190. ALDIZKARIA - 2012ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144/2012 EBAZPENA, irailaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko bigarren mapa estrategikoa, onetsi aurretik, eta hori prestatzeko lanetan sortu den dokumentazioa jendaurrean jartzen dituena, hilabetez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezarri zuen agintari eskudunek zaratari buruzko mapa estrategikoak prestatu eta onetsi behar zituztela honako eremu hauetarako: 250.000 biztanletik gorako aglomerazioak, urtean sei milioi ibilgailutik gorako trafikoa duten bide ardatz handiak, urtean 60.000 trenetik gorako trafikoa duten burdinbide ardatz handiak eta haien lurraldeetako aireportu handiak. Aurrekoa Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioa zen.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, autonomia erkidegoko administrazioak du zaratari buruzko mapak prestatzeko, onesteko eta berrikusteko eskumena, maparen lurralde eremuak udal mugape bat baino gehiago hartzen baditu.

Horrenbestez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 1355/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsi ziren, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioan identifikatutako unitateei zegozkienak. Horien artean, Iruñerriko hiri aglomerazioa zegoen, hemeretzi udalerritako lurraldea ukitzen duena.

Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du zaratari buruzko mapak bost urtean behin berrikusi eta, hala badagokie, aldatu behar direla, onesten den egunetik hasita.

Bestetik, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluak betebeharra ezartzen du hiri aglomerazio guztietako zaratari buruzko mapa estrategikoak prestatzeko eta onesteko, 2012ko ekainaren 30a baino lehen. Hiri aglomeraziotzat jotzen dira 100.000 biztanletik gorako udalerriak.

Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik Iruñeko udalerriak betetzen du baldintza hori, baina Iruñerriko hiri aglomerazioaren parte denez, Zaratari buruzko Legearen aplikazioaren ondorioetarako mapa estrategikoko unitate bakarra izanik, komenigarritzat jo da Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa berrikustea eta mapa berriro prestatu eta onestea.

Mapa estrategiko horren lurralde-eremua mugatzean, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatu dira, populazio dentsitatearekin eta populazioaren hurbiltasunarekin zerikusia dutenak, arau horren 9. artikuluan ezartzen den bezala. Horrez gain, aglomerazioko 19 udalerrien multzoaren errealitatea lehenetsi da, lurralde ezaugarriak eta zaratari buruzko arazo berberak baitituzte, funtsean udalerrietako hiriguneen jarraitasunagatik eta industrialde, zerbitzu-poligono eta azpiegiturak (ingurubideak, trenbidea, aireportua) partekatzeagatik. Helburua izan da Iruñerriari osoko erantzuna ematea, udalerriek mugakide dituzten eremuetan gatazkak saihestuz eta udalek haien jarduketa planetan hartzen ahal dituzten neurrien arteko bateragarritasuna bilatuz.

Zaratari buruzko mapa estrategikoak prestatzeko prozesua neketsua eta luzea da eta zailtasun teknikoko maila altua du, datuak hartzearen ikuspegitik nahiz soinu mailak modelizazioaren bidez kalkulatzeko informazioaren tratamendu informatikoaren ikuspegitik, informazio geografikoko sistemen erabilera barne. Gainera, azken fasean, lortutako informazio guztia prestatu eta eman behar da, mapa estrategikoak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioko Kutsadura Akustikoari buruzko Informazio Sisteman (SICA) sartzeko.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 734/2011 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko bigarren mapa estrategikoa prestatzeko lanak Trabajos Catastrales, S.A. (Tracasa) erakunde instrumentalari esleitu zitzaizkion, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Departamentuko Akustika Laborategiak lagunduta.

Bestetik, Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du administrazio eskudunek zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsi beharko dituztela, jendaurrean gutxienez hilabetez jarri ondoren.

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak egindako txostena ikusita eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko bigarren mapa estrategikoa eta hori prestatzeko lanetan sortu den dokumentazioa jendaurrean jartzea, hilabetez.

Horretarako, zaratari buruzko bigarren mapa estrategikorako proposamena eta aipatu dokumentazioa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan (González Tablas 9, behean, Iruña) ikusten ahalko dira, bulegoko ordu baliodunetan, baita Interneten ere, Nafarroako Gobernuaren Atariaren orrian (www.navarra.es), Zerbitzuen Katalogoan, "Jendaurrean dauden ingurumen proiektuak kontsultatzea" fitxan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateko Eskualdeko Hiri Garraioaren Zerbitzuari; Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiari; eta Antsoaingo, Aranguren ibarreko, Barañaingo, Beriaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Zizur Zendeako, Eguesibarko, Esteribarko, Ezkabarteko, Galarko, Uharteko, Noain-Elortzibarko, Oltza Zendeako, Orkoiengo, Iruñeko, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko irailaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1213202