20. ALDIZKARIA - 2012ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

243/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 14koa, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen duena Larrondo-Lakartxela izeneko Batasunaren Intereseko Lekua, eta haren kudeaketa plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Larrondo-Lakartxela izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Uztarrozeko eta Izabako udal mugapeetan. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak zaintzeari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarauak dira Europar Batasunak naturaren zainketaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunen intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea eratzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitaten motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu izendatzen ahal diren Lekuen zerrenda behin behinekoz onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartzeko. Horien artean, Larrondo-Lakartxela izeneko ES2200009 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Zainketa Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren zainketa neurriak ezarriko dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori lehengoratzeko.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpetarreko Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, zainketa bereziko eremutzat joko dira.

Larrondo-Lakartxelako gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira ZBEan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Intereseko ES2200009 Lekua, "Larrondo-Lakartxela" izenekoa, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzea.

2. "Larrondo-Lakartxela" izeneko ES2200009 Zainketa Bereziko Eremuaren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.

2. artikulua. Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

"Larrondo-Lakartxela" izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 2.614,16 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren mugak:

Iparraldeko eta ekialdeko muga.

Iparraldean, Frantziako muga, Otsagabiko mugatik Arrakogoitiraino. Ekialdean, herrilurren mugak, Ekialterrearaino.

Hegoaldeko eta mendebaldeko muga.

Hegoaldean, muga Adaziodiako eta Igoriako eguteran doa, Erroizuko sakaneraino. Mendebaldetik, Zardaiako eta Iriolako sakanetan barna doa, gero larreetako mugetan barna (mendebalderen duen muga), barnean dagoela Infiernoko sakaneko ibaiburua, Otsagabiraino iritsi arte.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 129.,173. eta 201. OPMak ukitzen ditu, 2.326,45 hektareako azalera.

Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da Leku honen eremurik handiena mendi katalogatua dela.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. "Larrondo-Lakartxela" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bultzatuko du kudeaketa planean jasotako neurriak gauzatu daitezela, saiatuko da aurreikusitako egutegia bete dadin eta Administrazioaren eta eragile sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza sustatuko du.

b) Partaidetza soziala sustatuko du ingurumeneko eztabaida eta erabakietan.

c) Gune honetako balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak eginen ditu, bidezko izan daitezkeen handitzeak sustatuko ditu eta gunearen kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak eginen ditu.

d) Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei eskatuko die planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko.

e) Planaren betetze-maila urtero ebaluatuko du, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatuko die bete ditzatela neurriak garatzeko behar diren konpromisoak.

f) Larrondo-Lakartxelako natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatuko ditu, baita ezagutza eta onura publikoa ere, eta haren balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuko ditu.

g) Kudeaketa plana aldatzeko edo berrikusteko edozein plani buruzko txostena eginen du, onetsi aurretik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematea.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria.-Lotutako araudia.

Onura publikoko mendia den Lekuko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Kudeaketa planaren indarraldia.

Foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planak 10 urteko indarraldia izanen du. Epe hori bukatzean berraztertu eginen da. Hala ere, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen iraupenean eragina izan dezakeena, berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

Azken xedapenetako bigarrena.-Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz eman litezkeen maila goragoko planekin, alegia, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen jarduketa ildo orokorrak finkatzen dituzten horiekin.

2. Bestalde, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, hura egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honi aurka egiten badiote, egokitu egin beharko dira, lehenbizikoz aldatzearekin edo berrikustearekin batera.

Azken xedapenetako hirugarrena.-Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abenduaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

ERANSKINA

Larrondo-Lakartxela izeneko ES2200009 Zainketa Bereziko Eremuaren (ZBE) kudeaketa plana

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta aurreneurriak ezartzea hurrengo atalean adierazitako habitat naturalen, espezieen, prozesu ekologikoen eta osagai natural eta kulturalen kontserbazio egoera ona mantentzeko edo lehengoratzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da guneko osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari batasuna ematea. Zainketa Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Gunea babesteko balioak galarazten dituzten aldaketak saihestu eginen dira.

II.-Zaindu beharreko balio naturalak.

