33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa Barañaingo Auditorioa Fundazioaren Estatutuetan.
Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2011ko azaroaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Barañaingo Auditorioa Fundazioaren Estatutuetan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori 2011ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 14an, baita Barañaingo Udalaren ediktuen oholean ere. Horrela, jendaurreko epea abiatu zen.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, Estatutuen aldekata hori behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Barañainen, 2012ko urtarrilaren 26an.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

Barañain Auditorioa Fundazioaren Estatutuak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Barañaingo Udalaren borondatez eratu da Barañaingo Auditorioa izeneko Fundazioa, Udalak 2002ko azaroaren 25eko osoko bilkuran erabakitakoari jarraituz eta haren babesean.

2. artikulua. Araubide gisa, estatutu hauek izanen ditu Fundazioak, baita Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, fundazioen eta babes jardueren tributu araubideari buruzkoa, eta gainerako foru legeria ere; bertzenaz, foru araurik ez dagoenean, Estatuko legeria.

3. artikulua.

1. Udal Fundazioak nortasun juridiko independentea du.

2. Fundazioa interes sozialekoa da, irabazteko inolako asmorik gabea.

3. Fundazioak erabateko gaitasun juridikoa du; orobat, jardutekoa, bere helburuak lortzen saiatzeko.

4. artikulua. Barañaingo arte eszenikoetarako Zentroaren (Barañaingo Auditorioa) kudeaketa eta administrazioa ditu xede Fundazioak, antzerkia, musika, dantza eta horien antzeko bertze jarduera batzuk bultzatu, sustatu eta hedatzearren. Orobat, antzerki eta musika ikuskizunak sustatu eta banatzea, antzerkiari lotutako argitalpenak egitea, baita bertze edozein arte jarduera ere, zentroak berak bultzatutako kultur adierazpenak ezagutaraztea eta hedatzea bada xedea, zentroan berean gauzatu edo ez.

Hargatik ere, Fundazioaren filosofia berez kulturalak ez du ukatzen Fundazioak bere gain hartzea, bai filosofiaren aldetik bai bere eguneroko kudeaketan, balioen sustapena, hala nola ingurumenarekiko begirunea, genero berdintasuna, elkartasunerako kontzientziazioa, giza eskubideak eta garapenerako lankidetza, bertzeak bertze, Fundazioak bulkatu nahi duen kultura kontzeptua urruti baitago kultura kontzeptu elitista eta murriztu batetik. Aitzitik, dinamikoa eta askotarikoa da, herritar guztiei irekia, loturak ezarri gogo dituena jendearen eta entitateen artean; kontzeptu horren barrenean bideratu nahi dira aipatu balioak.

Horregatik, Fundazioak baliabideak jarriko ditu balio horiek guztiak errespeta daitezen, bai eguneroko kudeaketan bai sor ditzakeen proiektu eta jarduera guztietan; ahal den aldiro bultzatuko ditu, une egokia bada.

5. artikulua. Fundazioak gaztelaniaz eta euskaraz eginen ditu kanpoko komunikazio guztiak eta bere eguneroko jardueran bi hizkuntzen erabilera parekoa izan dadin saiatuko da.

6. artikulua. Fundazioak Nafarroako izaera zibila du eta zentroaren egoitzan izanen du helbidea, hau da, Barañainen, Nafarroako Komunitatea kaleko 2an.

7. artikulua. Fundazioak, batez ere, Barañaingo udalerrian eginen ditu bere jarduerak, baina bertze edozein lurraldetara ere heda daiteke bere xedearekin bat etorriz gero.

8. artikulua. Fundazioa mugaegunik gabe eratu da, 33. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe; pertsona juridikoa da eta eraketaren eskritura publikoa Fundazioen erregistroan inskribatzen denetik aitzina abiatuko ditu bere jarduerak.

II. TITULUA

Fundazioaren organoak

I. KAPITULUA

Patronatuko Batzarra

9. artikulua. Patronatuko Batzarraren esku utzi dira Fundazioaren gobernua eta administrazioa. Udalak osoko bilkuran izendatuko du hura, estatutu hauetan xedatutakoari jarraituz.

10. artikulua. Batzarrak independentzia osoz beteko ditu bere eginkizunak, oztopo eta mugarik gabe, estatutu hauetan eta indarra duen legerian xedatutako baldintzak baino ez.

