2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CORELLA
Blas de Laserna Udalaren Musika Eskolako tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Corellako Udalak, 2011ko azaroaren 21ean, hasiera batean onetsi zuen Blas de Laserna Udalaren Musika Eskolako tasak arautzen dituen ordenantza; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua bete beharrez, ondotik ematen da haren testua.
Onespenaren erabakia 2011ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Corellan, 2012ko urtarrilaren 23an.-Alkatea, José Javier Navarro Arellano.
ORDENANTZA, BLAS DE LASERNA UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri dira ordenantza honetako tasak.
2. artikulua. Maila bakoitzean matrikulatutako ikasleak behartuta daude ordainarazpen hauek ordaintzera. Ordaindu beharra ikastaroetan izena ematen den unean berean sortzen da eta zerbitzua eskatu dutenek ordaindu beharko dute.
3. artikulua. Horretarako ezarritako epeetan eginen dira inskripzioak. 1. eranskineko agiria betez eginen da inskripzioa. Ikastaroa hasi ondoan egiten bada inskripzioa, matrikula osoa ordaindu beharko da.
Aitzineko ikasturtean itzulketak egin dituen orok, hurrengorako matrikula egin aurretik ordaintzeke daukana ordaindu beharko du lehenik.
4. artikulua. Tasak hilabetean behin kobratuko dira, eta ez zaie zati proportzionalik itzuliko hilean zehar baja ematen duten ikasleei, ezta matrikularen zati proportzionalik ere. Baja formalizatzeko, eskabide bat bete beharko da Herriko Etxean edo Musika Eskolan, bajak indarra hartzen duen hilabetea baino lehen.
5. artikulua. Tarifak banku batean helbideraturik kobratuko dira, hilabetearen lehen bortz egunean; matrikula lehen hilabeteko ordainagirian sartuko da.
Tarifen eranskina
-Matrikula: 20,00 euro ikasturte bakoitzeko.
-Musika Hizkuntza-Hastapena eta musika tresna: 45,00 euro/hilabetea.
-Musika Hizkuntza eta musika tresna: 50,00 euro/hilabetea.
-Musika Hizkuntza soilik: 20,00 euro/hilabetea.
-Musika tresna soilik: 40,00 euro/hilabetea.
-Orokorrean, tasak %20 merkeago izanen dira familia-unitateko bigarren eta hurrengo kideendako, ordaindu behar luketen tasaren gainetik.
-Orokorrean, tasak %20 merkeago izanen dira bigarren musika tresnan edo gehiagotan matrikulatzen diren ikasleendako.
Tarifa horiek ikastaro bakoitzean eguneratuko dira Nafarroan aurreko urtean izan den Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera.
6. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak ikastaroaren hasierarako.
Iragarkiaren kodea: L1201231