33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2012 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, kableak birziklatzeko plantaren jarduera sailkatuaren proiektuari Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea onesten duena. Metales de Navarra, SA da jardueraren sustatzailea, eta helbidea, Landaben industrialdeko D karrika, zenbakirik gabe, Iruñeko udal mugapean.

Goian aipatutako espedienteak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar al zuen erabakitzeko laburpen memoria 2011ko abenduaren 1ean sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, horrela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektuak Ingurumen eraginaren adierazpena behar duen edo ez erabaki dadin.

Proiektuaren jardueraren jardun nagusia kable elektrikoak jaso, sailkatu eta biltegiratzea da, bai eta haien prozesamendu mekanikoa egitea ere nabearen barreneko planta soinugabetu autosostengatzaile batean, metalezko osagaiak (aluminioa eta kobrea) kableen estalduraren PVCtik bereizteko. Lortutako osagaiak, metal ferrikoen erreusa zatiki txikitan erantsita, nabean biltegiratzen dira, azkenean kudeatzaileari igorri arte. Nabeak 857 metro koadro erabilgarri ditu, bi solairutan; itxitura dauka, hormigoizko zolata eta isurkiko estalkia, baita bainugela bat, bulegoak eta biltzeko aretoa ere. Dokumentazioan, ez da aurreikusi hura egokitzeko inolako jarduketarik.

Estalkiaren azpian kokatuko da jarduera, Landaben industrialdeko industriarako lurzoru urbanizatuan; sartzeko, nabetik kanpoko hormigoizko zolata estali gabea zeharkatu behar da, eta industrialdekoak dira patio horretaraino doazen bide zolatuak.

Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokalekua eta izan dezakeen eragina abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3.C eranskinean ezarritakoari jarraikiz azterturik eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Metales de Navarra, SAk Landaben industrialdeko D karrikan, zenbakirik gabe, Iruñeko udal mugapean, kableak birziklatzeko planta izateko sustatu duen proiektuak ez du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3 C eranskineko irizpideei jarraikiz. Espedienteak udalaren jarduera sailkatuko lizentzia beharko du, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak ingurumen arloko txostena eman eta gero.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1201274