211. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1392/2012 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako "Nafarroako Itxaron-zerrendetako Erien Erregistro Orokorra" kudeatzeko jarraibideak onesten dituena.

Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeak eta, zehazkiago, 8. artikuluak, Nafarroako Itxaron-zerrendetako Erien Erregistroa sortu zuen, eta adierazi, bakarra izanen dela Foru Komunitate osorako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikita egonen dela eta maiatzaren 23ko 605/2003 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko duela.

Orobat, aipatu foru legean eta, zehazkiago, 5. artikuluan, eta hura garatzeko Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 26ko 21/2010 Foru Dekretuaren III. kapituluko 9. artikuluan, eriendako bermeak ezarri ziren gehieneko itxaronaldia betetzen ez denerako.

Arau horiek guztiak aldarrikatu ondoren eta nahiz Erregistroa bakarra den, koordinatuta eta deszentralizatuta kudeatu beharko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzak eta osasun zentro bakoitzeko zuzendaritzek eta harrera zerbitzuek aktiboki parte hartuta eta erantzukizuna banatuz.

Jardunbide horren aurrean, eta koordinazio eta homogeneizazio funtzionala bermatze aldera, beharrezkoa da oinarrizko arau sail bat ezartzea, baita aplikaziorako behar diren dokumentu administratibo egokiak ere, Nafarroako Itxaron-zerrendetako Erien Erregistro Orokorra ezarri, garatu eta jarraipena egiteko zerikusia duten prozedura eta prozesu administratiboak erregula daitezen.

Horrenbestez, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Estatutuek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Itxaron-zerrendetako Erien Erregistro Orokorra kudeatzeko jarraibideak", ebazpen honi erantsitako dokumentuetan jasotakoak, onestea.

2. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Ebazpen hau Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen zuzendariari, Nafarroako Ospitaleguneko, Tuterako Reina Sofía ospitaleko eta Lizarrako García Orcoyen ospitaleko zuzendariei, Osasun Mentaleko Zuzendaritzari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, Eriaren Arretarako Zuzendaritzari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko irailaren 21ean.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Ángel Sanz Barea.

NAFARROAKO ITXARON-ZERRENDETAKO ERIEN ERREGISTRO OROKORRA KUDEATZEKO JARRAIBIDEAK

1.-Sarrera.

Nafarroako Osasun Sistema Publikoko Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeak eta, zehazkiago, 8. artikuluak Nafarroako itxaron-zerrendetako erien erregistroa sortu zuen. Bakarra izanen da Foru Komunitate osorako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikita egonen da eta maiatzaren 23ko 605/2003 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko du.

Osasun laguntza espezializatua, programatua eta larrialdikoa ez dena, eskatzen duten eri guztiak inskribatuko dira erregistroan. Itxaron-zerrendei buruz jasoko duen informazioa une bakoitzean aplikatu beharreko oinarrizko araudian ezarritakoari lotuko zaio, eta Datuen Babesari buruzko Legean xedatutakoa beteko du beti.

Aipatu arauak aldarrikatu ondoren eta beharrezko euskarri informatikoetako aldaketak eginik, erregistroa sortu eta abian jarriko da. Erregistroa bakarra bada ere, ospitale bakoitzeko harrera zentro bakoitzak modu deszentralizatuan kudeatu beharko ditu altak eta bajak. Jardunbide horren aurrean eta koordinazioa eta homogeneotasun funtzionala bermatze aldera ematen dira jarraibide hauek; oinarrizko arauak ezartzea dute helburu, Nafarroako Itxaron-zerrenden Erregistroaren kudeaketari lotutako prozedurak erregula daitezen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzak berak eta osasun erakunde bakoitzeko zuzendaritzek beren artean banatzen dute erantzukizuna prozedura horiek garatu eta aplikatzean. Horregatik, prozedura bakoitzerako bereizten dira haietako bakoitzeko erantzuleak, prozesuaren garapena, bete behar diren dokumentuak eta prozeduraren fase bakoitzean erantzuteko epeak edo konpromisoak, horrelakorik bada.

Arau orokor gisa, Itxaron-zerrenden Erregistroaren kudeaketa dela-eta, ahal den aldiro jaso beharko dira erien lokalizazio eta informazioari loturiko prozesuetako jarduketa administratiboak.

