Iragarkia
27. ALDIZKARIA - 2012ko otsailaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CABANILLAS
Udal ordenantza, Udalaren diru-laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena
Cabanillasko Udalak, 2011ko azaroaren 4an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Cabanillasko Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. 2011ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Cabanillasen, 2012ko urtarrilaren 9an.-Alkatea, Alberto Santos Alegría.
UDALAREN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
I.-Cabanillasko udalerrian elkarte sare garrantzitsua dago eta sare horrek jarduera anitz egiten ditu, herritarrek haien onura jasotzen dutelarik. Udalak ordenantza honen bidez errealitate hori onartu nahi du eta behar beste bitarteko egoki eman, jarduera horiek egiten jarraitu ahal izateko erabateko askatasunarekin, gerta daitezkeen aldaketa politikoetatik etorritako edozein apetaren edo gorabeheraren mendean egon gabe, eta aukera berdintasuna bermatuz egin ahal izateko.
Halaber, onartzen du kulturaren, kirolaren, aisiaren edo boluntarioen alorretan eta beste batzuetan elkartzeko eta parte hartzeko gaitasun horrek balio erantsia dakarkiola Cabanillasko udalerriari, eta, orobat, etorkizunean sortzen ahal diren beste ekimen batzuk ere bildu nahi ditu.
II.-Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.
Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal araudi bat ezartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio eta, bestetik, Udaleko errealitateari.
Legeari egokitzeko saio honen esparruan, udal ordenantza honek administrazio jarduketa orotan agindu behar duten printzipio nagusiak bildu nahi ditu; zehazkiago esateko, laguntzen jarduera gidatu behar dutenak eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean jasota daudenak; honako hauek, alegia: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna, efizientzia eta kontrola.
III.-Gardentasun horrek, aldi berean, aginte publikoei eskatzen die aurrekontua kontrola dezatela, aurrekontuetako baliabideak urtebeterako nahiz zenbait urtetarako emanez eta kudeatuz finantza publikoen eraginkortasunaren, efizientziaren eta kalitatearen printzipioetan oinarrituta. Ordenantza honen bidez lortu nahi da efizientzia handiagoa izatea laguntzak ematean eta, halaber, aurrekontu egonkortasun arrazoizko bat lortzea, urterako esleipen zehatza eginez, baina aldaketak egiteko aukerarekin, gertakari bereziak jazoz gero.
Horrenbestez, gomendagarria da diru-laguntzen plan estrategikoa egitea, helburuen eta lortu nahi diren eraginen lotura ezartzen duen plana, aurreikusten diren kostuak eta haien finantzabideak bilduta, diru-laguntzen bidez ase nahi diren behar publikoak eta dauden baliabide erabilgarriak egokiro uztartzeko.
IV.-Ordenantza honen oinarrietako bat aurrekontu egonkortasuna da, aurrerako urratsa baita sistema ekonomikoa hobetzeko eta arrazionalizatzeko bidean. Horrela, Udalak ez du gastatuko gehiago, baizik eta hobeto, herritar guztien mesedetan.
Ez dugu ahaztu behar interes orokorrekotzat jotzen diren jarduera eta jokabide batzuk sustatzeko teknika bat direla diru-laguntzak; are gehiago, administrazio publikoen eta partikularren arteko lankidetza prozedura bat direla, interes publikoko jarduerak kudeatzeko. Ildo horretan, ordenantzak, urteko deialdiak direla medio, Komunitateak jasotzen duen onurarik handiena baloratuko du.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak jasotzen eta nabarmentzen duen alderdi berezia islatu nahi du ordenantza honek; izan ere, lege horrek diru-laguntzaren kontzeptua eta antzeko beste batzuk zehaztu zituen, diru-laguntzaren kasuan emandako funts publikoak lotuta baitaude helburu bat lortzeari, berariazko proiektu bat gauzatzeari, jarduera bat egiteari edo jokaera berezi bat izateari, horiek gauzatuta edo gauzatzeko daudelarik. Beraz, aipatutako lotura hori baldin badago, diru-laguntza izanen da diru emate hori.
