205. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

863/2012 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ablitasko udal mugapeko (Nafarroa) Ablitas I parke eolikoaren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Eólica Navarra, S.L.U. da.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 26an emandako 0313/2006 Ebazpenaren bidez, Ablitasko La Degollada alderdian Eremu Energetiko Esperimental bat instalatzeko ingurumen ukipenetarako baimena eman zen. Sustatzailea Eólica Navarra, S.L. da.

Proiektuan 4 airesorgailu instalatzea aurreikusi zen, bi 3 Mw-ekoak eta beste bi 2,75 Mw-ekoak. Ebakuazioa 66 kV-eko linea elektriko baten bidez egin behar zen, 2,7 kilometroko linea baten bidez, eremu esperimental eolikoaren azpiestaziotik Iberdrolaren Ribaforadako azpiestazioraino.

Gero, Eólica Navarra S.L.U.k Ablitas Parke Eolikoaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aurkeztu du. Horrekin batera, Ablitas Parke Eolikoaren aurreproiektua (I. fasea) eta Ablitasko La Degollada alderdiko Eremu Energetiko Esperimentalari dagokion ingurumen agiri osagarria aurkeztu ditu.

Horrenbestez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez, kontuan harturik proiektuaren ezaugarriak, proiektuak ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du, foru dekretu horren 3A eranskinean egoteagatik.

Parke eolikoak 147,53 hektarea hartzen ditu, eta koordenatu hauek dituen poligonalak mugatua dago:

X

Y

620.076

4.648.129

619.585

4.647.996

619.278

4.647.434

619.361

4.646.448

619.636

4.646.069

620.330

4.647.239

620.361

4.647.971

Proiektuan 7 airesorgailu instalatzea aurreikusita dago; horietatik 4 Eremu Energetiko Esperimentalean jartzeko onetsi zirenekin bat datoz, eta beste 3 inguruetan kokatuko dira. Erabili nahi den modeloa hau da: Gamesa G90, 2 Mw-ekoa. Modelo horren abatza 80 metro luze da, eta errotorearen diametroa 90 metrokoa. Dorreetako ainguratze-zapatek 18 metroko diametroa izanen dute. Behar izanez gero, 45x45 metroko plataforma horizontal bat ere eraikiko da, bertan ekipamenduak jasotzeko garabia kokatu ahal izateko. Egun dauden bideetatik airesorgailuetara iristeko bideak ere eginen dira, 5 metroko zabalera izanen dutenak.

Airesorgailuez gainera, parke eolikoaren erdialdean transformazio zentro bat instalatuko da (20 kV-etik 66 kV-era), kontrol eraikin txiki bat transformazio zentroaren ondoan eta energia ateratzeko goi tentsioko aireko linea bat, 66 kV-ekoa, zirkuitu bakunekoa, 3 bat kilometrokoa, parke eolikoaren transformazio zentroa eta 66 kV-eko linea elektriko bat konektatuko dituena (linea hori Gamesak sustatutako G10X UPSean onetsita dago). 2012ko uztailaren 23an aurkeztutako dokumentazioaren arabera, energia ateratzeko linearen lehenengo tartea, 900 bat metroko luzera duena, lur azpitik joanen da, parke eolikoaren transformazio zentrotik AP-68 autopistaren ondoan kokatuko den euskarri bateraino. Handik, airez, Gamesak sustatutako G10X UPSean onetsitako 66 kV-eko linea elektrikoraino iritsiko da, lehen aipatutako horrexetaraino. Tarte hau 2.100 metro luze izanen da, gutxi gorabehera.

2011ko martxoaren 9an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi zuen Ingurumen eraginaren azterlana nahikoa zela Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan aurreikusita dagoenaren arabera.

Nafarroako Gobernuak 2011ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez (2011ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 28an), Ablitasen parke eoliko bat instalatzeko proiektua, Eólica Navarra, S.L.U. enpresak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen, eta espedientea jendaurrean jarri zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2012ko uztailaren 23an, sustatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu du, zehazki, energia ateratzeko linea elektrikoa eta parke eolikoaren barreneko bideak eraikitzeko xehetasunei buruzkoa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ablitasko udal mugapeko (Nafarroa) Ablitas I parke eolikoaren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Eólica Navarra, S.L.U.k sustaturik.

2. Proiektua gauzatzeko orduan, aurkeztutako dokumentazioan sartutako zuzenketa neurri guztiez gainera, honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

-Obrak hasi aurretik, sustatzaileak lanak egiteko aurreikusitako egutegia aurkeztu beharko du, kontuan hartuz eremu horretako espezie sentiberenen ugalketa aldia saihestu beharko dela.

-Ez da obra-hondakindegiren beharrik aurreikusten, materialen konpentsazioa eginen delakoan. Isurketa eremuak behar izanez gero, ingurumen ondorioetarako behar diren baimenak lortu beharko dira.

-Obren, sarbideen, airesorgailuen, linea elektrikoen eta instalazio osagarrien okupazioaren mugak seinaleztatu beharko dira tokian bertan, floraren eta landarediaren gaineko ukipenak Ingurumen Eraginaren Azterlanean aurreikusitakoak baino handiagoak izan ez daitezen.

-Obrak hasi aurretik, jarduera eremuko hegaztien jarraipenerako proposamena aurkeztuko da, hala obra faserako, nola funtzionamendu faserako.

-Energia ateratzeko linea elektrikoa eta airesorgailuetara iristeko bideak 2012ko uztailaren 23an aurkeztutako dokumentazioaren arabera eraikiko dira.

-Inguruan dagoen neurketa meteorologikoaren dorrea beste toki batera eraman behar izanez gero, obrak hasi aurretik, haren behin betiko kokapena eta aurreikusten diren prebentzio neurriak zehazten dituen proiektua aurkeztu beharko da Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalean.

3. UPSa Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera eta egoki gauzatzeko betebeharrei erantzuteko, sustatzaileak aurkezten duen abala erabiliko da, orobat, proiektua gauzatzearen ondorioz eragin litezkeen ingurumen kalteak konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ablitasko eta Ribaforadako udalei, Tutera aldeko Basozaintzari eta sustatzaileari.

Iruñean, 2012ko irailaren 10ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1213197