Jarraibide hauen azken bi helburuak lortzeko, alde batetik, tresna administratibo bat behar da, itxaron-zerrenden gaineko informazioak Nafarroako osasun zentroetan dituen diferentzia kualitatibo eta kuantitatiboak homogeneizatzeko; horretarako, irizpide objektibo batzuk zehaztu behar dira eriak kontatzeko eta erantsitako datuak eskuratzeko.

Bigarren helburua lortzeko, Arartekoak behin eta berriro egindako gomendioei jarraitu gogo zaie, osasun zerbitzu bakoitzak euskarri teknikoetan islatu eta diseinatutako irizpide objektiboak har ditzan, erien erregistroei eta kanpoko kontsulta, proba osagarri eta ebakuntza kirurgikoen kontaketa, sailkapen, itxaronaldiko neurri eta oinarrizko adierazle eta datuei dagokienez; horrela, 21/2010 Foru Legea beteko da, eta Administrazioak hobeki beteko ditu administratuen eskubideekin dituen konpromisoak, itxaron-zerrenden gaineko informazio ona eta nahikoa eman behar baitie.

Azkenik, zerrenda beraren kudeaketa hobetzean oinarritzen da itxaron-zerrendetan esku hartzeko estrategietako bat; izan ere, nolako kudeaketa egin, halako akatsak sortzen dira bai informazio aldetik bai baliabideen aprobetxamenduaren aldetik.

Itxaron-zerrenden kudeaketa administratibo horrek hainbat neurri ditu, hala nola, erien kontaketa, zerrenden arazketa administratiboa, hitzordu aurreko deiak, zerrenden auditoriak (zerbitzuaren hornidurak adierazita jarraitzen ote duen kontrolatzea); horiek benetan itxaroten ari diren eriei buruzko informazio egiazkoagoa izaten laguntzeaz gain, zerrendak murrizteko ere lagungarriak izan daitezke.

Estrategia horien guztien garapenean modu koordinatuan jokatu eta azken helburuak lortu ahal izateko, uste dugu beharrezkoa eta ezinbestekoa dela jarraibide hauek onestea, itxaron-zerrenden ezagupen, jarraipen eta kudeaketa administratiboa bultzatuko baitute eta, aldi berean, indarra duen araudiaren eskakizunak beteko baitira.

2.-Nafarroako itxaron-zerrendetako erien erregistroa (Definizioa, atxikipena eta edukiak).

a) Definizioa.

Nafarroako itxaron-zerrendetako erien erregistroa, osasun arreta programatuaren zain dauden erien kontrol eta kudeaketarako tresna bat da. Nafarroako Osasun Sistemako edozein zentrotan, kanpoko kontsulten, proba diagnostiko eta terapeutikoen eta ebakuntza kirurgikoen zain diren eri guztiak hartuko ditu.

b) Onuradunak.

Nafarroako Osasun Sistemako Osasun-txartel indibiduala benetako berdintasun baldintzetan dutenek jasotzen ahalko dituzte itxaron-zerrendetako erien erregistroan izatearen onurak.

Aipatu txartela ez dutenek eskubide berak izanen dituzte, Estatuko legerian eta une bakoitzean aplikatzen diren itunetan aurreikusitako modu eta baldintza beretan.

Nahitaezko baldintza da erregistro horretan inskribatuta egotea uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean edo, zein den kasua, unean uneko araudian ezarritako itxaron bermeen onuradun izateko.

c) Kudeaketa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kudeatuko du Nafarroako Itxaron-zerrendetako Erien Erregistroa, maiatzaren 23ko 605/2003 Errege Dekretuan, apirilaren 26ko 21/2010 Foru Dekretuan eta hura garatu dezaketen arauetan jasotakoari jarraituz.

Jarraibide hauek praktikan jartzeko, haien eranskinean aipatutako dokumentuak erabiliko dira.

c) Edukia.

