190. ALDIZKARIA - 2012ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

583/2012 EBAZPENA, 2012ko abuztuaren 29koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuko lan-kontratupeko aldizkako langileen itun kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

2012ko abuztuaren 9an, departamentu honetan sartu da "Nafarroako Gobernua" entitatearen eta lan-kontratupeko langileen ordezkariek 2012ko uztailaren 5ean izenpeturiko dokumentazioa, enpresaren eta langileen ordezkariek izenpeturiko itun kolektiboa erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko igorria. Itun horretan, aldizkako lanpostuak dituzten lan-kontratupeko langileen enplegu baldintzak finkatzen dira.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak eskumena du lan hitzarmen kolektiboak, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84. artikuluan aipatzen diren akordio kolektiboak ere, erregistratzeko, gordetzeko eta argitaratzeko, Estatuaren lan arloko eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Eginkizun horiek martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezartzen dira. Hori horrela, eta kontuan hartuta Lan hitzarmen kolektiboen erregistro eta gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Gobernua" entitatearen 2012ko uztailaren 5eko aipatu itun kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2012ko abuztuaren 29an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

LAN-KONTRATUPEKO ALDIZKAKO LANGILEEN ZENBAIT ENPLEGU BALDINTZARI BURUZKO AKORDIOA

Negoziazio prozesuaren ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratupeko langileen Enpresaz gaindiko Hitzarmen Kolektiboaren Negoziazio Batzordean honako akordio hau lortu da, datan ageri den egunean.

1. Aplikazio eremua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aldizkako lanpostuak betetzen dituzten lan-kontratupeko langileak, honako arlo hauetakoak: Suteei aurrea-hartu eta itzaltzeko kanpainak (Nafarroako Larrialdietako Agentzia), Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen kanpainak (Nafarroako Zerga Ogasuna) eta aurrerantzean araubide berarekin sortzen ahal direnak.

2. Indarraldia.

2012ko uztailaren 1etik aurrera.

3. Xedea.

Akordio honen helburua deien hurrenkera eta aipatu langileen bateraezintasunen araubidea arautzea da.

A) Deien hurrenkera.

Aipatu kanpainetan aldizkako lanpostuak betetzen dituzten lan-kontratupeko langileak deitzeko hurrenkera lehentasun hauen arabera ezarriko da:

a) Langile finkoak eta mugagabeak: deiak izaten diren kanpainetan ematen dituzten zerbitzuen arabera. Horretarako, Suteei aurrea hartu eta itzaltzeko kanpainetan, kontratazioaren xedeko lanpostuetan ematen diren zerbitzuak bereizketarik egin gabe hartuko dira kontuan.

Irizpide horri jarraikiz berdinketa suertatzen bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan antzinatasun onartu handiena duenari emanen zaio lehentasuna.

Lan-kontratupeko langile finkoak mugagabeen aurretik egonen dira beti deiak egiterakoan.

b) Aldi baterako langileak: aldi baterako kontratazioak kudeatzeko araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

B) Bateraezintasunen araubidea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako aldizkako lanpostuetan lan-kontratupeko langile gisa aritzea bateraezina izanen da sektore publikoan aldi berean beste zerbitzu batzuetan aritzearekin, bateraezintasunen araubidetik oro har baztertutako jardueretan izan ezik.

Dena dela, aldizkako lanpostuak betetzen dituzten lan-kontratupeko langileak zerbitzuak ematen ari ez diren aldietan, bateragarria izanen da sektore publikoan beste zerbitzu batzuk ematea. Irizpide hori lan-kontratupeko aldizkako langile guztiei aplikatuko zaie, izan finkoak, mugagabeak edo aldi batekoak.

Lan-kontratupeko aldizkako langileak sektore publikoko beste lanpostu batean ari badira kanpaina baterako deiak egiten direnean eta lanpostu hartan jarraitzea erabakitzen badute, honako ondorio hauek izanen dira langile motaren arabera:

-Langile finkoak: lan-kontratupeko aldizkako langile finko gisa duten lanpostuan borondatezko eszedentzia eskatu beharko dute, horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

-Langile mugagabeak: mugagabe izaera galduko dute.

-Aldi baterako langileak: aldi baterako kontratazioa arautzeko araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

Iruñean, 2012ko uztailaren 5ean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren
eta haren erakunde autonomoen aldetik

Gregorio Eguílaz Gogorza

SMN
sindikatuaren aldetik

---------------------------

ANPE
sindikatuaren aldetik

---------------------------

ELA
sindikatuaren aldetik

---------------------------

USO
sindikatuaren aldetik

---------------------------

AFAPNA
sindikatuaren aldetik

---------------------------

CCOO
sindikatuaren aldetik

---------------------------

UGT
sindikatuaren aldetik

---------------------------

Iragarkiaren kodea: F1212594