1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
153/2012 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, segurtasunaren eta larrialdien arloko etengabeko prestakuntzarako ekintzak homologatzeko oinarriak onesten dituena.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuaren 37.h) artikuluaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiak ditu Nafarroako administrazio publikoetako segurtasun eta larrialdietako langileen prestakuntzaren arloko eskumenak.
Bestalde, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak (gaur egun, Barne Zuzendaritza Nagusiari organikoki atxikia dago Nafarroako Segurtasun Eskola) ezartzen du erakunde horren eskumena dela Nafarroako Polizia kidegoetako langileak, albienteak, su-hiltzaile profesionalak, aldi baterako su-hiltzaileak, su-hiltzaile boluntarioak eta Nafarroako babes zibileko erakundeetako langileak trebatzea, garatzea eta prestatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko segurtasun eta larrialdietako langileen prestakuntzan beste erakunde eta entitate publiko batzuek ere parte hartu dute, zenbaitetan garai batean erakunde autonomoa zen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera jardun dutenak, horrela Nafarroako administrazio publikoetako larrialdietako langileen etengabeko prestakuntzarako ekintzen eskaintza zabalduz, instituzioen arteko lankidetzari esker.
Ekintza horien aniztasuna eta Foru Komunitateko administrazioaren egitura organiko berria direla-eta, komenigarria da Barne Zuzendaritza Nagusiak prestakuntza ekintza horiek homologatzeko eta horiei dagozkien ziurtagiriak edo diplomak emateko baldintzak eta prozedura arautzea.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Etengabeko prestakuntzarako ekintzak homologatzeko oinarriak onesten dira. Ebazpen honi erantsi zaizkio.
2. Oinarri horiek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Larrialdietako Agentziara eta Etengabeko Prestakuntzari buruzko Akordio Nazionala izenpetu zuten zentral sindikaletara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2012ko azaroaren 15ean.-Barneko zuzendari nagusia, Francisco José Fernández Elizalde.
ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO EKINTZAK HOMOLOGATZEKO OINARRIAK
Lehena.-Erakundeek eta entitate publikoek, zeinek bere eskumenen edo helburu profesionalen esparruan, administrazio publikoetako larrialdietako langileentzako prestakuntza ekintzak egiten badituzte eta interesa badute Barne Zuzendaritza Nagusiak horiek homologatzeko, hari egiten ahalko diote eskaera.
Bigarrena.-Barne Zuzendaritza Nagusiak beste erakunde eta entitate publiko batzuen prestakuntza ekintzak homologa ditzan, beharrezkoa da ekintza horien diseinua Nafarroako Segurtasun Eskolak onetsitako Prestakuntza Planen diseinuarekiko homogeneoa izatea.
Hirugarrena.-Interesa duten erakunde eta entitate publikoek Barneko zuzendari nagusiari zuzenduko diote eskaera. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
1. Justifikazioko memoria, honakoekin:
a) Entitate eskatzailearen izaera juridikoa eta bere helburuak prestakuntzari dagokionez.
b) Homologatu nahi den prestakuntza ekintza zehatza, hori bukatutakoan emanen diren ziurtagiri edo diploma motak zehaztuta.
c) Prestakuntza ekintza horrek Segurtasun Eskolaren helburuekin duen lotura, langile publikoek larrialdien arloan dituzten prestakuntza beharren arabera.
2. Prestakuntza ekintza, honako hauek zehaztuta:
a) Prestakuntza ekintzaren izena.
b) Helburuak.
c) Hartzaileak, horien NANa adierazita.
d) Parte-hartzaileen kopurua (edizio bakoitzeko).
e) Edukia, ikasgaiak eta edukien multzoak zehaztuta, bakoitzari esleitutako ordu kopuruarekin.
f) Iraupena.
g) Ekintza egiteko tokia, egunak, ordutegiak.
h) Edizio kopurua.
i) Ekintza entitatearen prestakuntza programa baten barnean badago, hori osatzen duten prestakuntza ekintzak eta horiek gauzatzeko eskura dauden bitartekoak adieraziko dira.
3. Prestakuntza ekintzaren programa osatzen duten ikasgaiak emanen dituzten irakasleak.
4. Ebaluazioa: erakunde eta entitate publiko eskatzaileak zein ebaluazio mota eginen duen adieraziko du; nolanahi ere, horretan prestakuntza ekintzaren ebaluazioa, ikasleena eta irakasleena, sartuko da.
5. Dokumentazioa ebazpen honi atxikitako ereduei jarraikiz beteko da.
Laugarrena.-Prestakuntza ekintza homologatzen zaion erakundeak eta entitate publikoak ziurtagiriak ematen ahalko ditu, eta ekintzari dagokion dokumentazioan adieraziko du hori homologatzen duen Barne Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena. Barne Zuzendaritza Nagusiak jarraibideak ematen ahalko ditu ikasleei eman beharreko ziurtagiriaren ereduari buruz. Betiere, honako hauek agertuko dira:
Ikaslearen izen-deiturak. Ikastaroaren izena. Erakunde edo entitate antolatzailea. Homologazioaren ebazpenaren data. Lekua. Egunak eta irakastorduen kopurua.
Bosgarrena.-Erakunde eta entitate publiko edo erakunde eskatzaileek urte berean gehienez ere hirutan eskatzen ahalko dute beren prestakuntza ekintzak homologatzeko, eta inola ere abenduaren 1etik aurrera.
Eskaerak jarduerak egin baino 30 egun lehenago gutxienez aurkeztuko dira.
Seigarrena.-Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, behar den moduan arrazoituz eskatutako homologazioa eman ala ukatzen den.
Ebazpena emateko epea bi hilabetekoa izanen da, baina hori eten ahal izanen da dokumentazio osagarria aurkeztea beharrezkoa bada. Isiltasuna positibotzat joko da.
Zazpigarrena.-Prestakuntza ekintza bukatutakoan, erakundeak eta entitate publikoak ebaluazioen emaitza eta bertaratze irizpideak bete dituzten parte-hartzaileen zerrenda igorriko dituzte Barne Zuzendaritza Nagusira.
Hori Nafarroako Segurtasun Eskolak ezarritako datuekin eginen da.
Zortzigarrena.-Barne Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan eskatzen ahalko ditu homologatutako prestakuntza ekintzei dagokienez beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazioa eta datuak.
Bederatzigarrena.-Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F1216091