29. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

14/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2011ko azaroaren 16an hartutako Erabakiaren babesean.

Nafarroako Gobernuaren 2011ko azaroaren 16ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak hastea xedatu zen (476.100.000 euro gehienez). Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 22ko 211/2011Foru Aginduaren eta otsailaren 2ko 13/2012 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautu zen, 54.000.000 eta 190.000.000 euro nominalekoa, hurrenez hurren. Orain Nafarroako Zorraren 15. bonu-jaulkipena egiten da, 30.000.000 euro, osotara; epea hiru urtekoa da.

Aipatutako Gobernu erabakiak, 3. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa finkatzeko. Halaber, erabaki horren 4. puntuan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak, eta ahalmena ematen zaio kontseilariari erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:

Zenbatekoa: 30.000.000 euro.

Instrumentazioa: bono arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.

Jaulkipen data: 2012ko otsailaren 10a.

Amortizazioa: parean, 2015eko otsailaren 10ean.

Jaulkipenaren prezioa: %99,860.

Interes tasa: finkoa, %3,65 urtean (Egun/egun).

Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko otsailaren 10ean.

2. artikulua. Jaulkipenaren aseguramendua.

Finantza entitate esleipen-hartzaileek jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko dute; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko dute.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idazpenetan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako diru-sarrerarik ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2011ko maiatzaren 16ko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da.

Jaulkipenari lotutako gastuak 2012ko gastuen aurrekontuko "Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak" izeneko 112003-11430-3010-951100, kontu-sailaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2013tik 2015era bitarteko ekitaldietako gastuen aurrekontuetan bidezkoa den kontu-sailari aplikatuko zaizkio, bi ekitaldi horiek barne.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko otsailaren 3an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1201884