11. artikulua. Batzarreko kideak ohorezkoak dira eta dohainekoak, karguan aritzean izandako gastuengatik kalte-ordaina emanen bazaie ere.

12. artikulua.

1. Batzarra honela osatuko da:

-Batzarburua: Barañaingo alkatea edo bere ordezko zinegotzia.

-Buruordea: Kultura Batzordeko burua, Barañaingo Udaleko zinegotzia.

-Batzarkideak: zinegotzi bat (1) udal talde bakoitzeko.

2. Horretarako izendatzen den edozein pertsona ariko da Batzarreko idazkari lanetan, ahal dela Auditorioko langile bat.

3. Udalak osoko bilkuran izendatuko ditu Batzarraren kide titularrak, baita haien ordezkoak ere, udal talde bakoitzak proposatuta talde bakoitzeko zinegotzien artean.

4. Batzarreko kideak kargu pertsonalak dira oso, organo izendatzaileak hala erabakita baizik ezin ordeztu direnak; bertzenaz, haien ordezkoak bakarrik aritu daitezke haien partez kasu hauetan:

a) Dimisioa batzarkide eta/edo zinegotzi karguetatik.

b) Izendatu zuen udal taldea uztea.

c) Eritasun larria edo ospitalizazioa, bilkuretan egotea galarazten diona: halakoetan, ordezkorik bada, aldi baterako sartuko da ordezkoa, titularra ongitzen den arte.

d) Nafarroatik kanpo egoteagatik: halakoetan, ordezkorik bada, aldi baterako sartuko da ordezkoa, titularra itzuli arte.

5. Dena dela, Batzarreko/Patronatuko kide bat kanpoan denean, bertze kide bat aritzen ahal da haren izenean eta hura ordezkatuz, hark izendatuta.

Betiere, ekitaldi jakinetan ariko da ordezkatuak Fundazioko buruari egindako idazkian adierazitako jarraibideen barrenean.

Udal taldeetako kideek Udalbatzan zinegotzi bakarra badute, Patronatuko Batzarreko bertze edozein kideren esku uzten ahal dute haien ordezkaritza, botoarekin batera. Hura haien izenean eta haiek ordezkatuz ariko da, aurreko atalean adierazitako baldintzak beteta, ordezkaritzak balioa izan dezan.

13. artikulua. Batzarreko kideek hura utziko dute izendatu edo hautatu zirenean zuten kargua edo postua galtzean.

14. artikulua. Batzarrak bilkura arrunta eginen du hiru hilabetetik behin gutienez.

15. artikulua. Batzarrak bilkura bereziak eginen ditu batzarburuak edo botoen laurden bat gutienez ordezkatzen duten batzarkideek eskatuta.

16. artikulua. Bilkuretan batzarburuak eginen du buru; kanpoan dagoenean edo ezin duenean bilkuretara etorri, buruordeak hartuko du bere tokia, haren eginkizun guztien jabe eginik.

17. artikulua.

1. Batzarraren bilkura baliozkoa izateko, kideen gehiengo arrunta edo soila bildu beharko da lehen deialdian. Bigarren deialdian, ordu erdi bat geroago, aski izanen da batzarburua, kide bat eta idazkaria elkartzea.

2. Batzarreko kide bakoitzak boto bat izanen du; bere udal taldeko kide kopurua zenbatekoa den, haren araberako balioa izanen du. Batzarreko buruaren eta buruordearen botoa, beren udal taldeko zinegotziari dagokiona izanen da; horrela ez da botorik bikoiztuko eta botoaren ponderazioari eutsiko zaio. Aurrekoa ukatu gabe, batzarburuak boto eskubidea du hurrengo ataletan adierazitako kasuetan.

3. Batzarreko buruak honelakoetan baizik ez du boto eskubidea:

Kalitatezko botoa: kideek gaiak bozkatzean bi aldiz berdinketa gertatzen denean.

4. Buruordeak batzarkide-zinegotzi gisa baizik ez du boto eskubidea, bere talde politikoaren ordezkari gisa, eta batzarburuaren ordez ariko da hark eskuordetuta edo batzarburua kanpoan denean.

5. Arau orokor gisa, ezartzen dena ukatu gabe, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.

18. artikulua. Bileren emaitzen aktak eginen dira eta bildutako guztiek sinatuko dituzte.

Idazkariak, Batzarreko buruak edo estatutuen arabera ordezkoa denak ikus-onetsita, aktetako erabakien ziurtagiriak eginen ditu.

