167. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

31/2012 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikagaien kalitate figuren zenbait kontseilu arauemaile berritzeko hauteskundeetarako deia egiten duena.

Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen xedapen indargabetzaile bakarrak ezarritakoaren arabera, indarrik gabe gelditu zen Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholaren Estatutuaren abenduaren 2ko 25/1970 Legea. Salbuespen dira, jatorrizko deitura izanik, ardoa, ardo ozpina, ardo usaingozatuak, brandya, muztioa eta mahatsetik datozen gainerako produktuak ez diren nekazaritzako elikagaien kontseilu arauemaileei buruz lege horretan jasotako arauak.

Horrenbestez, Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholaren Estatutuaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren babesean, bidezkoa da, 89.3 artikuluan xedatuaren arabera, ardoarenak ez diren jatorrizko deituren eta adierazpen geografikoen kontseilu arauemaileetako kideak berritzea.

Bestalde, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuak (2006ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 4koa) ezartzen du, 25. artikuluan, zein diren kontseilu arauemailearen organoak eta nola berritu haren hautatutako kide guztiak, eta, 24. artikuluan, zein diren berariazko baldintzak "Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren Kontseilu Arauemaileko kideak hautatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 20an emandako 199/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako lurralde eremuko elikagaien kalitate-deituren kontseilu arauemaileen agintaldia luzatu zen.

Hori dela eta, "Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren, "Nafarroako Patxarana" Adierazpen Geografikoaren, eta "Nafarroako Aratxea" eta "Nafarroako Arkumea" adierazpen geografiko babestuen kontseilu arauemaileetako egungo kideen agintaldia bukatuta eta haien agintaldia luzatzea ekarri zuten arrazoiak desagertuta, bidezkoa da Nafarroako mugak gainditzen ez dituzten kontseilu horiek berritzeko hauteskundeen deialdia eta prozedura finkatzea.

Xedapen hauek prestatzean, entzunaldia eman zaie nekazaritzako lanbide erakundeei, enpresa elkarteei, erakunde kooperatiboari eta kontseilu arauemaileei.

Ikusirik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.25 artikulua, bai eta Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta mendien arloari buruz Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

"Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren, "Nafarroako Patxarana" Adierazpen Geografikoaren, eta "Nafarroako Aratxea" eta "Nafarroako Arkumea" adierazpen geografiko babestuen kontseilu arauemaileak berritzeko hauteskundeetarako deia egiten da.

2. artikulua. Hauteskunde horiek egiteko arauak.

1. Xedapen honen I. eranskinean ezarritako arauei jarraikiz eginen dira foru agindu honen bidez deitutako hauteskundeak.

2. Bestalde, sufragiorako eskubidea askatasun osoz baliatzea funtsezko helburua izanda, hauteskunde prozesua eta foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren zalantza guztiak, bertan aurreikusten ez den orotan, Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako araudian ezarritakoarekin bat ebatziko dira.

3. artikulua. Hauteskundeen egutegia.

Foru agindu honen II. eranskinean ezarritako egutegira doituko da kontseilu arauemaileak berritzeko prozeduraren hauteskundeen egutegia.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Hautagaitza bakarra.

1. Hautagaitzak irmo direnean, 16. artikuluan xedatuarekin bat, bakarra besterik aurkezten ez denetan, zentsuko edo azpizentsuko hautagaiak zuzenean geratuko dira hautaturik, bozketarik egin gabe.

2. Izendapenaren zentsu edo azpizentsu guztietan hautagaitza bakarra bada, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, lau eguneko epean, izendapenaren kontseilu arauemailerako hautatutako kideak aldarrikatuko ditu.

3. Kontseilu arauemailea eratzeko osoko bilkura hautatutako kideak aldarrikatu eta zazpi egunera eginen da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Hautatutako kideen baja eta ordezkapena.

1. Hautatutako kideen agintaldiaren 4 urteko indarraldian, araudi honetan ezarritako moduan hautatzen direnek lotura galtzen badute ordezkatzen duten sektoreekin edo hautagai gisa proposatu zuten erakundearekin, hautagai gisa proposatu zuten erakundeak ordeztuko ditu.

2. Inskribatutako enpresa bateko zuzendaritzakoak izateagatik hautatzen diren kideek kargua utziko dute enpresa horretako zuzendaritzan kargua uztean, beste enpresa batera joanda sektoreari lotuta jarraitzen badute ere, eta haren ordezkoa izendatuko da ezarritako moduaren arabera.

3. Aurrekoa gorabehera, martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuaren 89.4 eta 89.5 artikuluetan ezarritako kasuren batengatik baja denean kideren bat, ordezkoak ordeztuko du zuzenean, edo, bestela, hura proposatu zuen erakundeak izendatzen duenak.

4. "Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuko kideak ordeztuko dira deituraren eta haren kontseilu arauemailearen gaineko erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 20ko 199/2009 Foru Aginduaren bidez luzatutako kontseilu arauemaileen eginkizunak kentzea.

Hauteskunde prozesu honi jarraikiz hautatzen diren kide berriak karguaz jabetzen diren egunean eginkizunik gabe geldituko dira apirilaren 20ko 199/2009 Foru Aginduaren bidez luzatutako kontseilu arauemaileak.

Laugarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kontu-saila.

Foru agindu hau aplikatzetik sortzen diren konpromisoak "Hirugarrenek eginiko bestelako lanak" izeneko 720003-72220-2279-413100 kontu-sailaren kargura izanen dira, eta horretarako, 10.000 euro erreserbatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe utzi dira foru agindu honen kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko uztailaren 27an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan elikagaien kalitate figuren zenbait kontseilu arauemaile berritzeko arauak

I. TITULUA

Hauteskundeen arauak

1. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Hauteskunde prozesua antolatu eta koordinatzea.