Osasun laguntza espezializatuko itxaron-zerrendako erien erregistroetan, maiatzaren 23ko 605/2003 Errege Dekretuan (Osasun Sistema Nazionaleko itxaron-zerrendei buruzko informazioaren tratamendu homogeneorako neurriak ezartzen ditu) aipatzen diren gutxieneko datuak inskribatuko dira eta, zehazkiago, kanpoko kontsulten eta proba diagnostiko terapeutikoen erregistroko I. eranskineko III. puntuan eta ebakuntza kirurgikoen erregistroko II. eranskineko III. puntuan jasotakoa.

e) Erien sailkapena.

Zer-nolako itxaronaldia den, horren arabera sailkatuko dira erregistroetako eriak.

1. Egiturazko itxaronaldian diren eriak: antolaketa eta dauden baliabideak direla eta, une jakin batean arretaren zain dauden eriak dira.

2. Une jakin batean erregistroan egonik, arretaren zain daudenak, baina ez antolaketagatik edo dauden baliabideengatik.

3. Kanpoko kontsulten (1. bisita) eta proba diagnostiko edo terapeutikoen zain dauden erien erregistroa.

I. Definizioak.

a) Une jakin batean, erakundeak baimendutako mediku batek eskaturik eta eskaera hori dokumentatuta dela, kanpoko kontsulta baten arretaren zain edo Osasun Laguntza Espezializatuko proba diagnostikoa/terapeutikoa egiteko zain dauden eriek osatzen dute kanpoko kontsultetako eta proba diagnostiko/terapeutikoetako itxaron-zerrendako erien erregistroa.

b) Mediku eskatzaileak kontsulta edo probarako adierazitako egunari esaten zaio erregistroko sarrera data.

c) Lehentasun arrunta eta, hortaz, berariazko lehentasunik behar ez duen eskaerari esaten zaio lehen data libreko hitzordua. Antolaketagatik ezin zaionean eriari lehen data libreko hitzordurik eman, hitzordu gabeko erien erreserba agendara pasatuko da eskaera.

d) Medikuaren iritziz hala aginduta, eri bati espezialitate jakin batean eta osasun arazo berri bat dela-eta, lehen aldiz egindakoari esaten zaio lehen kontsulta. Aldian aldiko azterketa prebentiboak eta beste edozein azterketa guztiz baztertuta daude lehen bisiten erregistro honetatik. Hemen adierazitakoari lotuta ez dauden eskaerak ez dira inoiz lehen bisitatzat hartuko.

e) Anamnesiatik eta eriari egiten zaion oinarrizko osasun azterketatik kanpo, kontsultarena ez den beste denbora bat esleituta behar duela, kontsulta edo gela berezi batean egindako proba edo azterketa osagarriari esaten zaio proba diagnostikoa/terapeutikoa.

II. Erien sailkapena.

Honela sailkatzen dira erregistroko eriak:

1. Egiturazko itxaronaldian diren eriak: antolaketagatik eta dauden baliabideengatik, une jakin batean laguntza espezializatuko kontsultan arreta jaso edo proba diagnostiko terapeutikoa egin zain dauden eriak dira, hitzordua izan edo ez.

2. Egiturazkoa ez den itxaronaldian diren eriak: une jakin batean erregistroan dauden eriak dira, itxaronaldia ezin zaienean egotzi antolaketari eta baliabideei, hitzordua eskatzeko inguruabar bereziei baizik:

-Eriaren beraren borondateari egozten ahal zaion atzerapena duten eriak (arrazoi pertsonalak, lan arrazoiak edo medikua norberaren borondatez aukeratzea dela-eta borondatezko itxaronaldia duten eriak).

-Erregistroan dauden gainerako eriak. Hitzordua ezarri zaie, medikuak eskatu duen eguna oinarri hartuta.

III. Eriak lehenestea.

Eriak lehenestea kanpoko kontsultarako eta proba diagnostikorako. Bi lehentasun hauek bakarrik hartuko dira kontuan eriak erregistroan sartzeko:

-1. lehentasuna: lehentasunezko eskaera, 15 egunean gehienez ere egin beharreko eskaera da.

-2. lehentasuna: eskaera arrunta, lehentasun elementurik ez duen kontsultarako edo proba osagarrirako eskaera da.

