2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARTZIBAR
Garraio zerbitzua emateko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Artzibarko Udalak, 2011ko azaroaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Garraio zerbitzua emateko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2011ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 14an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexari edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da.
Artzibarren, 2012ko urtarrilaren 24an.-Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.
GARRAIO ZERBITZUA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN
UDAL ORDENANTZA
Aitzinsolasa
Arazoak sortu dira Artzibarren, ibarreko bi herritan kontsultategiak kendu dituztelako eta herritar batzuek, zaharrak eta ibilgailurik gabeak direnez gero, zailtasunak dituztelako Agoizko osasun etxera iristeko. Arazo horiei aurre egiteko, Artzibarko Udalak ekimen berri bat abiarazi du eskualdean.
Ekimen horrek Artzibarko herritarren bizi kalitatea hobetuko du, zalantzarik gabe. Beraz, garraio publikoaren zerbitzua ipiniko da, Agoizko osasun etxera, Agoizko farmaziara eta horien tankerako zerbitzu oinarrizkoetara joan ahal daitezen bitarteko propioak ez dituzten herritarrak, 145,34 kilometro karratuko azalera duen eta zenbait populazio gunek eta baserrik eratzen duten udalerri batean.
Udalerriak garraio eskaintza mugatua du; izan ere, lineako autobusa bakarrik Nagoretik eta Lakabeko bidegurutzetik igarotzen da, eta gainerako herriek ez dute autobus zerbitzurik. Honela, garraio publikoaren eskaintza handitzen da udal honetako herrietarako, eta herritarrek egin garraio eskaerari erantzuten zaio, bidaiariak garraiatzeko erabilera orokorreko zerbitzurik ez duten ibarreko herriguneen mesedetan. Kontuan izan behar da, orobat, Artzibarren ez dagoela ez banku bulegorik ez merkataritzako establezimendurik.
Gaur arte, ibarreko herritar askok laguntza eskatu behar izan diete familiakoei eta ezagunei, Agoitza eraman zitzaten, eta, beraz, besteen mendean egon izan dira herri horretako osasun etxera, farmaziara, banku entitateetara edo dendetara joan ahal izateko.
Zerbitzu honekin, gainera, aukera eman nahi zaie Artzibarko herritarrei, bere ingurunean jarrai dezaten, nahiz landa gunea izan.
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babesean ezarri da, Agoizko osasun etxera, farmaziara, banku entitateetara eta herri horretako beste establezimendu batzuetara bidaiariak garraiatzeko zerbitzuaren tasak arautze aldera.
Zerbitzuaren xedeak
2. artikulua. Zerbitzuak garraiobide bat (taxia) jendearen eskura jarri nahi du, Artzibarko herritarrak oinarrizko zerbitzuetara joan ahal daitezen, hala nola Agoizko osasun etxera eta farmaziara, banku entitateetara eta merkataritzako establezimenduetara.
Zergapeko egintza
3. artikulua. Zergapeko egintza sortuko da Udalak bidaiak egiteko kontratatuko duen auto-taxiaren zerbitzuak erabiltzeagatik.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. Zerbitzuaren prestazioak jasotzen dituzten horiexek ordaindu beharko dute tasa.
Zerbitzua eskatzerakoan Artzibarko Udalean erroldaturiko bizilagunek bakarrik jaso ahalko dute zerbitzua.
Tarifak
5. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira taxi ibilgailuaren titularrarekin sinatu kontratuaren ondorioz Udalari sortzen zaizkion gastuak.
Udalak urtero berrikusiko du tasa, honako ordenantza hau aldatzeko behar den tramitazioari jarraikiz.
Tarifen sorrarazpena eta dirubilketa
6. artikulua. Tarifek sortzapena izanen dute garraio zerbitzuaren prestazioak jasotzen diren unean.
Kudeaketa arauak
7. artikulua. Honela eginen da tarifen ordainketa. Hilabete bakoitzaren lehen bost egunetan, taxiaren aurreko hilabeteko erabiltzaileen zerrenda emanen dio taxilariak Artzibarko Udalari; zerrendan adieraziko da zer egunetan eta zer ordutan atera ziren eta zer ordutan itzuli. Hilabetea bukatutakoan kobratuko dio Udalak erabiltzaileari; egindako bidaien arabera dagokion zenbatekoa kobratu ere.
Udal organo eskudunak irteeren ordutegia eta funtzionamenduko beste arauak ezarriko ditu.
Tarifak
8. artikulua. Tarifa bakarra ezarri da, 4 eurokoa.
Joateko 2 euro ordaindu beharko dira eta beste 2 euro itzultzeko.
Salbuespenak
9. artikulua. Ez dago salbuespenik bidaiariak garraiatzeko zerbitzuaren tasari dagokionez.
Arau-hausteak eta zehapenak
10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari ere.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1201294