33. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2012 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, 500.000 euroko gastua egiteko baimena ematen duena, "Egin zaitez merkatari Plana" merkatari ekintzaileentzako 2011ko laguntza deialdiko konpromisoei heltzeko.

Enpresako zuzendari nagusiak maiatzaren 17an emandako 935E/2011 Ebazpenaren bidez, "Egin zaitez merkatari Plana" merkatari ekintzaileentzako laguntzen deialdia onetsi zen, Nafarroako Gobernuak 2011ko ekitaldirako onetsitako krisiaren aurkako neurrien barrenean, eta, deialdi horretako konpromisoei erantzuteko, 1.113.000 euroko gastua baimendu.

Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak azaroaren 7an emandako 46E/2011 Ebazpenaren bidez, laguntza deialdi horretarako baimendutako gastua 338.000 euro gutxitu zen, Nafarroako Gobernuak irailaren 7an hartutako Erabakia betearazteko eta aurrekontu-egonkotasunaren helburua betetzen dela bermatzeko.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak azaroaren 4an emandako 172/2011 Foru Aginduaren bidez, 2011ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak itxi, likidatu eta 2012ko ekitaldia irekitzeko arauak onetsi ziren, eta haren 3. artikuluaren bidez, 2011ko ekitaldiari egozten ahal zitzaizkion konpromiso berriak hartzeko aukera bertan behera gelditu zen. Horrek ekarri du deialdi honen ondoriozko konpromiso batzuk izatea 2011ko gastuen aurrekontuari ezin egotzirik.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren iritziz, funtsezkoa da 2011ko ekitaldian txikizkako merkataritza proiektuak abian jarri dituzten merkatari ekintzaileei laguntzea, izan ere, merkataritza-ehunaren hondatzea eragozten eta sektore horretan enplegua sortzen lagundu dute.

Horregatik, bidezkoa da, Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontu-baliabideen barrenean, beste gastu bat baimentzea 2012ko ekitaldiaren kargura, 2011ko ekitaldiaren kargura erantzun ezin izan diren deialdi honetako konpromisoei erantzuteko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 500.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, "Egin zaitez merkatari Plana" merkatari ekintzaileentzako 2011ko laguntza deialdiko konpromisoei heltzeko.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, aurrekontu-baliabideen arabera:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

150.000,00

G/A10002/4701/431400: Merkataritzako ekintzaile berriei laguntzeko programa (PMC programa 7)

2012

350.000,00

G/A10003/7701/431403: Merkataritzako ekintzaile berriei laguntzea (PMC programa 7)

2012

3. Eskaerak aurkezten diren ordena berean ebatziko dira espedienteak, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Hortaz, aurrekontu-baliabideak agorturik, gelditzen diren eskaerak ezetsiko dira, laguntza deialdiaren 5. oinarri arautzaileak ezartzen duen bezala.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 27an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1201565