205. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

107/2012 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, "Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sariaren oinarriak", maiatzaren 25eko 200/2011 Foru Aginduaren bidez onetsiak, eraginik gabe utzi eta gastua askatzen duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 25eko 200/2011 Foru Aginduaren bidez, "Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sariaren oinarriak"onetsi ziren eta 2012rako gastua, 36.000,00 euroko aurrekontua zuena (BEZa barne), baimendu zen.

Foru agindu horren arabera, 2012ko gastuen aurrekontuko "Ingurumen praktika egokiak" izeneko 740003-74300-4609-456200 kontu-sailaren kargura ordainduko zen haren zenbatekoa.

Nafarroako 2012. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legeak gastu ez-finantzarioaren muga bat ezarri zuen ekitaldirako, aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzeko.

Egoera ekonomikoaren bilakaeraren eta ekitaldi honetarako diru-sarrera aurreikuspenen ondorioz, aurrekontu egonkortasunaren helburu hori betetzeko, Nafarroako Gobernuak, 2012ko ekainaren 20ko Erabakiaren bidez, irizpide batzuk ezarri zituen, Nafarroako Gobernuko departamentuek aurrekontu doikuntzak egin ditzaten 2012ko ekitaldi honetan.

Aipatu erabakia betez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak zenbait ekintza egin behar ditu, ekitaldi honetan aurrekontu exekuzioa murrizteko.

2012ko azaroan ematea aurreikusita zegoen "Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Saria", baina aipatu arrazoietan oinarrituta, bidezkotzat jo da saria ez ematea.

Azaldutakoaren ondorioz eta Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legean xedatutakoari jarraituz, bidezko da aipatu sariaren oinarriak eraginik gabe uztea; horrek 33.713,35 euroko murrizketa dakar aurrekontuan, eta diru hori askatzea 2012ko gastuen aurrekontuko "Ingurumen praktika egokiak" izeneko 740003-74300-4609-456200 kontu-sailean.

Uraren Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena ikusirik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Eraginik gabe uztea "Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sarirako" deialdia.

2. 33.713,35 euroko zenbatekoa 2012ko gastuen aurrekontuko "Ingurumen praktika egokiak" izeneko 740003-74300-4609-456200 kontu-sailean askatzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra, administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 97.2 artikuluan aurreikusi bezala. Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Foru agindu hau aipatu deialdian parte hartu duten toki entitateei igortzea, baita Uraren Zerbitzuari , Ekonomia Departamentuak duen kontu-hartzaile delegatuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko irailaren 18an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1213819