161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2012 EBAZPENA, uztailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Miranda Argan tentsio ertaineko 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta aire zabaleko 100 kVA-ko transformazio zentroa berritzeko proiekturako. Sustatzailea Herederos de Modet da.

ESPEDIENTEA

Ingurumen ukipenetarako baimena.

Jarduera: tentsio ertaineko 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta aire zabaleko 100 kVA-ko transformazio zentroa berritzea Miranda Argan.

IBEHFL Erregelamenduaren eranskina: 2C-Ingurumen ukipenetarako baimenaren mende dauden jarduerak eta proiektuak.

Herria: Miranda Arga. Udalerria: Miranda Arga.

Herria: Vergalijo. Udalerria: Miranda Arga.

Sustatzailea: Herederos de Modet.

Eskaeraren data: 2012/03/13.

2012ko martxoaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Herederos de Modet direlakoek badute gaur egun transformazio zentro bat Vergalijo izeneko finka argindarrez hornitzen duena Azkoiengo errepideko (NA 610) 28,3 km-an, Miranda Argako udal mugapean. Transformazio zentro horrek 50 kVA-ko potentzia du eta 100 kVA-raino igotzea behar du; horregatik, aurkeztu den proiektuak linea eta transformazio zentroa berritzea du xede.

Linearen abiaburua Iberdrolaren 13,2 kV-eko LAMT Tafalla-Miranda (4677-04) linearen 614. euskarria da. Aldaketekin euskarri berriak jarriko dira, eta oraingo baoei eutsiko zaie: 96 m-koa bat (deribazio euskarritik lerrokadura eta babes euskarrira) eta 103-koa bestea (babes euskarria-linea bukaerako euskarria eta aire zabaleko transformazio zentroa). Berritu beharreko linea elektrikoak lurzoru urbanizaezina zeharkatzen du zati batean, eta gainerakoan hiri lurzorua. Lerrokadurako eta linea bukaerako (transformazio zentroa) euskarriak Vergalijoko erreka-zulo ondoan kokatzen dira.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Miranda Argako Udalak, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, txostena igorri zuen 2012ko maiatzaren 25eko datarekin, non adierazi baitzen jarduketa bateragarria dela hirigintza aldetik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Miranda Argan tentsio ertaineko 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta aire zabaleko 100 kVA-ko transformazio zentroa berritzeko proiekturako. Sustatzailea Herederos de Modet da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

-Hegaztiak babesteko baldintzak bete daitezen eta linea berriaren elektrokuzio arriskua gutxitzearren, proiektuak jasotzen dituen isolagailuez (kasu honetan U70AB66 linea bukaerako euskarrirako, eta U70AB132 lerrokadura eta babes euskarrirako) osatuko dira lotzeko kate horizontalak, halako moduan non segurtasun tartea 0,70 metrokoa izanen baita, gutxienez ere.

-Proiektuan hegaztiak babesteko adierazitako gainerako neurriak hartuko dira, hala nola zubi guztiak hodi isolatzaile termoerretraktilez isolatzea (baita deribazioko 614. euskarrian ere). Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Lerrokadurako eta linea bukaerako (transformazio zentroa) euskarriek 5 m-ko zortasuna errespetatu beharko dute (Vergalijoko erreka-zuloko ezponda gainetik neurtuta), ubidearen erabilera publikorako.

-Ordezten den euskarriaren zimendua (goiko 50 cm gutxienez) deseginen da, eta ezarri beharreko euskarri berrietarako zuloetako lurra erabiliko da kentzen den euskarriko lurrak bere morfologia eta joritasuna berreskura ditzan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Miranda Argako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko uztailaren 25ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1211134