20. ALDIZKARIA - 2012ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

244/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen duena Larra-Aztaparreta izeneko Batasunaren Intereseko Lekua, eta haren kudeaketa plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Larra-Aztaparreta izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Izabako udal mugapean. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarauak dira Europar Batasunak naturaren zainketaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunen intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea eratzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitaten motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen ahal diren Lekuen zerrenda behin behinekoz onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartzeko. Horien artean, Larra-Aztaparreta izeneko ES0000123 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Zainketa Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren zainketa neurriak ezarriko dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori lehengoratzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpetarreko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, zainketa bereziko eremutzat joko dira.

Larra-Aztaparretako gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Nafarroako Gobernuak 1990eko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren arabera, "Larra-Aztaparreta" gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (ZEPA B-123).

HBB horren mugak berraztertu ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia dirudi horiek berriz ere definitzea, "Larra-Aztaparreta" gunearen mugekin bat etor daitezen.

Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 56.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat, eta, halaber, Babes bereziko araubideko basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, soilik edo neurri handi batean naturgune babestuetan, Natura 2000 Sarean edo nazioarteko bitartekoek babestutako eremuetan bizi diren espezie edo populazioak berreskuratzeko edo zaintzeko planak eremu horiei dagokien planifikazio eta kudeaketa tresnen bidez artikulatzen ahalko dira.

Larra-Aztaparreta eremuan daude Nafarroako eper zuri (Lagopus mutus) eta basoilar (Tetrao urogallus) guztiak. Galzoriko espezieak dira, aipatutako katalogoaren eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren (azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretua) arabera. Halaber, Nafarroako Tengmaln hontz (Aegolius funereus) guztiak ere eremu horretan bizi dira. Hontz horiek espezie kaltebera dira espezie mehatxatuen Espainiako katalogoaren arabera.

Eper zuriak (Lagopus mutus) eta basoilarrak (Tetrao urogallus) berreskuratzeko behar diren jarraibideak eta neurriak jasotzen ditu Larra-Aztaparreta eremuko kudeaketa planak. Era berean, Tengmaln hontzak (Aegolius funereus) zaintzeko behar diren jarraibideak eta neurriak ere jasotzen ditu.

Beraz, plan horrek eper zuriaren (Lagopus mutus) eta basoilarraren (Tetrao urogallus) Berreskuratze Planaren izaera du, eta Tengmaln hontzaren (Aegolius funereus) Zainketa Planaren izaera.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Intereseko ES0000123 Lekua, "Larra-Aztaparreta" izenekoa, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzea.

2. "Larra-Aztaparreta" izeneko B-123 Hegaztien Babesgune Bereziaren (HBB) mugak berriz zehaztea eta Zainketa Bereziko Eremuko mugekin bat etorraraztea.

3. "Larra-Aztaparreta" izeneko ES0000123 Zainketa Bereziko Eremuaren (ZBE) eta "Larra-Aztaparreta" izeneko B-123 HBBren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.

2. artikulua. Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

"Larra-Aztaparreta" izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 3.922,97 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren mugak:

Iparraldeko eta mendebaldeko muga.

Frantziako muga, La Contiendatik Arrakogoitiraino. Hortik hasita, Lakorako hegietan buelta ematen du mugak, Puerto Grandetik segitzen du, hegoalderago Belaguako Rincónetik, eta, azkenik, Pacos de Tanburinera iristen da.

Hegoaldeko eta ekialdeko muga.

Hegoaldean, Mazeko gainak dira muga, Huescarekiko mugaraino. Hortik aurrera, Huescako eta Frantziako mugak.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 129. OPMa ukitzen du, 3.737,93 hektareako azalera.

Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da Leku honen eremurik handiena mendi katalogatua dela.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. "Larra-Aztaparreta" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bultzatuko du kudeaketa planean jasotako neurriak gauzatu daitezela, saiatuko da aurreikusitako egutegia bete dadin eta Administrazioaren eta eragile sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza sustatuko du.

b) Partaidetza soziala sustatuko du ingurumeneko eztabaida eta erabakietan.

c) Gune honetako balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak eginen ditu, bidezko izan daitezkeen handitzeak sustatuko ditu eta gunearen kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak eginen ditu.

d) Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei eskatuko die planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko.

e) Planaren betetze-maila urtero ebaluatuko du, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatuko die bete ditzatela neurriak garatzeko behar diren konpromisoak.

f) Larra-Aztaparretako natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatuko ditu, baita ezagutza eta onura publikoa ere, eta haren balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuko ditu.

g) Kudeaketa plana aldatzeko edo berrikusteko edozein plani buruzko txostena eginen du, onetsi aurretik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematea.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria.-Lotutako araudia.

