33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Murietako udal mugapean altzairuzko hodiak zentrifugatzeko instalazioari emandako Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Schmidt-Clemens Spain, SA da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 2.4. epigrafean jasota dago, hots, "Metal ferrosoen galdategiak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak eman uztailaren 31ko 403/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion eta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa aplikatuz, ez zen tramitatu Ingurumen eraginaren adierazpena formulatzeko prozedura.

Gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eman irailaren 18ko 1734/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratu horren azken aldaketa egin zen.

2010eko uztailaren 23an, titularrak aldaketa bat eskatu zuen, hondakin ur beltzak eta industrialak Udalaren saneamenduko kolektoreari lotzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa hori ez-funtsezkotzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hortaz, ez da beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da, instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta horiek oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.

Aldaketa honen barrenean dago infiltrazio bidez lurzoruan isurketak egiteko baimen berria, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horren ondorioetarako, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko Ebroko/Kantauriko Ur Konfederazioaren txostenaren edukia erantsi da.

Bestalde, Ingurumen baimen integratuan azken aldaketa egin zenetik, beste aldaketa batzuk egin dira, ez-funtsezkoak, garrantzirik gabekoak eta gertatutako egoerak izan dira, zeinek ingurumen baimen horren II. eta III. eranskinetako zenbait alderdi eguneratzera behartu baitute.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedura erraztuari jarraikiz tramitatu da.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Murietako udal mugapean altzairuzko hodiak zentrifugatzeko instalaziorako eman zen Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2010eko uztailaren 23an eskatutako aldaketen ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Schmidt-Clemens, SA da. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren uztailaren 31ko 403/2007 Ebazpenaren bidez eman zen baimena.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko ebazpenaren II. eta III. eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2015eko abuztuaren 1ean bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. Ingurumen baimen integratu honi lotutako isurketa baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino automatikoki zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikulua eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Proiektatutako aldaketa funtzionamenduan hasteko, ez da eskuratu beharko aldatutako instalazioa irekitzeko beste baimen bat.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Schmidt-Clemens, SA enpresari, Murietako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, NILSAri, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1201374