27. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15/2012 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko diru-laguntzen deialdian baimendutako kredituaren egozpena aldatzen duena, baita deialdi horretako 12.1 eta 12.2 oinarriak ere. Deialdi horren oinarri arautzaileak otsailaren 3ko 34/2011 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren.

Egoera ekonomikoaren bilakaera eta ekitaldi honetarako diru-sarreren aurreikuspenak direla-eta, Nafarroako Gobernuak, 2011ko irailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, aurrekontu egonkortasunaren helburua beteko dela ziurtatzeko, muga bat ezarri zuen gastu ez-finantzariorako, eta horrek ekarri du Nafarroako Gobernuko departamentuek 2011ko aurrekontu-ekitaldian egin beharreko gastuak murriztea.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak irailaren 8an emandako 135/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak 2011. urteko hasiera bateko aurrekontuan egin beharreko gastu-doikuntza ezarri zen.

Nafarroako Gobernuak 2011ko irailaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, 2011ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan zein kreditu atxikipen egin zehaztu zen, defizitaren helburua betetzeko.

Erabaki horien ondoriozko gastu-doikuntza bi modutara eginen da: batetik, tramitazio egoera edozein izanik ere, irmo bilakatu ez diren proiektuei ez heltzea, edo, bestetik, konpromiso irmoak direnen baldintzak aldatzea, edukia murriztuz edo gauzatzeko epeak luzatuz.

Adierazitakoarengatik, eta aurrekontu egonkortasunaren helburua bermatu dadin, beharrezkoa da gazte elkarteentzako diru-laguntzen banaketa eta ordainketa partez geroratzea. Ildo horretan, gogorarazi behar da Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez emandako baimena. Horrenbestez, orain deialdi horretako kreditua onetsi zuen egintza administratiboa aldatu behar da, hala nola deialdiko 12.1 eta 12.2 oinarriak, ebazpenari eta ordainketari dagozkienak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak otsailaren 3an emandako 34/2011 Foru Aginduko xedapen zatiaren 2. idatz-zatia aldatzea, deialdi horretatik heldutako konpromisoei aurre egiteko 400.000,00 euroko gastua (laurehun mila euro) baimentzeko. Gastu hori "Gazte elkarteen programetarako diru-laguntzak" izeneko 960002-96100-4819-232100 kontu-sailari edo 2012ko gastuen aurrekontuan balio berekoa den kontu-sailari egotziko zaio.

2. Gazte Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte-elkarteei diru-laguntzak emateko 2011ko deialdiko oinarri arautzaile hauek aldatzea eta otsailaren 3ko 34/2011 Foru Aginduari gehitzea, eranskin gisa. Hona hemen:

"12.1. oinarria. Gazteentzako jardueren gastuetarako diru-laguntzak (Gazteentzako Instalazioen Nafarroako Sareko instalazioak erabiltzekoak izan ezik), bai eta funtzionamendurako gastuetarakoak ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira, 2012ko martxoaren 15a baino lehenago.

12.2. oinarria. Gazte elkarteek Gazteentzako Instalazioen Nafarroako Sareko instalazioak erabiltzeko diru-laguntzak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen bi ebazpenen bidez emanen dira: lehenengoaren bidez, 2011ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztutako eskaerak ebatziko dira, 2011ko ekainaren 30a baino lehen emanen da eta, gehienez ere, 30.000 euroko zuzkidura izanen du; bigarrenaren bidez, 2011ko irailaren 18a baino lehen aurkeztutako eskaerak ebatziko dira, 2012ko martxoaren 15a baino lehen emanen da eta, gehienez ere, 20.000 euroko zuzkidura izanen du, gehi lehenengo ebazpenaren soberakina, halakorik bada."

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuari, hango kontu-hartzaile delegatuari, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari, Idazkaritza Nagusiaren Atalari, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta hango Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 19an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1201172