205. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2307/2012 EBAZPENA, urriaren 3koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2012ko ekitaldirako.

Minusbaliatuen Integrazio Sozialari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 42.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, enplegu-zentro bereziak dira lan produktiboa egitea xede nagusia dutenak, merkatuko eragiketetan erregulartasunez parte hartuz. Zentro horien helburua da desgaitasuna duten langileei lan ordaindua bermatzea eta egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuak ematea. Halaber, desgaitasuna duten pertsonak, ahalik eta gehienak, lan araubide normalizatuan integratzeko bidea da.

Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren VI. kapituluak zentro horiek finantzatzeko bideak zehazten ditu. Zehazki, administrazio publikoek enplegurako ezartzen dituzten laguntza-programen ondoriozko mantentze laguntzen artean (kapitulu horren 10. artikuluaren e) letrakoak), desgaitasuna duen pertsonak betetzen duen lanpostu bakoitzeko diru-laguntza zegoen.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioak 1998ko urriaren 16an emandako Aginduak enplegu eta lan autonomoko zentro berezietan aritzen diren minusbaliatuak lan munduan sartzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak onetsi zituen. Enplegu-zentro berezietako lanpostuak mantentzeko, lege horrek ezartzen du enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren %100eko hobaria ematen ahal dela, lan istripuen edo lanbide eritasunen kuotak barne, bai eta baterako bilketako kuotak ere. Horrez gain, diruz laguntzen ahalko da desgaitasuna duen pertsona batek betetzen duen lanpostuaren soldata-kostua, langileak lanaldi normala badu eta Gizarte Segurantzan alta egoeran badago. Diru-laguntza honen zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren %50a izanen da. Lanaldi partzialeko lan-kontratuaren kasuan, diru-laguntza murriztuko da lanaldi osoa murrizten den proportzio berean.

Agindu hori betetzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 29ko 866/2012 Ebazpenaren bidez, soldata-kostuaren diru-laguntzak eman ziren, adierazitako zenbatekoan.

Bestetik, kontuan hartu behar da enplegu-zentro berezietako langileek desgaitasun maila eta mota ezberdinak izaten ahal dituztela, edo lanerako ezintasun bat, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen arabera desgaitasunaren balorazioaren parekoa bada. Bistakoa da laneko produktibitatea ezberdina dela aurreko kontuen arabera eta, horregatik, beharrekotzat jotzen da bereziki diruz laguntzea pertsona horiek lan munduan sartzeko zailtasun bereziak badituzte, hots:

a) Garun-perlesia, buruko eritasuna edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, betiere %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

b) Desgaitasun fisiko edo zentzumenezkoa duten pertsonak, betiere %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

Hortaz, diruz lagundu nahi da irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileen soldata-kostua, lanaldi osokoa, lanbide arteko gutxieneko soldataren %25eko zenbatekoan, eranskineko oinarri arautzaileen arabera.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarri arautzaileak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2012. urterako.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2012ko irailaren 19ko bilkuran erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea enplegu-zentro bereziei diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabilita, zentro horietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko. Halaber, Gobernuaren aipatu erabakiak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zion urte anitzeko gasturako.

Azkenik, aipatu behar da Europako Gizarte Funtsak ematen duen finantza laguntza, enplegu-zentro bereziei desgaitasuna duten pertsonen soldata-kuoten inguruan ematen zaizkien laguntzetan. Deialdi honen helburuekin bat, Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilearen lehentasun estrategikoetako bat da, hain zuzen ere, lan-merkatu inklusiboak lortzea, lana erakargarriago bihurtuz eta enplegu eskatzaileei haien lanagatik ordainduz, behar handiak dituzten pertsonak eta lanik gabekoak barne.

Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onesten dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko diru-laguntzen deialdia onestea, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldirako.

2. Ebazpen honen eranskinean dauden oinarri arautzaileak onestea, bai eta irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko diru-laguntzen deialdia ere, 2012ko ekitaldirako.

3. 1.009.975 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastu aurrekontuko «Enplegu Plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak, eragiketa arruntetarako. PEP: P-09/000003-04» izeneko 770001-77100-4709-241109 kontu-sailaren kargura, eta 269.724,97 euroko gastua, 2013ko antzeko kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko urriaren 3an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da betebehar eta baldintzak arautzea irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileek lana izateko aukerak indartzeko diru-laguntzak emateko, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldirako.

Lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langiletzat hartuko dira honako hauek:

a) Garun-perlesia, buruko eritasuna edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, betiere %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

b) Desgaitasun fisiko edo zentzumenezkoa duten pertsonak, betiere %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

2. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagunduko da irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietan lan egin eta lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langileen soldata-kostua, lanaldi osokoa, lanbide arteko gutxieneko soldataren %25eko zenbatekoan. Lanaldi partzialeko kontratuaren kasuan, diru-laguntza murriztuko da lanaldi osoa murrizten den proportzio berean.

2. Diru-laguntzaren kalkulua eginen da benetan lan egindako egunei erreparatuz.

3. oinarria. Diru-laguntzaren onuradunak.

Diru-laguntza honen onuradun izan daitezke irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezien entitate titularrak, berezko nortasun juridikoa badute, Nafarroan kokatu badaude eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak halakotzat jo baditu, Enplegu-zentro bereziak arautzen dituen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat. Aurrekoaz gain, onuradunek oinarri hauetan ezartzen diren gainerako betebehar eta baldintzak bete behar dituzte.

Zentro horiek onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren adierazpena izan beharko dute.