Larrondo-Lakartxelako zuhaizti gehienak pagadiak eta pinu gorrien pinudiak dira. Mendi mazelak estaltzen dituzte, 1.500 metroko altueraraino. Toki honetan baso eremuek eginkizun ekologiko izugarri garrantzitsua dute, mantenurako, faunaren babesleku izateko eta korridore ekologiko izateko, honako hauek lotzeko: ipar-hego isurialdea eta Pirinioetako gainak eta Kantauriko mendikateak. Tokiko sasiak otabera eta txilar menditarrak dira. Nolanahi ere, habitatei dagokienez, larreen ugaritasuna eta konplexutasun handia dira nabarmenena. Aipatzekoa da zer garrantzia handia duen Larrondo-Lakartxelak, Nafarroan, "Primulo intricatae-Horminetum pyrenaici-ko larre subalpetarrak" zaintzeko eta mantentzeko; izan ere, eremu honetan dago Nafarroako eskualde alpetarrean habitat horrek okupatzen duen azalerarik handiena. Nabarmentzekoa da, bestalde, badirela Nardus stricta-ko larreak. Habitatei buruzko 92/43/EE Zuzentarauaren arabera "lehentasuneko interesekoak" dira.

Faunari dagokionez, Larrondo-Lakartxelak goi mendiko animalia tipikoak ditu. Badira eper grisa (Perdix perdix hispaniensis), Pirinioetan duen banaketa muga hemen duena, okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos), sarrioa (Rupicapra pyrenaica) eta erbinude zuria (Mustela erminea). Horretaz gain, Nafarroan eremu honetan izan daiteke hartz arrearen (Ursus arctos) presentzia erregularra.

Natura 2000 Sareko Orreaga - Iratiko Oihana, Larra-Aztaparreta eta Basabürüko Mendiak (Frantzia) izeneko guneen artean dago gune hau, eta kokaleku horrek garrantzi berezia ematen dio konektagarritasun-eremu gisa, batez ere okil gibelnabarrarentzat eta hartz arrearentzat.

Eskualde alpetarreko mendiko floraren erakusgarri ona da lurralde honetako flora. Honako hauek dira nabarmentzekoak, flora mehatxatuaren hainbat katalogotan egoteagatik: Narcissus asturiensis, Arnica montana, Equisetum variegatum, Dactylorhiza majalis, Petasites paradoxus, Swertia perennis, Lathyrus vivantii, Lathyrus bauhini, Nigritella gabasiana, Cystopteris montana, Eriophorum latifolium eta Ranunculus parnassiifolius.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk, eta ZBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "funtsezko elementu" esaten zaie. Izan ere, ZBEren zainketa "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, eta gaur egungo kontserbazio egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, hainbat jarduketa, kudeaketako jarraibide eta lege-neurri proposatu dira, ZBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko.

Hona hemen Larrondo-Lakartxela Zainketa Bereziko Eremua kudeatzeko "funtsezko elementuak":

1. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

2. Larreak eta sasidiak.

3. Basoak.

4. Flora mehatxatua.

5. Igel piriniotarra.

6. Okil gibelnabarra.

7. Eper grisa.

8. Hartz arrea.

III.-Planaren azken helburuak.

Hauek dira azken helburuak: kudeaketak ahalik eta lasterren lortu behar dituen xede edo helmugak, aurreko atalean aipatzen diren funtsezko elementu guztietarako kontserbazio egoera ona erdiesteko.

1. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

1.1.-Azken helburua: harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten kontserbazio egoera ona mantentzea.

2. Larreak eta sasidiak.

2.1.-Azken helburua: larre eta sasidien kontserbazio egoera ona bermatzea.

3. Basoak.

3.1.-Azken helburua: pagadien eta pinu gorrien pinudien gaur egungo azalerak kontserbazio egoera onean mantentzea.

4. Flora mehatxatua.

4.1.-Azken helburua: florako espezie mehatxatuen kontserbazio egoera ona bermatzea.

5. Igel piriniotarra.

5.1.-Azken helburua: habitatak igel piriniotarra hartzeko duen ahalmenari eustea.

6. Okil gibelnabarra.

6.1.-Azken helburua: habitatak okil gibelnabarra hartzeko duen ahalmenari eustea.

