167. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Pasabideak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2012ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Pasabideak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2012ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 1ean, interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Mendigorrian, 2012ko uztailaren 27an.-Alkatea, Manuel José Vieira Bonacho Tiago.

PASABIDEAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua.-Definizioa.

Pasabidea da eraikin baten pareko eremu publikoa erabiltzea edo espaloian nahiz zintarrian aldaketak egitea bi gurpil edo gehiagoko ibilgailuak eta gurdiak sartu edo pasatzeko xede hutsarekin.

2. artikulua.-Lizentzia ematea.

Mendigorriko Udala ez dago behartuta pasabiderako lizentziarik ematera, interesdunak eskatze hutsagatik. Soilik emanen da baimena interes orokorrak komenigarri egiten duenean eta kasuan kasuko eremu publikoan dauden pasabide kopuruak aukera ematen badu.

3. artikulua.-Pasabideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak.

Titularrak izendaturiko pertsona eskuduna arduratuko da pasabideak egin, aldatu edo kentzeko lanez, behar den obra lizentzia eskuratu ondotik eta betiere Mendigorriko Udalaren ikuskaritzapean.

4. artikulua.-Pasabiderako lizentzia eskatzen dutenak.

Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den. Titularra da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

5. artikulua.-Pasabidearen titularraren eskubideak.

Pasabidearen titularrak eskubidea dauka dagokion lokalera eguneko 24 orduetan sartu ahal izateko, eta debeku da galtzadan eta lokalaren parean ibilgailuak aparkatzea. Hala ere, ibilgailuak pasabidearen aitzinean aparkatzea onartuko da, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

6. artikulua.-Pasabidearen titularraren betebeharrak.

Titularraren betebeharrak:

a) Pasabidea eta haren identifikazio seinalea ongi zaintzea. Mendigorriko Udalak emanen dio hori, 30 euro ordaindutakoan.

b) Zintarria eta gainerako seinale edo adierazgarriak pintatzea Mendigorriko Udalak eskatzen duen aldiro.

c) Mendigorriko Udalak agintzen dizkion obra arrunt nahiz bereziak egitera pasabidean, bere kontura.

7. artikulua. Pasabiderako lizentzia deuseztatzea.

Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira besterik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero.

8. artikulua.-Pasabidea egitea, baimenik gabe.

Behar den baimena eskuratu gabe pasabidea eginez gero, titularra izatea dagokion lagunari errekerimendu eginen zaio, gehienez ere hamabortz eguneko epean espaloia lehengoratzeko, bere bizkar lehengoratzeko ere.

9. artikulua. Hertsatzeko isunak, espaloiak lehengoratzeko

Epe hori espaloia lehengoratu gabe iraganik, Alkatetzak hamar euroko hertsatzeko isuna jarriko dio arau-hausleari arau-hausteak irauten duen egun bakoitzeko, eta gehienez ere hogeita hamar egunez.

10. artikulua. Pasabiderako lizentziaren mugak

Pasabide bat erabiltzeak ez dio eskubiderik ematen inolaz ere lizentziaren titularrari, ezta inongo pertsonari ere, pasabidearen aurrean bere ibilgailua aparkatzeko. Pasabideek ibilgailurik gabe egon behar dute beti eta pasabidearen helburu bakarra izanen da ibilgailuak lokalera pasatzen uztea.

11. artikulua.-Pasabidearen identifikazioa.

Pasabidearen ezaugarriak Mendigorriko Udalak idatziz jartzen ditu identifikazio plaka ofizial batean, eremu publikotik irakurtzen ahal den tokian jarri behar baita, aurrera begira. Lizentzia iraungi edo deuseztatzen denean, baita aldatzen denean ere, identifikazio plaka Mendigorriko Udalari itzuli beharko zaio.

12. artikulua.-Pasabideak seinalatzea.

Lizentzia emandakoan, Mendigorriko Udalak ez aparkatzea seinalatzen duen plaka izanen du, pasabiderako lizentziari dagokion zenbakia baitu. Debeku da garajean sartzeko edozein modu, espaloiaren beheratzea baldin ez bada, hala nola arrapalen bidez, zurezko edo metalezko gaiak edo bertzelako elementu mugigarriak behin-behinekoz edo noiz nola erabiliz.