V.-Beraz, ordenantza hau Administrazioa kontrolatzeko eta Administrazioak herritarren eta elkarteen aurrean gardentasunez jokatzeko tresna bat da. Baina, horretaz gain, deialdi baten bidez diru-laguntzak emateko oinarri batzuk ezartzen direlarik, balizko onuradunei administrazio tresnak ematen zaizkie, organo arduradunen erabakiak errekurritu ahal izateko; tresna horiek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean daude jasota eta horietarikoak dira gora jotzeko errekurtsoa eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
Aldi berean, funts publikoen kontrola ezartzen du, diru-laguntzak esparru publikotik at dagoen zerbait bihur ez daitezen. Halatan, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak eta Foru Legeak arau-hauste administratibo batzuk zehaztu dituzte; baita haien zehapenak ere, kontuan izanda arau-haustea arina, larria edo oso larria den.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea du xede, Cabanillasko udalerriaren esparruan, eta bermatzen du herritar eta elkarte guztiek baldintzak berak izanen dituztela toki entitatearen eskumena osatzen edo ordezten duten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzerakoan.
2. artikulua. Diru-laguntzatzat joko da pertsona publiko edo pribatuei dirua ematea, baldin eta helburua bada onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, eta, halaber, onarpen, sari eta bekak badira.
3. artikulua. Honako hauek izanen dira diru-laguntzen kudeaketa arautuko duten printzipioak:
-Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta kontrola.
-Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.
-Efizientzia, funts publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. artikulua. Diru-laguntzen ezaugarri orokorrak:
-Borondatezkoak dira.
-Ezin izanen dira aurrekaritzat alegatu.
-Ezin izanen da exijitu diru-laguntza handitzeko edo berrikusteko, behar bezala frogatutako arrazoirik izan ezean.
-Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko arbitrariotasunez hartzen diren erabakiek.
5. artikulua. Alkatearena izanen da diru-laguntza hauek emateko eskumena. Horretarako, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikusia egotea aurrekontuetan, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
6. artikulua. Diru-laguntza izendunen kasuan izan ezik, diru-laguntzak eman aurretik onetsiko dira honako:
Oinarri arautzaileak
Oinarri arautzaileetan, gutxienez, ondoko puntu hauek agertuko dira:
-Diru-laguntzaren xedearen zehaztapena.
-Onuradunek bete beharreko baldintzak.
-Eskabideak aurkezteko epea.
-Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
-Justifikatzeko epea eta modua.
-Ordainketa zatitzeko eta aurreratzeko aukera.
-Udalaren interesak bermatzeko neurriak, ordainketa aurreratuaren edo konturako ordainketaren kasuetan.
-Emanen diren diru-laguntzak aurrekontuko zein kreditutik ordainduko diren.
-Diru-laguntza emateko era eta emate hori arautuko duten irizpideak.
-Onuradunaren konpromisoa, eskatzen zaion informazioa emateko.
7. artikulua. Oinarriak Udalaren iragarki oholean eta/edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
8. artikulua. Udalak emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak eginen duen jardueraren kostua, bai bakarrik Udalaren diru-laguntza kontuan hartzen bada bai horretaz gain jasotzen den beste edozein laguntza ere kontuan izanik.
II. KAPITULUA
Onuradunak
9. artikulua. Diru-laguntzak honako hauek eskatzen ahalko dituzte:
a) Irabazteko asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, helbidea udalerrian badute.
b) Pertsona fisikoak, pertsona talde baten ordezkari gisa edo partikularki, irabazi asmorik izan gabe, udalerrian jarduera bat edo gehiago egiteko.
c) Adingabekoen elkarteen kasuan, eskatzailea eta, orobat, hartzailea familia burua edo legezko ordezkaria izanen da.