7. Eper grisa.

7.1.-Azken helburua: eper grisa egotea ahalbidetzen duten beharrezko habitat-baldintzak mantentzea.

8.-Hartz arrea.

8.1.-Azken helburua: hartz arrea ZBEan izateko habitat eta giza erabilera egokiak bermatzea.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Izan daiteke planaren azken helburuak edo helmugak indarraldian lortzea edo ez lortzea, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan haren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek bide eman behar dute proposatu diren azken helburuak lortzeko. Hemen azaltzen dira, funtsezko elementuen eta azken helburuen zenbakien arabera:

1. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

1.1.1.-Helburu operatiboa. Harkaizti eta hartxingadiekin lotutako habitaten oraingo egoera ezagutzea, eta haien babesa bermatzea.

2. Larreak eta sasidiak.

2.1.1.-Helburu operatiboa. Batasunaren intereseko larre eta sasidietako habitatak zaintzearekin bat datorren abeltzaintza kudeaketa egitea.

3. Basoak.

3.1.1-Helburu operatiboa: ekologiaren aldetik interesekoak diren zuhaizti azalerei eustea.

3.1.2.-Gainerako zuhaitz eremuak ekologiaren aldetik hobetzea.

4. Flora mehatxatua.

4.1.1-Helburu operatiboa: florako espezie mehatxatuen banaketa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

4.1.2.-Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.

5. Igel piriniotarra.

5.1.1-Helburu operatiboa: igel piriniotarraren populazioa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

5.1.2.-Helburu operatiboa: erreketako habitataren kalitate ekologikoa bermatzea.

6. Okil gibelnabarra.

6.1.1-Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren populazioaren egoera ezagutzea.

6.1.2-Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren habitataren kalitatea hobetzeko neurriak ezartzea.

7. Eper grisa.

7.1.1-Helburu operatiboa: eper grisak ZBEan duen populazioaren egoera ezagutzea.

7.1.2-Helburu operatiboa: eper grisarentzat baldintza eta habitat onak hobetzea.

8. Hartz arrea.

8.1.1.-Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea ZBEan bizitzea.

8.1.2.-Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

V.-Araudia.

Araudi orokorra.

1. Baso-lurzoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, sortzean, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari nahiz pertsonen osasunari eta haien ondasunei kaltea eragiten ahal dietenak.

3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez dituela ukitzen Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan zerrendatutako Batasunaren intereserako animalia eta landare espezieak, eta haien habitatak edo Zainketa Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak.

4. Ematen diren baimen guztiek bermatuko dute honako arau hauek beteko direla: Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta Babes bereziko araubideko basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua.

Berariazko araudia.

1. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

1.1.-Kontserbazio egoera ona duten harkaiztietan eta hartxingadietan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan eta haien eragin-eremuan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

2. Errekak.

2.1.-Kontserbazio egoera ona duten erreketan eta, espezie mehatxatuak edo habitat interesgarriak izateagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dutenetan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

3. Intereseko flora.

3.1.-Intereseko flora duten guneetan egiten diren erabilerek eta aprobetxamenduek (meatzaritzakoak, hidrologiakoak, oihanekoak, abeltzaintzakoak eta turismokoak) kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

3.2.-Flora mehatxatuari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

4. Intereseko fauna.

4.1.-Aintzira berriak eraikitzeko eta lehendik daudenak hobetzeko proiektu guztiek anfibioak zaintzeko neurriak bilduko dituzte, baita basa faunako espezieak ez itotzeko neurriak ere.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendiotzat jo behar dira. Aplikatu beharko dira, kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago.

1. Larre eta sasidietarako jarraibideak.

1.1.-ZBEko larre eta sasidietako habitat bakoitzerako ezarritako kontserbazio helburu berariazkoen arabera eginen da larreen planifikazioa.

1.2.-Larreei buruzko plana onesten ez den bitartean, ez da jarduketarik eginen baldin eta horrek ekartzen badu ZBEko soiletako sasien azalera murriztea, salbu beharrezkoa denean natur ingurunea lehengoratzea edo eper grisaren habitata hobetzea.

1.3.-Larreak antolatzeko plana prestatzean kontuan hartu behar dira eper grisaren habitatak dituen beharrak.

