Iragarkia
33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BUÑUEL
Deialdia, Buñuelgo Udalaren zerbitzuko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Buñuelgo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2012ko urtarrilaren 4an egin bilkuran, onetsi zuen Udal honetako administrari laguntzailea, mandatari lanak dituena, izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Buñuelgo Udaleko administrari laguntzailea, mandatari lan erantsiak dituena, izateko lanpostu bat, D mailakoa eta funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.
1.2. Izendapenak funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, hala behar badu, hartan alta jarriko.
1.3. Lanpostuak D mailako ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzen ahal den gainerako araudian eginiko sailkapenaren arabera.
1.4. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.
1.5. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostua betetzeko, gainditzen duen izangaiak lanpostua betetzen ez ote duen; eta bigarrenik, itxaron zerrenda eratzeko, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar ote dituen. Halakoetan, hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz eginen da kontratazioa.
2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako, Europar Batasuneko kide den bertze estatu bateko edo nazioarteko tratatuen arabera bidezko den estatuetako nazionalitatea izatea.
c) Gutienez ere eskola graduatua izatea, edo Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea izatea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta maneran frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea burutzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.
3. oinarria.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Buñuelgo Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta hogeita hamargarren eguneko 14:00etan bukatuko da epea. Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.
Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:
a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.
b) Deialdi honetako 2.1.c) atalean eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.
c) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia egiaztatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.
d) Azterketa eskubideengatik Udal Diruzaintzan 12 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Kontu korronte zenbakia: 3008/0036/66/1245433923, Nafarroako Rural Kutxan.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal honen iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.
Deialdian izangai bazterturik ez bada, iragarkian horren berri eman eta zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Iragarki berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.2. Izangai bazterturik bada, 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Buñuelgo Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.
5. oinarria.-Epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Joaquín Pórtoles Beltrán, Buñuelgo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Javier Ignacio Serrano Andrés, Buñuelgo Udaleko lehen alkateordea.
1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziok izendatutako teknikaria.
Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziok izendatutako teknikaria.
2. mahaikidea: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.
Ordezkoa: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.
3. mahaikidea: Buñuelgo Udaleko langileen ordezkari bat.
Ordezkoa: Buñuelgo Udaleko langileen ordezkari bat.
4. mahaikidea: José Luis Romano Blasco, Ribaforadako eta Buñuelgo Udaletako kontu-hartzailea.
Ordezkoa: David Modrego Jiménez, Fontellasko Udaleko idazkaria.
Idazkaria: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: María Teresa Jordán Marchite, Fustiñanako Udaleko idazkaria.
5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez baitira ariko, horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
5.3. Izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
Errefusatze, abstentzio edo bertzelako arrazoiak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, Buñuelgo alkateak eskumena izanen du honelako egoerak gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.
5.4. Epaimahaia hautapen probak baino lehen eratu beharko da, epamahaiak jarduteko beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.
Berdinketak mahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko ditu.
6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi, oposizioaldia ondoan.
6.1.1. Lehiaketaldia.
Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskineko baremoaren arabera.
Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.
Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.
6.1.2. Oposizioaldia.
Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
Lehen proba.-Bi ariketa hauek eginen dira:
a.1) Ortografia. Ariketa hau egiteko ez da hiztegirik erabiltzen ahalko; ordu erdi bat iraunen du. 5 puntu emanen dira gehienez, eta 2,5 puntu eskuratu beharko dira baztertua ez izateko.
a.2) Matematika. Oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean zein konposatuan eta korrituaren erregelan oinarrituriko buruketak egin beharko dira. Ariketa hau egiteko ez da kalkulagailurik erabiltzen ahalko; ordu erdi bat iraunen du. 5 puntu emanen dira gehienez, eta 2,5 puntu eskuratu beharko dira baztertua ez izateko.
Bigarren proba.-Bi ariketa egin behar dira:
b.1) Teorikoa: III. eranskineko programan agertzen diren gaien inguruko galdera labur edo test modukoak erantzun beharko dira idatziz; ordu bat iraunen du. Proba honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 10 puntu erdietsi behar dira.
b.2) Praktikoa: bi dokumentu egin beharko dituzte (ofizioak, bandoak, iragarkiak, eskabideak, egiaztagiriak etab.) udal bateko administrari laguntzaile lanpostuan egin behar izaten direnetakoak; ordu erdi bat iraunen du. Proba honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 5 puntu erdietsi behar dira.
Hirugarren proba.-Informatikari buruzko ariketa, ordenagailua erabilita, Windows inguruneari buruz: testu tratamendua, kalkulu-orria eta datu-basea. Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta baztertua ez izateko gutxienez ere 10 puntu erdietsi behar dira.
Proba psikoteknikoa.-Gehienez ere 10 puntu. Baztertuak izanen dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituztenak.
Proben balorazioa:
Plika itxien sistema erabiliko da, proba psikoteknikoan izan ezik.
Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena bazterturik geldituko da.
Izangaiak ariketa bakoitzaren lehen proban gutxieneko puntuazioa ez badu eskuratzen, epaimahaiak ez ditu ariketa osatzen duten gainerako probak kalifikatuko.
Proba bakoitza zuzendutakoan eta plikak ekitaldi publikoan ireki ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo proba noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.
Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo identifikazio agiri baliokidea aldean dutela agertu beharko dute.
Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.
Azken emaitzan berdinketarik bada, hura lehen proban puntuaziorik altuena dutenen alde hautsiko da; eta, berdinketa mantenduz gero, bigarren proban puntuaziorik altuena dutenen alde, eta orobat hurrengoetan.
