167. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen Udal Ordenantzaren
34 eta 35. artikuluetan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2012ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Trafikoa arautzen duen udal ordenantzaren 34 eta 35. artikuluak aldatzea, 2012ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta 34 eta 35 artikuluen erredakzio berria osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2012ko abuztuaren 2an.-Jarduneko alkatea, Ventura Verdes Gallego.

TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN
UDAL ORDENANTZAREN 34 ETA 35. ARTIKULUAK

34. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

Aukeran, Alkatetzak edo hark eskuordetzen duen udal organo eskudunak urtero eta salbuespenez ematen ahalko dituzte behin-behinekoz autobusak aparkatzeko baimenak, egunean gehienez ere hiru ordukoak. Eskatzaileek Burlatan bizi behar dute eta garraio bereziko autobusen enpresa batekin lan harremana dutela egiaztatu beharko dute.

Horretarako bidea ematen duen txartela eskuratzeko betebeharrak 35. artikulukoak izanen dira, ibilgailua Burlatan helbideratua egon beharra izan ezik. Salbuespeneko aparkaleku horiek ondorengo artikuluan aipatzen den lekuan izanen dira.

35. artikulua. 33 eta 34. artikuluetan ezarriagatik ere, Udalak leku bat ezarri du BGPa 3.500 kilogramo baino gehiago duten ibilgailuak eta 21 jarleku baino gehiago duten autobusak aparkatzeko, aparkaleku publikoetan, hilerriko biribilgunearen ondoan.

Aitzineko paragrafoan aipaturiko tokian ibilgailuak aparkatzeko udal baimena eskuratzeko, hauek izanen dira nahitaezko baldintzak:

-Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, 5.000 kilogramo baino gehiagoko BGPa duen ibilgailu baten edo 21 bidaiari baino gehiago eraman ditzakeen autobus baten titularra, Burlatako etxebizitza batean erroldaturik eta hura ohiko bizitokia izatea. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak erroldaturik egon beharko du Burlatako etxebizitza batean.

-Ordainketa eguneratua izatea, zer ibilgailutarako eskatzen den txartel ahalmen emailea, harexen zirkulazioaren gaineko zerga.

-Burlatako Udalari bizilagun txartela eskatu eta hura erdietsi izana, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

NANaren kopia egiaztatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

Autoaren aseguru poliza indarra duenaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura aginduzkoa bada.

-Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Lagun bakoitzeko ez da, inola ere, bizilagun txartel bat baino gehiago emanen, haren izenean zenbanahi auto egonik ere, eta pertsona bera ez da agertzen ahalko ibilgailu bat baino gehiagoren ohiko gidari gisa.

Bizilagun txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Bi urterako balioko du eta eskatzailearena izanen da ez bertze inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, harexena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero ordenantza honetan dagozkion artikuluak dioenari jarraikiz, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie, horretarako eskubiderik ez badute.

Bizilagun txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, Udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean itzuli ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi begiratu dezake txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezko bertze neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe.

Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira; orobat, sarbidea galarazi, murriztu edo kontrolatzen duten baliabide teknikoak hartzen ahal dira.

Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela baliogabetzea erabaki dezake.

Arau-haustetzat hartuko dira aparkatzeko murriztuko eremuetan:

-Aparkatzeko ahalmena duen bizilagun txartel indarra duenik gabe aparkatzea.

-Bizilagun txartel faltsutuak edo manipulatuak erabiltzea.

-Bizilagun txartela faltsutzea edo manipulatzea.

-Bizilagun txartelak erabiltzea, bertan baimenduriko ibilgailuari ez dagozkionak.

-Aparkatze murriztuetarako bizilagun txartela ongi ikusteko maneran ez paratzea.

Ordenantza honen 33. artikuluko arau-hausteak egiteagatik, zehapen hauek paratuko dira:

1) 16.000 pezetako isuna: aparkatze mugatuko eremuan egoliarrendako indarreko txartelik gabe edo, baimena duen ibilgailuarena ez, beste baten txartelarekin aparkatzeagatik, faltsifikatu edo manipulatu diren txartelak erabiltzeagatik edo txartelak faltsifikatu edo manipulatu izanagatik, bidezko litezkeen beste neurri edo zehapen batzuk deusetan galarazi gabe.

2) 10.000 pezetako isuna: egoiliarrendako txartela begi-bistan ez jartzeagatik edo Ordenantza honetan ezarririk dagoen aparkatzeko aldia gainditzeagatik.

3) Hori guztia, Trafikoari buruzko Legearen 69. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, litezkeen zehapenen mailaketa deusetan galarazi gabe.

4) Ordenantza honen 43. artikuluaren aurkako arau-haustea gertatuz gero, ibilgailua ibilgetu ahalko da edo Garabi Zerbitzuak udal altxatokira eraman ahalko du, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 70 eta 71.e) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Iragarkiaren kodea: L1211494