161. ALDIZKARIA - 2012ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2012 FORU AGINDUA, uztailaren 6koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehiza barrutietan faisaiak jare uztea baimentzen duena.

Eper gorrien kopuruak behera egin du nabarmenki azken urte hauetan. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak zenbait urtetan egindako azterlanetan ageri geratu da beherakada horren arrazoiak paisaiaren sinplifikazioarekin duela zerikusia, funtsean nekazaritzako ustiategietan egitura linealak galtzearekin. Sinplifikazio horren ondorioz, heriotza tasa handitu egiten da, nekazaritzako makineria eta harrapakaritza direla eta.

Europak nekazaritzarako ematen dituen laguntzek, batik bat PACen bitartez, badaukate paisaia baldintzatzeko ahalmena nekazaritzako eremuetan, laguntza horiek emateko ezartzen diren baldintzekin.

Europar Batasunak egokitu behar du nekazaritzako egitura emankorra hegaztiak eta, oro har, fauna nekazaritzako eremuetan mantentzearekin. Hori dela eta, PACen proiektuak hurrengo urteetarako norabide hori hartuko du, eta laguntzen zati handi bat habitata hobetzearen mende egonen da.

Horrekin guztiarekin, etorkizun hurbilean posible izanen da paisaiak gutxieneko baldintzak berreskuratzea estepako hegaztien kopuru iraunkorrak mantentzeko, eta are zehatzago, eper gorria halako eran berreskuratzeko non haren aprobetxamendua orokorra eta iraunkorra izanen baita.

Gaur egun, hain eper gorri gutxi egonda horretaz baliatzen diren ehiza barruti ugaritan, nahigabe handia sortzen da ehiztarien artean, eta bide ematen dio ehiza haztegietako eperrak iruzurrez eta baimenik gabe jare uzteari. Urte askotako esperientziak eta bibliografia zientifiko andanak agerian uzten dute ehiza haztegietako eperrak jare uztea bateraezina dela basa populazioak mantentzearekin.

Hori dela eta, funtsean bertako eper gorria mantendu nahian, eta egoera honek irauten duen bitartean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak, ehiztarien zenbait kolektiboren iradokizuna jasota eta Ehizako Aholku Batzordeak ikus-onetsita, proposatzen du faisai arrunta jare uztea ehizaren osagarri moduan Nafarroako oihan eremuetan, batez ere hegoaldeko erdialdean.

Badira ehunka urte faisaia arruntaren espeziea Europan dagoela. Eper gorriaren habitata ez dena okupatzearen abantaila dauka, eta, horregatik, ez da espezie horren lehiakidea. Gainera, faisai arrunta basoetan sartzeak badauka bueltarik, beste esperientzia batzuk oinarri hartuta. Jare uzte horiek bukatuta, faisaia arrunta desagertu egiten da.

Legalitatearen aldetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak 52.2 artikuluan ezartzen du administrazio publiko eskudunek debekatuko dutela espezieak sartzea, posible denean bertako basa espezieekin lehiatzea edo haien garbitasun genetikoa edo oreka ekologikoak aldatzea. Aipatu bezala, faisai arruntak eper gorriaren habitata okupatzen ez duenez, ez da harekin lehian ibiltzen.

Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako zerrenda eta katalogoa arautzen dituen azaroaren 14ko 1628/2011 Errege Dekretuan faisaia arrunta ez da sartzen espezie inbaditzaileen zerrendetan.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak 4.b artikuluan ezartzen du administrazio publikoek saihestuko dutela bertako espezieak ez direnak sartzea eta ugaritzea, baldin eta haiekin lehian aritu, haien garbitasun genetikoa ukitu edo desoreka ekologikoak sortzen badituzte. Halaber, 10. artikuluak ezartzen du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aldez aurreko baimena beharko dela bertakoak ez diren espezieak natur ingurunean sartu, hazi, lekuz aldatu eta jare uzteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuak ezartzen du, 2. artikuluan, zein den Nafarroako Foru Komunitatean ehizatzea baimentzen diren ehiza espezieen zerrenda. Haien artean faisai arrunta dago. Orobat, 29. artikuluak baimentzen du faisai arruntak jare uztea ehiza barrutietako hazitako ehizakien eremuetan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Ehiza haztegietako faisai arruntak jare uztea baimentzea Nafarroako hegoaldean lurrak dituzten ehiza barrutietan, eper gorria berreskuratzeko asmoz, betiere aldi baterako, espezie horren dentsitatea behar bezala berreskuratu bitartean.

Bigarrena.-Faisai arruntak honelako baldintzetan utziko dira jare:

a) Eremuak: foru agindu honen I. eranskinean Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ezarritakoak izanen dira baimendutako eremuak. Oihaneko, sasitza trinkoko eta ureztalur tradizionaleko eremuak izanen dira, eper gorrirako hain egokiak ez direnak, baldin eta Nafarroako Naturgune Babestuen Sarekoak ez badira. Halaber, galeperreko eta hazitako ehizakien eremuak sartzen ahal dira.

b) Prozedura: esleipenaren titularrak Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari jakinaraziko dio, animaliak jaso baino 15 egun lehenago gutxienez, faisaiak ehiza barrutian jare uzteko asmoa, eta zehaztuko du animaliak zein egunetan eta zein tokitan jasoko diren, baita zenbat diren eta nondik datozen ere. Jakinarazpen horrekin batera, jatorrian albaitari batek egindako osasun ziurtagiria aurkeztuko da, igorri baino lehen gaixotasunik ez dutela eta bizkarroiak kendu zaizkiela bermatzeko.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak albaitari bat bidaltzen ahal du jasotze puntura, ziurtatzeko animaliek badutela osasun kalitatea eta ez dutela bizkarroirik iristen direnean. Bizkarroiak edo gaixotasun kutsakorrak atzemanez gero, debekatu eginen da hegaztiak kanpoan jare uztea, lotearen osasun baldintzak bermatzen ez diren bitartean.

c) Baimendutako epea: irailaren 30etik hurrengo urteko urtarrilaren 15era bitarte.

d) Baldintza osagarriak: faisai arruntak jare utziko dituen ehiza barrutiak ezin izanen du bazkatzeko edo edateko funtzionamenduan ari den aska artifizialik eduki faisairako ezarritako eremuetan, gaixotasunik ez kutsatzeko.

Hirugarrena.-Ez betetzea. Foru agindu honetan ezarritako baldintzak esleipen-hartzaileak betetzen ez dituenean, ez du baimenik izanen beste jaregiteetarako, kontuan hartu gabe izan litzakeen erantzukizunak.

Laugarrena.-Aipatutako jarduerek izan ditzaketen beste eskumen edo betebeharrak galarazi gabe emanen da foru agindu honetako baimena.

Bosgarrena.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko uztailaren 6an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1211273