7. oinarria.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendearen aitzinean Herriko Etxeko iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldiko fase bakoitzean eta oposizioko ariketetan lortutakoak batuko ditu eta zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Buñuelgo Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
7.2. Proposaturiko izangaia izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman ondoko 30 egun naturaleko epean, hark agiri hauek aurkeztu beharko ditu Buñuelgo Udaleko bulegoetan:
a) Jaiotze aktaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia behar bezala konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubidea ematen duen gordekina, lehenago ekarri ez bada.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasunik edo akats psiko-fisikorik ez duela frogatzeko.
d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.
e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.3. Epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbertzeko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatua izan eta bere jarduketa guziak baliogabetuta geldituko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzukizuna.
Aitzineko atalean, ezarritakoa gertatuz gero, puntuazio zerrendako hurrengo izangaiak beteko du lanpostua, eta aurreko lerroaldeetan adierazi bezala jokatuko du harekin.
8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen prozesua bururatuta eta izangaiek 7.2. oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkeztuta, Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, Buñuelgo Udaleko funtzionario izendatuko du, bete dezan administrari laguntzailearen lanpostua, mandatari eginkizun erantsiak dituena.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Ezinbertzeko kasuetan salbu, epe horretan jabetzarik hartzen ez badu, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarri bezala eta halabereko ondorioekin.
8.4. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan eta harekin bat heldu diren xedapenetan xedatuari jarraituko zaio.
9. oinarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea, zuzenean, Nafarroako Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratzen denetik edo errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita, edota, aitzinetik eta hautara, honako errekurtso hauetako bat:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izen-deiturak: ................................., adinez nagusia; NANa: ...............; jaioteguna: ..........; jaioterria: ............. (............), bizilekua: ......................, karrika: ............................, zenbakia .............., posta kodea: ..........., telefonoa: ..................
Honako hau adierazten du:
Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Buñuelgo Udalean administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, mandatari lan erantsiak dituena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ......(e)ko .................aren ....(e)an.
Hortaz, erantzukizuna nirea izanik, adierazten dut:
Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.
Azterketa eskubideak ordaindu ditudala.
Horrenbertzez,
Eskabide hau onartu eta, beraz, Buñuelgo Udalean administrari laguntzaile izateko lanpostu bat, mandatari lan erantsiak dituena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
BUÑUELGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
II. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa
A) Laneko eskarmentua.
A.1) Eskarmentua, administrari edo mandatari gisa, Nafarroako edozein toki entitatetan, behar bezalako kontratu harremanarekin: urte bakoitzeko 5 puntu eta gehienez ere 15 puntu.
A.2) Eskarmentua, administrari edo mandatari gisa, gainerako administrazio publikoetan, behar bezalako kontratu harremanarekin: urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 5 puntu.
Izangaiak zein administrazio publikotan lan egin duen, haren ziurtagirien bidez frogatuko dira egin diren zerbitzuak. Zerbitzuak kontuan hartuko dira lan nahiz administrazio araubidean, behin-behinean zein finko gisa, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik eginak. Atal desberdinetan sailkaturiko zerbitzuak garai berean egin badira, batera gertatu diren denbora horri dagokionez, puntu gehien ematen dituen atalekoa baizik ez da kontuan hartuko.
Egiaztatutako esperientzia baloratzean, urte osoa egiten ez duen aldiari proportzioan dagokiona emanen zaio.
Aitzineko bi atalen batura ez da 20 puntu baino handiagoa izanen.
B) Prestakuntza ikastaroak.
Lanpostuarekin ikusteko duten gaien gaineko prestakuntzako ikastaroak, hala nola informatikakoak, administrazio prozedurari buruzkoak eta bertzelakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, betiere haiek ez badira 2000. urtea baino lehenago egin, orduan ez baitira baloratuko. Behar bezala frogatu beharko dira jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela eginen da:
-20 ordu edo gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.
-20 ordu baino gehiago eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.
-50 ordu baino gehiagoko eta 100 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitza: 1,5 puntu.
-100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitza: 2 puntu.
Ikastaro guztien batura ez da 10 puntu baino handiagoa izanen.
Atal honetako puntuazioa, gehienez ere, 30 puntu izanen da.
Epaimahaiak Buñuelgo Herriko Etxeko iragarki oholean emanen ditu argitara izangaiek lehiaketaldian eskuratu dituzten puntuazioak.
III. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.-Espainiako Konstituzioa. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.
2.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Foru erakundeak.
3-Udalerria. Kontzeptua eta elementuak. Ahalmenak eta eskumenak. Udalaren organoak. Bilkuren deialdiak eta erabakiak hartzea kide anitzeko organoetan.
4.-Udalerrien baliabideak. Tasak. Kontribuzio bereziak. Zergak. Toki entitateen aurrekontu orokorrak. Diru-bilketa: borondatezko epea eta betearazteko epea.
5.-Nafarroako toki entitateen ondasunak.
6.-Biztanleen udal errolda.
7.-Erregelamendua: kontzeptua. Udal ordenantzak eta erregelamenduak: kontzeptua eta motak. Alkatetzaren bandoak.
8.-Administrazio egintzak: kontzeptua eta motak. Administrazio-prozedura: ezaugarriak eta printzipioak. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Isiltasun administratiboa. Toki entitateen egintza eta erabakien aurkako errekurtso administratiboak.
9.-Hirigintzako lizentziak, jarduera sailkatuenak eta irekitzekoak.
10.-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria.
Buñuelen, 2012ko urtarrilaren 23an.-Alkatea, Joaquín Pórtoles Beltrán.
Iragarkiaren kodea: L1201320
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