"Larra-Aztaparreta" izeneko lekuaren barnean dauden Ukerdiko Erreserba Integralari (RI-2), Aztaparretako Erreserba Integralari (RI-3) eta Larrako Natur Erreserbari (RN-12) dagokienez, honako hauei jarraituko zaie: Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeari, Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuari, Larrako natur erreserba erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea onesten duen uztailaren 5eko 209/1993 Foru Dekretuari eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuari.

Halaber, onura publikoko mendia den Lekuko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Kudeaketa planaren indarraldia.

Foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planak 10 urteko indarraldia izanen du. Epe hori bukatzean berraztertu eginen da. Hala ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen iraupenean eragina izan dezakeena, berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

Azken xedapenetako bigarrena.-Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz eman litezkeen maila goragoko planekin, alegia, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen jarduketa ildo orokorrak finkatzen dituzten horiekin.

2. Bestalde, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, hura egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honi aurka egiten badiote, egokitu egin beharko dira, lehenbizikoz aldatzearekin edo berrikustearekin batera.

Azken xedapenetako hirugarrena.-Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abenduaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

ERANSKINA

Larra-Aztaparreta" izeneko ES0000123 Zainketa Bereziko Eremuaren (ZBE) eta "Larra-Aztaparreta" izeneko B-123 HBBren kudeaketa plana

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta aurreneurriak ezartzea hurrengo atalean adierazitako habitat naturalen, espezieen, prozesu ekologikoen eta osagai natural eta kulturalen kontserbazio egoera ona mantentzeko edo lehengoratzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da guneko osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari batasuna ematea. Zainketa Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Gunea babesteko balioak galarazten dituzten aldaketak saihestu eginen dira.

II.-Zaindu beharreko balio naturalak.

Habitatei dagokienez, Larra-Aztaparreta bereziki garrantzitsua da, izan ere zuzentarauan jasotako habitat batzuk, alpetarrak edo subalpetarrak, Nafarroa guztian han bakarrik daude, baita estai horietako subtipo batzuk ere. ZBE honetan 29 mota habitat natural identifikatu dira, gehienak ere Batasunaren interesekoak, eta honela banatzen dira: pagadi eta pinudiak (%42), sasidiak (%3,97), larreak (%22,21) eta harkaiztietako landaredia (kasmofitikoa) eta harritza eta hartxingadietakoa (%29,30).

ZBE honetan daude Nafarroako Pinus uncinata (Ezkaurren badira P. uncinata bakar batzuk) eta pagadi azidofilo piriniotar multzo bakarrak. Gainera, Nafarroan, eremu honetan daude gehien sasi subalpetarretako bi subtipoak. Vaccinium uliginosum subsp. microphyllum subtipoa eremu honetan bakarrik dago. Larreei dagokienez, hemen daude Nafarroako eskualde alpetar guztiko subtipo alpetar eta subalpetar jatorrenak eta ezaugarrienak. Harkaiztietako habitatei dagokienez, batez ere Larra-Aztaparretan daude Nafarroako Natura Sareko subtipo kaltzikola piriniotar tipiko gehienak. Lakorako eskualdea da estai subalpetar piriniotarrean mendebalderen dagoen azaleratze silizeoa, Nafarroan bakarra; han badira Festuca eskia eta txilarra dituzten larre silizikolak, horiek ere bakarrak Nafarroan. Hartxingadi habitatak (harridiak, harritzak, harkadiak) eskualde alpetarrean daude batez ere, Larra-Aztaparretan, eta kasu bakanetan agertzen dira handik kanpo. "Elurtutako harkadi komunitateen" subtipoa eremu horretan dago bakarrik, eta "harkadi piriniotarren komunitateen" adibiderik garrantzitsuenak ere Larra-Aztaparretan daude.

Hartz arrearen (Ursus arctos) bizi eremu da ZBE hau, eta espezie hori berreskuratzeko planaren barnean dago. Pirinioetan, eper zuriaren (Lagopus mutus pyrenaicus) eta harkaitz-txoriaren (Trichodroma muraria) mendebaldeko muga da. Nafarroan, Larran daude sarrio (Rupicapra pyrenaica) gehienak. Lakorako alderdia biotopo ezin hobea da eper grisaren (Perdix perdix hispaniensis) ugalketarako eta negupasarako, eta Pirinioetako haren banaketa eremuko mugan dago. Ugatzaren (Gypaetus barbatus) bizi eremu ohikoa da ZBE hau, eta bertan honako hauek ere badira: basoilarra (Tetrao urogallus aquitanicus), mendi-tuntuna (Prunella collaris) eta zozo paparzuria (Turdus torquatus); denak ere mendebaldeko Pirinioan duten banaketa eremuko mugan. Okil gibelnabarrak (Dendrocopos leucotos) eta Tengmaln hontzak (Aegolius funereus) ere badira. Azken horri dagokionez, Larra-Aztaparretako mendi-pinuetan bizi da Nafarroako populazioaren %100. Rana pyrenaica (ur lasterretako espeziea) populazioak ere aurkitu dira. Mundu guztian, Pirinioetako ibaiburu batzuetan bakarrik bizi dira.

