33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

77/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2012ko deialdiak onesten dituena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1. artikuluan ezarrita dago Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko, aurretik gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak gainditu beharko direla.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan garatu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Baldintza horien artean, homologatutako prestakuntza ikastaro bat egiteko beharra aipatzen da eta ezartzen da gaitasun probetan nahitaez honako gai hauei buruzko ezagutza izatea: ehizari buruzko alderdi legalak, basa faunari buruzko ezagutza, ehiza eta segurtasun metodoak, eta ehizarako arteak eta baliabideak eta haien erabilera.

Xedapen horiek betearazteko, bidezko da deialdiak eta baldintzak finkatzea, ehizan lehenbizikoz aritu nahi dutenek aukera izan dezaten egiaztatzeko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortu aurretiko beharrezko ezagutzak badituztela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikuluan ezarritakoaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak ikusirik,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2012ko deialdiak onestea.

2. Deialdi horiek arautuko dituzten oinarriak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 30ean.-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

ERANSKINA

2012ko deialdien oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko

1.-Xedea.

Deialdi hauen xedea da prestakuntza ikastaroa eta azterketa egitea, ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri hori Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak luzatzen du, eta beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko.

Izangai bakoitzak bi deialdi izanen ditu ehiza gaietako gaitasun azterketa gainditzeko. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.-Izen-ematea.

2.1. Prestakuntza ikastaroan parte hartzeko eta azterketa egiteko -lehenengo edo bigarren deialdian- izena emateko epe bakarra izanen da, eta 2012ko martxoaren 16an bukatuko da.

2.2. Izena emateko, honako agiri hauek aurkeztuko dira.

Izena emateko epearen barnean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabide bakarra, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Izena eman eta lehenengo deialdiko azterketara aurkezten ez direnek eta lehenengo deialdiko azterketa gainditzen ez dutenek nahikoa izanen dute prestakuntza ikastaroko bertaratze ziurtagiria aurkeztea bigarren deialdian parte hartzeko.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa.

Izena emateko eskabidea eta ordainketa gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalean eskuratzen ahalko dira (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

3.-Onartuen zerrendak.

2012ko martxoaren 30etik aurrera, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, izangai bakoitzak prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua zehaztuta, bai eta azterketa lehenengo deialdian egiteko tokia, data eta ordua ere.

2012ko maiatzaren 16tik aurrera, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, izangai bakoitzak azterketa egiteko tokia, data eta ordua zehaztuta.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere kontsultatzen ahalko dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

4.-Prestakuntza ikastaroa.

Ikastaroaren xedea da "Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburuaren" edukiak lantzea, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako NANa, papera eta bolaluma aldean dituztela agertu beharko dute. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein egunetan eta ordutan agertu behar duen.

2008ko, 2009ko, 2010eko edo 2011ko prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ezin izanen dute prestakuntza ikastaroa berriz egin.

Zein toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

-Tokia: Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ekitaldi Aretoa (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña).

-Egunak eta orduak:

2012ko apirilaren 13an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte.

2012ko apirilaren 14an (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.

2012ko apirilaren 20an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte.

2012ko apirilaren 21ean (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.

Izangai bakoitza saio bakar batera agertuko da. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da, eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ehiztari azterketan parte hartzeko ere balio du.

Bertaratutako ikasleek ikastaroaren bertaratze ziurtagiria jasoko dute, azterketara aurkezteko aurretiko betebeharra dena.

5.-Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketak test moduko 30 galdera teoriko izanen ditu, epaimahaiak 500 galderako multzo batetik aldez aurretik aukeratuak.

Gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa honako erreferentzia bibliografiko hau duen galderen eskuliburu eta koadernoaren edukian oinarrituko da: "Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburua", gero "Ehiztarien azterketaren eskuliburua eta galderen koadernoa aldatzeko eranskina" delakoaren bidez aldatua.

Eskuliburu hori eta aldaketaren eranskina salgai daude 10 euroan Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuan (González Tablas kalea, 9, atalondoa, 31005 Iruña) eta Nafarroako Gobernuko Argitalpenen Funtsean (Navas de Tolosa kalea, 21, Iruña). Nafarroako Gobernuaren www.cfnavarra.es webgunean ere eskuratzen ahalko da.

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galdera bakoitza puntu batekin baloratuko da. Erantzuna zuzena ez bada, ez da punturik emanen.

Proba hau gainditzeko, izangaiek 23 puntu edo gehiago erdietsi beharko dituzte.

5.3. Azterketen egunak:

-Lehenengo deialdia: 2012ko maiatzaren 5ean eta/edo 6an.

Lehenengo deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

-Bigarren deialdia: 2012ko ekainaren 2an eta/edo 3an.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzak zein tokitan, egunetan eta ordutan agertu behar duen.

Izangaiek NANa eta bolaluma aldean dituztela agertu beharko dute. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.-Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; Iruña) eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, 9; 31005, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahalko da Nafarroako Gobernuaren web orrian.

7.-Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Ana Palacios Arellano andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

Ordezkoa: José Ardaiz Ganuza jauna, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Arrantza Kudeatu eta Animaliak Babesteko Bulegoko burua.

Lehenengo mahaikidea: Enrique Castién Arriazu jauna, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezkoa: Cristina Arana Marquina andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikaria.

Bigarren mahaikidea: M.ª Carmen Galbarra Cobos andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantzaren Laguntzako Bulegoko burua.

Ordezkoa: Rosa Hernández Baigorri andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Hirugarren mahaikidea: Eva Ganuza Pelegrin andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Ordezkoa: Ana Escribano López andrea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Idazkaria: Félix Armendáriz Martínez jauna, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Luis Angel García Nicolás jauna, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengoa bertan izan gabe.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Eskabidea

(Letra larriz idatzi eta datu guztiak osorik bete).

.................................. jauna/andrea, .................................. NAN zenbakia duena, karrika: ......................, zenbakia: ....., solairua: ........, posta kodea: ......................, herria: ................telefonoa: .................

Azaltzen du Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2012ko deialdiko oinarriak oso-osorik onartzen dituela eta eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela.

Horregatik, eta aipatu deialdian eskatutako agiriak erantsita (NANaren fotokopia eta azterketako tasaren ordainketa gutuna),

Eskatzen du prestakuntza ikastaroa (ikus oin-oharra) eta gaitasun azterketa egiteko onartua izatea, ehizarako lehenbiziko lizentzia izateko beharrezkoa den gaitasun ziurtagiria lortu ahal izateko.

.................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an.

Eskatzailearen sinadura

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Argibideak eskatzailearentzat: onartutakoen zerrendetan adieraziko da izangai bakoitzak zein egun eta ordutan agertu behar duen prestakuntza ikastaroan eta zein toki, egun eta ordu esleitu zaion izangai bakoitzari lehenengo deialdiko azterketa eta bigarren deialdikoa egiteko. Zerrenda horiek deialdiaren oinarrien arabera argitaratuko dira. Azterketa egiteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

Oharra: bertaratze ziurtagiria 2008., 2009., 2010. edo 2011. urteetan lortu duten izangaiak ez dira prestakuntza ikastaroan inskribatuko, deialdiaren oinarrietan adierazitakoari jarraikiz, eta gaitasun azterketan baino ez dira inskribatuko.

Iragarkiaren kodea: F1201689