2. Zuhaiztietarako jarraibideak.

2.1.-Balio ekologiko handienekotzat identifikatutako baso eremuetan ez da esku hartuko, halako moduz non utziko baita libreki bilakatzen, salbu beharrezkoa denean natur ingurunea lehengoratzea.

2.2.-Bermatuko da balio ekologiko handienekotzat identifikatzen diren zuhaitzek iraunen dutela, bai basoan bai soiletan.

2.3.-Pagadian lurrean nahiz zutik dagoen egur hila errespetatuko da.

2.4.-Hektareako 8-10 zuhaitz heldu kontserbatuko dira, gutxienez, pagadien azken mozketan, ziklo biologikoa mendian buka dezaten. Zuhaitz horiek hautatzeko kontuan hartu beharreko faktore nagusiak honako hauek izanen dira:

a. Pizidoen zuloak izatea.

b. Onddoak, zauriak, adar hilak, malformazioak, arrailak edo zulo naturalak izatea.

c. Liraintasunaren eta adaburuaren garapenaren arteko erlazioa. Isolatuta egonda, zuhaitzak bizirauteko aukera gehiago izanen ditu diametroa eta adaburuaren garapena handitzen diren neurrian.

d. Zuhaitzaren tamaina. Zuhaitz handiek txikiek baino zulo gehiago eta era gehiagokoak dituzte faunarentzat.

e. Espezieen aniztasuna. Lehentasunezkoa da pagadietan dauden beste espezie batzuetako zuhaitz heldu bakanak zaintzea.

f. Espazioko banaketa. Printzipioz zuhaitz horiek erregulartasunez banatuta egon behar dute, horrela bermatzen delako aterpeak espazioan banaturik egonen direla. Helburua baldin bada zenbait organismo (adibidez, kakalardoen populazioak edo flora geofitoko multzoak) kontserbatzea, hori errazago lortuko da zuhaitz-multzoak edo zuhaiztiak zainduta. Hobe da ahalik eta handienak izatea, ahalik eta neurri handienean kontserbatzeko baso-ezaugarriak (intsolazio-mailak, hezetasuna, tenperatura, etab.).

2.5.-Bigarren mailako espezieak errespetatuko dira, eta haien zainketa bermatuko da. Birsortzeko mozketak egin behar diren guneetan baldin badaude bigarren mailako zuhaitz espezie horiek (bai pagadietan bai pinudietan), behar diren neurri guztiak hartuko dira bigarren mailako espezieek mendian iraun dezaten eta haien berezko birsorkuntza berma dadin, haien behar ekologikoekin bat datozen jarduketen bidez.

2.6.-Oihan-aprobetxamenduetan erreketako bazterretako landareak errespetatuko da.

2.7.-Okil gibelnabarra hazteko eremuak barne hartzen dituzten zuhaiztietan ez da eginen zuhaitzak mozteko, prestatzeko eta ateratzeko lanik otsailaren 15etik ekainaren 15era bitarteko aldi kritikoan. Horretarako, oihaneko lanak egiten hasi aurretik, egiaztatuko da ea espezie horren presentziarik baden.

2.8.-Ohianak antolatzeko planetan kudeaketa irizpideak izanen dira, eta, horietan, kontuan hartuko dira hartz arreak dituen behar ekologikoak. Espeziearen zikloa oztopatuko ez duten sasoietan eta lekuetan eginen dira aprobetxamendu guztiak, horretarako behar diren prozedurak erabiliz.

2.9.-Landaketa proiektuetan bertako espezieak erabiliko dira, eta, ahal den neurrian, jatorrizko eskualde berekoak.

3. Beste jarraibide batzuk.

3.1.-Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek paisaiara egokitzeko neurriak barne hartuko dituzte.

3.2.-Pistak eta egurra ateratzeko bideak drainatzeko sistemak ez du utziko solidoak erreketara iristea.

3.3.-Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek eta oihan-aprobetxamenduetarako baldintza agiriek behar diren neurriak barne hartuko dituzte erreketako ukipena ahalik eta txikiena izateko.

3.4.-Hartz arrearen kontserbaziorako Pirinioetan ezartzen diren dokumentu estrategikoetako erabaki eta neurriak babestuko dira, eta horien aldeko lankidetza izanen da.