Florari dagokionez, Larra-Aztaparretan badira katalogatutako eta mehatxatutako 40 espezie baino gehiago. Basoei lotutako espezieen artean, Sorbus hybrida eta Buxbaumia viridis dira nabarmentzekoak. Azkeneko hori da usteltzen ari diren izeietan espezialista den goroldio bat, Habitatei buruzko Zuzentarauko II. eranskinean jaso dena. Larre harritsuetan eta larre mesofiloetan honako hauek daude: Agrostis truncatula subsp. commista eta Minuartia cerastiifolia, Arctostaphylos alpinus eta Narcissus asturiensis subsp. Jacetanus. Azkenik, harkaizti eta harritzetako espezieen artean, aipatzekoak dira Adonis pyrenaica, Buglossoides gastonii, Leucanthemum maximum eta Lathyrus vivantii.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk, eta ZBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, ZBEren zainketa "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, jarduketak, kudeaketako jarraibideak eta lege-neurriak proposatu dira, ZBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko bide ematen dutenak.

Hona hemen Larra-Aztaparreta Zainketa Bereziko Eremua kudeatzeko "funtsezko elementuak":

1. Harkaiztiak eta harritzak.

2. Larreak eta sasidiak.

3. Pagadia-izeidia.

4. Mendi-pinuen pinudia.

5. Flora mehatxatua.

6. Lagopodo alpetarra, basoilar alpetarra eta eper grisa.

7. Tengmaln hontza.

8. Okil gibelnabarra.

9. Hartz arrea.

10. Sarrioa.

Gainera, lan-arlo hauek zehaztu dira:

Erabilera publikoa.

III.-Planaren azken helburuak.

Hauek dira azken helburuak: kudeaketak ahalik eta lasterren lortu behar dituen xede edo helmugak, aurreko atalean aipatzen diren funtsezko elementu guztietarako kontserbazio egoera ona erdiesteko.

1. Harkaiztiak eta harritzak.

1.1.-Azken helburua: harkaizti eta hartxingadietako habitaten kontserbazio egoera ona bermatzea.

2. Larreak eta sasidiak.

2.1.-Azken helburua: larre eta sasidien kontserbazio egoera ona bermatzea.

3. Pagadia-izeidia.

3.1.-Azken helburua: pagadi eta izeidien kontserbazio egoera ona mantentzea.

4. Mendi-pinuen pinudia.

4.1.-Azken helburua: Mendi-pinuen pinudiaren kontserbazio egoera ona bermatzea.

5. Flora mehatxatua.

5.1.-Azken helburua: flora mehatxatuaren banaketa ezagutzea eta haren kontserbazio egoera ona bermatzea.

6. Lagopodo alpetarra, basoilar alpetarra eta eper grisa.

6.1.-Azken helburua: lagopodo alpetarraren, basoilar alpetarraren eta eper grisaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

7. Tengmaln hontza.

7.1.-Azken helburua: Tengmaln hontzaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

8. Okil gibelnabarra.

8.1.-Azken helburua: okil gibelnabarraren kontserbazio egoera ona mantentzea.

9. Hartz arrea.

9.1.-Azken helburua: hartz arrea ZBEan izateko habitat eta giza erabilera egokiak bermatzea.

10. Sarrioa.

10,1.-Azken helburua: sarrioaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Erabilera publikoa.

A.1.-Azken helburua: ZBEaren baliabideen kontserbazioarekin bateragarria den erabilera publikoaren eredu planifikatu bat zehaztea eta finkatzea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Izan daiteke planaren azken helburuak edo helmugak indarraldian lortzea edo ez lortzea, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan haren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek bide eman behar dute proposatu diren azken helburuak lortzeko. Hemen azaltzen dira, funtsezko elementuen eta azken helburuen zenbakien arabera:

1. Harkaiztiak eta harritzak.

1.1.1.-Helburu operatiboa: harkaizti eta hartxingadien kontserbazio egoera ona mantentzea.

2. Larreak eta sasidiak.

2.1.1.-Helburu operatiboa: abeltzaintza halako moduz kudeatzea non bermatuko baita larre eta sasidietako habitaten kontserbazio egoera ona mantenduko dela.

2.1.2.-Helburu operatiboa: larre eta sasidietako habitaten balio ekologikoak hobeki ezagutzea.

3. Pagadia-izeidia.

3.1.1.-Helburu operatiboa: pagadi-izeidiaren gaur egungo egoera ezagutzea eta haren kontserbazioa bermatzea.

4. Mendi-pinuen pinudia.

4.1.1.-Helburu operatiboa: mendi-pinuen pinudiaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

5. Flora mehatxatua.

5.1.1.-Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen banaketa hobeki ezagutzea eta kontserbazio egoera hobetzea.