1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak antolatu eta koordinatuko du hauteskunde prozesua.

2. Hauteskunde prozesuaren egutegia egun naturaletan dago.

3. Jarduketa baterako epearen azken eguna igandearekin edo jaiegunarekin denean, ulertuko da hurrengo egun balioduna gaituko dela horretarako.

2. artikulua. Hauteskunde batzordeak.

1. Hauteskundeko Goi Batzordea sortzen da. Gainera, hauteskunde batzorde bakarra sortzen da 1. artikuluko kontseilu arauemaileak berrituko dituzten deitura eta adierazpen geografikoetarako (JDB, AGB eta AG).

3. artikulua. Hauteskundeko Goi Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Hauteskundeko Goi Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Landa Garapenerako zuzendari nagusia, edo hura ordezten duena.

Batzordekideak:

-Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

-INTIA, SAko nekazaritzako elikagaien arloko zuzendari kudeatzailea, edo berak eskuordetzen duena.

-APT bat (arlo juridikoa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

-Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.

-Asociación Bodegas de Navarrako ordezkari bat.

-Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

Idazkaria: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren idazkari tekniko nagusia, edo berak eskuordetzen duena.

2. Nekazaritzako lanbide erakundeen, enpresa elkarteen eta kooperatiben ordezkarigaiak aurkezteko, dagokion entearen gobernu organoaren erabakia beharko da, ordezkaria eta haren ordezkoa proposatuta.

4. artikulua. Izendapenen Hauteskunde Batzordearen osaera.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian (Iruñeko Gonzalez Tablas kalea, 9) egoitza izanen duen Izendapenen Hauteskunde Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

Batzordekideak:

-Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Ataleko burua.

-INTIA, SAko nekazaritzako elikagaien arloko arduraduna.

-"Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.

-"Nafarroako Patxarana" adierazpen geografikoaren kontseilu arauemaileko idazkaria.

-"Nafarroako Aratxea" izendapen geografiko babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.

-"Nafarroako Arkumea" izendapen geografiko babestuaren kontseilu arauemaileko idazkaria.

-Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten nekazaritzako bi lanbide erakundeen ordezkari bana.

-Kooperatiben ordezkari bat, Unión de Cooperativas Agrarias de Navarrak proposatua.

-Asociación Bodegas de Navarrako ordezkari bat.

Idazkaria: APT bat (arlo juridikoa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

2. Kontseilu arauemaileko idazkariaren boto eskubideak balioko du Izendapenen Hauteskunde Batzordean duen idazkaritza kopuruaren adina.

5. artikulua. Hauteskunde batzordeen eginkizunak.

1. Honako hauek dira Hauteskundeko Goi Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea.

b) Izendapenen Hauteskunde Batzordeari esleitutako eginkizunak betetzen direla zaindu eta gainbegiratzea.

c) Izendapenen Hauteskunde Batzordearen erabakien kontra jartzen diren errekurtsoak ebaztea, honako gai hauen inguruan: hauteskunde zentsuen zerrendak, hautagai eta hautatutako kideak aldarrikatzea eta kontseilu arauemaileetako buruaren eta buruordearen proposamena.

2. Honako hauek dira Izendapenen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Hauteskunde prozesua koordinatzea izendapen guztietan.

b) Izendapenen erregistroetan inskribatutako hautesleen zentsuak argitaratzea eta haiek jendaurrean paratzea kontseilu arauemaileetan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan eta Departamentuko Eskualdeetako eta Arloetako Bulegoetan.

c) Erreklamazioen gainean erabakitzea lehen auzialdian, haren erabakien kontra aurreikusitako epean aurkezten direnean.

d) Behin betiko zerrendak onestea.

e) Kide izateko hautagaien aurkezpenak jasotzea.

f) Hautagaiak aldarrikatzea.

g) Hauteskunde mahaietako kideak izendatzea eta kideen alegazioak jaso eta ebaztea.

h) Bozketak zaintzea.

i) Kideak aldarrikatzea.

j) Hauteskunde prozesu osoa bermatzea, kontseilu arauemaileko burua eta buruordea proposatu bitartean.

k) "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuan erabakitzea C zentsuari dagokion kidea A zentsura pasatzea, gizendegien titularren erregistroan inor ez badago inskribatuta.

2. KAPITULUA

Zentsuak eta jendaurrean jartzea

6. artikulua. "Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren hauteskunde zentsua.

1. Honako hauek dira "Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

A zentsua: Jatorrizko Deituraren mahastien erregistroan inskribaturik dauden ekoizleek osatua.

A.1 azpizentsua.-Ekoizle txikiak.

Produkzio azalera txikienaren titularrek osatzen dute, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren mahastien erregistroaren produkzio azalera guztiaren heren bat bete arte.

A.2 azpizentsua.-Ekoizle ertainak.

Ekoizle txikien azpizentsuan eta ekoizle handien azpizentsuan sartuta ez dauden produkzio azaleraren titularrek osatzen dute, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren mahastien erregistroaren produkzio azalera guztiaren gainerako herena bete arte.

A.3 azpizentsua.-Ekoizle handiak.

Produkzio azalera handienaren titularrek osatzen dute, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren mahastien erregistroaren produkzio azalera guztiaren heren bat bete arte.

B zentsua: "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren erregistroetan inskribatuta dauden merkaturatzeko upategiek osatuko dute, 2009tik aurrera Jatorrizko Deituraren berme prezintoa eramaten duen ardoa merkaturatu badute.