3.5.-Ehizaren kudeaketaren ardura dutenei tresna arin bat emanen zaie ZBEa aldatzeko, edo ehiza-uxaldien egunen berri emanen zaie, hartz arrearen hibernazio eremuetan egitekoak direnean, edo udazkeneko elikagaiak dituen eremuetan, hartz arrearen presentzia detektatu den tokietan.

3.6.-Ahal dela, giza jarduerek sortutako eragozpenak ez dira handituko eremu kritikoetan eta hartz arrearentzat kalitate handienekoak diren habitatetan.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Larre eta sasidiei lotutako neurriak.

1.1.-Larreak antolatzeko plan bat egitea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.

1.2.-Abeltzaintzako azpiegiturak sortzea eta mantentzea, abeltzainen sektoreak parte hartuta.

1.3.-"Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko mendiko larreetan" abiaraztea.

1.4.-Abeltzaintzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarenaren (ITGG) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluaren laguntzaz, entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak "produkzio ekologikoko eremutzat" jotzea, interesa duten ekoizleek horiek erabili ahal izatea bermatzeko.

1.5.-ZBEko larreetan atzemandako higadura prozesuak lehengoratzeko lanak egitea.

2. Zuhaiztiei lotutako neurriak.

2.1.-Ekologiaren aldetik interesekoak diren zuhaitzak identifikatzea, kokatzea eta markatzea.

3. Florari lotutako neurriak.

3.1.-Azterketak egitea, florako espezie mehatxatuen banaketa eremua ezagutzeko, haien populazio eta kontserbazio egoerak zehazteko, eta espezie horientarako jarraipen-protokoloa ezartzea.

4. Faunari lotutako neurriak.

4.1.-Azterlan bat egitea, ikusteko zein den igel piriniotarrak Lekuan duen banaketa eta nola aukeratzen duen bere habitata. Espeziea kudeatzeko aholku praktikoak izanen ditu.

4.2.-ZBE honetan okil gibelnabarraren zentsua egitea.

4.3.-ZBE honetan eper grisaren zentsua egitea.

4.4.-Azterlan bat egitea, eper grisarentzat egokia den eredu bat ezartzeko, Pirinioetako mendiguneko proiektu komun baten barnean integraturik. ZBEan aplikatzeko jarraibideak izanen ditu, espeziearen habitata hobetzeko eta hura kontserbatzeko.

4.5.-Ekintza pilotu gisa, soil txikiak irekitzea pagadi trinko eta erregularretan, habitatak oihaneko espezieak hobeki hartu ahal izateko.

4.6.-Hartz arrea eta eskualdeko ohiko erabilerak (batez ere abeltzaintza) bateragarriak egiteko dauden neurriak ebaluatzea:

a. Hartzaren erasoak direla-eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategientzako kalte-ordainen politika berraztertzea eta eguneratzea. Analisi ekonomikoa ere izanen du.

b. Hartz arrearen presentziaren ondoriozko artzaintzarako konpentsazio araubidearen diseinua, zonifikazioa eta aplikazioa berrikustea, eta ebaluatzea ea bateragarria den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntzekin.

4.7.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arreak egindako kalteen kontrolerako eta kudeaketarako dituen protokoloei segida ematea.

4.8.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak hartz arrearekin loturik egiten dituen urteko jarraipeneko, kontroleko eta ikerketaren babeseko programei segida ematea.

4,9.-Hartz arrearentzat egokiak diren tokietan, bigarren mailako espezieetako zuhaiztiak landatzea, ahal dela fruitu mamitsuak ematen dituzten espezieekin (sagarrondoak, elorriak, gurbeondoak, gereziondoak, elorri beltzak, etab.).

5. Beste neurri batzuk.

5.1.-ZBEan dauden harkaizti eta hartxingadiei lotutako intereseko habitaten 1:5.000 eskalako inbentarioa egitea, eta haien kontserbazio egoera zehaztea.

5.2.-Erreken kalitateari eragiten dioten bidezidorretan eta pistetan zuzenketak egitea.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, bere aurrekontuen bidez, honako hauek finantzatuko ditu:

-Guneko kontserbazio egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren zenbatekoak.