5.1.2.-Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.

6. Lagopodo alpetarra, basoilar alpetarra eta eper grisa.

6.1.1.-Helburu operatiboa: Lagopodo alpetarraren, basoilar alpetarraren eta eper grisaren populazioak eta kontserbazio egoerak ezagutzea.

6.1.2.-Helburu operatiboa: Lagopodo alpetarrarentzat, basoilar alpetarrarentzat eta eper grisarentzat mehatxua diren faktoreak gutxitzea.

7. Tengmaln hontza.

7.1.1.-Helburu operatiboa: Tengmaln hontzaren populazioa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

7.1.2.-Helburu operatiboa: Larra-Aztaparretan Tengmaln hontzaren habitata kontserbatzea eta hobetzea.

8. Okil gibelnabarra.

8.1.1.-Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren populazioaren banaketa eta populazio-parametroak ezagutzea eta haren kontserbazioa bermatzea.

9. Hartz arrea.

9.1.1.-Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea ZBEan bizitzea.

9.1.2.-Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

10. Sarrioa.

10.1.1.-Helburu operatiboa: sarrio populazioaren kontserbazio egoera eta bilakaera ezagutzea eta kontserbazioa bermatzea.

Erabilera publikoa.

A.1.1.-Helburu operatiboa: Larra-Aztaparretako erabilera publikoko jarduerak eta ekipamenduak planifikatzea, antolatzea eta arautzea.

A.1.2.-Helburu operatiboa: erabilera publikoko jarduerek natur balioetan sortzen dituzten zuzeneko inpaktuak zuzentzea eta/edo saihestea.

V.-Araudia.

Araudi orokorra.

1. Baso-lurzoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, sortzean, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari nahiz pertsonen osasunari eta haien ondasunei kaltea eragiten ahal dietenak.

3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez dituela ukitzen Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan zerrendatutako Batasunaren intereserako animalia eta landare espezieak, eta haien habitatak edo Zainketa Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak.

4. Ematen diren baimen guztiek bermatuko dute honako arau hauek beteko direla: Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta Babes bereziko araubideko basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua.

Berariazko araudia.

1. Ukerdiko Erreserba Integrala (RI-2).

1.1.-Ukerdiko Erreserba Integraleko edozein jarduerak edo jarduketak arau hauekin bat arautuko dira: Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearekin eta Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuarekin bat.

2. Aztaparretako Erreserba Integrala (RI-3).

2.1.-Aztaparretako Erreserba Integraleko edozein jarduerak edo jarduketak arau hauekin bat arautuko dira: Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearekin eta Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuarekin bat.

3. Larrako Natur Erreserba (RN-12).

3.1.-Larrako Erreserba Naturaleko jarduera edo jarduketa guztiek honako hauei jarraituko diete: Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeari, Larrako natur erreserba erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea onesten duen uztailaren 5eko 209/1993 Foru Dekretuari eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuari.

4. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

4.1.-Kontserbazio egoera ona duten harkaiztietan eta hartxingadietan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan eta haien eragin-eremuan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

5. Pagadia-izeidia.

5.1.-Kontserbazio egoera ona duten izeidi eta pagadietan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan eta haien eragin-eremuan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

6. Intereseko flora.

6.1.-Intereseko flora duten guneetan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

6.2.-Flora mehatxatuari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

7. Intereseko fauna.

7.1.-Aintzira berriak eraikitzeko eta lehendik daudenak hobetzeko proiektu guztiek anfibioak zaintzeko neurriak bilduko dituzte, baita basa faunako espezieak ez itotzeko neurriak ere.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendiotzat jo behar dira. Aplikatu beharko dira, kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago.

1. Larre eta sasidietarako jarraibideak.

1.1.-ZBEko larre eta sasidietako habitat bakoitzerako ezarritako kontserbazio helburu berariazkoen arabera eginen da larreen planifikazioa (larreak antolatzeko planak).

1.2.-Larreak antolatzeko plana onesten ez den bitartean, ez da jarduketarik eginen baldin eta horrek ekartzen badu ZBEko soiletako sasien azalera murriztea, salbu beharrezkoa denean natur ingurunea lehengoratzea edo eper grisaren habitata hobetzea.

1.3.-Larreak antolatzeko plana prestatzean kontuan hartu behar dira eper grisaren habitatak dituen beharrak.

2. Zuhaiztietarako jarraibideak.

2.1.-Balio ekologiko handienekotzat identifikatutako baso eremuetan ez da esku hartuko, utziko da libreki bilakatzen, salbu beharrezkoa denean natur ingurunea lehengoratzea.

2.2.-Ahal dela, baso eremuetan ez da bide berririk eginen, eta betiko bidexkak mantenduko dira.

