2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ORKOIEN
Deialdia, Orkoiengo Auzalar ikastetxe publikoari atxikitako eskolazaina izateko lanpostu huts bat oposizio murriztuaren
bidez betetzeko
1.-Xedea.
1.1. Deialdia iragarri da, Orkoiengo Udalean mantentze lanak egiten dituen eskolazaina izateko lanpostu huts bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko, Auzalar ikastetxe publikoari atxikia eta B2 hizkuntz eskakizuna duena, Udal honen plantilla organikoaren aldaketan xedatuari jarraikiz, behin betikoz onetsi eta 2011ko abenduaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.
1.2. Izendatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:
-Eskolazaintzari dagozkion egitekoak beteko ditu, ikastetxean jarduna dagoen orduetan; horien artean sartzen dira atezaintzaz eta berogailuaz arduratzea.
-Ateak ireki eta ixtea, langileen sartu-irtenak kontrolatzea bide informatiko edo eskuzkoen bidez, eta langileei kasu egitea.
-Ikastetxeko telefono-guneaz eta faxaz arduratzea, eta baita erosgai eta paketeak kontrolatu, jaso eta entregatzeaz ere.
-Informatika, elektrizitate, igeltserotza eta beste lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.
-Iturgintza, elektrizitate, zurgintzako lantxoak egitea, altzariak paratzea, pintura, lorezaintzako mantentze lanak etab.
-Solairuetako argiak kontrolatu eta itzaltzea, leihoak ixtea, pertsianak jaistea etab.
-Kasu berezietan, eraikinaren kanpo aldea txukuntzea.
-Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.
-Botikinaz arduratzea, eta istripua izandako haurrei laguntzeko lanetan aritzea.
-Fotokopiak eta koadernatze txikiak egitea, erakunde eta enpresetara joatea etab.
-Higieneko materiala (paper zapiak, xaboia...) bukatzen denean berriz jartzea eta kontrolatzea.
-Informatikako oinarrizko ezagutzak, erabiltzaile mailakoak.
-Garraiatzen diren eta garraiatzen ez diren ikasleei sarrera-irteeretan laguntzea, eta sarrera-irteera horiek ahalbidetzen dituen mekanismoa erabiltzea, bai eskuz bai automatikoki.
-Eskola orduetan ikastetxera etortzen diren pertsona guztien sarrera kontrolatzea.
-Ikasleen oporraldian, beste zeregin batzuk, ikasturtean ezin egin direnak.
-Lanpostuari dagozkion gainerako eginkizun guztiak, eta bereziki ikastetxeko Zuzendaritzak agintzen dizkionak, lanpostuaren mailaren eta kategoriaren barnean betiere. Haien artean, haurrak garbitzea eta inoiz haurrei arropak aldatzea, haiek bere kabuz egiterik ez dutenean.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute behar horien arabera. Zernahi ere den, arau orokor gisa, lanaldia zatitua izanen da, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin.
Urteko oporrek bat eginen dute ikastetxeko ikasleen oporrekin.
2.-Aplikatu beharreko arauak.
Lekualdatze lehiaketa hau ondoko arauei jarraikiz gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, eta deialdiaren oinarriak.
3.-Betebeharrak.
Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, oposizio honetan parte hartu ahal izateko, ondoko betebeharrak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:
a) Orkoiengo Udaleko funtzionarioa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) D maila edo taldekoa izatea.
c) Euskaraz jakitea, B2 mailaren pareko ezagutza izanik (Hizkuntza Eskolako euskararen 4. kurtsoaren baliokidea).
Nahitaezko eszedentzian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute, halaber, lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.
4.-Ordainsariak.
Lekualdatze lehiaketa honen bidez lanpostua betetzen duenak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu.
5.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
a) Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute Orkoiengo Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.
b) Eskabidearekin batera, lanposturako eskatzen den euskara mailaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.
6.-Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Orkoiengo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartarazten da hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Orkoiengo Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Izangaietan inor bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzirik, Orkoiengo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
8.-Epaimahaiko kideak.
Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaian hauek izanen dira:
Mahaiburua: Carlos Arroniz Loyola, Orkoiengo Udaleko alkatea edo hark eskuordetutako pertsona.
Ordezkoa: Lizarrako Udaleko Hezkuntzako zinegotzia.
Batzordekideak:
1. Orkoiengo Udaleko langileen delegatuen ordezkaria, haiek berak hautatua.
Ordezkoa: Orkoiengo Udaleko langileen delegatuen ordezkaria, haiek berak hautatua.
2. Orkoiengo Auzalar Ikastetxe Publikoko zuzendaria.
Ordezkoa: Orkoiengo Auzalar Ikastetxe Publikoko ikasketaburua.
Batzordekide idazkaria: Ramón Contreras López, Orkoiengo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: María Jesús Redondo Arteaga, Orkoiengo Udaleko administrari-ofiziala.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.
