34. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 8an hartua, "Urdiain-Altsasuko industrialdea" udalez gaindiko plan sektoriala iraungitzeko prozedura hasten duena, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak eskatuta.

Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 19an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen "Urdiain-Altsasuko industrialdea" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatua (2008ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa), eta gero, 2010eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19an, argitaratu zen plan horren araudia, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak 2010eko martxoaren 31ko 480/2010 Ebazpenean xedatutakoaren ondorioz.

Altsasuko eta Urdiaingo udal mugapeetan industriarako lurzoru antolatua, bere eremuan industria jarduerak bultza ditzaketen zerbitzu eta azpiegitura guztiez hornitua, sustatzea du helburu plan sektorial horrek, Foru Komunitatearen sareko industriarako lurzoru publikoa osatzearren.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 2787/2006 Ebazpenaren bidez jarri ziren jendaurrean, berrogeita bost egunez, Ingurumen ondorioen azterlana eta udalez gaindiko plan sektorialaren dokumentazioa (2007ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 8koa). Epe hori, Urdiaingo Udalak eskatuta eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 390/2007 Ebazpenaren bidez, 2007ko martxoaren 27 arte luzatu zen (2007ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 2koa). Martxoaren 27ko 664/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen ondorioen adierazpena egin zuen plan sektorial honi buruz (2008ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 5ekoa).

Nafarroako Gobernuaren 2008ko urriaren 13ko Erabakiaren bidez, udalez gaindiko plan sektorialaren onura publikoaren adierazpena egin zen desjabetze ondorioetarako; orobat, presakotzat jo zen aipatu UPSaren desjabetze proiektua gauzatzean ukitutako finken okupazioa, eta "Navarra de Suelo Industrial, S.A." (NASUINSA) enpresa desjabetzearen onuradun (2008ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 29koa).

2010eko apirilaren 21ean, Enpresako zuzendari nagusiaren 898/2010 Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betiko Urdiaingo udal mugapeko S-1 sektoreko desjabetze proiektua baterako tasazioaren prozedura baliatuz egitea (2010eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 3koa) "Nafarroa 2012 Plana, Lehentasunezko jarduketa. Urdiain-Altsasuko industrialdearen barrenean.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko azaroaren 30eko Erabakiaren bidez, Urdiain-Altsasuko industrialdearen UPSaren eremuko esku-hartze arkeologikoak (Nafarroa 2012 Plana, lehentasunezko jarduketa) ukitutako finken aldi baterako okupazioaren onura publikoa adierazi zen, desjabetze ondorioetarako, eta okupazio hori beharrezkotzat eta presakotzat jo zen.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 5eko 1665/2010 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen UPSeko Urdiaingo S-1 sektorea urbanizatzeko proiektua, NASUINSAk sustatua. Ebazpen hori 2010eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 22an.

2012ko urtarrilaren 17an, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak "Urdiain-Altsasuko industrialdea" udalez gaindiko plan sektoriala, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatua, ondoriorik gabe utziko duen administrazio espedientea tramitatzeko eskatu zuen, dela indargabetuz dela formula egokienaren bidez.

Eskaera horri Enpresaren eta Berrikuntzaren 2011ko abenduaren 22ko txostena erantsi zitzaion. Bertan, udalez gaindiko plan sektorialaren aurrekariak kontatzeaz gain, analisi bat egin beharra aipatzen da, industriarako lurzoru publikoa sustatzen jarraitzea komeni ote den egungo krisi ekonomikoaren egoeran; horretarako, plana kudeatzen duen sozietate publikoak egindako analisi teknikoa azaltzen da, non parametro hauek aplikatu baitira: egungo egoera, eskualdeko lurzoru beharrei dagokienez, industrialdean aurreikusita dagoen lurzorurako eskaera, kokagunearen egokitasuna eta dauden alternatibak, ingurumenaren gaineko eragina, ekonomia aldetik bideragarriagoak diren beste aukerak, industrialdearen iraunkortasun ekonomikoa Lurzoruari buruzko Legearen testu bategineko 15.4 artikuluaren arabera, tokiko agente eta erakundeen jarrera, lurraldean duen eragina eta jarduketa sistemaren justifikazioa.

Aurkeztutako analisi zehatzaren eta inguruabarren ondorioz, Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ustez, egokia da ondoriorik gabe uztea "Urdiain-Altsasuko industrialdea" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala eta Nafarroako Gobernuak plan horri buruz hartutako erabakiak baliogabetzea.

Horrenbestez, kontuan hartuta espediente administratiboko txostenak eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2012ko urtarrilaren 27an emandako txostena, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Urdiain-Altsasuko industrialdea" udalez gaindiko plan sektoriala, Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 19ko Erabakiaren bidez onetsia, iraungitzeko prozedura hastea.

2. Espedientea jendaurrean jartzea hilabetez eta, aldi berean, entzunaldia ematea udalez gaindiko plan sektorialaren eraginpeko udalei, behar diren legezko ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Urdaingo eta Altsasuko udalei eta "Navarra de Suelo y Vivienda, S.A." (NASUINSA) enpresa publikoari jakinaraztea, eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 8an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria ordeztuz (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 8ko 1/2012 Foru Dekretua), Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1202283