2.3.-Ohianak antolatzeko planetan kudeaketa irizpideak izanen dira, eta, horietan, kontuan hartuko dira hartzak dituen behar ekologikoak. Espeziearen zikloa oztopatuko ez duten sasoietan eta lekuetan eginen dira aprobetxamendu guztiak, horretarako behar diren prozedurak erabiliz.

2.4.-Landaketa proiektuetan bertako espezieak erabiliko dira, eta, ahal den neurrian, jatorrizko eskualde berekoak.

3. Beste jarraibide batzuk.

3.1.-Gogotik parte hartuko da mendiko galliformeen Pirinioetako behatoki bat sortzeko. Behatoki horren bidez espezieen eta habitaten jarraipen eta kudeaketa neurriak koordinatuko dira, eta informazioa bateratuko da.

3.2.-Neguko sasoitik kanpo, arautuko da nola erabili iraupen-eskiko pistak oinezkoak ez direnen kasuan (ibilgailuak, zaldiz ibiltzea, mendiko bizikleta, etab.).

3.3.-Ahal dela, ez da iraupen-eskiko pista gehiago eginen edo diseinatuko Larra-Aztaparreta ZBEren baso eremuetan edo horietatik hurbil.

3.4.-Hartz arrearen kontserbaziorako Pirinioetan ezartzen diren dokumentu estrategikoetako erabaki eta neurriak babestuko dira, eta horien aldeko lankidetza izanen da.

3.5.-Ez da jarduerarik sustatuko baldin eta horrek berarekin badakar eskualde ahuletara bisitari gehiago joatea.

3.6.-Eskiko sasoitik kanpo, nolabaiteko sistema finkoren bat ezarriko da, oinezkoak ez direnak ez daitezen eski-eremuetan sartu.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Larre eta sasidiei lotutako neurriak.

1.1.-Larreak antolatzeko plan bat egitea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.

1.2.-Abeltzaintzako azpiegiturak sortzea eta mantentzea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.

1.3.-"Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko mendiko larreetan" abiaraztea.

1.4.-Abeltzaintzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarenaren (ITGG) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluaren laguntzaz, entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak "produkzio ekologikoko eremutzat" jotzea, interesa duten ekoizleek horiek erabili ahal izatea bermatzeko.

1.5.-ZBEko larreetan atzemandako higadura-prozesuak lehengoratzeko lanak egitea.

2. Zuhaiztiei lotutako neurriak.

2.1.-Aziendak Larrako pagadi eta izeidiak nola erabiltzen dituen ebaluatzea eta diagnosia egitea.

2.2.-Mendi-pinuen pinudia Larran zer egoeratan dagoen ikusteko jarraipen eta kontrol azterlanak egitea, haren okupazioaren edo osasun egoeraren joerak monitorizatzen dituztenak.

3. Florari lotutako neurriak.

3.1.-Aztaparretako pagadi eta izeidietako floraren egiturari eta aniztasunari buruzko azterlan bat egitea, alderatuta ekoizpeneko pagadi eta izeidiekin, hau da, oihan ustiapena izan duten pagadi eta izeidiekin.

3.2.-Azterketak egitea, florako espezie mehatxatuen banaketa eremua ezagutzeko, haien kontserbazio egoera zehaztea, eta jarraipen-protokoloa ezartzea.

4. Faunari lotutako neurriak.

4.1.-ZBE honetan Maculinea arion eta Parnassius apollo espezieen egoerari buruzko azterlana egitea.

4.2.-Basozaintzak segi dezala lagopodo alpetarraren eta basoilar piriniotarraren urteroko jarraipena egiten.

4.3.-ZBE honetan eper grisaren zentsua egitea.

4.4.-Harrapari orokorren populazioen bilakaerari buruzko azterlan bat egitea.

4.5.-Azterlan bat egitea, eper grisarentzat egokia den eredu bat ezartzeko, Pirinioetako mendiguneko proiektu komun baten barnean integraturik. ZBEan aplikatzeko jarraibideak izanen ditu, espeziearen habitata hobetzeko eta hura kontserbatzeko.

4.6.-Habitata maneiatzeko ekintza pilotuak egitea, ZBEan basoilarra hobeki hartu ahal izateko.

4.7.-Azterlan bat egitea, ikusteko zein den Tengmaln hontzak Lekuan duen banaketa eta nola aukeratzen duen bere habitata. Espeziea kudeatzeko aholku praktikoak izanen ditu.

4.8.-Habia kaxak ezartzea eta jarraipena egitea, habitatak Tengmaln hontza hobeki hartu ahal izateko.

4.9.-ZBE honetan okil gibelnabarraren zentsua egitea.