IV. Kanpoko kontsultetako eta proba diagnostiko/terapeutikoetako itxaron-zerrendaren erregistroko gutxieneko datuak.

Hauek dira erregistroan jaso beharreko gutxieneko datuak:

-Eriaren identifikazio, helbide eta telefono eguneratuak, hura lokalizatu behar bada.

-Erregistroko sarrera data: mediku eskatzaileak kontsultarako edo probarako adierazitako eguna.

-Eskatzailea: honako hauetako mediku eskatzailearen identifikazio datuak:

  • Oinarrizko Osasun Laguntza.
  • Laguntza Espezializatua.
  • Ospitalea, erreferentziako eremuak.
  • Baimendutako beste eskaera batzuk.

-Espezialitatea, azpiespezialitatea, eskatutako proba diagnostiko terapeutikoa.

-Eriaren lehentasuna:

  • Lehentasunezko eskaera.
  • Eskaera arrunta.

-Eskatutako hitzorduaren data: erregistroko sarrera data bera izanen da, salbu mediku eskatzaileak komenigarri gisa adierazitako beste data bat duten kasuak; orduan, azken hori izanen da.

-Esleitutako hitzorduaren data: eriak hitzordua duen eguna.

-Bermearen inguruko egoera (bermerik duen, ez duen edo hori galdu duen; azken horretan, galera ekarri duen arrazoia zehaztu beharko da).

-Erregistrotik ateratzeko arrazoia: nola bukatu den gertakaria:

1) Zentroan bertan egindako kontsulta/proba diagnostikoa/terapeutikoa.

2) Beste zentro batean egindako kontsulta/proba diagnostikoa/terapeutikoa.

3) Ateratzeko beste arrazoi batzuk.

-Irteera data:

Eriaren bisita eguna edo beste arrazoi batzuengatiko irteera data.

V. Kanpoko kontsulten eta proba diagnostikoen edo terapeutikoen zain dauden erien erregistroko sarrerak.

Kanpoko kontsulten eta proba diagnostikoen edo terapeutikoen zain dauden erien itxaron-zerrendaren erregistroan sartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak horretarako gaitutako mediku batek eskatuta eginen dira.

Osasun laguntzako edo oinarrizko osasun laguntzako zein zentrori dagokion, hango harrera unitateak gauzatuko du inskripzioa erregistroan, kontsulta edo probarako eskaeraren dokumentua, agindua ematen duen fakultatiboak sinatu eta/edo baliozkotua, jasotzen duenean. Mediku eskatzaileak eskaera dokumentuan adierazitako kontsulta edo probarako eguna izanen da erregistroko sarrera data.

Inskripzioa eginik eta arreta eguna esleiturik, eriari edo bere ordezkariari hitzorduaren kopia emanen zaio, bertan erregistroko sarrera data eta arretarena, hau zehazterik bada, adierazita.

4.-Ebakuntza kirurgiko programatuaren zain dauden erien erregistroa.

I. Definizioak eta irizpideak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak baimendutako mediku espezialista kirurgiko batek ezarritako prozedura diagnostiko edo terapeutiko baten agindu ez presazkoa duten erien erregistroari esaten zaio ebakuntza kirurgiko programatuaren zain dauden erien erregistroa; eriak onartuta izan beharko du, eta ospitaleak operazio-gela erabiltzea aurreikusita.

Ebakuntza egitea ospitalizazioan programatuz gero, ebakuntza hori jasan behar duten eriak ez dira erregistroan sartuko, ezta edozein organo transplanteren zain dauden eriak ere.

Kirurgiako mediku espezialistak zein egunetan betetzen duen eria ebakuntza zerrendaren erregistroan inskribatzeko eskaera, hura izanen da erregistroko sarrera data.

Eriari zein egunetan ematen zaion baja erregistroan, hura izanen da erregistroko irteera data. Erregistrotik ateraz gero, dokumentatu egin beharko da, eta hartarako arrazoia adierazi.

Erregistroan sartzeko, beharrezkoa da eriak aldez aurretik adieraztea ados dagoela ebakuntza kirurgikoarekin, itxaron-zerrendan sartzeko eskaeraren dokumentua sinatuta.

Itxaron-zerrendan sartzeko eskaera beterik, osasun arloko langileek ospitaleko Harrera Zerbitzura igorriko dute, hark erregistroan sar dezan, aurreikusitako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren.

