172. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

443/2012 FORU AGINDUA, abuztuaren 14koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, eri zeliakoentzako eta fenilzetonuria dutenentzako laguntza ekonomikoen 2012ko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan dioenez, aginte publikoek gizarte zerbitzuen arloan dituzten funtsezko helburuetako bat da pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.

Berariazko dieta bat behar duten eriek ohikoak baino gastu handiagoak dituzte elikatzeko, ezaugarri bereziko produktuak erosi behar dituztelako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Eri zeliakoentzako eta fenilzetonuria dutenentzako laguntza ekonomikoen 2012ko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

2. 90.000 euroko gastua baimentzea, "Eri zeliakoak dauzkaten familientzako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231B00 kontu-sailaren kargura, 2012ko gastuaren aurrekontutik. Orobat, 10.000 euroko gastua baimentzea, "Fenilzetonuriak jotako eriak dauzkaten familientzako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231B04 kontu-sailaren kargura, 2012ko gastuaren aurrekontutik.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, baita Gizarte Politikako Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalari eta Gizarte Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentroari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko abuztuaren 14an.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Jesús Pejenaute Grávalos.

I. ERANSKINA

Eri zeliakoentzako eta fenilzetonuria dutenentzako laguntza ekonomikoen 2012ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Eri zeliakoei eta fenilzetonuriaz jotakoei laguntza ekonomikoak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek.

Ematen diren laguntzak aipatu eritasunak dituzten pertsonen berariazko beharrak asetzeko elikagai berezi eta egokiak erosteko erabili beharko dira.

2. Modalitateak eta onuradunak.

a modalitatea: eri zeliakoak.

Eritasun zeliakoa dutenak dira modalitate honen onuradunak.

Modalitate honi 90.000 euro esleitu zaizkio, guztira, "Eri zeliakoak dauzkaten familientzako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231B00 kontu-sailaren kargura, 2012ko gastuaren aurrekontutik. Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

b modalitatea: fenilzetonuria duten eriak.

Fenilzetonuriaz jotakoak dira modalitate honen onuradunak.

Modalitate honi 10.000 euro esleitu zaizko, guztira, "Fenilzetonuriak jotako eriak dauzkaten familientzako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231B04 kontu-sailaren kargura, 2012ko gastuaren aurrekontutik.

Bi modalitateak bateraezinak dira beren artean.

3. Baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eritasun zeliakoaren diagnostikoa edo fenilzetonuriarena izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean erroldatua izatea, bi urteko antzinatasunaz, gutxienez ere. Fenilzetonuriaz jotako erien kasuan, gainera, Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute helbide fiskala.

c) Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egon beharko du.

Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek.

4. Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Pertsona interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den eredua erabiliz. Eredua Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren bulego nagusietan (González Tablas, 7) eta erakunde beraren web gunean eskuratzen ahalko da.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7; 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eredu ofizialean aurkeztutako eskabidea, eskatzaileak edo bere ordezkariak, halakorik badu, sinatua.

b) Laguntza eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren kopia, edo legezko ordezkariarena, legez ezgaitua badago. Onuraduna adingabea bada, familia liburuaren kopia aurkeztu beharko da, ahaidetasuna frogatzeko, eta aitaren edo amaren NANaren kopia.

c) Erroldako ziurtagiria, bizi den udalerrian noiz inskribatu den adieraziko duena.

d) Osasun txostena edo ziurtagiria, eri zeliakoaren diagnostikoa edo fenilzetonuriarena egiaztatzen duena.

e) b modalitateko eskatzaileek (fenilzetonuria duten eriak) beren familia unitateko kide guztien Nafarroako Ogasuneko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2011ko ekitaldiko aitorpenaren kopia aurkeztu beharko dute. Haietako batek PFEZ aitorpena aurkeztu beharrik ez badu, Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du hori frogatzeko, 2011ko diru-sarreren ziurtagiriaren kopiarekin batera.

f) Zinpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuetatik kanpo dagoela dioena, diru-laguntzen onuradun izateko.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Kontzeptu hori dela-eta aurreko hiru urteetan laguntza eskuratuz gero, ez dira b), c), d) eta g) ataletan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko dokumentuak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezik haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarri bezala.

5. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak gauzatzea. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du laguntzak eman edo ez eman ebazteko eskumena.

6. Laguntza baloratu eta zenbatzea.

a modalitatea: eri zeliakoak.

Laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehaztuko da, aurrekontuko kredituaren, eskabide kopuruaren eta eri zeliakoen kopuruaren arabera, ondoren ematen den formulari jarraituz:

FAMILIA UNITATEA

ZENBATEKOA

Eri bat

X

Bi eri

2X

Hiru edo gehiago

3X

b modalitatea: fenilzetonuria duten eriak.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskatzailearen familia unitatearen diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

Diru-sarrerak zenbatzerakoan familia unitatearen azken errenta aitorpena hartuko da kontuan edo, aitorpena egin beharrik ez bada, errenta aitorpenaren zergaldi bereko datu ekonomikoak, hau da:

Lanaren etekin gordinak, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

Higigarrien eta higiezinen kapitalaren etekinak.

Enpresa edo lanbide jardueren etekin garbiak.

Zenbateko horri honako indize zuzentzaile hauek aplikatuko zaizkio, familia unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

INDIZE ZUZENTZAILEA

Kide bat

1

Bi kide

 1,5

Hiru kide

2

4 edo gehiago

 2,5

Eskatzaileen urteko diru-sarrerak zehaztuta, puntuazio hauek emanen zaizkie haien arabera:

URTEKO DIRU-SARRERAK

PUNTUAZIOA

6.000 euro bitarte

3

6.001 eurotik 10.000 eurora

 2,5

10.001 eurotik 15.000 eurora

2

15.001 eurotik 20.000 eurora

 1,5

20.001 eurotik 30.000 eurora

   1,25

30.001 eurotik gora

1

Laguntzaren zenbatekoa ateratzeko, deialdian modalitate honetarako erabilgarri dagoen kreditua zati onuradunek guztira lortutako puntuazioa eginen da, eta emaitza hori izanen da onuradunek lortutako puntuazioari aplikatu beharreko koefizientea.

Modalitate honetako gehieneko laguntza 2.500 eurokoa izanen da, onuradun bakoitzeko.

Bi modalitateetan, laguntza ordainaldi bakar batean emanen da, horren aldeko ebazpena egiten denean.

7. Ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak eginen du laguntza emateko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, interesdunak eskabidea aurkezten duen egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politiketako Departamentuko Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

Laguntzaren xedea kontuan hartuz, ez da jendaurrean adieraziko nori eman zaion, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 b) artikuluan xedaturikoarekin bat.

8. Eginbeharrak eta ez betetzea.

Onuradunak behartuak daude diru-laguntzak deialdian aurreikusitako helburua bete dadin erabiltzera, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzera eta, hori dela eta, eskatzen ahal zaizkion dokumentazioa eta egiaztagiriak aurkeztera.

Betebehar horiek bete ezik edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesa eskatzea, diru-laguntza ordaindu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazia.

9. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin.

10. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

11. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1211931