2. Produkzio hektareak eta haren titularrak zentsu bakoitzean sailkatzerakoan ez bada ateratzen azalera guztiaren heren baten parekoa den zenbakia, zentsu bakoitzean behar adina titular sartuko dira diferentzia ahalik eta txikiena izan dadin, goitik zein behetik, zentsu bakoitzari esleitutako azalera osoarekiko. Honela jokatuko da ekoizle txikien eta handien zentsuak prestatzeko; gainerako ekoizleek ekoizle ertainen zentsua osatuko dute.

3. Hona hemen azpizentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

-A.1 azpizentsua: 2 kide.

-A.2 azpizentsua: 2 kide.

-A.3 azpizentsua: 2 kide.

-B zentsua: 6 kide.

7. artikulua. "Nafarroako Patxarana" Adierazpen Geografikoaren hauteskunde zentsua.

1. "Nafarroako Patxarana" Adierazpen Geografikoaren kontseilu arauemaileak prestatu beharreko hauteskunde zentsua bakarra izanen da, A zentsua, kontseilu arauemailearen erregistroan inskribatuta dauden elaboratzaile-botilaratzaileek osatua.

2. Zentsu bakar horrek 3 kide izanen ditu.

8. artikulua. "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsuak.

1. Honako hauek dira "Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

-A zentsua: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategien titularrek osatua.

-B zentsua: nekazaritzako prestakuntza eta merkaturatzeko kooperatiben titularrek osatua, kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribaturik badaude.

-C zentsua: baimendutako hiltegien titularrek osatua, kontseilu arauemailearen hiltegien erregistroan inskribaturik badaude.

-D zentsua: haragia zatitzeko baimendutako aretoen titularrek osatua, kontseilu arauemailearen haragia zatitzeko aretoen erregistroan inskribaturik badaude.

-E zentsua: kontseilu arauemailearen dagokion erregistroan inskribatuta dauden elaboratzaile-hornitzaileek osatua, B zentsuan sartuta ez badaude.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

-A zentsua: 5 kide.

-B zentsua: kide 1.

-C zentsua: kide 1.

-D zentsua: kide 1.

-E zentsua: 2 kide.

9. artikulua. "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren hauteskunde zentsuak.

1. Honako hauek dira "Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren kontseilu arauemaileak prestatu behar dituen hauteskunde zentsuak:

-Ekoizleen sektorea:

A zentsua: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako Nafarroa arrazako ardien ekoizleek osatua.

B zentsua: dagokion erregistroan inskribatutako latxa arrazako ardien ekoizleek osatua.

C zentsua: gizategien titularrek osatua, haien arkumeak Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategietakoak badira. Gizategien erregistroan inor ez badago inskribatuta, C zentsuari dagokion kidea A zentsura pasako da.

-Elaboratzaileen sektorea:

D zentsua: establezimenduen erregistroan inskribatuta dauden hiltegien ordezkariek osatua.

E zentsua: elaboratzaileen erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako kooperatiben ordezkariek osatua.

F zentsua: dagokion erregistroan inskribatuta dauden gainerako elaboratzaileen ordezkariek osatua.

2. Hona hemen zentsu bakoitzari dagokion kideen kopurua:

-A zentsua: 3 kide.

-B zentsua: kide 1.

-C zentsua: kide 1.

-D zentsua: kide 1.

-E zentsua: kide 1.

-F zentsua: 3 kide.

10. artikulua. Zentsuetan egoteko baldintzak:

1. Zentsuetan egoteko, ezinbestekoa izanen da:

a) Azken kanpaina osoaren ixteari dagozkion kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta egotea foru agindu hau argitaratzen denean.

b) Desgaitua ez egotea eskubide zibilak erabiltzeko.

c) Epai judizial irmoak sufragiorako eskubidea galtzera kondenatua ez egotea, hura bete behar den bitartean.

2. Ulertuko da kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatuta dagoena izanen dela eskubidearen titularra.

11. artikulua. Zentsuen aurkezpena.

1. II. eranskinean ezarritako egutegiaren arabera aurkeztuko dituzte zentsuak kontseilu arauemaileek, III A, III B, III C eta III D eranskinetako ereduei jarraikiz. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira zentsuak, eta, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bitartez, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduko zaizkio; bertan titularrak agertuko dira, alfabetoaren hurrenkeraren arabera, betiere izen-deiturak, nortasun agiri nazionala, zentsatuen helbidea, posta kodea eta udalerria agertzen direla.

2. Paperean aurkeztu beharko dira zentsuak, titularren deituren arabera alfabetoaren hurrenkerari jarraikiz. Halaber, euskarri informatiko batean, Excel taula bat aurkeztuko da, datu bakoitzak gelaxka bat okupatzen duela.

12. artikulua. Zentsuak onartzea eta jendaurrean jartzea.

1. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, kontseilu arauemaileek behin-behineko zentsuak eman ondoren eta egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ondoren, zentsu guztiak eginbidetuko ditu, batzordeko idazkariaren sinadurarekin eta batzordeburuaren ikus-onetsiarekin, eta aginduko du izendapenaren zentsu osoa jendaurrean paratzeko kontseilu arauemaileen bulegoetan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentukoetan eta haren Eskualdeetako eta Arloetako bulegoetan.

2. II. eranskineko egutegira egokituko dira zentsuko aldaketak, erreklamazioak eta errekurtsoak.

3. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak behin-behineko zentsuak aipatutako tokietara igortzen dituenean, idazkariaren idazki bat ere aurkeztu beharko da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

3. KAPITULUA

Kide izateko hautagaiak aurkeztea eta haiek aldarrikatzeko modua

13. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

a) 6., 7., 8. eta 9. artikuluetan aipatzen diren zentsuak ordezkatuko dituzten kideak hautatzeko, zentsu horietako bakoitzean daudenak izanen dira hautesleak eta hautagaiak.