Inskripzioa eginik, Harrera Zerbitzuak idatzita jakinaraziko dizkio eriari edo bere ordezkariari honako hauek: erregistroan sartu dela, haren funtzionamenduarekin zerikusia duten zenbait alderdi eta eskubide eta betebeharrei lotutako interes bereziko kontu batzuk.

Eriak ez badu adierazten ados dagoela erregistroan egotearekin, horren oharra jasoko da historia klinikoan; orobat, eriak ez duela une horretan eskaera izenpetu nahi, beste une batean adostasuna adierazteko aukera galarazi gabe.

II. Erien sailkapena.

Hauxe da erregistroan sartutako erien sailkapena, itxaronaldi motaren arabera:

a) Egiturazko itxaronaldian diren eriak: antolaketagatik edo dauden baliabideengatik une batean ebakuntza kirurgikoa egin zain dauden eriak dira.

b) Beste zentro batean ebakuntza kirurgikoa egiteko proposamena ukatu ondoren itxaronaldian diren eriak: herritarrek libreki aukeratu dutelako, ebakuntza kirurgikoa egin zain dauden eriak dira.

c) Aldi baterako programatu ezin den ebakuntza jaso behar duten eriak: ebakuntza kirurgikoa egin zain dauden eriak, une jakin batean ebakuntza ezin programatu delako, honako arrazoi hauetako bat dela-eta:

-Ebakuntza aldi baterako galarazten edo gomendatzen ez duten arrazoi klinikoengatik itxaronaldian dauden eriak.

-Ebakuntza arrazoi pertsonalak edo lan arrazoiak direla-eta atzeratzeko eskatzeagatik itxaronaldian diren eriak.

III. Eriak lehenestea.

Hauek dira lehentasunak ebakuntza agindu baterako:

1. -1. lehentasuna: erien tratamendu kirurgikoa programagarria izanik, hura 30 egun baino gehiago ezin luzatu denean.

2. -2. lehentasuna: egoera kliniko edo sozialagatik ebakuntza zerbait luzatzeko aukera duten eriak, baina hobe denean hura 90 egun baino lehenago egitea.

3. -3. lehentasuna: duten patologiagatik tratamendua luzatzerik duten eriak, ondorio larririk ez duelako.

IV. Itxaronaldi kirurgikoko zerrendaren erregistroko gutxieneko datuak.

Hauek dira erregistroan jaso beharreko gutxieneko datuak:

-Eriaren identifikazio, helbide eta telefono eguneratuak, hura lokalizatu behar bada.

-Eriaren erregistroko sarrera data.

-Zein zerbitzu kirurgikok eta fakultatibok agindu duten itxaronaldi kirurgikoaren zerrendan sartzea.

-Eria lehenestea.

-Zerrendan sartzeko diagnostikoa.

-Aurreikusitako prozedura kirurgikoa.

-Eriaren egoera (itxaronaldi mota):

1. Egiturazkoa.

2. Beste zentro bati uko egiteagatik itxaronaldian den eria.

3. Aldi batez programatu ezin den ebakuntzaren zain den eria.

-Bermearen inguruko egoera (bermerik duen, ez duen edo hori galdu duen; azken horretan, galera ekarri duen arrazoia zehaztu beharko da).

-Ateratzeko arrazoia:

1. Ebakuntzagatik.

2. Beste arrazoi batzuengatik.

-Irteera data:

Eriaren ebakuntza kirurgikoaren eguna edo beste arrazoi batzuengatiko irteera data.

5. Eriak itxaron-zerrenden erregistro orokorretik ateratzea.

Hauek dira eriak itxaron-zerrendaren erregistroetatik ateratzeko eta baja hartzeko arrazoiak, zein izan diren ere haietan sartzeko inguruabarrak:

a) Eskatutako prestazioa, ebakuntza kirurgikoa, kanpoko kontsulta edo/eta proba diagnostikoa egin izana.

b) Eriak erregistroan agertzeari egindako ukoa, idatziz adierazita.

c) Kontraindikazioa izatea edo itxaron-zerrendan sartzeko arrazoi izandako osasun arreta desagertzea, medikuaren txostenaren arabera.