III. KAPITULUA
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
10. artikulua. Diru-laguntzen deialdi bakoitzari dagokion urtean egiten diren jarduera programatuek jaso dezakete diru-laguntza, Udalaren lurralde esparruan egiten badira, baita elkarteen baldintzak hobetzeko diren jarduketek ere, honako arlo hauetakoak izan daitezkeen baldintzak, hain zuzen:
a) Kirolak.
b) Kultura.
c) Musika.
d) Gazteria.
e) Gizarte zerbitzuak.
f) Herritarren partaidetza.
g) Interes sozialeko jarduerak, irabazi asmorik gabeko entitate edo pertsonek eginak.
h) Ondasun higigarrien erosketa, baldin eta herritarren onerako bada.
i) Sustapen ekonomikoa eta enplegu sustapena.
11. artikulua. Diruz ezin dira lagundu:
-Onura orokorra sortzen ez duten jarduera pribatuak.
12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
a) Helburua betetzea.
b) Organo eskudunari erakustea helburua bete dela.
c) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak (fakturak) gordetzea eta aurkeztea.
IV. KAPITULUA
Prozedura
13. artikulua. Oro har lehiaren bidez tramitatuko da. Norgehiagokako lehiatzat joko da diru-laguntzak emateko bidea aurkeztutako eskaerak alderatzea duen prozedura, baldin eta alderaketa horrek oinarri arautzaileetan emandako balorazio irizpideen araberako lehentasunak ezartzen baditu.
Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bestelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.
Honako hauek zuzenak izanen dira:
-Aurrekontuan aurreikusten diren diru-laguntza izendunak; kasu honetan, helburua eta onuradun baten aldeko kontsignazioa aipatuko dira.
-Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko.
-Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.
-Gizarte Ongizateko laguntzak, larrialdietan.
Horietan guztietan arrazoiak emanez erakutsiko da ezinezkoa dela lehiaren printzipioa aplikatzea.
14. artikulua. Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.
15. artikulua. Alkatea izanen da organo eskuduna, ordenantza honetan adierazten den deialdiko oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo baliogabetu ahalko dituena eta kontzesioa onartu edo ukatuko duena, baita zenbatekoa ere, Ogasuneko Informazio Batzordeak txostena eman ondoren eta, betiere, aurrekontuan dirurik badago.
16. artikulua. Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.
17. artikulua. Eskabideak aurkezteko epeak deialdi bakoitzaren oinarrietan arautuko dira.
18. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
-Eskabidea.
-Programa zehaztua eta aurrekontu osoa, egin beharreko jarduerak eta haiek ekarriko dituzten gastuak sailka ematen dituena.
19. artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedura gehienez ere 3 hilabeteko epean ebatzi behar da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina kontatzen hasita, eta epe horretan ebazpenik ez ematea ezespentzat hartuko da.
20. artikulua. Oro har, diruz lagundutako jardueraren justifikazioak aurkeztu ondoan ordainduko dira diru-laguntzak.
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, egindako obraren edo jardueraren egiaztagirietako batzuk aurkeztu ahala.
Kasu zehatzetan ordainduko da diru-laguntza justifikazioa egin baino lehen, eta kasu horiek berariazko oinarrietan edo kontzesioaren egintzan agertu beharko dira. Kasu horretan, berariazko oinarrietan edo kontzesioaren egintzan ezarritakoa izanen da justifikazioak aurkezteko epea.
Konturako ordainketen edo justifikazioa egin aurreko ordainketen kasuetan, bermeak eskatzen ahalko zaizkie hartzaileei, diruz lagundutako jarduera osorik egiten dela eta diru-laguntzaren helburuak betetzen direla segurtatzeko.