-Ekipamenduak eta kudeaketarako egitura mantentzeko behar diren zenbatekoak.

-Erabilera eta jardueren murrizketek behar dituzten ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

-Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Nafarroako Gobernuko departamentuek ingurumena beren politika sektorialetan integratzeko egiten dituzten ekintzek ere laguntzen ahalko dute plana garatzen.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak finantzatzen ahalko ditu oso-osorik partikularrek edo tokiko entitateek herrilurretako ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta haien helburua plana garatzea bada, irabazi-asmorik gabe, eta ZBEko kontserbazio egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, honako hauei emanez zaie lehentasuna: kontserbazioarekin bateragarriak izanik, Zainketa Bereziko Eremuaren barnean proposatzen direnei. Gainera, gune horretatik edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste batzuen aldean, laguntza-portzentajea handitu eginen da. Halaber, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentua aurrekontuetatik kanpoko fondoak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen-programa.

Jarraipena egiteko programa ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek helburu bakoitzerako objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez.

Programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio urtero Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean lortu ezin direla ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak hartzen ahalko dira planaren barnean.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN
HELBURUA

HELBURU
OPERATIBOA

JARRAIPENERAKO
ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTA
IRIZPIDEA

HARKAIZTI ETA

HARTXINGADIAK

1. 1 AZKEN HELBURUA: harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten kontserbazio egoera ona mantentzea.

Zenbateko azalera dagoen kontserbazio egoera onean

Ezezaguna

217,02 ha

1.1.1. Helburu operatiboa. Harkaizti eta hartxingadiekin lotutako habitaten oraingo egoera ezagutzea, eta haien babesa bermatzea.

Habitaten inbentarioa, 1:5.000 eskalan

Egin gabe

Egina

Habitat horietan atzemandako ukipen kopurua

Ezezaguna

Ukipen kop.=0

Aplikatzekoak dira "Flora mehatxatua" izeneko funtsezko elementuaren adierazleak

LARREAK

ETA SASIDIAK

2.1 AZKEN HELBURUA: larre eta sasidien kontserbazio egoera ona bermatzea.

Habitatak zenbateko azalera duen kontserbazio onean (ikus funtsezko elementuen taula ekintza planean).

Ezezaguna

1276,31ha

2.1.1. Helburu operatiboa. Batasunaren intereseko larre eta sasidietako habitatak zaintzearekin bat datorren abeltzaintza kudeaketa egitea.

Larreak antolatzeko plana

Onetsi gabe

Onetsia

Abeltzaintzako zenbat azpiegitura gauzatu diren

Ezta bat ere

Larreak antolatzeko planean aurreikusitako azpiegitura guztiak eginak

Zer azaleretarako hartzen den Natura 2000 Sarearen mendiko larreetako artzaintzarako laguntza

Ezta baterako ere

1027,29 ha

Produkzio ekologikoko eremu izendatutako larreen azalera

Ezta bat ere

100 ha

Higadura prozesua izan duten zenbat eremu lehengoratu diren

Ezta bat ere

Eremu bat edo gehiago lehengoraturik

BASOAK

3.1 AZKEN HELBURUA: pagadien eta pinu gorrien pinudien gaur egungo azalerak kontserbazio egoera onean mantentzea.

Habitatak zenbateko azalera duen kontserbazio onean (ikus funtsezko elementuen taula ekintza planean).

Ezezaguna

781,39 ha

3.1.1. Helburu operatiboa: ekologiaren aldetik interesekoak diren zuhaizti azalerei eustea.

Balio ekologiko handieneko basoak

Oihan-ustiapenerako erabil daitezke

Balio ekologiko handieneko basoetan egin daitezkeen jarduketen helburua da natur ingurunea lehengoratzea.

Balio ekologikoko zuhaitzen presentzia

Ezezaguna

Balio ekologikoko zuhaiztiak dituzten eremuak zaintzen dira

3.1.2. Gainerako zuhaitz eremuak ekologiaren aldetik hobetzea.

Egur hilaren presentzia, lurrean eta zutik

Ezezaguna

Egur hila, lurrean eta zutik, mantentzen da.