d) Eriaren heriotza.

e) Bermearen egiaztagiria luzatzea, haren gehieneko denbora iraganik, eriak eskatu eta berak aukeratutako zentro batean (osasun sistema publikokoa ez dena) arreta izatea hautatzen duenean.

f) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroan edo hark eskainitako beste zentro batean ebakuntza kirurgikorako, kanpoko kontsultarako edo proba osagarrirako hitzordura ez agertzea edo aurkeztea, justifikatuko lukeen arrazoibiderik gabe.

g) Eriak arreta atzeratu edo geroratzen duenean arrazoi justifikaturik gabe.

h) Itxaron-zerrenda kirurgikoen erregistroak ezin izan duenean harremanetan jarri eriarekin hiru telefono dei eginda egun eta ordu desberdinetan, arretaren abisua telefonoz egiten denean. Ez bada horrela harremanik lortu, gutun bidez jakinarazi beharko da, hartu-abisuarekin, erregistrotik aterako dela ez bada harremanetan jartzen ospitale zentroarekin zazpi egun naturaleko epean, gutuna hartu eta biharamunetik hasita.

Erregistrotik ateraz gero, dokumentatu egin beharko da, eta bertan arrazoiak agertu beharko du, eta maiatzaren 23ko 605/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da irteera eguna.

6.-Osasun laguntza ez izatea edo arreta programatua atzeratzea justifikatzen duten inguruabarrak.

Osasun laguntzarik ez izateko edo arreta programatua atzeratzeko arrazoi justifikatua da egun horretan inguruabar hauetako bat gertatzea:

a) Ezkontza.

b) Seme-alaben jaiotza, adopzioa edo adingabea familian hartzea.

c) Bigarren mailara arteko (hori barne) odol edo ezkontza bidezko ahaideen heriotza edo eritasun larria.

d) Betebehar pertsonal saihestezin bat betetzea.

e) Ikasketa ofizialen ondoriozko azterketak.

f) Ezinbestekoren bat edo eriaren nahiarekin zerikusirik ez duen edozein ustekabe, haren betebeharra galarazten duena, edo aurreikus badaiteke, saihestezina dena.

Aurreko atalean aurreikusitako inguruabarren batengatik hitzordu programatuan agertzen ez bada, ez da erregistrotik aterako, eta ez da aldaketarik izanen itxaron-zerrendan duen hurrenkeran, baldin behar bezala egiaztatzen bada, baina eten eginen dira itxaronaldia bermatzen duten gehieneko denborak.

7.-Itxaronaldiaren gehieneko epeen bermeak eten eta galtzeko arrazoiak osasun laguntza espezializatu programatuan.

Itxaronaldiaren gehieneko epeen bermeari buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera, inguruabar hauengatik eten eta galduko dira bermeak.

1. Etendura.

Erantzuteko gehieneko epeak eten eginen dira honako hauek gertatzen direnean:

a) Eriak eskatuta, arrazoi justifikagarriak alegatuta (6. atalean adieraziak) eta eskaintzen zaion osasun arretari uko egin gabe, laguntza bermatua (ebakuntza kirurgikoa, kontsulta edo proba diagnostikoa) denbora jakin baterako atzeratzeko eskatzen duenean.

b) Arreta prozesua atzeratzea justifikatu eta aholkatzen duen arrazoi klinikoren bat dagoenean.

c) Osasun zerbitzu edo zentro batean edo gehiagotan eragina duten hondamendia, epidemiak, grebak edo disfuntzio eta larrialdiak daudenean.

Aurreko atalean aipatu diren eteteko arrazoiak gertatzen direnean, eria egiturazkoa ez den itxaronaldian geldituko da, kanpoko kontsulta edo proba diagnostikoa bada, edo aldi baterako programatu ezin diren erien itxaronaldian, ebakuntza kirurgikoa bada, arrazoi horiek desagertu arte. Arrazoiak desagerturik, egiturazko itxaronaldira itzuliko da.

Epearen etendura ekartzen duten inguruabarrak desagertutakoan hasiko da berriro kontatzen erantzunaren gehieneko denbora.

