189. ALDIZKARIA - 2012ko irailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza, Merkataritza ez egonkorra arautzen duena.
Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2012ko uztailaren 4an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2012ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 30ean, baita iragarki oholean ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Otsagabiko Udalak, 2012ko irailaren 4an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza. Ondotik horren kopia argitaratzen da osorik.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326 artikuluan ezarritakoa betetzeko, argitara ematen da orok jakin dezan.

Otsagabian, 2012ko irailaren 7an.-Alkate udalburua, María Luisa Sáez García-Falces.

UDAL ORDENANTZA, MERKATARITZA
EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da merkataritza ez egonkorra arautzea Otsagabiko udal mugapean, Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean aurreikusitakoa betez.

Merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena.

2. artikulua. Modalitateak.

Merkataritza ez egonkorra modu hauetakoa izaten ahal da:

a) Merkatu txikietan, aldikotasuna eta tokiak aldez aurretik erabakita.

b) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.

c) Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan

Ordenantza honen aplikaziotik kanpo dago etxez-etxeko salmenta.

3. artikulua. Baimenak.

Oro har, merkataritza ez egonkorrean aritu ahal izateko Udalaren baimena behar da.

Baimena eskatu nahi duten merkatariek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, dagozkien epigrafeetan.

b) Ogasun publikoarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Gizarte Segurantzaren bidezko araubidean alta emanda egotea.

d) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, merkataritzako jarduera horren arriskuak estaltzeko.

e) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiaztatzen dituena.

f) Salgaiak gizakiaren kontsumorako elikagaiak baldin badira, elikagaiak manipulatuko dituzten pertsonek dagokien egiaztagiria eduki beharko dute.

Udalak identifikazio dokumentua emanen die bere udal mugapearen barnean merkataritza ez egonkorrean aritzeko baimentzen dituen pertsona fisikoei eta juridikoei. Dokumentu horrek baimenaren funtsezko datuak bilduko ditu, eta agerian eta bezeroen eskura egonen da. Aipatutako dokumentuan kontsumitzaileen erreklamazioei erantzuteko helbidea agertu behar da. Era berean, helbide hori bera azaldu beharko da fakturan edo salmenta frogagirian.

Baimena eskuratu ahal izateko aurretik behar den tasa ordaindu beharko du diruzaintzan.

Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ezin izanen da hura saltzeko baimenik eman.

Osasun agintari eskudunen ustez haien ezaugarri bereziengatik osasun arriskua duten produktuak saltzeko, behar bezalako garraio eta hozte instalazioak eduki beharko dira. Era berean, baldintza guztiak bete beharko dituzte, produktuak saltzeko edo komertzializatzeko segurtasunaren eta osasunaren arloan indarrean dauden arauek eskatzen dituztenak.

Anplifikadore eta erreproduzigailuen bidezko propagandak ezin izanen ditu gainditu airearen kalitateari buruzko indarreko araudian ezarritako dezibelak.

4. artikulua. Eskaerak.

Otsagabiko udal mugapean merkataritza ez egonkorrean, edozein modalitatetan, aritu nahi duten guztiek eskabidea aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan, eranskineko ereduaren araberakoa. Eskabidearekin batera, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, ordenantza honen artikuluan bildutako betebehar guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duena.

5. artikulua. Arau-hausteak.

Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten senide edo kontratupekoek.

Arau-hausteak honela sailkatuko dira:

A) Arau-hauste arinak:

a) Udal baimeneko baldintzetakoren bat ez betetzea.

b) 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietakoak izan ezik.

B) Arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Merkataritzaren xede diren gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

C) Arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.

6. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 150 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 150 eurotik 600 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 600 eurotik 3000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.

Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, dekomisatu eginen dira.

7. artikulua. Prozedura.

Prozedura aldetik, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio zehapen espedienteak.

Iragarkiaren kodea: L1212783