241. ALDIZKARIA - 2012ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

494/2012 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko 2013ko probetarako dei egiten duena.

Uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretua 2007ko 184. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an. Haren bidez, errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu ziren. Errege dekretu horrek Espainiako zuzenbidera bildu zuen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko uztailaren 15ean emandako 2003/59/EE Zuzentaraua.

Errege dekretu horretan, hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko baldintzak arautu ziren, baita Europar Batasuneko edozein estatutan finkaturiko enpresen ibilgailuak Espainiako bide publikoetan gidatzeko behar diren prestakuntza etengabeko ikastaroak egitekoak ere. Izan ere, horretarako nahitaezkoa da C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea.

Errege dekretu horren 15. artikulua betetzeko asmoz, bidezkoa da aipatu agiria lortzeko behar diren probetara dei egitea, I. eranskinean ezartzen diren oinarriekin bat.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko behar diren probak 2013an egiteko deialdia onestea. Izan ere, agiri hori beharrezkoa da Gidarien Orotariko Erregelamenduan zehazten diren C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea nahitaezko baldintza duten ibilgailuak Espainiako bide publikoetan gidatzeko.

2. Ondokoak izanen dira probetarako eratu den epaimahaiko kideak:

-Mahaiburua: Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Amaya Ruiz Irurita andrea, Garraioen Ustiapenerako Ataleko burua.

Mahaikideak:

-Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

-Raquel Bujanda Perales andrea, Plangintza eta Kontrol Ataleko burua.

-Ángela Sanz Rives andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezkoak:

-Rosa María Romero Vélaz andrea, administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa), Plangintza eta Kontrol Atalari atxikia.

-Iñigo Belzunegui Iturria jauna, Garraioen Ustiapenerako Ataleko Herri lanetako ingeniari teknikoa.

-Iñaki Azcona Mendizábal jauna, Bidaiarien Garraioa eta Garraioen Artekaritza Kudeatzeko Bulegoko burua.

-Idazkaria:

María Senosiáin Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

-Ordezkoa: -Laura Echeverría Itúrbide andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

3. Deialdiaren oinarriak, I. eranskinean jasotakoak, onestea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau Garraio Zerbitzuari eta epaimahaikideei igortzea.

6. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko abenduaren 4an.-Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

I. ERANSKINA

Hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko behar diren probak 2013an egiteko oinarriak. Izan ere, agiri hori beharrezkoa da Gidarien Orotariko Erregelamenduan zehazten diren C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea nahitaezko baldintza duten ibilgailuak Espainiako
bide publikoetan gidatzeko

Lehena.-Izangaiek bete beharreko baldintza orokorrak.

Proba hauetan onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

-Aginduzko ikastaroak gainditu izana, bai arruntak, bai trinkoak, azterketa egin aurreko sei hilabeteetan, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedaturikoarekin bat.

-Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta hala dela frogatzea. Hala ere, beste autonomia erkidego batean bizi direnak ere aurkezten ahalko dira, arrazoiak emanik, organo dei egilearen baimena badute.

Izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean ageri dena hartuko da kontuan. Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da honako kasu hauetan:

1. Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen duenean azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela. Horretarako, ariketak egiteko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita kontatuko da.

2. Izangaiak frogatzen duenean, helbidea azken urteko 185 egunetik beheiti beste toki batean edukirik ere, familiagatik edo lanagatik bizilekuz aldatu behar izan duela. Jarduera jakin bat egiteko herri batean egonaldi mugatua baldin bada, azken baldintza hori ez dela bete ulertuko da. Unibertsitate, eskola edo ikastetxe batera joateak ez dakar ohiko bizilekuaren aldaketarik.

Bigarrena.-Eskabideak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

Interneten bidez, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian ("Zerbitzuak" epigrafea, "Gaiak" atala, "Garraioak" azpiatala) ageri den inprimakia betez.

Eskabide bat, oinarri hauen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, Sustapen Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan aurkeztuz (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea). Bestela, ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 7koa) aurkez daiteke, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan. Interneteko eranskin honetatik lor daiteke eskabidea, edo Garraio Zerbitzuan eska daiteke.

2. Eskabideari dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Indarra duen nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Nortasun agiri nazionalean ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin frogatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean helbideraturik egon dela. Epe hori kontatzen hasiko da probak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik.

Erroldan izaten den antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan dagokion foru araudiak ezarritako zenbatekoa ordaindu dela frogatzen duen agiria, azterketara aurkezteko eskubide gisa.

3. Eskaera Interneten bidez egiten bada, dokumentazioa on-line izapideen bidez bidaliko da.

Azterketarako inskripzioa eskatzen ahalko da aurreko prestakuntza ikastaroa bukatua ez izanagatik ere, baldin eta ikastaroa eskabideak zuzentzeko epea iragan baino lehen bukatzen bada eta epe horretan Administrazioaren aurrean modu fede-emailean frogatzen bada hura gainditu dela (ikastaroa egin deneko ikastetxeak aurkeztu behar duen ziurtagiri telematikoaren bidez).

Probetarako izena emateko bidea bat edo beste izan, bai eskabidea bai dokumentazioa oinarri hauen III. eranskinean adierazten diren epeetan aurkeztu beharko dira.