19. artikulua. Hauek dira Batzarraren eskudantziak:

1. Udal Fundazioaren zuzendaritza eta administrazioa.

2. Fundazioaren helburuak eta xedeak ahalik eta hobekien betetzen saiatzea.

3. Estatutuetan beharrezkoak edo komenigarriak diren aldaketen tramitea proposatu eta abiatzea, Fundazioaren xedeak hobeki bete daitezen.

4. Fundazioaren jarduera guztiak ikuskatu, begiratu eta bideratzea.

5. Aldez aurretik onestea aldian aldiko jarduketa programak eta urteko aurrekontuak, Batzarburutzak prestaturik.

6. Erabilgarri dauden fondoen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea, Fundazioaren xedeen artean.

7. Urteko balantzea, Fundazioaren jardueren memoria, urteroko kontuak eta zuzendaritzak aurkezten dion aurrekontuaren likidazioa onestea.

8. Zuzendaritzaren kudeaketa onetsi edo ezestea. Hala bada, behar den erantzukizuna eskatuko du.

9. Fundazioaren ordezkari izatea era guztietako harreman, erabaki eta hitzarmenetan Estatuarekin eta bertze entitate eta erakunde publikoekin zein pribatuekin, nazioan edo nazioartean, baita auzitegietan, magistraturetan eta pertsona juridikoekin zein partikularrekin, eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak baliatuz, baita tramite, eskabide, gorabehera eta errekurtsoak ere; orobat, Fundazioaren eskumenekoak edo interesekoak diren prozedura, espediente, erreklamazio eta epaiketak, behar diren ahalordeak emanez, auzibideetako orokorrak barne direla.

10. Edozein tituluren bidez eskuratzea Fundazioaren xedeak betetzeko ondasun higiezinak, higigarriak eta material suntsikorra zein kontsumigarria; halaber, egin beharreko gastuak baimentzea, 30.500 eurotik goitikoak badira eta finantzatzeko aukera izanez gero.

11. Jardueretarako ezarritako tarifa, matrikula eta prezioak onestea.

12. Nazioko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin itunak eta hitzarmenak egitea Fundazioaren helburuei zuzenean loturik dauden gai edo jarduerei buruz.

13. Bankuko era guztietako eragiketak egitea pertsonen, erakunde edo entitate publikoen, banketxeen eta pertsona fisiko edo juridiko pribatuen auitzinean. Kontu korronteak eta aurrezki kontuak ireki, erabili, begiratu, itxi eta bertan behera uztea kredituko edozein establezimendu publikotan edo pribatutan. Taloiak, txekeak, agindu-txartelak, transferentziak eta edozein ordainketa modu sinatzea eta laburpenak onestea.

Merkataritzako kanbio letrak edo merkataritzako igorpen edo trafikoko bertze edozein agiri libratu, onartu, abalatu, endosatu, protestatu, kobratu, deskontatu, hartu, adierazi eta biltzea.

14. Fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatu eta kargutik kentzea, Batzarreko buruak proposatuta.

15. Orokorrean, Fundazioaren ondasunak gobernatu, administratu, begiratu eta zaintzea, eta Fundazioaren barreneko eta kanpoko funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.

16. Fundazioaren zerbitzuko langileak hautatu, izendatu eta kentzea.

17. Edukiak eta denborak zehaztuta, Batzarreko buruaren esku uztea espresuki 1, 2, 4, 9, 10, 13, 15 eta 16. ataletan aipatutako ahalmenak.

II. KAPITULUA

Batzarburua

20. artikulua. Batzarburuak eskudantzia hauek izanen ditu:

1. Patronatuko Batzarraren bilkuretarako dei egitea, haietan buru egitea, bertan behera uztea eta bukatzea, eztabaidak zuzentzea eta berdinketak haustea kalitate botoarekin.

2. Batzarraren erabakiak bete daitezen zaintzea.

3. Zuzendari kudeatzailea lagun duela, Fundazioaren aurrekontuaren proiektua sustatzea, hark prestatutako aurrekontua oinarritzat hartuta.

4. Aurrekontuan sartutako gastu arruntak onetsi, ondasun higiezinak, higigarriak eta material suntsikorra eskuratu eta 30.050 euro bitarteko kontratuak egitea.

