1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
56/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ledeako maileguari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzen duena. Mailegua A-21 autobideko 3. eremuan dago, 4. tartean (Judasen benta-Esa), Asprako alderdian, Ledeako 1. poligonoko 173., 174., 179.etik 190.era bitarteko, 194.etik 203.era bitarteko, 205., 206. eta 207. lurzatietan. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ordez emandako abuztuaren 24ko 1253/2010 Ebazpenaren bidez egin zen Ingurumen eraginaren adierazpena.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duenak, 57. artikuluan ezartzen du zein den Ingurumen eraginaren adierazpenaren ez-funtsezko aldaketa egiteko prozedura, sustatzaileak proposatuta.
Hartara, 2011ko urriaren 7an, Eraikuntza Zerbitzuak igorri zion Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari "Asprako maileguari (3. eremua) buruzko Ingurumen eraginaren adierazpenaren ez-funtsezko aldaketa egiteko eskaera", Pirinioetako autobideko (A-21) 4. tarteko (Judasen benta-Esa) obrei dagokienez.
Hasiera batean proposatutako okupazioan aztarna arkeologikoak aurkitzearen ondorioz proposatu zen aldaketa hori; izan ere, horrek mailegu horren ustiapena baldintzatu du, murriztu baita haren zabalera. Hori ezustean gertatuta, ezin izan da lortu maileguko azken ezpondek 3H:2Vko maldak izatea, Ingurumen eraginaren adierazpenaren 2. puntuan heldu den lehengoratzearen planaren baldintza batean zehaztu bezala.
Ez-funtsezko aldaketa egiteko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehazten da ezponda horietan 1H:1Vko maldak lortzen ahal direla, erdian 1,5 metroko zabalerako bermeak utzita, ezpondak 10 metrotik goragoko altuera duenean. Halaber, adierazten da betelaneko ezpondak ere egonen direla; izan ere, soberako materialak paratuko dira erauzketa handiena izan duten toki apalagoetan eta aztarnategia bertan egonda ustiatu gabe geratu diren goiko plataformak bereizten dituzten ezpondetan. Betelaneko ezponda horien azken malda 3H:2Vtik 1H:1V bitartekoa izanen da.
Bukaeran lehengoratze topografikoa egin ondoren, proposatu da ezponda horietan hidroereintza egitea, 3H:2Vkoetan landaketa egitea, eta, pikoenetan, landaketa partziala, goiko eta beheko zerrendetan hain zuzen, bai eta tarteko bermetako inguruan ere.
Aldaketa horrek ez dakar hasierako proposamenean baloratutako eraginak funtsean handitzea, maileguaren lehengoratze topografikoan diseinu berria ezartzen baitu, bai eta hura berriro landareztatzeko proposamen bat ere; horiek egokiak dira ikuspegiaren aldetik maileguaren diseinu berriaren gainean egon daitekeen eragina leuntzeko, sortuko diren ezpondak higaduratik babesteko, eta bertako ingurumenaren aniztasunari eusteko.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 57. artikuluan xedatuarekin bat, 2011ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 15ean, iragarkia paratuta, proposamena jendaurrean jarri zen 15 egun baliodunean, Ledeako Udaletxean eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko bulegoetan. Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Hortaz, aldaketa hori onetsi egiten da, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren aipatu 57. artikulua bete dadin. Aipatu foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onetsi zuen.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren adierazpenaren ez-funtsezko aldaketa onetsi da. Hura Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ordez emandako abuztuaren 24ko 1253/2010 Ebazpenaren bidez egin zen, Ledeako maileguari buruzkoa baita. A-21 autobiaren 3. eremuan dago, 4. tartean (Judasen benta-Esa), Aspra alderdian, Ledeako 1. poligonoko 173., 174., 179.etik 190.era bitarteko, 194.etik 203.era bitarteko, 205., 206. eta 207. lurzatietan. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Halaber, zehaztu da aldaketa arrazoituta dagoela, eta mailegua lehengoratzeko proposamena egokia dela ingurumenaren aldetik.
2. Eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen, tramitazio honen xede den dokumentazioan lehengoratzeko jasotako jarraibideekin bat eginen da proiektua. Gainera, kontuan hartu beharko da ezen, azkenean ezpondek 1H:1Vko malda baina apalagoa baldin badaukate, bertan landaketa eginen dela, betiere lan horiek seguruak direnean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 57. artikulua betez.
4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Herri Lan Departamentura eta Ledeako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko urtarrilaren 17an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1201368