2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRIBERRI
2012. eta 2013. urteetan Tributuen gaineko kontrola egiteko planaren irizpide orokorrak
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen dira Tributuen gaineko kontrola egiteko planaren irizpide orokorrak; plan hori Udalaren 2012ko urtarrilaren 20ko osoko bilkuran onetsi zen.
Berariazko helburuak.-Tributuen gaineko kontrola egiteko planaren helburu zehatzen artean, honako hauek azpimarratuko ditugu:
-Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziz zainduko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa.
-Kudeatzeko eta ikuskatzeko prozeduren bitartez, tributudunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.
-Jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahalko da. Jarduketa orokorrak eginen dira tributudunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.
Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak edo balioak peritu-tasazio kontraesanezkoko prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.
Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek ikertu beharko dute beren jarduketetan, tributudunek zerga bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko dute Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko dute tributudunek zerga likidazioko egindako eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaien erregularizazioa.
-Ahalegina eginen da informazioaren lorpena eta azterketa eta erabilpena hobetzeko, baita informazioaren kalitatea hobetzeko ere, tributuen gaineko kontrola eraginkorragoa izan dadin.
Jarduketa ildo zehatzak.-Arreta berezia izanen da honako zerga hauetako zergadunen jokaera fiskala egiaztatzeko eta ikertzeko:
A) Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa. Bereziki, Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Udal Katastroa eguneratzen saiatuz, ondasun higiezinei dagokienez, inskribatu gabe daudenak agertuz edo haien ezaugarri fisiko, ekonomiko edo juridikoak eguneratuz, egungo egoera errealaren arabera.
B) Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Arreta berezia ipiniko da industria jarduera ertainetan eta handietan, dagozkien tributuak eguneratzen saiatuz.
C) Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga. Zergapeko egintzen sorreraren gaineko ikerketa egiten saiatuko da, horietako batzuk orain arte ezkutuan egon baitira Herriberriko Udalaz kanpoko guneetan formalizatzen direlako.
D) Herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkina okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa. Ordainarazpen honetan, arreta bereziz egiaztatuko dira herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten konpainiek deklaraturiko fakturazio zenbatekoak.
Erriberrin, 2012ko urtarrilaren 17an.-Alkatea, Francisco Javier Legaz.
Iragarkiaren kodea: L1201383