Eskabideak kasuan kasuko deialdirako bakarrik balioko du. Hurrengo deialdietan proba egin nahi bada, berriro bete beharko da. Kasu horretan aski izanen da eskabidea eta ordainketa gutuna aurkeztea, eskabidean adierazirik gainerako agiriak ez dituela aurkeztu, Administrazioak badauzkalako, izangaiak aurreko deialdietan aurkeztuak dituelako.

Hirugarrena.-III. eranskinaren taulan ageri dira eskaerak aurkezteko epeak.

Laugarrena.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta probak eginen direneko tokia eta orduak Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Iruñeko Alondegi kaleko 1ean) eta aipatutako Interneteko web orrian argitaratuko dira, oinarri hauen II. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten diren egunetan.

Bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkeztu eta, bidezkoa bada, zuzendu ahal izanen dituzte, oinarri hauen III. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten den eguna bitarte.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak ere oinarri hauen II. eranskinean deialdi bakoitzerako adierazten diren datetan argitaratuko dira.

Bosgarrena.-Proben garapena.

Izangaiek NANa edo, epaimahaiaren arabera, nortasuna aski den moduan frogatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Seigarrena.-Azterketaren egitura eta kalifikazioa.

Azterketaren xede den arloari, proben egiturari eta horien kalifikazioari dagokienez, errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu zituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuan xedatu bezala eginen da.

Azterketa test modukoa izanen da. 100 galdera izanen ditu eta horietariko bakoitzak lau erantzun. Erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira eta erantzun okerrengatik 0,5 puntu kenduko dira. Ihardesten ez diren galderengatik eta ihardespen bat baino gehiago ematen zaienengatik ez da punturik lortuko, ezta kenduko ere.

Azterketa gainditzeko gutxienez ere 50 puntu lortu beharko dira.

Ariketa egiteko gehienez ere bi ordu izanen dira.

Inork azterketan gailu elektronikorik erabiliz gero, epaimahaikideek berehala kanporatuko dute azterketatik eta erantzunen galdera kenduko dute.

Lanbide gaitasunaren agiria duten gidariek, bidaiari edo salgai garraioa egiteko jarduerak handitu edo aldatu nahi badituzte, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. ataleko 1.4, 1.5, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik, bidaiari garraioan aritu nahi badute, eta testu beraren I. eranskinaren 1. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien zatia, salgai garraioan aritu nahi badute.

Zazpigarrena.-Gainditzen dutenen zerrendak.

1. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda jarriko du Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, Iruña), eta Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es, "Zerbitzuak", "gaiak" atala, "Garraioa" azpiatala) eta Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiari igorriko dio.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesten duen Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu
zenbaiten gidarien lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko
probetan izena emateko eskabidea

A) Eskatzailearen datuak:

Lehen deitura

Bigarren deitura

Izena

NAN zenbakia

Jaioteguna

Jaioterria

Nazionalitatea

Telefono zenbakia

Helbidea (kalea, zenbakia)

Herria

Probintzia

Posta kodea

Zein zentrotan egin duen ikastaroa

Ikastaroaren amaiera eguna

Ikastaro mota: arrunta, trinkoa

Goian aipatu datuak dituen eskatzaileak Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko probetan onartua izatea eskatzen du, errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbait gidatzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko.

B) Egin nahi dituen probak (X jarri bidezko den tokian).

[ ] Hasierako kualifikazioa, bidaiarientzako.

[ ] Hasierako kualifikazioa, salgaientzako.

[ ] Bidaiarientzako hasierako kualifikazioa handitzea

[ ] Salgaientzako hasierako kualifikazioa handitzea

C) Azterketa egiteko tasa ........ (ikus foru araudia) eurokoa da.

Iruñean, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Sinadura

III. ERANSKINA

Datak, azterketak egiteko, eskabideak aurkezteko, behin behineko zerrendak argitaratzeko, akatsak zuzentzeko eta behin
betiko zerrendak argitaratzeko

Eskaerak aurkezteko epea

Behin-behineko zerrendak, ordutegia eta azterketa egiteko tokia argitaratzea

Zuzentzeko muga-eguna

Behin betiko
zerrendak argitaratzea

Azterketa eguna

2013/01/08tik 2013/01/28ra

2013ko urtarrilaren 31n

2013ko otsailaren 14an

2013ko otsailaren 18an

2013ko otsailaren 22an

2013/03/04tik 2013/03/22ra

2013ko apirilaren 3an

2013ko apirilaren 17an

2013ko apirilaren 22an

2013ko apirilaren 26an

2013/05/06tik 2013/05/24ra

2013ko maiatzaren 30ean

2013ko ekainaren 13an

2013ko ekainaren 17an

2013ko ekainaren 21ean

2013/07/15etik 2013/08/05era

2013ko abuztuaren 8an

2013ko abuztuaren 23an

2013ko abuztuaren 27an

2013ko abuztuaren 30ean

2013/09/09tik 2013/09/27ra

2013ko urriaren 2an

2013ko urriaren 16an

2013ko urriaren 21ean

2013ko urriaren 25ean

2013/10/24tik 2013/11/14ra

2013ko azaroaren 19an

2013ko abenduaren 5ean

2013ko abenduaren 10ean

2013ko abenduaren 13an

Iragarkiaren kodea: F1216910