Pertsona juridikoak badira, edota ondasunen komunitateak edo nortasunik gabeko bestelako enteak, hautagaiak pertsona juridiko horiek izanen dira, eta hautesleak, berriz, zuzendaritzakoak edo haren legezko ordezkariak, edota erkideek ordezkari hautatzen dituztenak.

b) Talde bakoitza ordezkatuko duten kontseilu arauemaileetako kideen hautagaitzak aldarrikatzeko eskaeraren bidez aurkeztuko dira Izendapenen Hauteskunde Batzordean, II. eranskinean jasotzen den epean.

14. artikulua. Hautagaitzak proposatzea.

1. Nekazaritzako kooperatibak, nekazaritzako lanbide erakundeak eta ekoizleen eta/edo merkaturatzaileen enpresa elkarteak ordezkatzen dituzten entitateek eta dagokion zentsuaren hautesleen %10ek, gutxienez, abalatzen duten independenteek proposatzen ahal dituzte hautagaitzak, kasuan-kasuan. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren kasuan, merkaturatzen den ardoaren balioaren edo azaleraren gainean aplikatuko da portzentaje hori.

2. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek edo enpresa elkarte batek ezin izanen du hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkeztu zentsu bererako. Hautagaitza horiek aurkeztean ezin izanen da alderdi politikoen ikurrik edo identifikaziorik erabili.

3. Hautagai batek ezin du zentsu batean baino gehiagotan parte hartu.

15. artikulua. Zerrendak aurkeztea.

1. Entitate batek, nekazaritzako lanbide erakunde batek edo enpresa elkarte batek, goi mailako beste batean integratuta badago, ezin izanen du bere hautagai zerrenda aurkeztu esparru handiagokoak berea aurkezten badu.

Entitateek, nekazaritzako lanbide erakundeek edo enpresa elkarteek aurkezten dituzten zerrendak haien ordezkaritza dutenek sinatu behar dituzte, haien estatutuekin bat.

Gainerako hautagaitzak sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte. Sinatzaileak nor diren, aurkezpena hautesleek egiten dutenetan, Izendapenen Hauteskunde Batzordean frogatu beharko da, eta horrek egiaztatuko du proposamenak eta kideak dagokion zentsuan agertzen ote diren.

2. Zer zentsu edo azpizentsutarako aurkezten den, hari dagokion kide kopurua ezin du gainditu hautagaitzetako hautagai titularren kopuruak.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira zerrendak, eta, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bidez, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduko zaizkio, ondoko datu hauek argi adierazita:

1.-Hura proposatzen duen erakunde edo elkartearen izena, edo independentea den, hala balegokio.

2.-Bertan dauden hautagaien izen-abizenak eta nortasun agiri nazionala, baita dagozkien ordezkoenak ere.

3.-Hautagaien eta ordezkoen hurrenkera zerrenda bakoitzaren barrenean.

Izendapenen Hauteskunde Batzordeko idazkaritzak eginbidea eginen du jasota geratzeko zein egun eta zein ordutan aurkeztu zen, eta horren frogagiria emanen du, hala eskatzen bazaio.

Aurkezpen hurrenkeraren araberako zenbakiak emanen zaizkio zerrenda bakoitzari.

d) Hautagaitzak onartzeko adierazpenak, hautagaiek izenpetuak, aurkeztu beharko dira zerrendekin batera. Hautagaiek hautatuak izateko baldintzak bete behar dituzte.

e) Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak onartzeko, ezinbestekoa izanen da ordezkari bat izendatzea zerrenda bakoitzerako; horren ardura izanen da kasuan kasuko hautagaitzaren gestioak hauteskunde batzordearekin egitea, eta egin beharreko jakinarazpen guztiak jasotzea.

Ordezkaria hautagaia izan daiteke, edo ez, eta haren helbidea Izendapenen Hauteskunde Batzordeari emanen zaio zerrenda aurkezten denean.

16. artikulua. Hautagaitzak aldarrikatzea.

Hautagaiak aurkezteko epea bukatuta, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak aldarrikatuko ditu, salbu eta arrazoia badago hautatuak ezin izateko, edo zentsuan ez badaude; horrek, Batzordeak salatu edo atzeman ondoren, bazterketa ekarriko du.

17. artikulua. Hautagaitzak jendaurrean paratzea eta erreklamazioak.

1. Hautagaitzak aldarrikatu ondoan, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erabakiko du jendaurrean paratzea, zentsuak erakusteko tokietan, V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

2. Hautagaitzak aldarrikatuta eta jendaurrean paratuta, II. eranskineko epean haren kontrako erreklamazioak aurkezten ahal dira Izendapenen Hauteskunde Batzordean, eta horrek hurrengo hiru egunean ebatzi beharko ditu. Izendapenen Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Hauteskundeko Goi Batzordean.

4. KAPITULUA

Hauteskunde mahaiak eratzea, bozketa eta kontaketa

A) Hauteskunde mahaiak.

18. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahaiak eratuko dira, bozketan buru izanen direnak, kontaketa eginen dutenak eta sufragioa garbia dela zainduko dutenak. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak zozketa baten bidez hautesleen artean izendatuko dituen buru batek eta bi albokok osatuko dute hauteskunde mahai bakoitza. Ordezkoak izendatuko dira, bai buruarentzat bai albokoentzat, prozedura bera erabiliz.

2. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariak interbentoreak izendatzen ahal ditu Izendapenen Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta kontaketa behatzeko, hauteskunde mahaien parte izanda. Interbentore horiek hauteskunde zentsuan sartuta egon behar dute, eta ez dira hautagaiak izanen. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak egiaztatuko ditu bi puntu horiek.