Epaimahaiak aholkulari espezialistak ekarri ahalko ditu lehiaketako atal guztietan, edo batzuetan lagundu dezaten. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.
Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartuen eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.
9.-Oposizioaren nondik norakoak.
Lehen ariketa.-Proba teorikoa. Erantzun laburreko edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz. Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, baztergarria izanen da eta, gutienez, 10 beharko dira gainditzeko.
Proba hau plika sistemaren bidez eginen da. Jendaurrean irekiko dira eta Orkoiengo Udalaren iragarki oholean iragarriko da. Proba teorikoaren kalifikazioa bukatu ondoan, epaimahaiak argitara emanen ditu, Orkoiengo Udaleko iragarki oholean, emandako puntuazioak, eta bost eguneko epea ezarriko du interesdunek balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
Bigarren ariketa.-Proba praktikoa. Argitu beharko dira epaimahaiak II. eranskineko gaiei buruz mahai gainean jartzen dituen kasuak. Gehienez ere 40 puntu lortzen ahalko dira, baztergarria izanen da eta, gutienez, 20 beharko dira gainditzeko.
Lehen ariketa eta bigarrena dei bakarrean eginen dira, eta izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Kanpo geldituko dira agertzen ez direnak. Puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, proba praktikoan puntuaziorik altuena atera dutenen alde hautsiko da. Berdinketak bere hartan jarraituz gero, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena duenaren alde ebatziko da.
9.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.
Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Orkoiengo Udaleko iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, alkateari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan deitutako lanpostuari dagokionez.
10.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.
Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostua esleituko du eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
Lehiatzaileak esleipenaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du esleitutako lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.
11.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Orkoienen, 2012ko urtarrilaren 16an.-Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.
1. ERANSKINA
Eskabide eredua
Eskaera, Orkoiengo Auzalar ikastetxe publikoko eskolazaina izateko lanpostuaren oposizio murriztuan parte hartzeko; lanpostuak mantentze lanetako eginkizunak ditu eta B2 hizkuntz eskakizuna (deialdia .....(e)ko .... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
1. Datu pertsonalak.
Deiturak eta izena:
Jaiotze eguna eta tokia:
NANa:
Helbidea: ..................................... P.K.:
Etxeko telefonoa: ........................... Sakelako telefonoa:
2. Datu administratiboak.
a) Oinarrizko lanpostuan duen administrazio egoera:
Lanpostua:
Zein maila edo taldetakoa naizen:
[ ] Orkoiengo Udaleko funtzionarioa.
[ ] Jardunean.
[ ] Zerbitzu berezietan.
[ ] Eszedentzia berezian.
[ ] Borondatezko eszedentzian.
[ ] Nahitaezko eszedentzian.
(X batez markatu behar den kontzeptua).
b) Non aritzeko:
Alorra edo erakunde autonomoa:
c) Orain zein lanpostutan ari den (oinarrizkoa ez bada):
Alorra edo erakunde autonomoa:
3. Sinatzen dudan honek adierazten dut, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.
4. Eskatutako agiriak eta eskatutako hizkuntza mailaren ziurtagiria eransten ditudala.
Horrenbestez,
Eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela eskatzen dut.
Orkoienen, 2012ko .........................aren ...............(e)an.
(Sinadura)
2. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.-Elektrizitatearen oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...).
2.-Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak etab.).
3.-Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak...).
4.-Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak (etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak lur-hargunearekin edo gabe, lanparak, pitzarazgailuak, erresonantziak, fluoreszenteak...).
5.-Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak...).
6.-Mekanikako oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.
7.-Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak, pertsianak, metalezko altzariak...).
8.-Iturgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea.
9.-Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze lana (aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak...).
10.-Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...) ezagutu, erabili eta mantentzea.
11.-Zurgintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak, pertsianak...).
12.-Lorezaintzako mantentze lanetako ezagutza oinarrizkoa (mozketak, inausketak, ureztaketak, ongarriak...).
13.-Fotokopiagailuak, koadernagailuak eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko oinarrizko ezagutza.
14.-Eraikinetako segurtasun eta higienearen gaineko arauak eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauak. Iturgintza, zurgintza eta elektrizitateko mantentze eta konponketa lanetan hartu beharreko babes neurriak.
15.-Ikastetxeetako segurtasun eta higienearen gaineko oinarrizko ezagupenak.
16.-Oinarrizko ezagupenak, telefono banagunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko.
17.-Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak, bankuko agiriak, eskabideak eta postako inprimakiak ulertu eta betetzea.
18.-Kartazaletan sartzea, etiketak paratzea, paketeak eta korrespondentzia eraikinean barrenean eta eraikinetik kanpoan banatzea, baita korrespondentzia ofizialaren frankeoa edo zigilatzea ere.
19.-Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak jakitea eta menderatzea, kontrol xumeak egitea eta dokumentuak artxibatzea.
Iragarkiaren kodea: L1201410