4.10.-Hartz arrea eta eskualdeko ohiko erabilerak (batez ere abeltzaintza) bateragarriak egiteko dauden neurriak ebaluatzea:

a. Hartzaren erasoak direla-eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategientzako kalte-ordainen politika berraztertzea eta eguneratzea. Analisi ekonomikoa ere izanen du.

b. Hartz arrearen presentziaren ondoriozko artzaintzarako konpentsazio araubidearen diseinua, zonifikazioa eta aplikazioa berrikustea, eta ebaluatzea ea bateragarria den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntzekin.

4.11.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arreak egindako kalteen kontrolerako eta kudeaketarako dituen protokoloei segida ematea.

4.12.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arrearekin loturik egiten dituen urteko jarraipeneko, kontroleko eta ikerketaren babeseko programei segida ematea.

4.13.-Hartz arrearen habitataren kalitatea hobetzeko, gero eta haritz gehiago egon daitezela bultzatzea, Sarastoian eta Belaguako Rincóneko eguteran, hariztiak izan daitezkeen lekuan. Horretarako, pagoak eta pinu gorriak baino, gero eta haritz gehiago izateko landaketak eta oihan jarduketak eginen dira.

4.14.-Basoan flora anitzagoa izateko lanak egitea, hartz arrearen elikadura-beharretarako espezie gehiago izateko (sagarrondoak, elorriak, gurbeondoak, gereziondoak, elorri beltzak, etab.) Antxomarro aldean, Larrako Erreserba Naturaleko Inguruko Babes Eremuan.

4.15.-ZBEan sarrioari egiten zaion jarraipenari segida ematea.

5. Onura publikoari lotutako neurriak.

5.1.-Larra-Aztaparreta eremuko erabilera publikoaren plan bat egitea, bisitarien azterlan bat izanen duena, inplikatutako eragileen lankidetzarekin.

5.2.-Erabilera publikoko plana idatzi eta aplikatu arte, prestakuntza kanpainak egitea Larra-Aztaparretako oraingo erabilera publikoan inplikatutako kolektiboentzat, indarreko erabilera publikoaren araudia ezagutarazteko, eta hainbat ekintza planteatzeko, egiten diren jarduerek mehatxatutako faunari eragiten dizkioten eragozpenak saihesteko.

5.3.-Ahal bezain laster seinalizazio programa bat egitea. Horren bidez, kontrolatu nahi da Ipar Eskiko Zentroaren inguruko gune ahuletan bisitariek faunarengan sortzen duten inpaktua.

5.4.-Mendizaleek gehien erabiltzen dituzten ohiko ibilbideak eta igotzeko bideak seinalizatzea. Horrela galbideak saihestu nahi dira, eta bisitariak eremu sentikorretara gutxiago joatea bilatzen da.

5.5.-Liburuxka bat argitaratzea, honako hauek izanen dituena: ZBEko natur balio garrantzitsuenak, araudia, eta bisitarientzako aholkuak eta gomendioak.

6. Beste neurri batzuk.

6.1.-"Larrako Natur Erreserba" eta "Aztaparretako Erreserba Integrala" deklaratu izana konpentsatzeko kalte-ordaina.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, bere aurrekontuen bidez, honako hauek finantzatuko ditu:

-Guneko kontserbazio egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketarako egitura mantentzeko behar diren zenbatekoak.

-Erabilera eta jardueren murrizketek behar dituzten ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Nafarroako Gobernuko departamentuek ingurumena beren politika sektorialetan integratzeko egiten dituzten ekintzek ere laguntzen ahalko dute plana garatzen.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak finantzatzen ahalko ditu oso-osorik partikularrek edo tokiko entitateek herrilurretako ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta haien helburua plana garatzea bada, irabazi-asmorik gabe, eta ZBEko kontserbazio egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, honako hauei emanen zaie lehentasuna: kontserbazioarekin bateragarriak izanik, Zainketa Bereziko Eremuaren barnean proposatzen direnei. Gainera, gune horretatik edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste batzuen aldean, laguntza-portzentajea handitu eginen da. Halaber, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua aurrekontuetatik kanpoko fondoak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen-programa.

Jarraipena egiteko programa ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek helburu bakoitzerako objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez.

Programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio urtero Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean lortu ezin direla ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak hartzen ahalko dira planaren barnean.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN
HELBURUA

HELBURU
OPERATIBOA

JARRAIPENERAKO
ADIERAZLEA

HASIERAKO
BALIOA

ARRAKASTA
IRIZPIDEA

HARKAIZTI ETA

HARTXINGADIAK

1.1 AZKEN HELBURUA: harkaizti eta hartxingadietako habitaten kontserbazio egoera ona bermatzea.

Zenbateko azalera duten harkaizti eta hartxingadietako habitatek kontserbazio egoera onean.

