1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
162/2012 FORU AGINDUA, urriaren 5ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak uztailaren 3an emandako 8/2012 Foru Aginduan ezarritako neurriak baliogabetzen dituena.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 3ko 8/2012 Foru Aginduaren bidez, Nafarroan 2011. urtean sua nola erabili eta baso-suteei aurrea hartzeko neurriak ezarri ziren.
Kontuan izanik oraingo urtaroaren arabera baldintza meteorologikoak aldatzen ari direla (eguna mozten da, tenperaturak jaisten dira, gauez batez ere, hezetasun erlatiboa handitzen da, etab.), suteak izateko arriskua murrizten ari dela uste da. Hortaz, bidezkoa da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 3ko 8/2012 Foru Aginduan ezarritako aparteko neurriak kentzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroan 2012. urtean sua landa-lurretan nola erabili eta baso-suteei aurrea hartzeko neurriak ezarri ziren.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 3ko 8/2012 Foru Aginduan ezarritako aparteko neurriak baliogabetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroan 2012. urtean sua nola erabili eta baso-suteei aurrea hartzeko neurriak ezarri ziren.
2. Adieraztea Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 20ko 137/2012 Foru Aginduak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abuztuaren 13ko 59/2012 Foru Aginduaren bidez aldatuak, indarrean jarraitzen duela. Foru agindu hark kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri zituen, Nekazaritza Politika Bateratuaren zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Foruzaingo Zerbitzuari, Guardia Zibilaren Komandantziari eta SOS Nafarroa-Nafarroako Larrialdietako Agentziari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik hartuko du indarra.
Iruñean, 2012ko urriaren 5ean.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
Iragarkiaren kodea: F1214205