Berezko eboluziorako utzitako zuhaitzak hektareako, pagadietako azkeneko mozketetan

Ezezaguna

8-10/ha

Bigarren mailako espezieen presentzia

Badira zuhaizti monoespezifikoak

BILeko baso guztietan badira bigarren mailako espezie asko

Erreketako bazterretan bada landaredia

Ezezaguna

Erreka guztiek dute landaredia bazterretan

Paisaiaren gaineko inpaktua duten pistak

Ezezaguna

Pista guztiek dituzte paisaian txertatzeko neurriak

Oihaneko fauna eta flora espezieetarako soilgune kopurua

0

50

FLORA

MEHATXATUA

4.1 AZKEN HELBURUA: florako espezie mehatxatuen kontserbazio egoera ona bermatzea.

Ezagutzen diren flora populazioen zer ehuneko dauden kontserbazio egoera onean

Ezezaguna

%100

4.1.1. Helburu operatiboa: florako espezie mehatxatuen banaketa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

Flora mehatxatuaren banaketa eta kontserbazio egoera

Ezagunak

Ezagunak

4.1.2. Helburu operatiboa: flora espezie mehatxatuen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.

Flora populazio mehatxatuaren gaineko ukipenen kop.

Ezezagunak

Ukipen kop.=0

IGEL

PIRINIOTARRA

5.1 AZKEN HELBURUA: habitatak igel piriniotarra hartzeko duen ahalmenari eustea.

Igel piriniotarraren presentzia duten erreka kop. / Igel piriniotarra izan dezaketen erreka kop.

Ezezaguna

Igel piriniotarra duten erreka kop. > edo = hasierako laginketan detektatuak

5.1.1. Helburu operatiboa: igel piriniotarraren populazioa eta kontserbazio egoera ezagutzea.

Laginketa egindako erreka kop.

Ezta bat ere

Dauden erreken %100

5.1.2 Helburu operatiboa: erreketako habitataren kalitate ekologikoa bermatzea.

Flora populazio mehatxatuaren gaineko ukipenen kop.

Ezezaguna

Ukipen kop.=0

OKIL

GIBELNABARRA

6.1 AZKEN HELBURUA: habitatak okil gibelnabarra hartzeko duen ahalmena hobetzea

Okil gibelnabarren dentsitatea (bikoteen kopurua hektareako)

Dentsitatea: 0,5 bikote 100 hektareako edo gehiago.

6.1.1. Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren populazioaren egoera ezagutzea

Okil gibelnabarren zentsuak

Ezta bat ere

Okil gibelnabarren zentsuak

6.1.2. Helburu operatiboa: okil gibelnabarraren habitataren kalitatea hobetzeko neurriak ezartzea

Aplikatzekoak dira "Basoak" izeneko funtsezko elementuaren adierazleak

EPER GRISA

7.1 AZKEN HELBURUA: eper grisa egotea ahalbidetzen duten beharrezko habitat-baldintzak mantentzea.

Gaur egungo populazioa / Izan daitekeen populazioa

Indizea = 1

7.1.1. Helburu operatiboa: eper grisak BILean duen populazioaren egoera ezagutzea.

Eper grisaren zentsua

Ezta bat ere

Eper grisaren zentsua egina

7.1.2. Helburu operatiboa: eper grisarentzat baldintza eta habitat onak hobetzea.

Azterlan bat egitea, habitata eper grisarentzat egokia izan dadin eredu bat ezartzeko

Egin gabe

Azterlan bat egina

HARTZ ARREA

8.1 AZKEN HELBURUA: hartz arrea BILean izateko behar bezalako habitata eta giza erabilera egokiak bermatzea.

Larrondo-Lakartxelan, zer azalera duten goi mendietako basoek kontserbazio egoera onean

Ezezaguna

781,39 ha

8.1.1. Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea BILean bizitzea.

Oraingo neurrien ebaluazioa

Ebaluatu gabe

Ebaluatuak eta zuzenduak

Kudeaketarako eta kalteak kontrolatzeko protokoloa

Urtekoa

Urtekoa

Kontrolerako, jarraipenerako eta ikerkuntzari laguntzeko programa

Urtekoa

Urtekoa

8.1.2. Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

Hartzaren habitat hobetuen azalera

Ezta bat ere

10 ha

XI.-Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

F1120486_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1120486