Ezezaguna

1148,8 ha

1.1.1 Helburu operatiboa: harkaizti eta hartxingadien kontserbazio egoera ona mantentzea.

Habitat horietan atzemandako ukipen kopurua

Eski pistak egitearen eta errepideak hobetzearen ondoriozko inpaktuak

Ukipen kop.=1

LARREAK

ETA SASIDIAK

2.1 AZKEN HELBURUA: larre eta sasidien kontserbazio egoera ona bermatzea.

Zenbateko azalera duten larre eta sasidietako habitatek kontserbazio egoera onean (ikus Ekintza Planeko funtsezko elementuen 1. taula).

Ezezaguna

1027,29 ha

2.1.1 Helburu operatiboa: abeltzaintza halako moduz kudeatzea non bermatuko baita larre eta sasidietako habitaten kontserbazio egoera ona mantenduko dela.

Larreak antolatzeko plana

Egin gabe

Egina

Abeltzaintzako zenbat azpiegitura gauzatu diren

0

Larreak antolatzeko planean aurreikusitako azpiegitura guztiak eginak

Zer azaleretarako hartzen den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntza

0

1027,29 ha

Produkzio ekologikoko eremu izendatutako larreen azalera

0

100 ha

Higadura prozesua izan duten zenbat eremu lehengoratu diren

0

Eremu bat edo gehiago lehengoraturik

2.1.2 Helburu operatiboa: "Larreak eta sasidiak" funtsezko elementuaren balio ekologikoak hobeki ezagutzea.

Maculinea arion eta Parnassius apollo espezieen egoerari buruzko azterlana

Egin gabe

Azterlan bat egina

PAGADIA-IZEIDIA

3.1 AZKEN HELBURUA: pagadi eta izeidien kontserbazio egoera ona mantentzea.

Zenbateko azalera duten pagadiei eta izeidiei lotutako habitatek kontserbazio egoera onean.

Ezezaguna

947,91 ha

3.1.1 Helburu operatiboa: pagadi-izeidiaren gaur egungo egoera ezagutzea eta haren kontserbazioa bermatzea.

Aztaparretako pagadiaren eta izeidiaren floraren egiturari eta aniztasunari buruzko azterlana

Egin gabe

Azterlan bat egina

Aziendak Larrako pagadia eta izeidia nola erabiltzen duen ezagutzeko azterlana

Egin gabe

Azterlan bat egina

Pagadi-izeidian atzemandako ukipen kopurua

Ezezaguna

Ukipen kop.=0

MENDI-PINUEN

PINUDIA

4.1 AZKEN HELBURUA: Mendi-pinuen pinudiaren kontserbazio egoera ona bermatzea.

Zenbateko azalera duten pagadiei eta izeidiei lotutako habitatek kontserbazio egoera onean.

Ezezaguna

67,86 ha

4.1.1 Helburu operatiboa: mendi-pinuen pinudiaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Zenbateko azalera duten pagadiei eta izeidiei lotutako habitatek kontserbazio egoera onean.

Ezezaguna

67,86 ha

FLORA

MEHATXATUA

5.1 AZKEN HELBURUA: flora mehatxatuaren banaketa ezagutzea eta haren kontserbazio egoera ona bermatzea.

Ezagutzen diren flora populazioen zer ehuneko dauden kontserbazio egoera onean

Ezezaguna

%100

5.1.1 Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen banaketa hobeki ezagutzea eta kontserbazio egoera hobetzea.

Flora mehatxatuaren banaketa eta kontserbazio egoera

Ezezagunak

Ezagunak

5.1.2 Flora espezie mehatxatuen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.

Flora populazio mehatxatuaren gaineko ukipenen kop.

Eski pistak egitearen eta errepideak hobetzearen ondoriozko ukipenak

Ukipen kop.=0

LAGOPODO

ALPETARRA,

BASOILAR

ALPETARRA

ETA EPER GRISA

6.1 AZKEN HELBURUA: lagopodo alpetarraren, basoilar alpetarraren eta eper grisaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Lagopodo alpetar kantari arren kopurua 100 hektareako

Ezezaguna

Ar kantarien kopurua 100 hektareako ? ar kopurua 100 hektareako 2010-2011n

Basoilarrak gaur egun erabiltzen dituen kanta-toki kop.

2

kanta-toki kop. ? 2

Kanta-tokietan atzeman diren ar kop.

3 ar (2005-2006)

Ar kop. > 3

Egungo populazioa / Izan daitekeen populazioa

Ezezaguna

(Egungo populazioa / Izan daitekeen populazioa)=1

6.1.1 Helburu operatiboa: lagopodo alpetarraren, basoilar alpetarraren eta eper grisaren populazioak eta kontserbazio egoerak ezagutzea.

Lagopodo alpetarraren eta basoilar piriniotarraren zentsuak

Urteko zentsuak

Urteko zentsuak

Eper grisaren zentsua

0

Zentsu bat egina

6.1.2 Helburu operatiboa: lagopodo alpetarrarentzat, basoilar alpetarrarentzat eta eper grisarentzat mehatxu diren faktoreak gutxitzea

Atzemandako ukipen kopurua

Ezezaguna

Ukipen kop.=0

Basoilarrarentzako oihan-soilgune kop.