13. artikulua.-Jabeen elkarteetako garajeak.

Hiri finketako garajeak edo kotxetegiak, eraikineko behealdean edo sotoan izan ohi direnak, merkataritzako izaerarik gabekoak, eta soilik etxebizitzen edo finka horietako lokalen okupatzaileek erabiltzen ahal dituztenak, jabeen elkartearen izenean agertuko dira, identifikazio fiskalaren kodea jasoz. Aipatutako jabeen elkartea osatu arte pasabiderako lizentzia garajea sustatu duen enpresari emanen zaio, eta jabeen elkartearen ardura izanen da haren izenean pasabidea jartzea eratu ondoren.

14. artikulua.-Zenbait atetako garajeak.

Bost ibilgailutik gorako pasabideek, sartzeko edo ateratzeko zenbait atetako eraikinetan baldin badaude, ateak eduki bezainbat plaka eduki beharko dute, plaka zenbaki berberarekin.

15. artikulua.-Altak eta bajak.

a) Pasabiderako lizentziari baja ematen baldin bazaio, nahitaezkoa izanen da urteko tasaren ordainagiria aurkeztea.

b) Titulartasuna aldatzen denean, titular berriaren altak aldaketarako eskaera egin ondoko urteko urtarrilaren 1ean izanen du eragina. Aldaketarako eskaerarekin batera urteko tasaren ordainagiria aurkeztu beharko da.

c) Urte naturalean dagokion tasa ez ordaintzeak baimentzen duen lizentziaren baja ekarriko du.

16. artikulua.-Pasabiderako lizentziaren titulartasun aldaketa.

Titulartasun aldaketa baimentzen da, soilik jarduerarako nahitaezko lizentzia baldin badago, betiere higiezina edo jarduera eskualdatzeko behar den titulua eta eskaerarekin batera egindako ordainagiria justifikatzen badira, kontuan harturik aldaketa horrek ondorioak izanen dituela aldaketa eskatu ondorengo urteko urtarrilaren batetik aurrera.

17. artikulua.-Debekuak.

a) Espaloiaren bitartez, edozein motatako ibilgailuak garajeetan, etxabeetan, ukuiluetan edo merkataritzako lokaletan sartzea errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak jartzea erabilera publikoko bide edo eremuetan.

b) Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, pasabiderako lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziaren ordezko izan nahi dutenak edo nahasgarri izan daitezkeenak.

c) Ibilgailu erabilezinak edo lokalen, lonjen, garajeen parean edo haien inguruan aparkatuta dauden bestelako gauzak deuseztatzea, leku horietan sartzeko lekua gordetzeko asmoz.

18. artikulua. Ikuskapena eta salaketak.

Mendigorriko Udalari dagokio ikuskatzea eta salatzea ordenantza honetan ezarritakoarekin zerikusia duten arau-hausteak.

19. artikulua.-Arau-hausteak.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, eta zehapena ezarriko zaie. Arau-hauste arinek 100 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen. Arau-hauste larriek 300 eurora bitarteko isunak eta baimena bat eta sei hilabete bitartean etetea izanen dituzte zehapena. Arau-hauste oso larriei 500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira: egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak diren eta berrerortzea. Nolanahi ere arau-haustearen eta aplikatutako zehapenaren artean behar den egokitzapena gordeko da.

20. artikulua.-Arau-hausteen taula.

Arau-hauste arintzat hartzen da:

a) Pasabide baten parean aparkatzea.

b) Gailu finko edo mugikorrak jartzea, arrapala edo antzekoak, garajeetan, etxabeetan, ukuiluetan edo merkataritzako lokaletan sartzeko, horretarako baimenik izan gabe.

Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Errotuluak jartzea edo seinale edo adierazpen suerte guztiak margotzea, pasabiderako lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziaren ordezko izan nahi dutenak edo nahasgarri izan daitezkeenak.

b) Lizentzian emandako ordutegiak aldatzea.

c) Garajea, etxabea, ukuilua edo merkataritzako lokala, pasabiderako lizentzian eskatutakoa ez beste helburu batzuekin erabiltzea.

Honako hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Faltsutzea pasabideko plakak.

Iragarkiaren kodea: L1211488