167. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

468/2012 FORU AGINDUA, abuztuaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 1eko 156/2005 eta ekainaren 28ko 265/2006 foru aginduak aldatzen dituena, Foruzaingoak Zangozan eta Tafallan dituen polizia etxeen eragin eremuei dagokienez.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 1eko 156/2005 Foru Aginduaren bidez, ezarri zen Zangozako polizia etxearen eragin eremuak honako udalerri hauek hartzen dituela: Oibar, Agoitz, Burgi, Zarrakaztelu, Kaseda, Gazteluberri, Espartza Zaraitzu, Ezkaroze, Ezporogi, Galoze, Garde, Gorza, Ibargoiti, Izaba, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Xabier, Ledea, Longida, Irunberri, Elo, Nabaskoze, Otsagabia, Petilla de Aragón, Erromantzatua, Erronkari, Zare, Zangoza, Sartze, Untzitibar, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urzainki, Uztarroze, Bidankoze eta Esa. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 1eko 95/2007 Foru Aginduaren bidez Leatxe udalerria ere sartu zen.

Bestalde, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren ekainaren 28ko 265/2006 Foru Aginduaren bidez, ezartzen da Tafallako polizia etxearen eragin eremuak udalerri hauek hartzen dituela: Artaxoa, Azagra, Barasoain, Beire, Berbintzana, Caparroso, Zarrakaztelu, Eslaba, Faltzes, Funes, Galipentzu, Garinoain, Larraga, Leotz, Lerga, Martzilla, Melida, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Azkoien, Pitillas, Puiu, San Adrian, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Uxue eta Untzue.

Beste mugatze administratiboekin bat egin dira Foruzaingoaren polizia etxeen lurralde mugaketak, eraginkortasun handiagoa lortzeko, bai eta administrazio publikoen arteko koordinazio handiagoa ere. Bereziki garrantzitsua da Foruzaingoko eta Justizia Administrazioko unitateen arteko elkarlana. Galipentzu, Lerga eta Eslaba udalerriak gaur egun Tafallako polizia etxearen esparruaren barnean daude, baina Agoizko barruti judizialaren barnean daude; hortaz, Zangozako jarduketa eremuan sartuta, arrazoizkoagoak izanen dira bi administrazioen arteko harremanak, eta, halaber, gorabeheren aurrean erantzuteko denborak murriztu daitezke, Zangozako polizia basetik tratatu daitezkeen kasuetan.

Horrenbestez, Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bidez aitortzen zaizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 1eko 156/2005 eta ekainaren 28ko 265/2006 foru aginduak aldatzea, Foruzaingoak Zangozan eta Tafallan dituen polizia etxeen eragin eremuei dagokienez, eta Galipentzu, Lerga eta Eslaba udalerriak Zangozako Foruzaingoaren polizia etxearen eragin eremuan sartzea.

2. Foru agindu hau jakinaraztea Galipentzuko, Lergako eta Eslabako alkateei, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari eta Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2012ko abuztuaren 13an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1211745