5. Ordainketak agintzea.

6. Fundazioaren ordezkari izatea auzitegi, epaitegi eta magistraturetan, udalbatza, agintari, notario eta partikularren aurrean, ordezkaritza erabiltzeko aginduak eta ahalak ematea eta haren jabe egitea bidezkoa den kasuetan.

7. Bidezko ekintza judizialak zein administratiboak erabiltzea larrialdietan, eta haien berri ematea Patronatuko Batzarrari egiten duen lehen bilkuran, behin betiko erabakia har dezan.

8. Behar diren kontratuak egitea Fundazioa ordezkatuz.

9. Aktak eta ziurtagiriak baimentzea.

10. Premiazko neurriak hartzea, eta haien berri ematea Patronatuko Batzarrak egiten duen lehen bilkuran.

11. Fundazioaren zuzendari kudeatzailea izendatzeko eta kargutik kentzeko proposatzea Batzarrari.

12. Fundazioaren zerbitzuko langileen buru egitea.

13. Fundazioaren Patronatuko Batzarrak bere esku utz dezakeen bertze edozein eskudantzia.

21. artikulua. Buruordea:

Buruordea batzarburuaren ordez ariko da, kargu hori hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo eri, baita antzeko bertze edozein egoeratan ere.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

22. artikulua. Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eginkizun eta betebehar hauek izanen ditu:

1. Proiektu hauek prestatzea:

-Fundazioaren Urteko Programa, antzerki, musika, dantza, zinematografia eta abarretako jardueretarako, Patronatuko Batzarrak onets dezan, haien zabalkundea eta sustapena bultzatuz.

-Fundazioaren urteko kudeaketa plana.

2. Urteko lehen hiru hilabetean, kontu orokorrak eta aurreko ekitaldian egindako jarduera eta zerbitzuen memoria prestatzea.

3. Batzarreko buruarekin batera aritzea aurrekontuaren proiektua prestatzen, deitzen zaionean.

4. Hizpidea duela baina botorik ez, Batzarraren bilkuretan partea hartzea, deitzen zaionean.

5. Batzarrak eta bertako buruak behar dituzten txostenak prestatzea.

6. Zentroko eta eranskinetako langileen antolamendu eta zuzendari lanetan ibiltzea.

7. Fundazioan zerbitzua emanen duten langileak izendatzeko proposatzea Batzarrari.

8. Batzarraren erabakiak betetzea, batzarburuaren aginpideei jarraikiz.

9. Patronatuko Batzarrak edo batzarburuak esleitu eta ematen dizkion ahalmenak erabiltzea.

10. Fundazioaren zerbitzuak zaintzea, baita haren zerbitzuko enplegatuak ere.

23. artikulua. Kudeatzaileak laneko edo zerbitzuetako harremana izanen du Fundazioarekin.

Aurreko paragrafoan aipatutako kontratuak baizik ez ditu egiten ahal kudeatzaileak, ezta kontratu bidezko harremanik edo partaidetzarik izan Fundazioarekin kontratua egiten duten enpresa edo sozietateetan.

Fundazioaren xedeak gauzatzeko behar diren gainerako langileak zuzenean kontratatuko ditu Fundazioak edo haren hitzarmenean sartuko dira.

IV. KAPITULUA

Idazkaria

24. artikulua. Idazkariak eginkizun eta betebehar hauek ditu:

1. Hizpidea duela baina botorik ez, Batzarraren bilkuretan partea hartzea.

2. Laguntza juridikoa ematea Batzarrari eta Fundazioko buruari.

3. Batzarraren eta Fundazioko buruaren agiriak eta ebazpenak dokumentatzea.

4. Erabaki eta ebazpenen ziurtagiriak egitea, Batzarreko buruaren oniritziarekin.

5. Interesdunei Batzarraren erabaki eta ebazpenen ziurtagirien berri ematea.

6. Fundazioko artxiboak eta dokumentazioa zaintzea.

V. KAPITULUA

Kontsulta eta aholku organoak

25. artikulua. Udal Fundazioaren Patronatuko Batzarraren kontsulta eta aholkurako batzorde bat eratzen ahalko da. Batzorde horren kide izanen dira:

-Batzordeburua: Barañaingo Udaleko alkate uldaburua, edo haren ordezkoa.

-Buruordea: Kultura Batzordeko burua, Barañaingo Udaleko zinegotzia.

-Batzordekideak: gehienez hamar herritar, Barañaingoak ahal dela, kultura eta artearen esparruetan edo elkarteen munduan izena dutenak, Patronatuko Batzordeko buruak hautatuak.

