea (10 puntura bitarte) eta tokiko garapenerako baliozkotzat jotzea (10 puntura bitarte).

c) Sustapenaren ekintzaren berezitasuna: gehienez ere 20 puntu. Historian eta tradizioan zenbateraino errotu den (10 puntura bitarte) eta denboran izandako oihartzuna (10 puntura bitarte).

Sustapen ekintzak aintzat hartuak izateko, gutxienez ere 55 puntu lortu beharko dituzte.

Berdinketarik badago proiektuek osotara lortutako puntuazioetan, a) atalean (Proiektuaren izaera) puntuaziorik handiena duen proiektuaren alde ebatziko da.

11. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntzen esleipena.

Baremoan lortutako puntuazioaren eta aplikatu beharreko irizpide hauen araberakoa izanen da onetsitako eskaera bakoitzak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa:

a) Gutxieneko mailan, hamargarren oinarriari jarraikiz, 55 punturekin baloratutako ekintza edo jarduerek diruz lagundutako jarduerarako onetsitako gastu osoaren %35 jasoko dute.

b) 55 puntutik gora, Balorazio Batzordeak ekintza jakin bati ematen dion puntu bakoitzeko (eta gehienez ere 45 puntura bitarte), %1 gehituko zaio aurreko letran ezarritako gutxieneko mailari.

c) Hortaz, diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundutako jarduerarako onetsitako gastu osoaren %80ra bitartekoa izaten ahal da.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko sustapen ekintzaren kostua.

12. Ebazpena.

Modalitate bakoitzean onetsitako eskabideei dagozkien laguntzak esleitzeko, lehentasun hurrenkerari jarraikiko zaio, handienetik txikienera (hori baremoan lortutako puntuazioaren arabera ezarriko da), modalitate horretarako baimendutako kreditua agortu arte.

Batzordeak aurkezten diren proiektuen ebaluazioa egin ondotik, bere proposamena igorriko dio Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiari, hark ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean gehienez.

Epe hori bukatuta, interesdunek ulertuko dute eskaera ezetsi dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

13. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, gastu justifikatutzat joko da bakarrik diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako dena, betiere gastua, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne, egin eta ordaindu bada.

Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote instrukzio organoari, azkeneko eguna 2012ko abenduaren 15a izanik:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen txosten laburra.

b) Dagokion udaleko idazkariaren aitorpena, diru-laguntzaren xede den proiekturako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarrerak ote dauden. Horrelakoetan, zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da.

c) Gastua justifikatzeko kontua. Kontu hori I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta egindako gastuen zerrenda-zenbakitua agertuko du, horietako bakoitzerako hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketa data zehaztuta.

d) Behar izanez gero, diru-sarreren eta jasotako edo kobratutako diru-laguntzen zerrenda zehatza ere agertuko du.

e) Aipatu kontu horrekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten faktura edo balio bera duten bestelako frogagiri jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere. Frogagiri horien ordez, udaleko idazkariaren ziurtagiri bat aurkezten ahalko dute ordainketa egin dela frogatzeko.

f) Aldaketak. Diruz lagundutako proiektuaren gastuen azpikontzeptuak gauzatzean egiten diren aldaketak onartuko dira, baldin eta aurrekontu partzialen %15ekoak edo gutxiago badira. Ehuneko horretatik gorako aldaketak edo onetsitako proiektuan egiten diren bestelako aldaketak gauzatu baino lehen eta berariaz baimendu beharko ditu organo eskudunak.

14. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztu eginen da.

15. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari.

c) Zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta horietan ezartzen diren baldintzetan.

d) Jasotako laguntza aipatzea, diruz lagundutako ekintza zabaltzeko euskarrietan "Laguntzailea:" hitza eta horren ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriz. Aipamen hori Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz eginen da.

e) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenak erraztea.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela onartuko da baldin eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean zenbateko eta kalifikazio bereko kontratuetarako eskatzen diren publizitate irizpideak betetzen baditu kontratisten hautapen prozedurak.

Onuradunak diru-laguntzaren xede den gastuaren %100 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17. Aplikatu beharreko legedia.

Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarri arautzaile hauen eta horiek betearazteko egintzen kontra, toki entitateek, espedientean interesa izanik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

I. ERANSKINA

Gastua frogatzeko kontua

Diruz lagundutako ekintza.

AGIRIAREN

ZENBAKIA

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETAREN

EGUNA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTU OSOA:

Iragarkiaren kodea: F1201999