3. Hautagaitza bakoitzaren ordezkariak inskribatuta dagoen edozeini eman diezaioke ahala, hautagaia ez bada. Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ematen dizkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu ahalorde horrek.

19. artikulua. Hauteskunde mahaietako kideak.

1. Hauteskunde mahaietako kidea izateak nahitaezko izaera dauka. Izendapena egin ondoan, interesdunei jakinaraziko zaie, onarpena eragozten duen arrazoia alega dezaten, betiere behar bezala frogatuta. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak berariaz ebatziko du, ondoko errekurtsorik gabe, hurrengo hiru eguneko epean.

2. Eragozpenaren arrazoia geroago sortzen bada, gaztigua segituan emanen da, betiere eraketaren ordua baino lehenago. Kasu horietan, Izendapenen Hauteskunde Batzordeak ere segituan ebatziko du.

3. Mahaia eratzeko behar diren kideak bertaratzen ez badira, bertaratutakoak Izendapenen Hauteskunde Batzordeari horren berri emanen dio, eta batzordeak libreki izendatzen ahal ditu pertsonarik egokienak hautaketa eta kontaketa taxuz egiteko.

20. artikulua. Hauteskunde mahaien kopurua.

Hauteskundeko Goi Batzordeak ezarriko du zenbat hauteskunde mahai dagoen eta zer udalerri sartzen den haietako bakoitzean.

21. artikulua. Hauteskunde mahaiak eratzea.

1. Hauteskunde mahai bakoitzeko burua eta albokoak, ordezkoekin batera, bozketaren eguneko 15:00etan bilduko dira horretarako erabiliko den tokian.

2. Burua agertzen ez bada, lehen ordezkoak ordeztuko du, eta hura falta bada, bigarren ordezkoak. Hura ere agertzen ez bada, lehen albokoak eta bigarren albokoak, hurrenkera horretan. Burutzan aritzen diren albokoak edo bertaratzen ez direnak ordezkoek ordezkatuko dituzte.

3. Ezin da mahai bat eratu burua eta bi albokoak egon gabe. Buruak, 15:30ean, mahaiaren eraketaren akta eginen du, berak, albokoek eta interbentoreek, halakorik balego, sinatua.

4. Aktan nahitaez adieraziko da nork eratzen duen mahaia, mahaikide gisa, eta interbentoreen izenen zerrenda, halakorik balego, zein hautagaitza ordezkatzen duten zehaztuta.

5. Halaber, jasoko da lokalen ordenaren gaineko edozein gorabehera, baita hura sortu dutenen izen-abizenak ere.

6. Mahaiko buruak aginte osoa izanen du lokalaren barrenean, ordenari eusteko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legearen betebeharrak konplitzeko.

22. artikulua. Lokalak zehaztea.

Hauteskundeko Goi Batzordeak zehaztuko du hauteskunde mahai bakoitzari dagokion lokala.

23. artikulua. Hauteskunde mahaiek bete beharreko dokumentazioa.

Mahai bakoitzak ondoko dokumentazioa bete beharko du, Hauteskundeko Goi Batzordeari igorri beharrekoa:

-Mahaiaren eraketaren akta.

-Interbentoreen zerrenda.

-Kontaketaren akta, egindako ziurtagiriak zehaztuta.

-Kontaketaren aktaren ziurtagiria, horretarako eskubidea dutenek eskatzen badute.

Lehenengo hiru agiriak gutun-azal itxian igorriko dira.

B) Bozketa.

24. artikulua. Bozketaren hasiera.

1. Mahaiaren eraketaren akta eginda, bozketa 16:00etan hasiko da, eta, etenik gabe, 20:00ak arte jarraituko du.

2. Ezinbesteko arrazoiengatik soilik badago bozketa ez hastea edo etetea, betiere mahaiko buruaren erantzukizunpean; horrek horren inguruan ebatziko du, arrazoibidezko idazki batean, eta bozketa egunean bertan igorriko dio, hura egindakoan, eskuz zein posta ziurtatuaren bidez, Hauteskundeko Goi Batzordeari, horrek egiaztatu dezan arrazoiak egiazkoak diren eta izan litekeen erantzukizuna deklaratzeko edo eskatzeko. Idazkiaren kopia bat mahaiburuaren esku geratuko da.

3. Bozketa eteten bada, emandako botoak ez dira kontuan hartuko, eta ez dira kontatuko; mahaiburuak aginduko du hautestontzian utzitako boto-paperak suntsitzeko, eta puntu hori jaso beharko du aurreko paragrafoan aipatzen den idazkian.

25. artikulua. Botatzeko eskubidea frogatzea.

1. Hauteslea zentsuko zerrenda ziurtatuetan inskribatuta egonda frogatuko da botatzeko eskubidea, eta nortasuna frogatu beharko da legez onartutako frogagiri baten bidez: NANa, pasaportea, gidabaimena.

2. Hauteslea pertsona juridiko baten ordezkaria denean, beharrezkoa izanen da, horretaz gain, haren izenean jarduten duela frogatzen duen jatorrizko dokumentu bat aurkeztea. Dokumentu hori mahaiburuaren esku geratuko da, kontaketaren aktari eransteko.

26. artikulua. Bozketa nola eginen den.

Bozketa pertsonala eta sekretua izanen da, eta buruak horren hasiera hau esanda iragarriko du: "Comienza la votación". Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, izen-deiturak adieraziz. Albokoek eta interbentoreek hauteskunde zentsuaren zerrendak aztertu ondoren, hauteslearen izena eta nortasuna bertan dagoela egiaztatu ondoren eta botoa ematera joan dela jaso ondoren, hautesleak eskuz emanen dio buruari boto-papera, dagokion koloreko gutun-azal batean sartuta. Buruak, hauteslearen izena eta "vota" esanda, jendaurrean, aipatutako hautestontzian sartuko du boto-papera.

