1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
111/2012 FORU DEKRETUA, urriaren 17koa, uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.
Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa.
Uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez, aipatu departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan, departamentuko administrazio unitate guztiak eta bakoitzari dagozkion eginkizunak zehatz-mehatz arautu ziren.
Foru dekretu honen bidez foru dekretu hura aldatzen da, Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura murrizten baita, bi zerbitzu bateratuz. Horrek ez du eraginik izanen departamentuaren eragimenean eta eraginkortasunean, haren funtzionamenduari eta eginkizunak betetzeari dagokienez.
Hori horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra. Uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Politiketako Departamentuaren egituraren aldaketa.
Bat. 8. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
"8. artikulua. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzua.
b) Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua.
c) Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzua.
2. Era berean, Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia erakunde autonomoa Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari atxikirik geldituko da."
Bi. II. kapituluaren 3. atala, hemendik aurrera, "Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua" deituko da, eta 13. artikulutik 18.era bitarteko artikuluak bertan sartuko dira.
Hiru. 13. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
"13. artikulua. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala eta haren egitura.
1. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eskudantziak izanen ditu gizarte zerbitzuen, garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta immigrazioko politiken koordinazioaren esparruetan, bereziki, honako hauek:
a) Gizarte Zerbitzuen Zentroak ezartzea, bai eta zentro horien kudeaketa eta zentro horietan integratuta dauden profesional anitzeko taldeak koordinatzea ere, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuarekin koordinaturik.
b) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kudeatzeko ardura duten toki entitateekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.
c) Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea departamentuaren planak eta programak diseinatu, ebaluatu eta jarraitzeko.
d) Oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileendako prestakuntza programak, Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak diseinatzen dituenak, koordinatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzea.
e) Gizarteratzeko programa eta prestazioak koordinatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzea.
f) Bestelako unitate, departamentu eta erakundeekin koordinatzeko egiturak bultzatzea, gizarteratzeko programak gauzatzeko.
g) Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan jarduketa programak prestatzea eta immigrazioko politikak koordinatzea, departamentuak finkatzen dituen helburu eta jarduketa-ildoetatik abiatuta.
h) Garapen bidean diren herrialdeei Nafarroako Gobernuak ematen dien laguntza ofiziala kudeatzea.
i) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan finantzatzen dituen proiektuak ebaluatu eta jarraitzeko programak prestatu eta gauzatzea.
j) Departamentua beste departamentu, administrazio publiko eta erakunde batzuekin koordinatzeko neurriak har daitezen proposatzea, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eta immigrazioko politiken koordinazioaren arloan dauden baliabideak optimizatzeko.
k) Garapenerako nazioarteko lankidetzaren eta immigrazioko politiken arloetan Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen diren proiektu eta ekintzak kontrolatzea.
l) Immigrazioari buruzko politika publikoak, planak eta programak sustatu eta koordinatzea, bikoizketak saihestuz eta erabilgarri dauden baliabideak egiazki arrazionalizatuz.
m) Immigrazioaren Behatoki Iraunkorra.
n) Atzerriko herritarrei informazioa eta arreta ematea.
ñ) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitate bati espresuki esleitu ez zaion beste edozein eginkizun, eta eskuordetzen edo agintzen zaizkionak.
2. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Oinarrizko Laguntzaren Atala.
b) Gizarteratze Atala.
c) Garapeneko eta Ekintza Humanitarioko Programen Atala
d) Immigraziorako Atala."
Lau. II. kapituluko 5. atala, hemendik aurrera, 4. atala izanen da, baina edukia ez da deus ere aldatzen.
Bost. 27. artikulua aldatu da. Hona testu berria:
"27. artikulua. Informazio eta Modernizazio Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.
Informazio eta Modernizazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek: (...)."
XEDAPEN GEHIGARRIA
Xedapen gehigarri bakarra.-Izendapena berrestea.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren eta Immigrazioaren Zerbitzuko buruaren alde egindako izendapena berresten da, hura egin zen baldintza beretan (zerbitzuari izena aldatu zaio eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua da orain).
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe utzi da Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren 16. artikulua.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.-Aurrekontu aldaketak.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren aurrekontu aldaketak egiteko.
Azken xedapenetan bigarrena.-Garatzeko ahalmenak.
Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2012ko urriaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Jesús Pejenaute Grávalos.
Iragarkiaren kodea: F1214586