V. KAPITULUA
Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak
21. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean alkateak finkatzen dituen berariazko irizpideez landa, oinarrizkotzat joko dira honako alderdi hauek diru-laguntzak ematean:
a) Jardueraren interes orokorra.
b) Diru-laguntzarik gabe nekez gauzatu ahalko ziren jarduerei laguntzea.
c) Gizartearen parte hartzea.
d) Antzeko jardueren eskasia.
e) Ekitate soziala.
22. artikulua. Ogasuneko Informazio Batzorde bakoitzak eskaerak aztertu ondoan, batzorde horiek txosten bat igorriko diote alkateari, eta hark ebazpena emanen du baloraziorik handiena lortu duten eskaerak baiesteko, eta ezetsi diren eskaerak eta ezesteko arrazoiak aipatzeko.
Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen da eta Udalaren iragarki oholean ezarriko da.
23. artikulua. Ados ez dauden eskatzaileek beren espedientea berrikusteko eskaera egin ahalko dute, dagokion zinegotzigoari zuzendua, gehienez ere 15 egun balioduneko epean, aditzera eman ondoan. Hilabete igaro ostean, behin betiko ebazpena onetsiko da.
Behin betiko ebazpenen kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Udalaren Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean ebazpena aditzera eman eta biharamunetik hasita, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabetez, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean (HAAJari eta APEari buruzko Legea).
Onuradunen betebeharrak
24. artikulua. Honako hauek onuradunen betebeharrak dira:
-Diru-laguntza jasotzeko behar den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.
-Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.
-Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.
-Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo lankide den entitateari.
-Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.
-Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bildutako diru-laguntzak itzultzea.
25. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.
26. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabetean ebatzi beharko da.
Justifikazioa eta kobrantza
27. artikulua. Ordenantza honen arabera emandako diru-laguntzak jasotzeko, beharrezko da:
Honako hauek aurkeztea:
-Egindako jardueraren memoria.
-Diru jasotzeko eskaera, entitatearen buruak sinatua, kontuaren zenbakia emanen duena.
-Egindako gastuen fakturak.
-Beste entitate batzuetatik jasotako diru-laguntzarik, halakorik badago.
Kasu honetan, bateragarriak badira, bi diru-laguntzen baturak ez du inoiz gaindituko jardueraren aurrekontua.
Diru-laguntzen ordainketa aurreratzea
28. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak jaso beharra dagoela.
29. artikulua. Ohiz kanpoko egoerak. Deialdiz kanpo ere diru-laguntzak ematen ahalko dira, urteko edozein mementotan, garrantzi edo onura publiko berezia duten ohiz kanpoko egoerak gertatzen direnean; baina betiere frogatu beharko da diru-laguntzaren objektuak baztertu egiten duela beste interesdun batek parte hartzeko aukera eta, gainera, behar beste diru egon beharko da aurrekontuan.
Diru-laguntzen itzulketa
30. artikulua. Honako kasu hauetan itzuli beharko da jasotako diru guztia edo horren zati bat:
-Jarduera edo proiektua gauzatzen ez bada.
-Ordenantza honen funtsezko printzipioak betetzen ez badira.
-Dokumenturen bat faltsua dela frogatzen bada.
Azken xedapena
31. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuari jarraituko zaio.
1. ERANSKINA
Eskabidea
Izena: ............................ NAN zk.: .............. Bizilekua: ........................ Kalea: ........................ P.K.: ...................... Telefono zk.: ........................ Honako entitateko legezko ordezkaria den aldetik: .............. IFK: ............................ Sozietatearen helbidea: ............................ Kalea: ......................................................... P.K.: ................. Telefono zk.: ................... Helbide elektronikoa: .......................
ADIERAZTEN DUT:
Nik ordezkatzen dudan entitateak, ene ustez, biltzen dituela Cabanillasko kirol eta kultura entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak."
Horregatik, ESKATZEN DUT:
Diru-laguntza eman dakiola proiektu honetarako:
1. ........................................................................................................