27. artikulua. Bozketaren bukaera.

1. Buruak, 20:00etan, iragarriko du bozketa bukatuko dela, eta ez du baimenduko beste inor lokalean sartzea. Galdetuko du bertan dauden hautesleren batek oraindik ez ote duen botorik eman, eta lokalaren barrenean daudenen botoak onartu eginen dira.

2. Jarraituan, mahaiko kideek eta interbentoreek, halakorik balego, bozkatuko dute, eta horiek guztiek sinatuko dituzte aktak.

28. artikulua. Propaganda debekatzea.

1. Ezin izanen da hauteskunde kanpainako ekintzarik edo propagandarik egin bozketaren bezperako 15:00etatik aurrera.

2. Hauteskunde prozesuan parte hartzen ez duen pertsona juridiko batek ere ezin du hauteskunde kanpainako ekintzarik egin, hauteskundeak deitzen direnetik aurrera.

29. artikulua. Hautestontziak eta boto-paperak eskuratzea.

1. Bozketa egiteko hautestontziak udalek utziko dituzte, Hauteskundeko Goi Batzordeko idazkariak eskatuta.

2. Boto-paperak Hauteskundeko Goi Batzordeak emanen dizkie kasuan kasuko hauteskunde mahaiei.

30. artikulua. Hautestontzien eta boto-paperen hornidura.

1. Hauteskunde mahai bakoitzean, hautestontzi bat egonen da 6., 7., 8. eta 9. artikuluetako hautesleen zentsu edo azpizentsu bakoitzerako, betiere zehaztuta "A1 azpizentsua", "A2 azpizentsua", "A3 azpizentsua", "A zentsua", "B zentsua", "C zentsua", "D zentsua", "E zentsua" eta "F zentsua", kasuaren arabera.

2. Boto-paperak eta dagozkien gutun-azalak hainbat koloretan eginen dira: zuria A zentsurako, urdina B zentsurako, horia C zentsurako, berdea D zentsurako, sepia E zentsurako eta gorria F zentsurako. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren kasuan, kolore hauek erabiliko dira: zuria A1 azpizentsurako, urdina A2 azpizentsurako, horia A3 azpizentsurako eta berdea B zentsurako.

3. Mahaiko buruek jasotako boto-paperen kopurua ezin da izan mahai bakoitzari dagozkion hautesleen kopuru bikoitza baino txikiagoa.

31. artikulua. Paper-botoen edukia.

1. Boto-paperetan honako hau jasoko da: hautagaitzaren erakunde, elkarte, federazio, koalizio edo hautesle-elkartearen izena eta, hala balegokio, siglak eta ikurra, baita hautagaien eta ordezkoen izen-deiturak ere, kokapenaren hurrenkeraren arabera.

2. Zer taldetan bozkatzen den, hari dagokion kide adina hautagai agertuko dira boto-paper bakoitzean, VI. eranskineko ereduaren arabera. Halaber, beste horrenbeste ordezko egon daitezke, kasuan kasuko zentsu edo azpizentsuko hautagai kopuruaren arabera.

32. artikulua. Kontaketa.

Bozketa bukatuta, mahaiko buruak deklaratuko du hura itxi dela, eta jendaurreko kontaketa hasiko da. Hautestontzi bakoitzeko prezintoa kenduko da, handik gutun-azalak banan-banan aterako dira eta haietatik boto-paperak; hautagaitzaren izena ozenki irakurriko da. Buruak boto-paper bakoitza erakutsiko die, irakurri ondoan, mahaiko gainerakoei eta bukaeran alderatuko dira emandako boto guztiak eta jasotako hautesle guztiak.

33. artikulua. Boto baliogabeak eta boto zuriak.

1. Honako hauek izanen dira boto baliogabeak:

a) Ofizialak ez diren gutun-azal edo boto-paperen bidez egindakoak, edo gutun-azalik gabeko boto-paperekin, edo hautagaitza nahiz zentsu desberdineko boto-paper bat baino gehiago daramanean gutun-azal batek. Gutun-azal batean hautagaitza bereko boto-paper bat baino gehiago dagoenean, boto bakartzat hartuko da.

b) Boto-papereko hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo urratuta dituzten botoak, edo kokapenaren hurrenkera aldatuta dutenak, baita bestelako aldaketa daramatenak ere.

c) Aurreko paragrafoetan adierazitako edozein aldaketa duten gutun-azal batean egindako botoak.

2. Boto zuriak eta baliodunak izanen dira boto-paperik ez duten gutun-azalak.

34. artikulua. Kontaketaren emaitza.

1. Botoak kontatuta, aurreko operazioen arabera, buruak galdetuko du kontaketaren kontrako proposamenik ote dagoen. Ez badago, edo mahaiaren gehiengoak aurkeztutakoak ebatzi ondoren, ozenki iragarriko da emaitza, zehaztuta zein den hautesleen, boto-paper baliogabeen eta boto-paper baliodunen kopurua, eta, azken horien artean, zenbat boto-paper zuri diren eta hautagaitza bakoitzak zenbat boto eskuratu dituen.

2. Hautestontzietatik ateratako boto-paperak bertaratutakoen aurrean suntsituko dira, salbu eta baliozkotasuna ukatua izan dutenak edo erreklamazioren xede izan direnak; horiek aktari erantsiko zaizkio, mahaiko kideek sinatu ondoren.