2. Bermea galtzea.

Arau bidez ezarritako gehieneko denboraren bermea eraginik gabe geldituko da, erabiltzaileak:

a) Arreta bermatua justifikatzen zuen agindurik gabe gelditzen denean.

b) Bere borondatez uko egiten dionean arreta bermatuari.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eskaintzen dituen alternatiba batzuk aukeratzen ez dituenean horretarako ezarritako epean, edo osasun laguntzarako eskaini zaizkion zentro alternatiboei uko egiten dienean.

d) Arrazoi justifikaturik gabe, hitzordura agertzen ez denean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eskaintzen dio zentroan.

e) Arreta atzeratzen duenean, arrazoi justifikaturik gabe.

f) Eriak hautatzen duen fakultatiboak, espezialista libreki aukeratzen ahal baitu, ezin duenean, edozein arrazoi dela medio, erantzuteko gehieneko denbora bermatu.

g) Erabiltzailearen betebeharrak jaso eta ezartzen dituen artikuluko a, b eta d idatz-zatietan adierazitako betebeharretakoren bat betetzen ez duenean.

a, b, d eta e kasuetan, eriari baja emanen zaio erregistroan.

Gainerako ataletan, nahiz arretarako bermea galdu, itxaron-zerrenden erregistroan jarraituko du, egiturazkoa ez den egoeran.

8.-Onuradunen betebeharrak.

Aurreikusitako gehieneko denboraren bermea eraginkorra izan dadin, erregistroan inskribatutako erabiltzaileak honako hauetara behartuta daude:

a) Telefonoari, helbideari edo posta elektronikoari buruzko datuak eguneratuta izatera, deien ondorioetarako.

b) Arreta bermatua atzeratzeko eskaera justifikatzera, arrazoi pertsonalak daudenean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erabakitzen duen prozedura baliatuz.

c) Ahal denean, hitzordu batera ez aurkezteko erabakiaren berri garaiz ematera.

d) Eskatzen zaion beharrezko informazioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari ematera, arreta bermaturako alternatibarik egokiena esleitu ahal izateko.

e) Gehieneko denboraren bermerako eskubidea erabiltzean atzematen dituen akatsen berri ematera osasun erakundeen arduradunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezartzen duen prozedura baliatuz.

9.-Berme sistema. Egiaztagiria baimentzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

Uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legearen 5. artikuluari eta gehieneko epea ez betetzearen ondoriozko bermeak jasotzen dituen apirilaren 26ko 21/2010 Foru Dekretuaren III. kapituluko 9. artikuluari jarraituz, indarreko araudian finkatutako gehieneko itxaronaldiak iraganez gero, eriak osasun arreta eskatzen ahalko dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari; horretarako, "Osasun arreta espezializatuan erantzuteko gehieneko denborak bermatzeko egiaztagiria" eskatuko du, eta Eriaren Arretarako Zuzendaritzak emanen dio Prestazio eta Itunen Zerbitzuaren bitartez, bost eguneko epean gehienez ere, eriak edo legezko ordezkariak eskaeraren dokumentua aurkeztu eta erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen dituela Nafarroako itxaron-zerrendetako erien erregistroan egiaztatu ondoren.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Arretarako Unitateetan aurkezten ahalko da egiaztagiriaren eskaera.

A) Bermearen egiaztagiriaren edukiak.

Bermea egiaztatzen duen agiriak elementu hauek izanen ditu, gutxienez ere:

1. Norberaren datuak, eriaren NANa, helbidea eta harremanetarako telefonoak.

2. Izena, deiturak eta NANa, eskatzailearen legezko ordezkaria izatera.

3. Itxaron-zerrendan egiaztatutako inskripzio eguna.

4. Bermearen xedeko osasun prestazioa, erreferentzia espres adierazita.

5. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroko zein zerbitzu, atal eta eremu klinikotan egitea adierazi zen osasun prestazioa.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zenbateko dirutza ordaintzeko konpromisoa hartzen duen eriak hautatutako osasun zentro itunduari. Zenbateko hori eman gogo den osasun laguntzaren ondoriozko gastuetarako da, dieten eta joan-etorrien gastuak barne, indarra duen araudiaren arabera haietako eskubiderik bada.