4. oinarria. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak finantzatuko dira 2012ko gastu aurrekontuko «Enplegu Plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak, eragiketa arruntetarako. PEP: P-09/000003-04» izeneko 770001-77100-4709-241109 kontu-sailaren kargura, bai eta 2013ko antzeko kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izanen dute, %50ekoa, "Nafarroako EGIF PE" izeneko CCI 2007ES052PO009 eskualdeko programa eragilearen bitartez.

5. oinarria. Baldintzak.

Aipatu diru-laguntzak eskatzen dituzten entitate onuradunek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:

1. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Langileei dagokien soldata pagatu izana.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori "erantzukizuneko aitorpen" baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.

6. oinarria. Eskaerak.

1.-Diru-laguntza jasotzeko eskaera eta diru-laguntzen ordainketa:

Entitate onuradunek hilabetero eskatu beharko dute diru-laguntza emateko eta pagatzeko, aurkezten duten justifikazioaren arabera.

2.-Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira, honako agiri hauekin batera:

-Desgaitasuna duten langileen izenen zerrenda eta eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

-Nominak eta haiei dagozkien ordainketa-frogagiriak.

-Aldaketen inprimakia (altak eta bajak), dagozkion agiriekin batera.

-Hilabetean izandako gorabeheren zerrenda.

-Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.

-Desgaitasunaren ziurtagiria.

3.-2012ko urtarriletik azarora arteko diru-laguntzak eskatzeko epea 2012ko abenduaren 31n bukatuko da. Abenduaren eta eguberritako aparteko pagaren diru-laguntzak eskatzeko epea 2013ko otsailaren 28an bukatuko da.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko instrukzioa eta prozedura.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Eskaerak erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz tramitatuko dira.

Kontuan hartu behar da gastua urte anitzekoa dela eta emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidekoa. Prozedura honela ebatziko da:

-2012. urtearen kargura baimendutako 1.009.975 euroko zenbatekoarekin 2012ko urtarriletik azarora (biak barne) arteko soldata-kostuen eskaerei lagunduko zaie, aurrekontuko kreditu hori agortzen den arte.

-2013. urtearen kargura baimendutako 269.724,97 euroko zenbatekoarekin 2012ko abenduaren eta aparteko pagaren soldata-kostuen eskaerei lagunduko zaie, aurrekontuko kreditu hori agortzen den arte.

8. oinarria Prozeduraren gaineko ebazpena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Hilabetero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, diru-laguntza pagatzeko eskaeraren funtsa den jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.

Eskabideari deialdiaren 6. oinarrian eskatzen diren agiriak erantsiko zaizkio.

Diru-laguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea Europako Gizarte Funtsaren Kudeaketa Autoritatearen web orrietan onuradunen datuak argitaratzearekin (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.).

Halaber, diru-laguntza onartzean, onuradunek onartzen dituzte egiturazko funtsen gainean egin daitezkeen kontrolak, Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egiten dituztenak, eta dagokion auditoreari laguntza ematea ere onartzen dute.

9. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Jarduketa burutu dutela frogatzea eta diru-laguntza ematearen funtsa diren eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzen direla ere bai.

b) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, baita onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutakoen berri ere.

c) Jarduketak eta garatuko den jarduera sustatu eta zabaltzeko azalpen orotan agertzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela eta Europako Gizarte Funtsak haien %50a finantzatu duela.

d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea, bai eta Europako Gizarte Funtsaren legezkotasuna egiaztatzen duten edozein erakunderenei ere (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa, Europako Batzordea, Europar Batasuneko Kontu Auzitegia, etab.).

e) Diru-laguntzari lotutako agiriak gordetzea, gutxienez 3 urtez, programa eragilea bukatzen denetik hasita, dokumentu-euskarria izateko Europako Gizarte Funtsaren kontrolak izatekotan.

10. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Zehazki, diru-laguntza hauek bateragarriak izanen dira desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuaren diru-laguntzekin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 29ko 866/2012 Ebazpenaren bidez onetsiak.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzak, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuk gehituta, ez du inoiz gaindituko desgaitasuna duen langile bakoitzaren soldata-kostu osoaren %100a. Diru-laguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: aipatutako diru muga gainditzen bada, horren berri emanen da, gertatzen den unean berean.

11. oinarria. Diru-laguntzak itzultzea.

Hartutako dirua, guztia edo parte bat, itzuli egin beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzulketa egitea erabakitzen den egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan.

Dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.

12. oinarria. Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat eta Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikulua eta Nafarroako Foru Komunitateko 2007-2013rako EGEF eta EGIF Programa Eragileen Komunikazio Plana betez.

Entitate onuradunek publizitatea eginen dute, 9. oinarriko c) letran ezarritakoaren arabera.

13. oinarria. Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

14. oinarria. Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Diru-laguntza hauek Nafarroako EGIF 2007-2013 programa eragilean sartuak daude (CCI: 2007ES052PO009), eta Europako Gizarte Funtsak %50eko finantzaketa ematen ahalko du. Horregatik, funts horrek partez finantzen dituen diru-laguntzen gaineko Europako eta estatuko araudia aplikatuko zaie, zehazki hauek: Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzko xedapen orokorrak ezarri eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duen ekainaren 11ko Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua; Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ematen dituen abenduaren 8ko Batzordearen 1828/2006 (EE) Erregelamendua; Europako Gizarte Funtsari buruzko eta 1784/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak uztailaren 5ean emandako 1081/2006 (EE) Erregelamendua; eta Europako Gizarte Funtsak 2007tik 2013ra bitarte diruz laguntzen ahalko dituen gastuak zehazten dituen urriaren 14ko TIN/2965/2008 Agindua.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta betearazpen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1213948