3. Operazioak bukatuta, buruak, albokoek eta mahaiko interbentoreek, halakorik balego, kontaketaren akta sinatuko dute; bertan zehazki adieraziko dute zein den hauteskunde zentsuaren arabera dagoen hautesle kopurua, zenbat hauteslek eman duten botoa, zenbat boto-paper baliodun, zenbat boto-paper baliogabe eta zenbat boto-paper zuri den, eta hautagaitza bakoitzak zenbat boto eskuratu duen; halaber, laburki jasoko dituzte egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gorabeherak, halakorik balego, betiere zehaztuta zein diren egileen izen-deiturak. (VII. eranskina. Kontaketaren aktaren eredua).

35. artikulua. Emaitzak ziurtatzea.

Jarraituan, emaitzak ziurtatuko dira eta bozketa egiteko lokalean paratuko dira, ongi ikusteko moduan; gutun-azal itxian kontaketaren jatorrizko akta igorriko zaio Hauteskundeko Goi Batzordeari, eraketaren aktarekin eta boto-paper baliogabeekin edo erreklamazioaren xede izan direnekin batera. Gutun-azal hori mahaiko kide guztiek sinatuko dute, edukia bermatzeko.

5. KAPITULUA

Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea, kontseilu arauemaileen osaera eta kontseilu arauemaileko burua eta buruordea bozkatzeko prozedura

A) Hautatutako kide titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

36. artikulua. Kidetzen esleipena.

Gutun-azal itxian hauteskunde mahai guztien dokumentazioa jasota, Hauteskundeko Goi Batzordeak ireki eginen ditu, eta kidegotzak eta, halakorik balego, ordezkotzak esleituko ditu, ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 163.1 eta 164.1 artikuluekin bat.

37. artikulua. Kide hautatuak aldarrikatzea.

1. Izendapenen Hauteskunde Batzordeak, postuen esleipena bukatuta, aldarrikatu eginen ditu, jendaurrean eta buruaren bidez, kasuan kasuko kontseilu arauemaileko kide hautatuak, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan argitaratuko ditu emaitzak.

2. Egutegian ezarritako epearen barrenean hautatutako kideen aldarrikapena errekurritzen ahal da Hauteskundeko Goi Batzordearen aurrean; horrek ebatziko du eta Izendapenen Hauteskunde Batzordeari eta errekurtsogileari jakinaraziko die.

3. Egutegian ezarritako epean beharrezko egiaztagiriak igorriko zaizkio hautatutako kideei, hautagaitza bakoitzaren ordezkarien bidez.

B) Kontseilu arauemaileak osatzea eta burua eta buruordea bozkatzeko prozedura.

38. artikulua. Kontseilu arauemaileen osaera.

1. Kontseilu arauemaile bakoitza honako hauek osatuko dute:

a) Kontseiluko buru bat.

b) Kontseiluko buruorde bat.

c) Foru agindu honen 6.2, 7.2, 8.2 eta 9.2 artikuluetan agertzen diren adina kide, sektoreak ordezkatzeko.

Kontseilu arauemailearen bileretara legez ezarritako moduan izendatzen diren Administrazioko ordezkariak joanen dira, botoa dutela baina hizpiderik ez.

39. artikulua. Kontseilu arauemaileak eratzea.

1. Egutegian ezarritako epean, kontseilu arauemaileko osoko bilkuran, aurreko kideek kargua utziko dute, eta berriak karguaz jabetuko dira. Jarraituan eta bilkura berean, kontseiluak burua eta buruordea hautatuko ditu.

2. Burua edo buruordea kontseiluko kideen artean hautatzen bada, burua edo buruordea beste sektoreko kideen artean hautatu beharko da, halakorik balego, eta ez da beharrezkoa izanen kideen postu horiek berriz betetzea.

3. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren kontseilu arauemailearen kasuan, Mahastizaintza eta Ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan horren inguruan xedatzen duena aplikatu beharko da.

4. Kontseilu arauemaileak hautatuen izena jakinaraziko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, hark izendatu ditzan. Hautagaiek eskuratutako boto kopurua jaso beharko da.

40. artikulua. Kontseiluko burua eta buruordea izendatzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak izendatuko ditu burua eta buruordea, kontseilu arauemaileak proposatuta.

II. ERANSKINA

Hauteskunde egutegia kontseilu arauemaileak berritzeko

IZAPIDEA

EPEAREN AMAIERA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean hauteskundeak deitzeko foru agindua argitaratzea

Abuztuaren 24a

Hauteskunde batzarretako ordezkariak jakinaraztea (HGB eta IHB)

Abuztuaren 29a

Hauteskundeko Goi Batzordeko nahi Izendapenen Hauteskunde Batzordeko kideak izendatzea

Irailaren 3a

Kideen izendapenaren kontrako errekurtsoak aurkeztea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzenduak

Irailaren 5a

Errekurtsoak ebaztea

Irailaren 7a

Hauteskunde Batzordeen eraketa

Irailaren 11

Kontseilu arauemaileek zentsuak aurkeztea Izendapenen Hauteskunde Batzordeari

Irailaren 12a

Zentsuak jendaurrean

Irailaren 14a

Erreklamazioak aurkeztea, Izendapenen Hauteskunde Batzordeari zuzenduak

Irailaren 15etik 25era

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea.