Erantsitako agiriak:
Baldintzarik gabe onartzen ditut Cabanillasko Udalak kirol eta kultura entitateei udal diru-laguntzak ematea arautzen duen ordenantzak xedatutakoak, diru-laguntza hau arautzen baitute, eta aipatutako betekizunei eta baldintzei hertsiki lotuta jarduteko konpromisoa hartzen dut.
Cabanillasen, 2012ko .....................(a)ren ................(e)an.
(Eskatzailearen sinadura)
CABANILLASKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
CABANILLASKO UDALAK KIROL ETA KULTURA ENTITATEEI UDAL DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK
1. oinarria.-Xedea.
Oinarri hauen xedea da diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea, Cabanillasko herritarren bizi kalitatea babestu, garatu eta hobetzeko egokitzat jotzen diren proiektu eta ekintzei ematen zaizkien diru-laguntzen esparruan.
2. oinarria.-Diru-laguntzen izaera.
Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:
1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.
2. Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.
3. Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.
4. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.
3. oinarria.-Finantziazioa.
Deialdiko diru-laguntzak emateko aurrekontuaren gehieneko muga izanen da Udalaren aginduzko aurrekontuetan onesten den urteko kontu-saila.
4. oinarria.-Onuradunak.
Diru-laguntzak jaso ahalko dituzte honako baldintza hauek frogatzen dituztenek:
-Deialdiaren xede diren jarduerak irabazi asmorik gabe egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, beren jarduerak Cabanillasko herritarrei onura ekartzen diela frogatzen dutenak.
5. oinarria.-Prozedura.
1. Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Cabanillasko Udalaren erregistro orokorrean deialdi hau argitaratu ondoko 15 egun baliodunetan:
a) Eskabidea eta aurreko zenbakian adierazitako baldintzak frogatzen dituzten agiriak.
b) Pertsona juridikoa bada, bere estatutuen ale bat.
c) Jardueren edo programaren proposamena, ematen den dirua zertarako erabiliko den frogatzen duena.
d) 2011. urtean egindako jarduketen memoria.
e) Errenta aitorpena, partikularren kasuan.
2. Aipatutako epea bukatu ondoan, Udaleko alkateak eskaerak aztertuko ditu eta, ezartzen dituen berariazko irizpideen arabera dauden beharren lehentasunari jarraikiz, ebazpena emanen du, eskaerak baietsiz, hirugarren oinarrian adierazitako kreditua agortu arte.
6. oinarria.-Funtsak zertarako erabiltzen diren justifikatzea.
1. Udalak beharrezko iruditzen zaizkion informazio eta frogagiri guztiak eskatu ahalko ditu, aurkeztutako agirien eta egindako jardueraren gainean.
2. Funtsak desegoki erabiliz gero, emandako diru-laguntza itzuli beharko da.
3. ... urtearen ...(a)ren ....a baino lehen, hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Egindako jardueraren memoria zehatza.
b) Entitateko buruak edo eskatzaile partikularrak sinatutako eskabidea, Udaleko alkateari zuzendua.
c) Onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak diru-laguntza izandako jardueran aplikatu direla dioena.
d) Emandako diru-laguntzaren kopuru osora iristen diren fakturak. Fakturek baldintza hauek izanen dituzte:
a.-Jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, udal idazkariak, notarioak edo administrazioko nahiz elizako agintariak konpultsatutako fotokopiak.
b.-Jaulkitzailearen NANa edo IFZa, izena eta sozietatearen helbidea edukitzea.
c.-Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna.
d.-Gastuen zerrenda eta jarduerak sorrarazitako agiri inprimatuak: langileria kostua, materiala, bidaiak eta egonaldiak, administrazio gastuak, inbertsioa etab.
e.-Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako diru-laguntzen zerrenda.
7. oinarria.-Errekurtsoak.
Oinarri hauen aurka, errekurtso hauek aurkeztu ahalko dira:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendua, 2 hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: L1200313
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
