1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
438/2012 FORU AGINDUA, abuztuaren 8koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, 2012an garapeneko programa ekonomiko eta sozialak egiteko diru-laguntzetarako deialdia indarrik gabe uzten duena.
Egoera ekonomikoaren bilakaera eta ekitaldi honetarako diru-sarreren aurreikuspenak direla-eta, Nafarroako Gobernuak, 2012ko ekainaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, aurrekontu egonkortasunaren helburua beteko dela ziurtatzeko, muga bat ezarri zuen gastu ez-finantzariorako, eta horrek ekarri du Nafarroako Gobernuko departamentuek aurrekontu-ekitaldi honetan egin beharreko gastuak murriztea.
Erabaki horren ondoriozko gastu-doikuntza bi modutara eginen da: batetik, tramitazio egoera edozein izanik ere, irmo bilakatu ez diren proiektuei ez heltzea, edo, bestetik, konpromiso irmoak direnen baldintzak aldatzea, edukia murriztuz edo gauzatzeko epeak luzatuz.
Adierazitakoagatik, aurrekontuen egonkortasunaren helburua betetzen dela bermatzeko, bidezkoa da indarrik gabe uztea oraindik ebatzi ez den 2012. urtean garapeneko programa ekonomiko eta sozialak egiteko diru-laguntzetarako deialdia.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.e) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Indarrik gabe uztea 2012. urtean garapeneko programa ekonomiko eta sozialak egiteko diru-laguntzetarako deialdia, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 28ko 83/2012 Foru Aginduaren bidez onetsitakoa, 2.000.000 euroko zenbatekoa, 2012ko ekitaldiko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900004 91200 4819 143102 kontu-sailari dagokiona.
2. Baimena kentzea 2.000.000,00 euroko gasturako, 2012ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900004 91200 4819 143102 kontu-sailari dagokiona.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2012ko abuztuaren 8an.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Jesús Pejenaute Grávalos.
Iragarkiaren kodea: F1212698