190. ALDIZKARIA - 2012ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

172/2012 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Zurukuaingo (Nafarroa) Montalbango ermita izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:

"Zurukuaingo mugapean, Deierrin, dago Montalban, aspaldian hustutako herria. Aitzinean, Montalbango herria beregain izan zen erabat hustu zen arte XIX. mendearen bigarren erdialdean, aipatu udal mugapean sartu zenean. Erdi Aroko berri gutxi ditugu toki honi buruz; bakar-bakarrik, XIV. mendearen erditsuan bederatzi sutondo zituela. Herri hartatik eliza interesgarri bat bakarrik gelditu da, erromaniko berantiarreko estiloan egina.

Lizarrerriko bertako jarraibideak betetzen dituen eliza da. Bi alde ditu. Batetik, absidea eta abside-aurrekoa, zainduagoak. Parpain-arku bikoitz batek bereizten ditu nabetik; horrek ere bi esparru ditu, mentsula gaineko parpain-arku soil batek bereizita, zeina adreiluzkoa baita eta, bistan denez, Erdi Aroaren ondokoa, eta ez du kontrahormarik. Ezpataina du hegoaldeko hormaren mendebaldean.

Absidea harlandu ederrez egindakoa da kanpotik, inposta bateraino, non hiru leiho txiki eta xume dauden. Txaranbeldu bikoitza dute, oso gutxi nabarmena kanpo aldera, eta irekiagoa barrenaldera. Absideak kontrahormak ditu alde banatan, leihoen altuera pixka bat gainditzen dutenak, baina erlaitzera iritsi gabe. Aldiz, abside-aurrekoa eta nabea bereizten dituen kontrahorma eta ipar-ekialdeko kantoikoa erlaitzeraino iristen dira. Absideko eta abside-aurreko horma bukaeran, eta nabearen iparraldeko hormarenean ere bai, harburu xume leunak daude, kurbadura konkabo arinekoak.

Epistolako horman portalea dago; platabandako hiru arkibolta soil ditu, zertxobait zorrotzak eta apaindurarik gabeak, inposta alakatu baten gainean.

Barrenean, nabeko parpain-arkua mentsula soilen gainean eusten da (hegoaldekoa laurdeneko bozelean eta iparraldekoa erroilukoa). Moldura alakatu bat gangaren inpostaren lerroan kokatzen da. Aldiz, absidean eta abside-aurrean bi dira hormak lotzen dituzten moldurak: behekoa, alakatua, leihoen abiaburuan; goikoa, bozelean, gangen hasieran.

Nabea eta abside-aurrekoa bereizten dituen arkua bikoiztua da eta pilastretan ezarritako erdi-kolometan oinarritzen da. Abside-aurrekoa eta absidea bereizten dituenak horman ezarritako erdi-koloma baino ez du. Bi arkuen erdi-kolomek kapitelak dituzte, zizelkatutako apaindurarekin. Xumeenak erraboil itxurako motiboak ditu, ebakigune erradiatuekin izkinetan, oskolen moduan. Beste hirurek aldaketak dituzte gai beraren inguruan: hosto arraildu handien eskematizazioa izkinetan, palma adarrekin eta kiribildurekin muturrean. Gangak garai erromanikoan ohikoak ziren jarraibideak betetzen ditu: kanoi-erdikoa abside-aurrean eta labekoa absidean.

Barrenean pintura estaldura baten hondarrak daude, garai erromanikokoak segur aski, harlanduen irudiekin; gainera, beste hondar batzuk gainean, pintura barrokoaren apaindurakoak.

Eraikinaren kronologiari dagokionez, kontuan hartzekoak dira tipologia eta kapitelen apaindura. Espazioaren antolaketagatik eta eraikuntzako elementuen konposizioagatik, erromaniko berantiarreko tenpluei dago lotua, XII. mendeko azken herenekoei. Gauza bera esan daiteke kapitelei buruz; izan ere, hosto festoiduna biltzen duen hosto arrailduaren motiboa erromaniko betekoa bada ere, hemen landuta azaltzen den moduak Lizarran eta inguruan aipatu mende bukaeran oso hedatuak zeuden modeloen eskematizazioa salatzen du; hortaz, mende horren azken urteetan koka daiteke, 1200 urtea iragan ondoren.

Orain gutxi arte, eraikina erdi aurrietan zegoen. Jabeek lagatuta, berriki zaharberritu du Deierriko Udalak.

Eraikinaren balio historiko eta arkitektonikoagatik, Ondare Arkitektonikoaren Atalaren ustez, bidezkoa litzateke ondasun inbentariatuaren kategorian sartzea eta horrenbestez eskatzen du deklarazioaren espedientea irekitzeko."

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Montalbango ermita izeneko monumentua, Zurukuainen (Nafarroa) dagoena, ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau Deierriko Udalari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2012ko ekainaren 13an.-Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1212406