Irailaren 28a

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeko Goi Batzordeari zuzenduak

Urriaren 3a

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Urriaren 5a

Behin betiko zentsuak jendaurrean

Urriaren 10a

Hautagaitzak aurkeztea

Urriaren 15a

Hautagaiak aldarrikatzea

Urriaren 17a

Hautagaien aldarrikapenaren kontrako erreklamazioak

Urriaren 22a

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea

Urriaren 26a

Erreklamazioen ebazpenaren kontrako errekurtsoak, Hauteskundeko Goi Batzordeari zuzenduak

Urriaren 31

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Azaroaren 5a

Hauteskunde mahaiko kideak izendatzea

Azaroaren 8a

Mahaiko kideak desenkusak alegatzea

Azaroaren 14a

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea

Azaroaren 19a

Mahaiak eratzea eta bozketa

Azaroaren 22a

Kide hautatuak aldarrikatzea Izendapenen Hauteskunde Batzordeak

Azaroaren 23a

Kide hautatuen aldarrikapenaren kontrako errekurtsoak

Azaroaren 28a

Hauteskundeko Goi Batzordeak errekurtsoak ebaztea

Abenduaren 5a

Egiaztagiriak igortzea

Abenduaren 12tik 17ra bitarte

Kide berriak karguaz jabetzea

Abenduaren 18tik 21era bitarte

III. ERANSKINA A

Zentsuak aurkezteko eredua

"Nafarroa" Jatorrizko Deitura Babestuaren Kontseilu Arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

A zentsua: A.1 azpizentsua. Ekoizle txikiak.

A zentsua: A.2 azpizentsua. Ekoizle ertainak.

A zentsua: A.3 azpizentsua. Ekoizle handiak.

B zentsua: upategiak.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea)

 .................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an

............................................

Izendapenen Hauteskunde Batzordea

Gonzalez Tablas k., 9, 31005

III. ERANSKINA B

Zentsuak aurkezteko eredua

"Nafarroako Patxarana" Adierazpen Geografikoaren Kontseilu Arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

A zentsua: elaboratzaile-botilaratzaileak, kontseilu arauemailearen erregistroan inskribatuak.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea)

 .................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an

............................................

Izendapenen Hauteskunde Batzordea

Gonzalez Tablas k., 9, 31005

III. ERANSKINA C

Zentsuak aurkezteko eredua

"Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

A zentsua: nekazaritzako ustiategien titularrak.

B zentsua: elaboratzeko eta merkaturatzeko nekazaritzako kooperatiben titularrak.

C zentsua: baimendutako hiltegien titularrak.

D zentsua: haragia zatitzeko baimendutako aretoen titularrak.

E zentsua: elaboratzaile-hornitzaileak.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea)

 .................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an

............................................

Izendapenen Hauteskunde Batzordea

Gonzalez Tablas k., 9, 31005

III. ERANSKINA D

Zentsuak aurkezteko eredua

"Nafarroako Arkumea" Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arauemailea.

Kontseilu arauemailea berritzeko hauteskundeak.

A zentsua: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako Nafarroa arrazako ardien ekoizleak.

B zentsua: dagokion erregistroan inskribatutako latxa arrazako ardien ekoizleak.

C zentsua: gizategien titularrak, haien arkumeak Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategietakoak badira.

D zentsua: establezimenduen erregistroan inskribatuta dauden hiltegien ordezkariak.

E zentsua: elaboratzaileen erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako kooperatiben ordezkariak.

F zentsua: dagokion erregistroan inskribatuta dauden gainerako elaboratzaileen ordezkariak.

(Hurrengo orrietan ez da beharrezkoa 1. orriaren goiko aldea)

 .................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an

............................................

Izendapenen Hauteskunde Batzordea

Gonzalez Tablas k., 9, 31005

IV. ERANSKINA

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzen aldarrikapena jendaurrean paratzea

Deituraren/Adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideak berritzeko hauteskundeak .........................................................................................

Gaia: zentsuak igortzea1

Honekin batera, ............................................ri igortzen diot .............................. deituraren edo adierazpenaren kontseilu arauemailearen erregistroetan inskribatutako hautesleen zentsuaren ale bat, entitatearen lokaletan jendaurrean paratzeko, ......etik ........ra bitarte, hauteskundeei buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

Izendapenen Hauteskunde Batzordeko idazkaria.

Sinatua: .............................................

(1) Bete ezazu behar dena:

Behin-behinekoak.

Behin betikoak.

V. ERANSKINA

Izendapenen Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak igortzeko eredua

...................... deituraren/adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideak berritzeko hauteskundeak .....................................................................

Gaia: hautagaitzak igortzea.

Honekin batera, ............................................ri igortzen diot aurkeztutako hautagaitzen ale bat, entitatearen lokaletan jendaurrean paratzeko, ......etik ........ra bitarte, hauteskundeei buruz indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

Izendapenen Hauteskunde Batzordeko idazkaria.

Sinatua: .............................................

VI. ERANSKINA

Boto-papera ofizialaren eredua

................ deituraren/adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideetarako hauteskundeak.

Zentsua1 ..............

Botoa ematen diot honako hauek osatutako hautagaitzari:

Titularra

Ordezkoa

Titularra

Ordezkoa

Titularra

Ordezkoa

Titularra

Ordezkoa

Titularra

Ordezkoa

(1) "Nafarroa" Jatorrizko Deiturarako: A1, A2, A3, B.

Gainerako deituretarako: A, B, C, D, E ...

VII. ERANSKINA

Kontaketaren aktaren eredua

Sinatzen dugunok, ..................... deituraren/adierazpenaren kontseilu arauemaileko kideen hauteskundeetan.

...................... herriko hauteskunde mahai osatzen dugunok, buruak eta albokoak (eta interbentoreek, halakorik balego).

Ziurtatzen dugu: Gaur hauteskunde mahai honetan egindako bozketaren boto-paperak kontatuta, haren emaitza honako hau dela:

Hautesleak:

Botoa eman zuten hautesleak:

Boto-paper baliodunak:

Boto-paper baliogabeak:

Boto-paper zuriak:

Boto baliodunak honela banatzen dira: ........................................................................................................................................................................

Gorabeherak: .....................................................................................

Eta horrela jasota gera dadin, hau sinatzen dut, ...........(e)n, 2012..(e)ko ...........aren ..........(e)an.

Iragarkiaren kodea: F1211261