7. Jasota geldituko da dokumentu hau luzatzeak itxaron-zerrendako erien erregistrotik ateratzea dakarrela eta eriak aukeratutako zentroari dagokiola ematen zaion osasun laguntzaren erantzukizuna.

8. Ordain dadin aurkeztu beharreko dokumentuei buruzko informazioa.

9. Dokumentuaren balio-aldia hiru hilabetekoa izanen da, luzatzen denetik.

B) Osasun laguntza ordaintzeko baldintzak.

Eriak aukeratutako zentro batean eman behar denean osasun arreta, aukeratutako zentro itundua esleituko dio eriari Prestazio eta Itun Zerbitzuak, prestazioa eman diezaion, eta eria deribatzeko kudeaketaz arduratuko da, eta osasun arretarako behar den informazio klinikoa ematen dela ziurtatuko du. Eskatutako deribazioa eta arreta eginik, ospitale zentroarekiko itunean ezarritako baldintzen arabera tramitatuko da ordainketa edo ordainduko da prestazioaren kostua.

C) Ordaintzeko betebeharretik baztertzeko kasuak.

Emandako arretaren ondoriozko gastuak ordaindu beharrik ez da izanen:

-Eriak ez duenean Prestazio eta Itun Zerbitzuaren baimenik, hori behar badu, nahiz eta ezarritako gehieneko itxaronaldiak igaro.

-Prestazio eta Itun Zerbitzuak baimendutako zentroan ez, beste batean ematen denean osasun laguntza.

-Eriak berak eskatzen duenean osasun arreta.

-Itxaron-zerrendako erien erregistroan inskribatu zenean sortutakoez bestelako prestazioak direnean, salbu, ebakuntza kirurgikoen kasuan, praxi egokiagatik ikusten bada ekintza kirurgiko berean ebatzi behar dela.

-Hiru hilabete baino gehiago iragaten denean, egiaztagiria luzatzen denetik bermearen xedeko prestazioa egin arte.

-Kontsulta, proba diagnostikoa edo ebakuntza kirurgikoa Nafarroako Osasun Administrazioaren zerbitzuko langileek egiten dutenean.

-Osasun jarduerak ez daudenean Osasun Sistema Nazionalean oinarrizko prestakuntza arrunt gisa jasota indarra duen legerian.

-Foru araudi aplikagarrian ezarritako baldintza edo aurreikuspenen bat betetzen ez denean.

D) Gastuen ordainketa.

Gehieneko itxaronaldia iraganik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, emandako osasun laguntza dela-eta, ordaindu beharreko diru kopuruak horretarako aurkezten den fakturakoak izanen dira; Nafarroako Foru Komunitateko osasun laguntza itunduko zerbitzuei aplikatzen zaizkien baldintza ekonomikoentzat aurreikusitako kopuruak dira haren gehieneko zenbatekoa. Fakturan zenbateko hori baino kopuru handiagorik ageri bada, eriaren kontura izanen da aldea.

Eriaren joan-etorrien eta dieten gastuak, eta laguntzailearenak, halakorik bada, bermearen xedeko osasun laguntza jasotzera joan-etorria egin behar dutenean, indarra duen araudian Nafarroako osasungintzako erabiltzaileentzat gastu horiek ordaintzeko jasotako zenbateko eta baldintzen arabera ordainduko dira.

Ez da eskubiderik izanen joan-etorrien gastuak kobratzeko, eriak edo bere ahaideek Foru Komunitatetik kanpoko osasun zentro bat aukeratzen badute, non ez den ezinezkoa prozedura hori Nafarroako zentro batean egitea eta, horregatik, Prestazio eta Itun Zerbitzuak aldez aurretik joan-etorria baimendu badu eta, betiere, Estatuaren lurraldearen barrenean.

E) Bermearen egiaztagiriari uko egitea.

Egiaztagiria izan eta erabili ez bada, bermeari uko egiteko eskatzeko, eriak edo legezko ordezkariak "Bermearen egiaztagiria" aurkeztu eta hari uko egiteko atala bete beharko du.

Uko egitea erregistraturik, egiaztagiria deuseztatuko da, eta eriak itxaron-zerrenden erregistroan jarraituko du egiturazko egoeran.

Iragarkiaren kodea: F1214654