0

100

Harrapari orokorren populazioen bilakaerari buruzko azterlana

Egin gabe

Azterlan bat egina

Azterlan bat egitea, habitata eper grisarentzat egokia izan dadin eredu bat ezartzeko

Egin gabe

Azterlan bat egina

TENGMALN

HONTZA

7.1 AZKEN HELBURUA: Tengmaln hontzaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Kalkulatutako bikote kop.

5-10

Bikote kopurua ? 2007ko bikote kopurua

7.1.1 Helburu operatiboa: Tengmaln hontzaren populazioa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

Azterlana: Tengmaln hontzak tokian duen banaketa eta habitata aukeratzeko arrazoiak.

Egin gabe

Azterlan bat egina

7.1.2 Helburu operatiboa: Larra-Aztaparretan Tengmaln hontzaren habitata kontserbatzea eta hobetzea.

Jarritako habia kaxa kop.

0

Habia kaxa kop. = 30

Habia kaxei egiten zaien jarraipena

0

Habia kaxei egindako jarraipenak

OKIL

GIBELNABARRA

8.1 AZKEN HELBURUA: okil gibelnabarraren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Bikote kopurua pagadi-izeidiko100 hektareako

Ezezaguna

Bikote kopurua pagadi-izeidiko100 hektareako > 0,5

8.1.1 Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren populazioaren banaketa eta populazio-parametroak ezagutzea eta haren kontserbazioa bermatzea.

Okil gibelnabarren zentsuak

0

Egindako zentsuak

HARTZ ARREA

9.1 AZKEN HELBURUA: hartz arrea ZBEan izateko habitat eta giza erabilera egokiak bermatzea.

Larra-Aztaparretan, zer azalera duten goi mendietako basoek kontserbazio egoera onean

Kontserbazio egoera ona duen azalera (2008) = 880 ha

Kontserbazio egoera ona duen azalera ? 880 ha

9.1.1 Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea ZBEan bizitzea.

Oraingo neurrien ebaluazioa

Ebaluatu gabe

Ebaluatuak eta zuzenduak

Kudeaketarako eta kalteak kontrolatzeko protokoloa

Urtekoa

Urtekoa

Kontrolerako, jarraipenerako eta ikerkuntzari laguntzeko programa

Urtekoa

Urtekoa

9.1.2 Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

Hartzaren habitat hobetuen hektareak

0

10 ha

SARRIOA

10.1 AZKEN HELBURUA: sarrioaren kontserbazio egoera ona mantentzea.

Sarrioaren populazioa Larra-Lapakiza-Txamantxoia mendigunean

300 bat (2005)

Kop. ? 300

Epizootia larrien kasu kopurua

0

0

10.1.1. Helburu operatiboa: sarrio populazioaren kontserbazio egoera eta bilakaera ezagutzea eta kontserbazioa bermatzea.

Sarrioaren zentsuak

Azkenekoa 2005ean

Egindako sarrioen zentsuak eta jarraipena

KUDEAKETARI

LAGUNTZEKO

BITARTEKOAK:

ERABILERA

PUBLIKOA

A.1 AZKEN HELBURUA: ZBEaren baliabideen kontserbazioarekin bateragarria den erabilera publikoaren eredu planifikatu bat zehaztea eta finkatzea.

Erabilera publikorako plana

Egin gabe

Egina eta gauzatua

A.1.1 Helburu operatiboa: Larra-Aztaparretaren erabilera publikoko jarduerak eta ekipamenduak planifikatzea, antolatzea eta arautzea.

Erabilera publikorako plana

Egin gabe

Egina eta gauzatua

A.1.2 Helburu operatiboa: Erabilera publikoko jarduerek natur balioetan sortzen dituzten zuzeneko inpaktuak zuzentzea eta/edo saihestea.

Prestakuntza kanpainak, Larra-Aztaparretako oraingo erabilera publikoan inplikatutako kolektiboentzat

Ez da prestakuntza kanpainarik egiten

Prestakuntza kanpainak egiten dira

Seinalizazioa. Horren bidez, kontrolatu nahi da Ipar Eskiko Zentroaren inguruko gune ahuletan bisitariek faunarengan sortzen duten inpaktua.

Seinalizatu gabe

Seinalizatua

Mendizaleek gehien erabiltzen dituzten ohiko ibilbideak eta igotzeko bideak seinalizatzea

Seinalizatu gabe

Seinalizatuak

Liburuxka bat argitaratzea, honako hauek izanen dituena: ZBEko natur balio garrantzitsuenak, araudia eta bisitarientzako aholkuak eta gomendioak.

Argitaratu gabe

Argitaratua eta banatua

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

F1120459_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1120459