1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko urtarrilaren 25ean hartua. Horren bidez xedatzen da bateragarriak direla Erro-Zilbetin harrobi bat ustiatzeko proiektuaren onura publikoa (Magnesitas Navarras, S.A.k sustatu du proiektu hori) eta Kinto mendiarena, eta presakoa deklaratzen da proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.
2011ko urriaren 26an, Magnesitas Navarras, S.A.k (MAGNA) eskatu zuen beharrezkoak ziren tramiteei hasiera emateko Erro-Zilbetin harrobia ustiatzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa zela deklara zedin, desjabetzearen ondorioetarako.
Enpresako zuzendari nagusiak otsailaren 15ean emandako 311/2011 Ebazpenaren bidez, Erro-Zilbetin harrobia ustiatzeko proiektua (Picuda II izeneko ustiapen emakidaren barruan, 3123 zenbakikoa) onetsi zen, Magnesitas Navarras, S.A.k sustatua.
Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 2ko 2009DGE/2011 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen aipatu proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Enpresaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren abenduaren 21eko 2535DGE/2011 Ebazpenaren bidez, proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda onetsi zen eta Baztango Udalak eta Sociedad Española de Ornitologíak (SEO/Birdlife) egindako alegazioak ebatzi ziren. Era berean, deklaratu zen beharrezkoa zela Erroko udal mugapean den Kinto alderdiko 24. poligonoko 2., 4. eta 92040. lurzatiei dagozkien azalerak okupatzea, betiere baldintza izanik Nafarroako Gobernuak adieraztea ea bateragarriak diren Kintoko meatzerako erabilera eta oihaneko erabilera. Kintoko Mankomunitatea da lurzati horien titularra.
Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 29.1 artikuluak ezartzen duenez, onura publikoko arrazoiak direla-medio, eta kontzesio administratiboen kasuan, katalogatutako mendietan aldi baterako zortasunak eta okupazioak baimenduko dira, hurrengo paragrafoetan xedatutakoari jarraikiz, eta, onura publikoko mendien kasuan, foru lege horren 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lehentasuna edo bateragarritasuna deklaratu ondoren.
Aipatutako 13/1990 Foru Legearen 9.5 artikuluan ezartzen den moduan, Foru Komunitateko Administrazioa tramitatzen ari den planaren edo proiektuaren onura edo interes orokorra deklaratu nahi bada eta plan edo proiektu horrek Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan sartuta dagoen mendi edo lursail bat ukitzen badu, Nafarroako Gobernuari dagokio aldez aurretik bien arteko bateragarritasuna edo batak bestearekiko duen lehentasuna deklaratzea, Oihan Administrazioak txostena egin ondoren.
Kinto mendia Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan sartuta dago (11.2 zenbakia; katalogoa Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren bidez onetsi zen).
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aldeko txostena eman du bateragarritasuna deklaratzeari dagokionez. Hori horrela izanik, bidezkoa da mendi horren onura publikoaren eta aipatu tokian baimendutako jardueraren onura publikoaren arteko bateragarritasuna deklaratzea.
Bestalde, jarraitu beharreko desjabetze prozedurari dagokionez, oro har, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusten den salbuespena, hots, presako okupazioa deklaratzeari dagokiona, desjabetze prozedura arrunta erabiltzeko aukerarik ematen ez duten lan batzuk berehala egiteko premia larriaren ondorio da. Bi prozeduren arteko aldea hauxe da: presako prozeduraren bidez, posiblea da ondasunak okupatzea prezio justuaren administrazio espedientea tramitatu baino lehen.
Kasu honetan, ustiapen proiektuan aurreikusitako zenbait jarduerak justifikatzen dute aldi baterako presako okupazioa eta ukitutako lurzatietan zortasuna ezartzea, izan ere, aurreikusia dago 1.217 m²-ko lurpeko galeria bat eraikitzea eta tunelaren mehatze-ahoa NA-138 errepidearekin lotuko duen pista egokitzea. Horrez gain, obra publikoen arloan eskumena duen departamentuak ezarritako baldintzak bete egin behar dira. Jarduketa horiek aurrera eramateko, Kinto alderdian dagoen 24. poligonoko 2., 4. eta 92040. lurzatiak ukituko dira. Kintoko Mankomunitatea da horien titularra. Beharrezkoa da lursail horietara modu arinean sartu ahal izatea, bi arrazoirengatik: batetik, minerala ateratzen hasteko eguna gehiegi ez atzeratzea, hori funtsezkoa baita enpresak bere jardunean jarrai dezan, izan ere aintzat hartzekoa da Azkarateko ustiapena (Eugiko udal mugapean) itxi eginen dela eta Legua Acotadan (Erro-Zilbeti) ustiatzeko Proiektuaren erreserbak hortxe daudela; eta, bestetik, ingurumenaren arloko baldintzak betetzeko iparraldeko mehatze-ahoan.
Prozeduraren tramitazioa honakoetan ezarritakoari jarraikiz egin da: Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea, hori aplikatzeko Erregelamendu orokorra eta Nahitaezko Desjabetzearen Legea. Espedientea jendaurrean jarri da Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 17. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Erro-Zilbetin harrobia ustiatzeko proiektua (Picuda II izeneko ustiapen emakidaren barruan, 3123 zenbakikoa, eta Magnesitas Navarras, S.A.k sustatua) eta Kinto mendiaren onura publikoa bateragarriak direla deklaratzea. Hortxe gauzatuko dira proiektuan aurreikusitako jarduketa jakin batzuk.
2. Proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Ukitutako lurzartiak Erroko udal mugapean dagoen 24. poligonoko 2., 4. eta 92040. lurzatiak dira, eta horien titularra Kintoko Mankomunitatea da.
3. Erabaki hau igortzea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira (Laguntza Juridikoaren Atala) eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Erabaki hau jakinaraztea Kintoko Mankomunitateari eta Magnesitas Navarras, S.A.ri (MAGNA), eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen duen erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2012ko urtarrilaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Roberto Jiménez Alli.
Iragarkiaren kodea: F1201619