-Idazkaria: Barañaingo Udaleko legelari bat ariko lan horretan.

Patronatuko Batzarreko kideek parte hartzen ahal dute batzorde honen bilkuretan.

26. artikulua. Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak dira eta ordaingabeak.

27. artikulua. Batzordeak urtean behin eginen du bilkura arrunta; aldiz, berezia, Batzordeko buruari beharrezkoa iruditzen zaionean.

28. artikulua. Batzorde hori sorturik, bertze aholku organo batzuk egon daitezke Fundazioarentzat edo Fundazioak sare, koordinazio eta bertze erakunde batzuetan parte hartzekoak, Fundazioak egokia iritziz gero.

III. TITULUA

Ondarea eta araubide juridikoa

29. artikulua. Normaltasunez jarduteko behar dituen ondasun higigarriek, hasierako ondareak eta Fundazioari dagozkion bertze eskubideek osatuko dute Fundazioaren ondarea. Kontrolatzeko, liburu-inbentarioa erabiliko da.

30. artikulua. Zertarako sortzen den Fundazioa, helburu haiei zuzenean lotu eta atxikiko zaizkie, berehala eta hartarako baizik ez, Fundazioaren ondasun higigarriak eta errentak, inoiz ere ezein aitzakiaren bidez bertze premia batzuetarako erabili gabe.

31. artikulua. Fundazioak dohaintzak, diru-laguntzak, laguntzak eta diru ekarpenak hartzen ahalko ditu bere xedeak betetzen zuzenean erabiltzeko.

Udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta finkatuko dira Barañaingo Udalak Fundazioari egiten dizkion ekarpenak, ez daitezen Udalaren kaltean izan. Urtero berrituko den hitzarmen-programa batean finkatuko dira diru ekarpenak, zein helburutarako diren adierazita. Fundazioak bete beharreko kontrol ekonomikoaren mekanismoak finkatuko dira hitzarmen-programan; betiere, urteko kontu ematea eta Udalaren onespena sartuta.

32. artikulua. Urtero, hurrengo ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena eginen da, Patronatuko Batzarrak onetsi beharko duena, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea antolatzen duen 10/1996 Foru Legeari edo haren ordezko arauari jarraituz.

Diru-sarreretan, sarrera arruntak ez ezik, agindutako edo emandako dohaintza, laguntza edo diru-laguntza guztiak azalduko dira.

Gastuetan, ekitaldian egin beharrekoen hornidura sartuko da; gutienez, langileriarenak eta administraziokoak, baita Fundazioaren helburuetarako aplikatuko diren zenbatekoak ere.

Guztirako aurrekontuan (funtzionamendua eta funtsen eragiketak) oreka bilatuko da, gastuen aurreikuspenak diru-sarrerenak baino handiagoak izan ez daitezen.

Ekitaldi bakoitzean aldaketak soil-soilik egiten ahalko dira aurrekontuan baldin eta Patronatuko Batzarrari beharrezkoak edo komenigarriak iruditzen bazaizkio, zereginak hobeki gauzatzeko.

33. artikulua. Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan, aurrekontu arruntaren likidazioa eta aurreko ekitaldiko balantzea prestatuko dira, baita ekitaldi horretan egindako jardueren eta kudeaketa ekonomikoaren memoria ere. Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea antolatzen duen 10/1996 Foru Legearen determinazioei edo ordezko arauei jarraituz egokituko da Fundazioaren kontabilitatea.

IV. TITULUA

Estatutuak aldatzea eta fundazioa iraungitzea

34. artikulua. Estatutu hauetan edozein aldaketa egiteko, Barañaingo Udalak osoko bilkuran onetsi beharko du, bai ofizioz bai Patronatuko Batzarrak proposatuta. Aldaketaren espedientea ofizioz abiatzen bada, Patronatuko Batzarraren txostena beharko du.

35. artikulua. Barañaingo Udalak osoko bilkuran onetsi beharko du Fundazioa iraungitzea, hala iritzita haren helburuak ezin bete direlako edo bertze arrazoi batzuengatik. Iraungitzeko espedientea ofizioz abiatuko da edo Patronatuko Batzarrak proposatuta. Barañaingo Udala izanen da Fundazioari iraungitzeko unean dagozkion ondasun eta eskubide guztien titularra.

Iragarkiaren kodea: L1201418