1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
105/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Anueko Uda Hirigintza Planeko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Hura Francisco José García Urbiolak eta Juan Carlos Huárriz Tiradok sustatu zuten, Olagueko 11. poligonoko 93., 94. eta 95. lurzatietan.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.
2011ko uztailaren 13an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zen Anueko Udal Plana Olagueko 2. sektoreko 93., 94. eta 95. lurzatietan aldatzeko espedientea, Francisco José García Urbiolak eta Juan Carlos Huárriz Tiradok sustatua. Aldaketa Anueko Udalak onetsi zuen hasiera batean 2011ko ekainaren 11n egindako osoko bilkuran eta iragarkia 2011ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, argitaratuta, espedientea jendaurrean jarri zen. Ingurumenari buruzko alegaziorik ez da jaso jendaurreko epe horretan.
AR-2 izeneko sektore berria zehaztea du helburu aldaketak, lurzoru urbanizaezineko 95. lurzatiak bat egin dezan 11. poligonoko 93., 94., eta 95. lurzatiekin, hiri lurzorukoak baitira. Gutxi gorabehera 7.000 m²-ko azalera duen aldaketaren esparrua hiriguneko hegoaldean dago kokaturik, honako muga hauek izanda: San Juan kalea mendebaldean, Egozkueko bide zaharra ipar-ekialdean, eta hegoaldean Guardia Zibilaren kuartela eta 90. lurzatia.
Bizitegitarako erabilera duen sektore berriaren hiri antolamenduak hirian barnako zeharbidetik doan sarbidea du oinarri; handik, San Juan kalearen paraleloan antolatu diren lurzati proiektatu guztietara sartzen da. Eremuko edukiera 22 etxebizitzatarako da, eta sektoreko ipar muturra ekipamendurako erreserbatu da. Hirugune finkatutik hurbil egonda, hornidurarako, saneamendurako eta elektrizitaterako azpiegitura guztiak dauzka.
Sektorearen egoera akustikoari buruzko azterlana erantsi da aurkeztutako dokumentazioaren parte den Ingurumen ondorioen azterlanean. 2011ko abuztuaren 30ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen esparruko eragin akustikoen gainean, eta beste azterlan akustiko bat eskatu, aldatutako esparruko edozein tokitan maila akustikoak zehazteko, urbanizatu gabeko eremuetarako indarra duten kalitate akustikoaren helburuak zuzen aplikatzeko eta aurrea hartzeko neurriak zehazteko, bai hiri antolamendurako fasean, bai eraikinak diseinatu eta egiterakoan.
Behin-behinekoz onetsitako eta 2011ko urriaren 6an aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen dira neurri zuzentzaileak, kalitate akustikoaren helburuak beteko direla bermatzeko aurreikusi direnak. Esate baterako, gutxienez 75 luze izanen den lubeta bat egitea, tokiko bidearen beheko pasabideraino (Egozkueko bide zaharra), 2 metroko altuera izanda. Proposamena lurreko topografiara egokitzeko, erabaki da ekialdeko eraikinak lurrean sartzea, halako eran non etxebizitzetatik ondoko lurretara sartzen ahalko baita, beheko solairutik eta lehenengo solairutik ere.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta baldintzapeko aldeko txostena egin du.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egin da Anueko Udal Hirigintza Planeko aldaketa puntuala ingurumenaren aldetik onesteari buruz. Hura Francisco José García Urbiolak eta Juan Carlos Huárriz Tiradok sustatu dute, Olagueko 11. poligonoko 93., 94. eta 95. lurzatietan.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ingurumenari buruzko baldintza hauek betez gero emanen da:
-Eremu urbanizagarri berrietan kalitate akustikoaren helburuak beteko direla bermatu beharrez, horiek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzeko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarri baitziren, Ingurumen ondorioen azterlaneko neurri zuzentzaileak aplikatu beharko ditu hirigintzako garapenak.
-Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legera egokituko da argia, bai eta hura garatzen duen erregelamendura ere (azaroaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua).
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Anueko Udalari eta sustatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko urtarrilaren 20an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1201369